liturgi lagungarriak

Liturgi lagungarriak

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

AGURRA ETA SARRERA

Herri guztien argi izateko Aitak mundura bidali duen Jesu Kristo askatzailea, bego zuekin!

 

Orain bi mila urte hasi zen gure historiaren barruan bide berri bat, Nazareteko Jesusen bidea. Zerbitzuz eginiko bidea, heriotzaraino maitasun-leialtasunez eginikoa, pobreentzako itxaropen zen bidea. Jainkoaren bidea den bide berria. Jesusek berak esaten digu nolakoa den bide hori: «Besteak zerbitzatu eta guztien alde bizia eman».

Bide horixe da misiolariek betidanik eta alde guztietan egin dutena. Pobreenak zerbitzatuz, pobreek Jesus ezagutu eta maita dezaten. Domund ospatzen dugun igande honetan ez dugu hori ahaztuko. Misiolari guztiekin bat eginik sentitzen dugu geure ospakizun hau. Asko Arantzazu honetatik joanak dira.

 

 

Isilean aitor dezagun ez daukagula espiritu misiolaria, ez zaigula zerbitzea gehiegi gustatzen.

 

– Jesus Jauna, zeure bizia maitasunez eman duzuna. Erruki, Jauna.

– Jesus Jauna, Erreinurako bidea urratzen diguzuna. Kristo, erruki.

– Jesus Jauna, herri guztientzat argi eta erruki zarena. Erruki, Jauna.

 

 

PREFAZIOA

Esker onez zabal dezagun geure barrua Eukaristi otoitzaren kantu honetan eta gorets dezagun azkeneraino maitatu gaituen leialtasun ederra.

 

 

GURE AITA

Jesu Kristorekin bat eginik eta munduko hizkera guztietan esaten den otoitza aho-bihotzetan dugula, eska dezagun etor dadila mundura maitasunaren erreinua.

 

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

Jainkoaren zerbitzariaren kantikaren azkena hots egiten du irakurgaiak. Zerbitzariak bizia ematen du askoren salbamenerako.

Hebertarrei egindako gutunak Apaiz Nagusiarengan sinestera eragiten digu. Kristo, gu bezalaxe, probatua izan zen eta orain bitarteko dugu Aitaren aurrean.

 

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

Herri guztien argi eta askatasun den Jesu Kristori dei egiten diogu orain, uste onez eta pobreen beharrak kontuan harturik.

 

Aita Santu eta Gotzainen alde: Jaunak bere graziaz bete ditzan eta bihotz handi eta zerbitzaria eman diezaien.

 

Jesu Kristorengan sinesten ez dutenen alde: lehenbailehen iritsi daitezen Berri Onaren poza eta askatasuna ezagutzera.

 

Misio-herrietako Elizen alde: herri behartsuen erdian esperantzazko gune izan daitezen, zerbitzuz eta hurbiltasunez.

 

Misiolari guztien alde: jakin dezaten gaitzari aurre egiten eta behartsuen bidean sendo irauten.

 

Igandeko meza honetan parte hartzen dugun guztion alde: gu geu ere misiolari senti gaitezen, eta Berri Onaren zabalkundean ahalginez saia gaitezen.

 

Entzun, Jesus Jauna, gure otoitza. Isur ezazu gure bihotzetan zeure Berri Onaren poza, herri guztiek zure leialtasuna eta ontasuna ezagutu ditzaten. Zu baitzara gure askatasun eta pozbide gizaldi eta gizaldietan.

 

 

 

 

 

HOMILIA

Senideok, kristau-bideek ez dute aginte- eta indar-bideekin zer ikusirik. Jesus ez baitzen mundu honetara etorri bere buruarentzat zerbitzuak eta ahalmenak bilatzera, besteak zerbitzatzera baizik, eta haien mesederako bere bizia ematera. Eta Jesusek nekaldirainoko maitasuna erakutsi zuenetik, zerbitzu-bidea lege eta bide egina geratu da fededunontzat.

 

Egia da, geurez eta geuretik sortzen zaiguna ez da zerbitzatzea, ez da kobrantza gabeko maitasuna erakustea. Joanen eta Santiagoren eskari interesatuak askoz hobeto erakusten du guri sortzen zaiguna: aulki ahaltsuak bilatzen ditugu, agintea, ospea, besteen gorespena, besteen gainetik azaltzea. Ez dakigu zerbitzatzen. Ez dakigu besteei begira eta ingurukoen beharrak kontsideratuz bizitzen. Eta geure intereskeria itsuak ez digu uzten bizitzen. Beti lehian gabiltza. Beti norgehiagoka. Beti besteak nola azpaian hartuko. Eta bide horretatik, gizarte lehiatsua, gizarte gogorra, egin dugu.

 

Jesusen bidea geuri geurez ez sortzea ez da asko harritzekoa. Izan ere, maitasunak sufrimendua dakar beti berekin. Maite duenak eta besteen mesedea bilatzen duenak, gaur ez bada bihar, honengatik ez bada hargatik, baina sufritu egin behar izaten du. Ama bati gertatzen zaiona: beti bere seme-alabengatik sufritzen bizi da. Jaiotza-uneko erdiminek amaigabeko bokazioa adierazten dute: sufrimenduz sortu dituen amak sufrimenduz maitatuko ditu beti bere seme-alabak. Eta halaxe gertatzen zaio fededunari: beti besteen ona bilatzera eragiten dio bere fedeak, eta besteen interesa bilatzeak geure buruaz ahaztea ere esan nahi du, eta horrek beti sufrimendua darama berekin. Sufrimendurik gabeko benetako maitasunik ez dago mundu honetan. Zerbitzua ez da, beraz, berezkoa inorengan.

