Liturgi lagungarriak
A) APAIZAREN MONIZIOAK
AGURRA ETA SARRERA
Gure anaia eta Jauna den Jesu Kristoren dohaina eta bakea, zuekin!
Eguberriko jaiak atzean gelditu ziren eta berriro ere etorri gara eguneroko bizitzaren erritmo eta legera. Baina Jesus gurekin dagoela jakiteak pozten digu eguneroko bizitza eta jarduna. Bera gertuko azaltzen baitzaigu, gu dohainez eta maitasunez betez. Berak eragiten digu aurrera, ardo onenaren pozez gure ibilbidea argituz.
Isilean jar gaitezen Jesusen aurrean, eskertu dezagun gure arteko beraren presentzia eta eska diezaiogun bihotz berria.
– Jesus Jauna, gizadiarentzako pozaren ardo onena. Erruki, Jauna.
– Jesus Jauna, alaitasun betearen iturri agortezina. Kristo, erruki.
– Jesus Jauna, egiara eta bizira daraman bidea. Erruki, Jauna.
PREFAZIOA
Esker ona azaltzeko unea dugu Eukaristi otoitzarena. Eskertu dezagun Jesusen presentzia eta egin dezagun bat presentzia horren aitormenean.
GURE AITA
Gure senide kristau guztiekin bat egin, eta esan dezagun bihotz batez Jesusek erakutsi zigun otoitza.
B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK
1 – Ebanjelioak Jesusek egindako lehen ezaugarria eskainiko digu gaur, ezteietan poza sortzeko egin zuen ezaugarria. Lehen irakurgai honek ere maitasunaz hitz egiten digu, emaztearekiko senar baten maitasunaz. Senar hori, bere herria maite duen Jainkoa da.
2 – Garizumari ekin bitartean, San Paulok Korintoko kristauei eginiko eskutitzeko zatiak irakurriko ditugu, bigarren irakurgai bezala. Itun Berriko idazkirik zaharrenetakoa da. Lehen kristauen biziera begiratuko dugu, bere edertasun eta bere akatsekin.
HERRI-OTOITZA
Senideok: otoitz egin dezaiogun bere dohainez pozten gaituen zeruko Aitari.
• Eliza osoaren alde: Ebanjelioarekiko zintzotasunean, egiazko batasunaren bila saia dadin fededun guztien artean.
• Migrazioen egun honetan, gogoan ditugu batetik bestera bizitzeko leku bila dabiltzan etorkinak eta errefuxiatuak: Jaunaren presentzia suma dezaten gure harrera onean.
• Sentidurik gabe bizi direnen alde: eguneroko bizitzan bizi eta egiten dutenari zerbitzuaren argitasuna eman diezaioten.
• Sufritzen duten guztien alde eta, batez ere, maitasunik gabe sufritzen dutenen alde: Jainkoak bere dohainaren ardo gozoz poztu ditzan.
• Eukaristia hau ospatzen ari garen guztion alde: Jainkoak esana gero eta zintzoago bete dezagun, Mariaren antzera.
Entzun, Aita ona, fedez eskatu dizuguna. Emaguzu fededunoi eta gizon-emakume guztioi batasuna eta bakea. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
HOMILIA
Eguberri aldi pozgarria amaitu genuen Jaunaren Bataioko festa ospatuz. Belengo haurtxoarengan Jainkoaren bidalia ezagutu dugu. Eta haren aintza ikusi ere bai, liturgi argi ederraren agerpenez. Orain, urtean zeharreko igandeetan sartzean, zer emango ote zaigu? Begira: gaurko igandeak behintzat badu Jaunaren Agerkundearekin zer ikusirik, eta zer ikusi estua egiaz.
Zergatik diodan hori? Ebanjelioan entzun ahal izan duzue erantzuna:
"Bere aintza azaldu zuen, eta sinetsi zuten harengan bere ikasleek". Joanen Ebanjelioaren haritik, Kanako ezteietan eman zuen Jesusek bere misterioaren lehenengo ezaugarria. Eta Agerkundekoan herriei Salbatzaile agertu zitzaien bezala, eta Bataiokoan Aitak Semetzat agertu zuen bezala, Kanako ezteietakoan aintzatsu, ahalmentsu, poz-emaile agertzen zaigu. Hitz batean esate aldera, hona: "ardo berriaren" emaile agertzen zaigu Jesus.
Zer da, ordea, Kanan gertatu zena? Hau bai komeni dela ongi ulertzea. Askotan esaten dugu Jesusek mirari bat, "milagro" bat egin zuela. Eta Joanen Ebanjelioak "ezaugarri" bat eman zuela esaten du. Jesusek, alegia, bere Pazkoan emango duen salbazio betearen ezaugarri bat eman du. "Nire ordua ez da iritsi" esaten du, hau da: "Nire ordua Pazkoan iritsiko da". Eta Pazkoko ordu betea zer izango den adierazteko ezaugarria daukagu gaurkoan.
