liturgi lagungarriak

Liturgi lagungarriak

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Jesu Kristo gure Jaunaren grazia eta Jainko Aitaren maitasuna eta Espiritu Santuaren batasuna izan bitez zuekin

 

Ongietorri, Jaunak prestatzen digun otordu bikain honetara. Jaunak bere maitasunean, beregana biltzen gaitu, beraren hitza entzunez gure zorionaren bidea asma dezagun eta, beraren ogia janez, pozaren adorez bizi gaitezen. Erreinuaren ordu ederrean aurkitzen gara une honetan.

 

Ospaketaren atarian, behar den jarrera egokian prantatu behar dugu. Apal eta errukitu dakigukeenari errukia eskatuz. Jainkoaren errukiak ez gaitu ezinean lagako.

 

– Jesus Jauna, gure bizipoz eta gure bizi-jakinduria. Erruki, Jauna.

– Jesus Jauna, betiko bizia ematen diguzun ogi bizia. Kristo, erruki.

– Jesus Jauna, gure bizilagun eta bidelagun egin  zarena. Erruki, Jauna.

 

 

PREFAZIOA

Zerutar aingeru eta santu guztiekin bat egiten dugu eukaristi otoitz nagusian: guztiok batean abestuko baitiogu Jaunaren santutasun beteari. Horretarako, senti dezagun gure artean, bere gorputz-odolez bazkatzen gaituen Jesus Jaun Berpiztua.

 

 

GURE AITA

Aitaren Seme kuttuna dugu Jesukristo. Hari entzunez ikasi dugu gure Aitari denok deitzen...

 

 

HONA HEMEN

«Ni naiz zerutik jaitsitako ogi bizia; ogi honetatik jaten duena betirako biziko da», dio Jaunak. Zoriontsuak otordu onaren mahaira gondatuok!

 

 

 

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

1) (EsZa 9, 1-6) Esaera Zaharren liburuan aurkezpen bitxia egiten zaigu: pertsona balitz bezala azaltzen zaigu Jainkoaren Jakinduria eta beretik eman nahi digu. Otordu ugari eta aberatsa atondu zaigu. Jakina, otordu aberatsenerako eskaintza Ebanjelioan egingo digu Jesusek.

 

2) (Ef 5, 15-20) Efesokoei eginiko gutunarekin goaz gaur ere. Paulok, kristau elkartean beharrezkoak diren zenbait jarrera seinalatzen dizkigu.

 

 

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

 

Jaunaren izenean elkartutako Eliza garenez, eska dezagun bizia gizaki guztientzat.

 

Elizaren alde: Eukaristiaz janariturik, bizi dadin eta bizitzen lagun dezan.

 

Herrietako gobernuen alde: hiritarren harremanak bakean bideratzen saia daitezen.

 

Oporretan aurkitzen direnen alde: atseden hartu eta barrutik indartu daitezen.

 

Sufritzen duten guztien alde: beren sufrimenduan Eukaristiako Jaunak barrutik poztu ditzan.

 

Hemen bildu garen guztion alde: Hemen jaten dugun ogia eta edaten dugun ardoa, bizi berriaren iturri gerta dakizkigun.

 

Entzun, Aita ona, zure seme-alaben eskariak. Eta emaguzu Berri Onaren arabera bizitzeko poza. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

 

 

 

 

HOMILIA

Joanen 6. atalak Eukaristiaren inguruko gai asko aztertzeko aukera jartzen digu eskuerara: fedea, Jesusen pertsona, atxikimendua... Zein baino zein ederragoak gaiok. Baina, gaur  Eukaristiari berari begiratu behar diogu zuzen-zuzenean. «Har ezazue eta jan» hitzotara bildu behar dugu kontenplazio sakonean. Eukaristian ospatzen duguna, horrelakoxe zehatza da eta horrelakoxe gorpuzduna! «Jatekoa eta edatekoa».

 

Eta beharbada, «gorpuztasun» horixe da gehien eskandalizatzen gaituena. Oso «espiritualizatzaile» onak gara. Buruan kabitzen ez zaigun guztia, «espiritualizatu», idealizatu, interpretatu egiten dugu. Eta behin «gorputzaren» pisua kenduz gero, lasai gelditzen gara. Hortik aurrera, bakoitzak bere erara berrirakur dezake misterioa. Juduentzat eskandalu handia zen, Nazareteko mutil batek horrelakoak esatea. Pertsona ezagunegia eta zehatzegia zen. Eta Eukaristia ere hain ogizkoa, hain haragizkoa, hain ukitzekoa izan ez balitz, tira!

 

«Nola eman diezaguke honek jatera bere haragia?». Eskandaluaren galdera. Eta hementxe gaude erabakibehar nagusiaren aurrean: edota eskandalizatu egiten zara edota esker onez ahozabalik gelditzen zara dohain ikusgarriaren aurrean! Bietako bat. Eta, gainera, bizi nahi baduzu, zure sinesmenak «jateko eta edateko» horren aurrean errenditu beharra dauka.

