liturgi lagungarriak

Liturgi lagungarriak

 

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Anai-arreba maiteok: Jesu Kristo, Errege zerbitzariaren poza eta bakea zuekin!

 

Jesu Kristo Erregeren festaburua ospatzen dugu gaur, halaxe da. Liturgi urte osoan ospatu dugun guztia biltzen digu gaurko festaburuak. Gure oinarri eta izate-ardatz den Jesu Kristo kontenplatzen dugu maitasunez, giza historiaren ardatza eta muina den Jesu Kristo.

Hala ere, haren erregetza ospatzean, ez dugu ahaztu behar «haren erregetza ez dela mundu honetako erregetzak bezalakoa». Pobreen zerbitzura daraman erregetza da Kristorena, zerbitzuaren gurutzera daramana.

 

Gure ospakizunaren hasieran, jo dezagun maite gaituen errege errukitsuaren onginahira, eta eska diezaiogun bekatariontzako errukia.

 

– Jesus Jauna, gizakioi maitasunaren egia azaltzen diguzuna. Erruki, Jauna.

– Jesus Jauna, diren guztien erregea. Kristo, erruki.

– Jesus Jauna, zure erreinuaren hartzaile egiten gaituzuna. Erruki, Jauna.

 

 

PREFAZIOA

Senideok: eskerrak eman diezazkiogun zeruko Aitari gogotik, bere Seme Jesu Kristo eman digulako. «Hark maitatu eta askatu baikaitu bere odolaz». Erreinurako bidea urratuta daukagu. Sutsu adieraz dezagun gure esker ona.

 

 

GURE AITA

Jesus berpiztua gurekin otoitzean ari da. Berarena da gure otoitza. Eska dezagun etor dakigula berarekin Jainkoaren Erreinua.

 

 

HONA HEMEMN

Begira Kristori! Bera da munduaren ardatza. Utz diezaiogun gure bizitzan sartzen. Zoriontsuak Jaunaren mahaira deituok!

 

 

 

 

  1. B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

1 - Daniel Profetaren liburuko zati bat entzutera goaz. Profeta honek, irudi eta olerki-bidez, gu bezalako gizona den baten agintea eta erregetza azalduko dizkigu. Profezia hau gero Kristorengan ikusiko dugu erabat betea.

 

2 - Gozoa eta pozgarria entzutera goazena. Jesu Kristo, heriotzaraino leiala izanez, errege eta jaun guztien nagusi jarri da.  Eta gu ere bere erregetzara gonbidatzen gaitu, leialtasunean.

 

 

 

HERRI-OTOITZA

Senideok: Jesu Kristo Erregearen bitartekotzak babesten gaituela, dagiogun otoitz zeruko Aitari gizon-emakume guztien alde.

 

Eliza osoaren alde: Munduan Jesusen erreinua adieraz dezan, bakezko eta justiziazko erreinua, pobreen onerako.

 

Munduko herri guztien alde. Gure herriaren alde. Gogorkeriaren zigorra sufritzen ari diren herrien alde: Jesusen erreinuaren bakea iritsi dadin gure harremanetara.

 

Bakearen eta justiziaren aldeko lana ari dutenen alde: Jesusen erreinuaren poz betea jaso dezaten.

 

Munduan zehar sufritzen duten guztien alde. Siriako biztanleen alde. Beren etxea galdu dutenen alde: Beren sufrimenduan, Jesusen burbiltasunak poztu eta itxaropenez bete ditzan.

 

Eukaristia ospatzen ari garenon alde. 

Jesu Kristoren erreinuko poz eta indarrak aurrera-nahiez bete gaitzan.

 

Aita ona, zure Seme Jesu Kristo Erregetzat eman diguzunez gero, emaguzu beraren erregetza arnasteko poza. Jesu Kristo gure Errege eta Apaiz nagusiaren bitartez.

 

 

 

HOMILIA

Liturgi urtea hasi genuenean, Abenduko garaian, ozen esaten zitzaigun: «Zaudete erne, hurbil baita Jainkoaren Erreinua». Eta urtea amaitzean, gaur, Jesus berak garbi asko adierazten du: «Zerorrek diozu: Errege naiz». Eta bi une horien tartean, igandea joan igandea etorri, Jesusen Hitza entzun dugu eta askapen-egintzak burutzen ikusi dugu. Eta egintza horiek burutu dituenean esaten du Jesusek «Errege naiz» nagusi hori.

 

Jesusek berak esateaz gain, ordea, nik uste denok galdetu beharko genukeela gaur: Baina, benetan errege ote da Jesus? Eta hala dela esaten badut, zertan agertzen eta erakusten du erregetza hori? Izan ere, Ebanjelioak aditzera eman digun ikuskizun hori txokagarria da: Jesus atxilotua Pilatosen aurrean, gurutzera kondenatua izateko zorian, lotua... eta hain zuzen orduantxe, «Errege naiz» esaten. Errege baldin bada, berezia oso!

