liturgi lagungarriak

Liturgi lagungarriak
 
A) APAIZAREN MONIZIOAK
 

AGURRA ETA SARRERA

Bizia ematen duen Jainkoa, gizakiak baztertzen ez dituen Jainko ona, izan bedi zuekin!

 

Liturgi urtea bukatzerakoan, urteroko kontua izaten da: eukaristi mahaiaren inguruan elkarturik, mundu zaharraren desegitea eta mundu berrira igarotzea hots egiten zaizkigu. Jaunak egiten digun erregalu paregabea da hori.

Izan ere gure batzar honi, beste batzar baten usaina dario, Jaunak alde guztietatik bilduko gaituen batzar ederraren usaina.

 

Elizaren kide sentituz, elkarrekin  bat eginez, aurrera dezagun gure bat egitea.

 

Hasteko, isilean, jo dezagun Jaunaren errukitara.

 

– Jesus Jauna, gizaki guztiak salbatzea nahi duzuna. Erruki, Jauna.

– Jesus Jauna, Aitaren aurrean gure alde ari zarena. Kristo, erruki.

– Jesus Jauna, zure betiko mahaian bilduko gaituzuna. Erruki, Jauna.

 

 

PREFAZIOA

Gure esker ona adieraz diezaiogun orain gure Aita maitagarriari, Jesu Kristorengan bat egiten gaituelako, eta bere biziaz pozten gaituelako.

 

 

GURE AITA

Eska diezaiogun gure Aitari ager dezala eta eraginkor egin bere Erreinua gure artean. Jesu Kristok irakatsi bezala esan dezagun.

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

1) Daniel profetak bere liburuan, juduentzat oso ezaguna zen hizkera erabiltzen du: ikuskari ikusgarriak, abere ikaragarriak, lur-ikara eta horrelakoak. Hizkera hauek, literatur-hizkuntza hauek, hitzez adierazi ezin den beste zerbait adierazi nahi digute. Jesusek berak ere, ebanjelioan entzungo dugunez, hizkera hori bera erabili zuen.

 

2) Hebertarren epistolatik egin dugun irakurketa gaur amaituko dugu. Gaur ere, Kristok gurutzean egin zuen oparia goresten zaigu.

 

 

 

HERRI-OTOITZA

Ager diezazkiogun gure eskariak guztion Aita onari.

 

 Sortaldetik sartaldera zabaldua dagoen Elizaren alde: Beti eta nonahi onar ditzan pobreen eta nahigabetuen poz eta esperantzak, samin eta atsekabeak.

 

 Aita Santu eta Gotzainen alde: Elizen eta herrien arteko solidaritatea sortarazi eta sustatu dezaten.

 

 Gure Elizbarrutien alde: beren asmo eta ekintzak aurrera eramateko behar duten laguntza izan dezaten.

 

 Pobreen alde, beharrezkoenak ez dauzkatenen alde, etxerik gabe gelditu direnen alde, errefuxiatuen alde: Ebanjelioaren indar askatzailea ikus dezaten kristauen eta gizon-emakume guztien hurbiltasunean.

 

 Erreinuaren presentzia ospatzera bildu garenon alde: Gure fedea indarturik, Erreinuaren etorrera lantzen saia gaitezen gure eguneroko munduan.

 

Entzun, Aita ona, oraintxe eskatu dizuguna. Emaguzu zure Erreinua. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

 

 

HOMILIA

Zuk, adiskidea, pentsatzen al duzu inoiz zeruan? Zeruaren errealitateak zabaldu al dizu inoiz bihotza? Jesusen etorrerak gertatu behar duela eta, sumatu al duzu indar berria zeure bihotzean? Ala, zerua eta Jesusen etorrera eta horiek guztiak, noizbaiteko hizkera baztertu beharrekoa iruditzen zaizu? Sinesten al duzu, zure fedeak baduela etorkizuna?

 

Liturgi urtearen azken igandeok gure bizimugak zabaldu nahi dizkigute. Itxaropenaren leihoa ireki nahi digute. Izan ere, leiho hori, etorkizunaren leihoa zabal irekitzen ez badugu, eguneroko jardunaren errealismoak ito gaitzake. Jainkoaren Hitzak, gaur ere, Jainkoaren bihotzaren arabera ikustarazi nahi dizkigu gauzak. Jainkoak geure historia zehatzean maite gaitu. Eta Jainko maite horrek, ametsetan ere espero ezin genezakeena eskaintzen digu. Jesusengan, eta aldien azkena da hau, Jesusengan, giza izaerak azken gabeko zorionaren eskaintza jaso du, gure izaera beldurtua eta mailatua, Jainkoaren aintzaren bizileku gertatuko baita. Hala esan zigun Jesusek. Honek esperantza indarberritzen al dizu?

 

Egia da, ez dela oso samurra Daniel profetari entzutea, beraren ikuskizun surrealista eta beldurgarri hori jasotzea. Ez da erraza. Baina, pentsa ezazu Israel herriaren histori une gogorrenean esanak izan zirela. Fededun gutxi batzuren nortasuna hilko ez hilko zebilen une beldurgarrian. Helenismoaren indarra halakoxea zen izan ere. Erasotu haientzat a zer esperantza gozoa gordetzen zuten Danielen hitzok: «Aldi hartan salbatuko da zure herria... Lurreko hautsetan lo dauden asko esnatuko da; batzuk betiko bizitzarako... Distiratuko dute jakintsuek». 

