liturgi lagungarriak

Liturgi lagungarriak

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK                                        

 

AGURRA ETA SARRERA

Jauna zuekin.

 

Ongietorri, Jainkoaren maitasuna ospatzen dugun igandeko ospaketara.

Bai, Eukaristian Jainkoaren maitasuna ospatzen dugu beti, Jesu Kristoren heriotza eta piztueran azaldu den maitasuna. Eta ospatzen badugu, zeragatik ospatzen dugu, maitasun hori gaurkoa delako gure bizitzan, maitasun hori gaur gure bizigiroan presente nahi dugulako.

 

Jainkoaren maitasun neurrigabe horren aurrean, gure erruki beharra aitor dezagun sutsu.

 

– Jesus Jauna, maitasunez sortu gaituzu. Erruki, Jauna.

– Jesus Jauna, azkeneraino maitatu gaituzu. Kristo, erruki.

– Jesus Jauna, elkar maitatzeko esan diguzu. Erruki, Jauna.

 

 

PREFAZIOA                  

Jainkoaren maitasuna ospatzean, eskerrak eman behar dizkiogu. Pozik ospa dezagun berak bere bizia gure eskuetara ematea, orain ogi eta ardotan jasotzen dugun bizia.

 

 

GURE AITA                  

Maitasunez sortu gaituen Aitari eska diezaiogun egin dadila Beraren nahia gure bizitzan.

 

 

HONA HEMEN             

Hona hemen Jesu Kristo; bera zintzoa izan da gurekin eta gizon-emakume guztiekin. Zorionekoak maitasun-mahai honetara deituok.

 

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

1 – Gaurko Ebanjelio-zatiak senar-emazteen arteko maitasunaz hitz egingo digu, maitasun horren indarraz eta iraupenaz. Ebanjeliorako prestatzen gaituen lehenengo irakurgai honetan entzun dezagun emakumearen sortzearen kontakizuna.

2 – Hebertarrei egindako epistolari ekiten diogu gaur. Liturgi urtea amaitu bitartean hortik irakurriko dugu bigarren irakurgaia. Idazki honek gogoetan jartzen gaitu: Jesus, hark gure artean egindako bidea, beraren heriotzarainoko leialtasuna... horiexek ditu hausnargai.

 

 

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA                                    

Senideok: aurkez diezazkiogun orain gure Aitari gure eskari eta beharrak bihotz xumez eta uste onez.

 

Elizaren alde:  beti behartsuen alde jokatuz, gizadiarekiko Kristoren maitasuna argi eta garbi erakuts dezan.

 

Gizon-emakume guztien alde eta, batez ere, behartsu eta alboratuen alde: guztien duintasuna aitortzen duen senitartea osa dezagun. 

 

Ezkondu guztien alde: senar-emazteen arteko maitasuna handiagotu dadin, egunean-egunean gehiago maita dezaten elkar.

 

Miseria, zapalketa eta gerra nozitzen duten herrien alde: gizatasun betean hazi eta garatzeko askatasuna eta duintasuna izan ditzaten.

 

* Geure alde, gure senitarteko eta adiskideen alde: ospaketa honek Jesu Kristoren jarraipidean leialago egin gaitzan, Mariaren antzera.

 

Entzun, Aita ona, egin dizkizugun eskariok. Isur ezazu gizon-emakume guztien gainera zure maitasun oparoa. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

 

 

 

HOMILIA                                 

San Markosen Ebanjelioari jarraituz, Jesusen Berri Ona jasotzen ari gara igandez igande. Askotan, entzuten dugun Ebanjelioa poz-iturri gertatzen zaigu. Behin baino gehiagotan, Ebanjelioak esaten eta eskatzen duena erabat onargarria iruditzen zaigu, gizarteak berak ere bere balio bezala onartua daukalako. Baina, beste batzutan, Jesusek esaten duena ez zaigu ez hain garbia eta ez hain onargarria iruditzen, gizartearen jokabideak beste bide batetik dabiltzalako.

Eta gaurko Ebanjelioaren hitzak azken kasu honetan sartu behar ote diren pentsatzen nago. Ezkontzari buruz, gaurko gizarteak onartu eta lege bihurtu dituen jokabideak hortxe daude. Dibortzioa dela eta ez dela, maitasuna bizitzeko era guztietako askatasuna...: gurea ez da, noski, une honetan horren guztiaren kontra aritzea. Gurea da, Jesusen hitza entzun eta Jainkoaren lehen asmora itzultzea. Ezkontzari buruz, zer nahi du, zer asmo du Jainkoak?

Aurrena esan beharko genuke, kristauok oso beharrezkoa dugula, ezkontza-bizitzan, Jesusen Hitza askotan entzutea. Hain zuzen ere, gure inguruko giro-arnasak normalak ez diren gauza asko normaltzat hartzera baikaramatza. Eta fededunok badakigu Jainkoaren asmoa dugula maitasun-bizitzan gure amets eta gure helburu. Eta amets eta helburu horri eusteko, behar-beharrezkoa dugu Jainkoaren amets hori gure amets bihurtzea. Zailtasunak sortzen dira ezkontzan, egia. Elkarrekin bizi-ezinak, tirabirak... baina, galdetzen dut, askotan ez ote dira egoera larri horiek guztiak honengatik sortzen: Jainkoaren asmoari oso gutxitan, edo, beharbada, inoiz ere ez, begiratzen ez diogulako?