 

Eta gaur, fededunok gozotasun eta poz betez aitortzen diogu Jesusi bere erregetasuna. Errege aitortzen dugu, eta barne-poz nabarmenez gainera! Lotua, gurutzeratua, zapaldua, baztertua..., hala eta guztiz ere, Errege! Eta guk nahiago dugu Jesus era horretako Errege izatea: bere bizia besteren zerbitzuan ematen duen Erregea. Gaizkileei barkazioa eskaintzen dakien Erregea. Irainari bakeaz erantzuten dion Erregea. Egiari aitormen egiten dion Erregea. Bere borondatea, bihotzak aldatuz ezartzen duen Erregea. Indarkeriaren beharrik ez duen Erregea. Nahiago dugu era honetako Erregea! Ez da mundu honetan ohiko den horietakoa. Eta hobe!

 

Apaltasun eta azkenerainoko zerbitzu horri, a zer argia eta edertasuna darion! Gurutziltzatu horixe da hodei gainean airoso datorren Ahaltsua. Bere eskuan azkenik gabeko erregetza duela. Beti Aitaren maitasunezko askatasun-nahia azalduz. Jainkoa Aita dugula esanez. Bekatariak bere artegira bilduz. Gaixoei geroaren esperantza hautsi-ezina bihotzean txertatuz. Baztertuei beti bere bihotzaren estalpe babestua eskainiz. A zer errege izateko modu berezi eta gozoa!

 

Berak esan du bere erreinua ez duela «mundu honetakoa». Eta, hala ere, «errege izateko etorria dela mundu honetara». Biak batera. Errege izatera etorria da, baina ez munduko errinuen erara. Berak giza bihotzetan eraiki nahi du maitasunezko erreinu zerbitzaria. Baina, erreinu hori bihotzetan eraikitzeak ez du esan nahi erreinu hori barruan gorde eta bizitzeko erreinua denik. Munduko arazoak benetan hartzen dituen erreinua da. Gizakien arazoak bere arazo bihurtzen dituen erregetza da. Ez mundukoen erara, baina munduko bizibidea askatu nahi duen erreinua da. Ez indarrez, maitasunez baizik. Ez behartuz, askatasunez baizik. Ez zapalduz, jasoz baizik. Erreinu berezia, ederra eta askatzailea.

 

Horrexegatik gaur, ospaketa honetan, bigarren irakurgaiak esan duena egin nahi dugu: «Aintza eta agintea eman gu maite izan gaituenari, gure bekatuetatik garbitu gaituenari, Jaungoiko bere Aitaren apaiz egin gaituenari». Hori da, sekulako «bejondaizula» ozena bota nahi diogu. Badakigu asko eta gehiegi ere zor diogula. Eta hori eskertzeko festaburua dugu gaur.

 

Eta, bide batez, gaur gure bihotzean itsatsia eta josia laga beharko genuke egia hau: Kristo dela Alfa eta Omega, A eta Z, Hasiera eta Azkena. Harengan oinarritzen dela zorion oro eta harengan burutzen dela zorion oro. Harengan oinarritzen eta burutzen gizatasun oro. Harengan oinarritzen eta burutzen edertasun oro. Harengan oinarritzen eta burutzen askatasun oro. Gure izan-ametsak burutu nahiz beste zerbaitetara makurtzen bagara, ez dugula inolako atarramentu onik izango.

 

Baina, festaburu honetan, gure bizitzari eta ekintzari ere begiratu behar diegula esango nuke. Izan ere, Jesusen erreinuaren langile izateak, gure jokabideak aztertzera eraman behar gaitu. Gure eguneroko bizitzan ari dugun lanak eta bizi dugun moldeak, ba al du zer ikusirik Jesusen jokamoldearekin? Jesusen maitasunezko jarrerak geuretuak al dauzkagu? Gure jokaera, zerbitzuzkoa al da ala behartuz jokatzen dugu? Gure begiak zabalik al daramatzagu, Jesusen erreinuaren argi txikiak ikusteko? Ala dena gaizki eta kaltegarri ikusten jarraitzen dugu oraindik ere? Erreinuaren hazi txikiak sumatzen al ditugu gure eta ingurukoen bizitzan? Maitasunari askotan ez zaio argi handietan antzematen, baina maitasuna da Jesusen erreinuaren egiazko indarra. Maite al dugu, maitasunaren beharrean dagoen behartsua?

 

Goazen, adiskideok, Erregearen mahaira. Goazen bere burua zerbitzu ederrean eskaintzen duen Erregearengana. Gure fedea aitor dezagun, Kristoren erregetza sinesten dugula oihukatuz. Eta maitasunak neurririk ez duen ospaketan murgil gaitezen pozez eta bakez. Kristo Erregek erakuts diezagula bere Erregetzaren aztarrena.  Eta eman diezagula, erreinu horren sintonian bizitzeko argi eta indarra.

 
FaLang translation system by Faboba

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.