Ezaugarri honetan kontuan hartzeko datuak eman zaizkigu, eta datu horiek ezagutzeak, eman zaigun salbazioaren aztarrena emango digu gure gozamenerako.
- Lehenengo datua: "ezteiak ziren". Eta ezteien bidez, Jainkoak munduarekin egin duen elkartea aditzera eman nahi digu. Jainkoak (eta lehenengo irakurgaitik ari naiz) bere "atsegin" izateko aukeratu gaitu. Gure "senar" bihurtu da. Beraz, bere ezinean utzia zegoen munduak izen berri baten eta, areago, izate berri baten poza jaso du. Nork esan Jainkoaren pozgarri izan gintezkeenik! Jainkoaren maiteminaren lanak dira horiek.
- Bigarren datua: Maria. Maria ere ezteietan zen. Izango ez zen ba? Bera dugu Senarraren Emazte berria. Elizaren irudi eta eredu. Haren amatasunak ematen dio Elizari emazte eder izateko bikaintasuna. Maria ez dugu mirari-eragile bezala ikusi behar. Maria, eztei paregabe hauetan, Elizaren edertasuna da. Jainkoak emaztetzat aukeratu duen Elizaren edertasuna. Eliza ederra da Mariarengan, Maria bera Eliza baita.
- Hirugarren datua: ardoa. Ardoak liburu santuetan bizia esan nahi du, poza, ezteietako festaren ezaugarria inondik ere. Munduak ez zuen ardorik, ez zuen pozik, ez zuen festarik. Bere ezinean bizi-eskasiak zauritzen zuen. "Ez daukate ardorik". Baina, horra: Jainkoak eztei berriak egitean, ardo onena eman digu, inork pentsatu ezin halako gozotasuna berekin duen ardoa. Eta ez gutxi ere, oparo, giza neurri guztiak hautsiz.
Datu hauetan guztietan zer ikusten duzu, adiskide? Jesu Kristoren misterioaren edertasuna! Jesu Kristorengan, Mariaren amatasunez, Jainkoarekin ezkondu gara, "bat egin dugu". Eta Jainkoarekiko harreman hori dugu bizitzarako ardo, sentidu, poz, gozotasun. Elizaren maitez Jainkoak egiten duen edertasun hau amets egitea ere ez da erraza. Eta ametsa ez ezik egia dela sinetsiz gero!
Baina, tira: ez dugu edertasun horri begira zorabiaturik geratu behar, gozatzekorik baldin badu ere. Izan ere, eliz bizitzan grazia den oro, erantzukizun, eginkizun, dugu. Eman zaigun eztei-dohain bikaina, elkar zerbitzatzeko eman zaigu. San Paulok bigarren irakurgaian garbiago hitz egin du. Inori ez dio Jainkoak ezer eman beretzat gorde dezan. Elizan eman zaigun guztia, guztien onerako eman zaigu. Elizan, beraz, inbidiek eta egoismoek ez dute lekurik. Gorputzean ere atal bakoitzak bere trebetasunak ditu, baina atal bakoitzak gorputz osoaren morrontzan jokatzen du, ez da hala? Elizan ere berdin. Hitz egiten duenak guztien onerako. Sinesten duenak guztien onerako. Espiritu beraren seme-alaba gera-ta!
Horretatik, gaur Elizak gogorarazten digun puntu bat aztertu nahi nuke: bihar hasi eta zortzi egunez, Elizen arteko batasunaren aldeko zortziurrena ospatuko du munduko kristau-eliza osoak. Dohain beraren seme-alaba, Espiritu berak eragiten digula, eta zer gabiltza zatiturik, etenda, erdi bi eginda? Benetan gure zatiketa, dohaina bera ere ukatzea ez ote den! Giza mailan ere, ardoak elkartzera eragiten badu, Berri Onaren ardoak urruntzera eragiten ote du? Ez da hori horrela izango! Edo, agian, Berri Onaren ardotik eskas ote gabiltza? Jesusek esan zuen: "Bat izan daitezela". Eta Mariak esan digu: "Egizue Berak esaten dizuena". Jainkoarekiko eta Berri Onarekiko menpekotasunak, batasunera eraman behar gaitu, nahi edo ez. Bestela ez gara kristau! Ondo egingo dugu datorren aste honetan guztian benetan otoitz egiten badugu lan ekumenikoak bere batasun-emaitzak eman ditzan.
Goazen Eukaristiara. Hementxe dugu Jainkoaren dohaina, Itun Berriko ardoa: Jesu Kristo beraren odoletan Jainkoarekin bat egitera goaz. Batasunaren ezteietan gaude, noski. Hementxe ematen zaigu Berri Onaren testigu egiten gaituen Espiritua. Eta aurrera egin aurretik, aitor dezagun eman zaigun fedearen dohaina.