liturgi lagungarriak

Liturgi lagungarriak

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Gu salbatzera datorkigun Jauna, izan bedi zuekin!

 

Abenduan aurrera goaz, itxaropen ederrez eta Eguzki berriaren egarriz. Nahi eta ezinaren pauso nekatuz baldin bada ere, Jaunak beregana garamatza, Eguberriko topaketara. «Zer egin behar dugu?» horixe izango dugu gaur galdera. Abenduak konpromisozkoa izan nahi du. Ezin gaitzake lehenean utz. Eguberriren poza nahi duenak, «zer egin behar duen» galderatik abiatu behar du, konpromisoa onartuz.

Konpromiso horrek ez du iluna izan behar. Gaur alaitasunerako deia egiten zaigu. Edozein familiatan, haur bat jaiotzera dihoanean, pozezkoa izaten da giroa. Gurean ere haur salbatzailea jaiotzera doa. Eta horrek poza ematen digu. 

 

Eukaristian abiatzean, eska dezagun, Jaunaren aurrean umil eta apal prantatuta, Jainkoaren pozak urrun ditzala gure ilun-une eta bekatu guztiak.

 

- Jesus Jauna, munduko argia, ilunpetan bizi diren gizon-emakumeak argitzen dituzuna. Erruki, Jauna

- Jesus Jauna, gizakien gidaria, zeure herria egi eta justizi bidetik zuzentzera zatozena. Kristo, erruki

- Jesus Jauna, biziaren iturria, gure ahultasunaren zauriak sendatzera zatozena. Erruki, Jauna.

 

 

PREFAZIOA

Poztu gaitezen biziro, poztu. Jauna hurbil, guztiz hurbil da. Eskerrak zor dizkiogu.

 

 

GURE AITA

Jesusek berak erakutsi zigun “etor bedi zure Erreinua” esaten. Eskatzen duguna gauzatzen ere saiatzeko gogoz, animoz, eska diezaiogun Aita Jainkoari denok batera.

 

 

JAUNARTZERAKOAN

Hona hemen Mesias Jauna, herri guztiak salbatzera datorrena. Zorionekoak Jaunaren Erreinuko mahaira gonbidatuok!

 

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOA

Gaur lehenengo irakurgaian Sofonias Profetari entzungo diogu. Israel herria berreraikitzen eta berritzen duen Jainkoaren egintzaz hitz egingo digu. Bigarren irakurgaian San Paulok kristau biziera zer den aipatuko digu, Jainkoaren salbamena gertuan daukala dakien jendearen biziera. Eta gero, Ebanjelioan, Joan Bataiatzailearen konbertsiorako deia entzungo dugu. Goazen patxadan Jainkoari entzutera.

 

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

Abenduko deia sakonetik egin dezagun, gizaki guztientzako bizipoza eskatuz. Gure artean dagoen Jesus Jaunari bere bakea eta poza eska diezazkiogun, [gogotik esanez: ZATOZ, JESUS JAUNA!]

 

Otoitz egin dezagun munduan sakabanaturik bizi diren fededun guztien alde: Jaunaren hurbiltasunak kezkak kendu eta bakearen poza eman diezaien. Egigun otoitz.

 

Otoitz egin dezagun zapalduta bizi diren herrien eta pertsonen alde: duintasunean eta pozik bizitzeko behar dutena jaso dezaten, justiziaz eta solidaritzaz. Egigun otoitz.

 

Egin dezagun otoitz triste, etsita, kezkaturik bizi direnen alde; otoitz gure gaixoen alde; otoitz, Siriako herriaren alde: Jaunaren etorrerak aska ditzan eta esperantzara jaso. Egigun otoitz.

 

Eska diezaiogun Jaunari, poz-bila dirutan edo jan-edanetan edo festatan dabiltzanen alde:  egiazko pozaren iturria aurki dezaten eta maitasunezko Eguberri gozatu. Egigun otoitz.

 

Otoitz egin dezagun Eukaristia ospatzen ari garenon alde:  gure bizitza begiratu eta Jaunak egiten digun deiari bihotza zabal diezaiogun. Egigun otoitz.

 

Zatoz, bai, Jesus Jauna. Poztu gaitzazu zure etorreraz, eta aska gaitzazu kezka guztietatik. Jainko eta errege bizi baitzara gizaldi eta gizaldietan.

 

 

 

 

 

 

HOMILIA

Abenduak Eguberrira begira jarrita gauzka. Erosketak, prestakizunak, argiak, eskaparateak, musikak... Egia da, kanpoko soinu deigarri horien ondoan badira bestelakoak: krisia, etxegaltzeak, langabezia, manifak, soldata extrarik eza... Alde batetik, deika ari zaizkigu gasta dezagun eta, bestetik, zer gastatua kendu digute. Gure gizarte kontraesanez betea. Eta galduta gabiltza, oso galduta.