Jainkoaren asmoa batasuna da, ezkontzari dagokionez. Maitasunak sortzen duen batasuna. Izate guztia lotzera eta elkartzera, bat egitera, daraman batasuna. Gizonaren eta emakumearen batasuna ez dagoen tokian, badirudi gizakia hautsia legokeela. Jainkoak gizakia, gizonezko eta emakume egin baititu. Zertarako? Biek bat osa dezaten. Eta biek bat eginez, Jainkoaren maitasuna irudika dezaten. Eta batasun hori, maitasun oro bezala, bere bokazioz betirakoa da. "Jainkoak batu zuena, ez beza gizakiak banatu".

Jainkoaren amets honi heldu eta eutsi behar diogu fededunok. Eta amets horretan hazi. Askotan pentsatu ohi dugu geure kolkorako, maitasuna berezko kontua dela eta berezko hori galtzen denean, ez dagoela zer eginik. Baina, maitasuna hazi eta hezi egin behar da, maitasunari janaria eman behar zaio. Egunero-egunero Jainkoaren ametsetan ernaldu behar da giza-maitasuna. Bestela ez da harritzekoa, gizartearen uste eta portaeren arabera bizitzea.

Fededunok kontuak atera behar ditugu horretatik: gaur nik nola zaindu behar dut nire maitasuna eta nire ezkontza? Ikusten eta esaten direnak, fedearen galbahetik pasa beharra daukagu. Baina, beldur naiz ez ote dugun galbahea alde batera utzi eta ez ote dugun guztia datorkigun bezala irensten, ez dakit! Ez ote garen erreakzio-modurik gabe geratu gizarte honetan baliotzat aurkezten zaizkigun asmo desegile askoren aurrean. Galdera handiak daude hor barruan. Fededunen ezkontza aztertzera eraman behar gaituzten galderak.

Ezkontza ez da suerte onez edo txarrez gertatzen. Ezkontzan, fededunarentzat, Jainkoaren asmoa gertatzen da. Jainkoaren maitasuna da inportantea ezkontza batean. Eta giro horretan hartzen dute balioa, askatasuna, edertasuna eta poza beste guztiek: sexuak, elkarrizketak, elkarri barkatzeak, seme-alabek, errespetuak, pertsonaren duintasunak eta abarrek... Jainkoaren maitasunaren argitan bizi ahal izatea da suerte ona eta handia. Maitasun hori du eginkizun eta izanbide gure maitasunak. Jainkoaren maitasuna dugu bokazio. Maitasun horren batasuna da gerta dakigukeen ederrena.

Baina hau guztia zailegia ez ote egungo gure gizartean? «Gizakientzat ezinezkoa, esaten zuen Jesusek, baina Jainkoarentzat erraza». Gero, ezkontzan ere, sor daitezkeela jasan ezineko arazoak? Dibortzioa bera ere bidezkoa gerta daitekeela? Elkarrengandik aldendu beharra izan daitekeela irtenbide bakarra? Bai, noski! Baina horrek ez du ezkontzaren hasierako bokazioa moteltzen.

Haurtxoen bihotza behar dugu maitasunaren misterio ikusgarri honetan bizitzeko. Maitasunaren erreinuan ezin sartu gaitezke, Jainkoaren dohainez ez bada. Eta Jainkoaren dohainak giza-balio guztien zerbitzura eta gozamenera garamatza. Maitasuna baita bokazio baten gailurra.

Jesus dugu, Hebertarren epistolak esan digun bezala, «salbamenaren egilea». Jesusek ez du guri «senide deitzeko lotsarik». Bere maitasunaz gozatzen du gure maitatu-ezina. Jesusengan atsedendu behar dugu maitatu-ezinaren neke eta atsekabetik. «Guk merezi eta uste baino gehiago betetzen dituzu gure eskariak» esan dugu otoitzean. Hortxe aurki dezakegu, bada, gure maitasun-bizitzarako, gure ezkontza-bizitzarako, behar dugun laguntza, argia eta ametsa.

Ez dezagun ahaztu, gure maitasunaz, Jainkoaren maitasuna ari garela hots egiten eta agertzen. Ez dezagun Jainkoaren maitasuna ezerezean urtu. Maitatu gaituen Jainkoa ager dezagun maitagarri gure maitasunaren ariketaz. Eta Jainkoaren maitasunak bezalaxe, jakin dezagun barkatzen, elkar hartzen, elkarrekin hitz egiten, elkarri laguntzen, zailtasunetan eskua ematen. Zaindu dezagun maitasuna. 

Goazen orain maitasunaren ospaketara. Eukaristian daukagu maitasunaren iturria. Maitasun horrek eman diezagula maitasuna. Eta Eukaristia honek sendotu gaitzala gure maitasun-bokazioa behar bezala burutzeko.

FaLang translation system by Faboba

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.