 

Etorkizun horrek muga berezia jasotzen du Jesusengan. Jesus bera da muga. Jesusengandik aurrera, bera da etorkizuna. Etorkizuna presente egiten hasi da ia. Geroa gaurko egin zaigu. Parusia, zerua, etortzen hasi da, etortzen ari da. Erreinua hazten ari da. Jesus gure artean baitago. Historiaren Jauna etortzen ari da atergabe. Etorrera erabatekoa maite dugu eta nahi dugu.

 

Zuk sinesten al duzu, zure eguneroko bide honek azken ona izango duela, zure hemengo fedeari etorkizun betea irekiko zaiola? Batzuetan galdetzen dizute: Zuk sinesten al duzu zerua benetan? Zuk espero al duzu Jaunaren bigarren etorrera betea? Hainbestetan esan digute zeruan pentsatzeak alienatu egiten duela, lurreko eginkizunetik aldentzen gaituela alegia... Hainbestetan esan digute, lur honetan zer eginik ez daukatenek sinesten dutela zeruan... Hainbestetan txepelen ustetzat aurkeztu digute zeruko hori... Lurrera begiratuz bizita, besterik gabe, alienatuko ez bagina bezala... Hemengo gauza hutsetatik bizitzeak gezurrezko nahi eta ametsetara eramango ez bagintu bezala... 

 

Egia da, askotan zeruak ez du inolako eraginik gure esperantzan. Eta esperantza hori moteldu, estutu, egiten zaigu. Eta hori oso da grabea.

 

Gaurko ospakizunak esperantzara erakarri behar gaitu. Jauna badator. «Lau haizeetatik bilduko gaitu». Etorkizunera bidean goaz. Etorkizuna egiten ari gara. Jesusen Erreinua gertarazten ari garen bitartean, zerua zabaltzen ari gara. Gure bideak badu bere helmuga, ez goaz helmugarik gabeko bide galduan. Gure esperantzak badu bere barrutia.  Gure borroka txikiak badu sentidua. Gure eguneroko maitasun-eginahalak badu bere zergatia eta bere zertarakoa. Jaunaren etorrera lantzen ari gara. Eta horrek ez al dizu bihotza zabaltzen? Bai alajaina!

 

Orain galdera bat dago hemen, nire ustez. Betetasunerako bide hau nola egin? Nola goaz gerorako bide horretan? Nola bizi praktikan etorkizunaren esperantza hori? Nola bizi betiko zoriontasunaren itxaropen eragile hori? Giza biziera ontzeko ahaleginean ari zarenean, eta zure ahalegin guztiak eraginik gabekoak gertatzen direla ikusten duzunean... Jardun eta jardun eta gaur gure artean bizi dugun ustelkeri giroa ikustean... Nola bizi esperantza? Haur errugabe bat hil delako, barrua asaldatzen zaizunean... nola bizi esperantza? Zeure buruari begiratu eta zure ametsik handienak gertaezinak direla ikusten duzunean, nola bizi esperantza? Eliza bera askotan bere hitzaren neurrikoa ez dela ikusten duzunean, nola bizi esperantza? Sufrimenduak zure bihotza estutzen dizunean... Maite dituzun pertsonak hil eta galtzen dituzunean... Heriotzaren hurbiltasunak zu zeu gertutik mehatxatzen zaituenean... nola bizi esperantzaz? Zure eguneroko ahalegin txikiak ez duela ezertarako balio pentsatzen duzunean... Otoitza egin edo ez egin igualtsu ote den burutazioak sortzen zaizkizunean... nola bizi esperantza? Une zail eta latz horietan, zure bihotzeko indar guztiak bildu eta oihu ozen eta garratza egin behar duzu: «Zatoz, Jesus Jauna!». Behin eta berriz esan behar duzu barru-barrutik: «Zatoz, Jesus Jauna!». Zerumugak estutzen zaizkizunean, odola bildu eta sakonenetik esan: «Zatoz, Jesus Jauna!».

 

Ikusiko duzu, esperantza zabaldu egingo zaizu, zeruaren ederra sinesteak lurraren garratza lantzera eramango zaitu, Jaunaren etorrera sinesteak mundu berria oretzera eramango zaitu. Eta bestela onezkero alde batera utzi zenuen ahaleginari, erori gabe eutsiko diozu. Eta hori ederra da!

 

Ez ezazu ahaztu gaur Elizbarrutiaren eguna ospatzen dugula. Zure Elizaren eguna, aizu! Zerbitzuak jasotzea ondo dago, baina zerbitzuak ematea ere ez dago gaizki. Eta zure Elizak behar eta premia handiak dauzka. Ez ezazu hori ahaztu. Zu zaintzen zaituen Eliza hori, zuk ere zaindu ezazu. Esperantzaz begira iezaiozu zure Eliza txiki horri, Elizarengandik esperantzarako indarra jaso dezazun. Ospa dezagun esperantzaren misterioa!

FaLang translation system by Faboba

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.