«Zaudete beti pozik Jaunarengan». Gure egoera den bezalakoa izanik ere, Abenduko 3. igande honek pozaren mezua eskaintzen du. Abendua pozezko prestakuntza da, dudarik gabe. Poza, esan dugu. Poza, Jauna badatorrelako. Jauna hurbil delako. Hori da gehien azaltzen den arrazoia. Gure Abenduari bere esperantzaren ustea kunplitzera doakio. Eta betetasunaren gertuko usainak poza sortzen du aurrez. 

Jaunaren hurbiltasun hori, era berezian dastatu zuen Israel herriak. Bere hondamena amaitzera doakio. Jaunak askatu egingo du herria. Eta egun hartan, poza nagusituko zaio Israelen bihotz zaurituari. Poz horrek ondorio gozoak ditu. Israeli beldurra kentzen dio. Edo hobeto esanda: poza sortzen dion Jaunaren presentziak beldurra kentzen dio. «Ez izan beldurrik, Sion». 

San Paulok poz horren hiru ondorio aipatu ditu: neurritsu edo bihoz oneko izatea, aurrena; kezkak kentzea, bigarren; eta, azkenik, bakea. Poza sortzen duen Jaunak bizitza baketu egiten digu. Eta bere barruan bakean dagoenak, gozotasuna bizi du, ez baitauka kezka larritan ezeren bila lehiatu beharrik. Eta pozaren bizigiroa den bakeak zaintzen du gure bizitza bakean. Bietara esan dezakegu, beraz: Pozak bakea dakar eta bakeak poza dakar.

Hala ere, ezin dugu ahaztuta utzi Joan Bataiatzaileari entzun dioguna. Poz hau ez da nolanahikoa. Joan Bataiatzailearen deiak, gure egoera honetan, era bizi eta ozenez jotzen du bere aldarria. Ez da erdipurdikako aldarria, ez da ñabardura handietan urtzen den deia. Garbia eta zorrotza da oso: «Bi soineko dituenak eman diezaiola bat jantzirik ez duenari, eta jatekoa duenak ere bana dezala». Eta tankera bereko eskariak egiten dizkio lanbide desberdinetako jendeari.

Baina, Joanen erantzun hau galdera batetik abiatzen da: «Zer egin behar dugu?». Eta galdera honetan jokatzen dugu gure Abendua. Zenbat aldiz bizi izan dugun galderarik gabeko Abendua! Azalkeria hutsean. Baina Joanen deiak ez dauka tolesturarik gure aitzakiak babesteko. Eguberrik baldintza sendoak ditu, bakoitzari bere egunerokotasunean ezartzen zaizkion baldin-tzak.

«Zer egin dezaket nik?». Begira dezadan nire ingurura. Behartsuen bila ez dago urrutira joan beharrik. Gure kaleak premiaz beterik dauzkagu, argi saltzaileekin borroka negargarrian. Eta nora doakit begirada, pobreengana ala eskaparate argitsuetara? Hortxe jokatzen dugu gure Eguberriren poza eta gure gizatasunaren edertasuna. Bestela, algarak eta kantuak eta erosketak eta jan-edanak eta izango ditugu, baina pozik ez!

Krisi luzea agintzen zaigu eta behar sakonak ikusten ditugu. Nik zer egin dezaket? Azken aldiko sua aurrera dezakegu eta sute handi bat antolatu gure alferrikako guztiak erretzeko. Zer daukat alferreko nire bizitzan? Erre dezadan Abenduko su garbitzailean. Nire gorrotoak, nire ikusi ezinak, nire iheskeriak, nire luxuak... erre ditzadan eta bihotza hurbil dezadan gure kaleetako zulo beltzetara.

Abendu honek injustiziaren salatzaile bihurtu behar gintuzke. Jendea zapaltzen ari diren indarrak salatu behar ditugu. Gizakiaren duintasuna oihukatu behar dugu alde guztietan. Pertsonak beste guztiek baino askoz gehiago balio du. Eta balio nagusi horren defentsan atera behar dugu eliztarrok eta Eliza osoak. Barruan arazo asko edukitzeak ez gintuzke kaletik aldendu behar. Joan  Bataiatzaileari ahots-gorailu bat eman behar diogu gure egintzez.

Baina, hori bai!, orokorkerietan erori gabe. Gauzak egin behar dira, esan behar dira, aldatu behar dira... Aditz horiei buelta eman behar diegu: gauzak egin behar ditut, esan behar ditut, aldatu behar ditut. Barrura begiratu aurrena, gero kalera begiratu, daorkigun Jaunari begiratu, eta bakoitzak geure eginbeharrak bete behar ditugu.

Goazen Eukaristiara! «Handi baitago Israelgo Santua zuen erdian». Altareko ogi txikian handi datorkigu Jauna. Askatzaile datorkigu. Gure hondamena sendatzera datorkigu. Poztu gaitezen, bakearen mahaian kezkak uxatuz.

FaLang translation system by Faboba

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.