 

Zerbitzatzen ikasi egin beharra daukagu. Nola ikasi? Nik uste dut bide bakarra dagoela: Jesusi begira! Nola ikasi zuten Santiagok eta Joanek zerbitzu-bidea, lehen aginte-zale izanik? Jesusen esperientzia bizi izan zuten, eta nola bizi gainera! Jesusen nekaldiko esperientzia latza bidea ikasteko eskola izan zen. Ikusi zuten Jesusek, ahalmen guztiak izanik eta bizia nolanahi eta nonahi sortzeko ahalmena izanik, ez zuela bere indarra bere burua salbatzeko erabili; baizik eta maitasunaren alde eta gizon-emakumeokiko zerbitzuaren alde, bere bizia ahuldade gorrian eman zuela. Eta hiltzerainoko zerbitzu isil eta apal hark ez zituen lehenean utzi. Gurutzeko ikuskizun sufritzaileak barrua erabat berritu zien. Eta Jesusen zerbitzu erabatekoa ikusi zutenetik, ederki ulertu zuten zertan eta nola zehazten zen Jesusen segizioa. Jesusi jarraitu nahi zionak ez zeukala gizarteko norgehiagoka eta borroka interesatuetan ibiltzerik; Jesusek zerbiztua eskatzen ziola bere jarraitzaileari.

 

Gaurko fededunok ere ez daukagu beste biderik zerbitzua ikasteko: Jesusi begiratu. Eta Jesusengan ederki ikusten da gaurko Elizak ere ez daukala zer eginik zerbitzuan eta maitasunean urtzen ez bada. Eta, egia esate aldera, badaukagu zer ikasia: oraindik ere gure Elizak garai bateko botereen ezaugarri dezente dauzka eranzteko. Oraindik ere gizartean bere lekua eta bere eragina mantendu nahi duela erakusten duten seinale dezente dauzka. Eta zerbitzu-bidea eta ezkutatze-bidea onez onartzen ez dituen bitartean, Eliza hau bere azalkerian indargabetuko da. Elizak gaur egun erakusten duen ahuleziara tolestatu beharra dauka. Eta erabili behar duen indar bakarra zerbitzuarena eta xumetasunarena da. Handikeriek ez diote Elizari sekula atarramendu onik ekarri.

 

Gaur, DOMUND eguna ospatzen dugunean, hortxe daukagu adibide eta eredu ederra: Elizak bere historian ederki asko erakutsi du zer den zerbitzatzea, eta gaur ere hala erakusten ari da hirugarren munduko herri askotan. Zenbat gizon eta emakume misio-lurretan eguneroko zerbitzu eta maitasun benetakoa erakusten pobreenen alde! Zenbat heldu eta gazte, bere ordu onenak pobreen zoriari lotuta ematen! Zenbat apaiz, erlijioso/sa eta laiko munduko pobreenen zoria hobetzen eta askatzen! Beren lurra eta bizibide lasaia alde batera utzi eta biluzik joan dira eta misio-lurretan ari dira beren bizia eguneroko jardunetan aletzen. Eliztarrok geure misiolariengan daukagu kristau-bizitzaren adibide eder askoa, zerbitzatzen ikasi nahi bagenu!

 

Gure gizarteak ere behar ditu ba zerbitzariak, ezer behar baldin badu. Inoiz ez bezainbat zerbitzu dauzkagu gizartean: osasuna, heziera, bideak... inoiz ez bezala zerbitzatuak gabiltza eguneroko bizibidean. Baina, beharbada, pertsona bera zerbitzatuko duten gizon eta emakumeak behar dira: zaharrekin beren denbora emango dutenak, gaixoak bisitatu eta pozteko beta hartuko dutenak, gazteekin hauen arazoez hitz egiteko pazientzia izango dutenak, ezkonduen arazoak entzun eta haiek konpontzen lagunduko dutenak, pertsonen bakardadea lagunduko dutenak, kalean adiskidetasunezko agurra egingo dutenak, gutxitu fisiko edo psikikoei eskua luzatuko dietenak, drogomenpetuen barruko arazoak aditu eta ulertuko dituztenak, etxetik aldegin eta kale bazterrean bizi direnei kariño pixka bat erakutsiko dietenak, beren herria utzi eta gure herrira etorri diren etorkinei etxeko eta bihotzeko ateak irekiko dizkietenak... Zerrenda hau asko luza daiteke, horretan hasita!.

 

Jesusen segitzaile izatekotan, geureaz ahaztu eta besteei begira bizitzen ikasi behar dugu. Sufrituarazi egingo digula zerbitzuak? Bai, noski! Baina aurrez eta gehiago sufritu duenak babesten du gure zerbitzua eta gure sufrimendua. Eta haren besarkada izango dugu, eta halaxe dugu gaur ere, gure sari betea. Agintearen ezker-eskuinak utzi eta gatozen zerbitzuaren neurrietara eta bila ditzagun gizarteko pobreenak, haien zoria askatzeko eta pozteko.

 

Gure Ama Mariak eta Jesus berak eman diezagutela zerbitzurako espiritua eta talentua. Eta orain ospatzera goazen Eukaristiak erakuts diezagula ogi zatitu eta banatua izaten. Hori baita Jesusek egin zuena eta egiteko esan ziguna.

FaLang translation system by Faboba

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.