 

«Ez duzue bizirik zuengan». Eukaristiarik gabe ezin ote daiteke bizi? Bizi bai! Baina Jesusen erara ez! Jesusek ematen duen biziera berezia da. Berri Onaren moldea apartekoa da. Eta Eukaristi ogia jaten ez dutenak, Jesusengan sinesten ez dutenak, bizi, bizi dira. Baina, Berri Onaren estiloa beregan gertarazi nahi duenak, Eukaristian Jesusen haragia jan beharko du. Asko eta asko bizi diren erara bizi nahi duenak, ez dauka gauza hauetaz zer kezkaturik. Baina... Berri Onaren eskaintzaz bere bihotza poztu nahi duenak, Jainkoak ematen duen barne-konfian-tzaz bizi nahi duenak, Jaunaren presentziak eutsirik bizi nahi duenak... Eukaristia behar du bere bizi-ardatz. Beste biderik ez dago.

 

Bizi-ogi hau jateko, ez zaigu fedea besterik eskatzen. Fedeak jatordu bikainera ekarriko du. Lehen irakurgaiak zehaztu digun otordu festatsua prest daukagu. Baina, ez ideia mailako bilera egiteko, jateko baizik. Jainkoak bere adiskidetasuna eskaintzen digu jatorduaren bidez. Gurekin bizi nahi du. Bere jainkotasunean parte hartzera gonbidatzen gaitu. Bere ahogozo berezia gustarazi nahi digu. Jainkoa gozoa da! «Goza ta ikus zein den gozoa». 

 

Zein bikaina eta ustekabekoa den, giza errealitateen bidez Jainkoaz gozatzea! Ogiaren bidez Jauna hartu. Eta bihotza fedez Jaunarekin elkartzen zaizunean, den guztia Jainkoaren adierazle bihurtzen ez zaizu ba! Lagun hurkoa, izadia, festa, harremana, osasuna, gaixoaldia...

 

Eta hau guztia «ikasigabeei eta zentzugabekoei» egiten zaien eskaintza da. Eukaristia ahulen otordua da, merezi ez dutenen jatordua, duintasunik ez dutenena. Bizia «behar» dutenei eskuartean jartzen zaien janaria da Eukaristiakoa. Bekatariok badugu pozik. Ez gara otordu honetatik kanpo gelditu. «Hautsita daudenentzako» presentzia da Eukaristia.

Eta Eukaristia honek bi eratako elkartasuna sortzen du, gaurko Ebanjeliotik begiratuz:

1. Jaten duenaren eta Jaunaren arteko elkartasuna, alde batetik. «Ni jaten nauena Nigandik biziko da». Batasunaren esperientzia. Jaunak gurekin bat izan nahi du. «Niregan dago eta Ni harengan». Errealismo ikusgarrizko esaldiak dira. Pentsa genezakeen baino elkartasun estuagoa. Pentsatzeko gehiegia eta, hala ere, egiazkoa, benetakoa!

2. Eta, bigarrenik, jaten duenaren barrena eta bizia ere elkartu, bateratu egiten du. Espiritua eta gorputza bateratu egiten dira. Gorputzaren jabe Espiritua hasten da izaten. Eta gorputza espirituaren kokaleku gertatzen da. Dagoeneko, jatea ez da ekintza biologiko hutsa, pertsonen arteko elkartasuna baizik. Musu bat ez da atseginezko hurbiltze soila, maitasunezko bateratze baizik. Ardoa ez da lurraren fruitu soil, Elkargoaren ezaugarri baizik. Barrua batasunak edertzen duenean, errealitate txikienak dohain handienaren adierazle gertatzen dira.

 

Eukaristia ospatzen eta jaten dugunok, ikasiko ote dugu gure gorputzez egiten duguna espirituz bizitzen! Eukaristiaren errealismo elkartzaileak bat egingo ote gaitu hartzen dugun Jaunarekin! Jainkoaren bizitik bizi nahi dugunok, ikasiko ote dugu Jesusen erara bizitzen gure eguneroko bizitza! Desafio handia daukagu honetan!

 

Sinesten al duzu? Zer da zuretzat Eukaristia: presentzia, elkartasuna. Edo iganderoko ogi zatia, iganderoko eginkizun deboziozkoa? Hain ogi gutxitan eta hain ardo gutxitan Jauna jateko eta edateko, aizu!, Espiritu asko behar da. «Bete zaitezte Espirituaz» esan digu Paulok. Bestela, ezer gutxi ulertu ez ezik, eskandalizatu ere egingo gintuzke, hain ukigarri eta hain materiala den Eukaristia ogizko eta ardozko honek! Sinesten al duzu?

 

Jan dezagun bizia Eukaristia honetan. Eta bizi gaitezen!

FaLang translation system by Faboba

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.