liturgi lagungarriak

Liturgi lagungarriak

A) APAIZAREN MONIZIOAK


AGURRA ETA SARRERA
Errukiaren Aita Jainkoa eta Jesu Kristo munduaren salbatzailea beude zuekin!

Errukiaren Jubileu Urteko Garizuma hasi dugu. Maitasunaren Aita Jainkoak dei egiten digu eta itxaroten daukagu. Beregana itzularazi nahi gaitu, gure biziak goi-kalitatea har dezan eta Ebanjelioaren moldekoa bihur dadin. Hartara, Aita errukitsu den bezala, gu ere errukitsu izango gara.
Gaur, hain zuzen, Gosearen kontrako Jardunaldia ospatzen dugu mundu guztian. Errukizko gure begiradak munduko pobreak besarkatuko al ditu! Haiek ere Jainko onaren erruki handia ezagutuklo al dute!

Isilean pranta gaitezen Jainkoaren aurrean eta jaso dezagun beraren errukizko besarkada gozoa.

– Jesus Jauna, basamortuan tentatua. Erruki, Jauna.
– Jesus Jauna, beti Aitaren menpe zaudena. Kristo, erruki.
– Jesus Jauna, Aitarekin adiskidetzen gaituzuna. Erruki, Jauna.

edo
Aitortzen diot…

PREFAZIOA
Garizumak Pazkora begira jartzen gaitu. Jesu Kristoren odoletan garbitzen zaizkigu bizitzak. Itunaren oroipena egiterakoan, esker onez betea behar dugu bihotza.


GURE AITA
Jesu Kristorekin bat eginik, eska diezaiogun Aitari eman diezagula bere indarra, tentaldian eta gaitzaren menpean ez erortzeko.




B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK
1. Garizumak, urtero, lehen irakurgaia Israel, Jaunaren herri maitearen pasadizo garrantzizkoenak gogora ekartzeko aprobetxatzen du. Israel zaharraren historia horretarakoxe baita, Jesu Kristori bidea prestatzeko. Eta bidenabar, geurea seinalatzeko eta markatzeko. Horregatik, pozik entzuten ditugu Itun Zaharreko pasarte salbaziozko hauek.

2. Salbazioa guri,
 nondik datorkiguke gaur egunean? Nola bihotz-berritu, salbazio berrirako prest? Entzun Paulori.



HERRI-OTOITZA
Batv egin dezagun munduko behartsuen aldeko otoitzean. Elizaren eta geure asmoak ere gogoan izan ditzagun. [Kyrie, eleison (erruki, Jauna) kantatuz erantzungo dugu.]

–    Kristauen alde: Jesusek bezala, guk ere uxa ditzagula gaitzaren bideak eta bizi dezagula atergabe Berri Onaren poza.

–    Mundu guztian zehar gosearen tragedia bizi duten guztien alde: Aurki dezatela behar duten laguntza eta borondate oneko pertsona guztiok egin dezagula injustiziaren kontrako borroka sendoa.

–    Munduko ekonomiaren ardura daukaten agintari guztien alde: Benetan bila dezatela injustizia deserrotzea eta saia daitezela mundu gizalegezkoa eta duintasunezkoa egiten.

–    Gure herriko bakearen alde: fededunok bakezale eta bakegile izateko konpromisoa bizi dezagun, Ebanjelioa aldarrikatuz.

–    Geure alde eta mundu guztian Garizuma hau ospatzen hasi diren kristauen alde: egiazko berrialdi izan dezagun Garizuma hau, Aita bezala errukitsu izateko.

Entzun, Aita, gure otoitza eta emaguzu Jesu Kristorengan bizi berria. Jainko eta errege bizi baita gizaldi eta gizaldietan.



HOMILIA
Adiskideok, Garizumari ekin diogu. Garizuma sasoi inportantea da gure bizitzarako, gure bizieraren oinarriak berritu eta onbideratu nahi baititu.

Basamortuan ikusi dugu Jesus. Jainkoaren eta gizakiaren arteko harremana gordin bizitzen den bakardade sutu horretan. Jesus, bataiaturik, Espirituaz beterik, bere eginbeharrerako prest dago.

Giro honetan, Jesusek borroka latza bizi du, gizartetik datorkiokeen programaren eta Jainkoagandik datorkiokeenaren arteko borroka gordina. Eta Jesusek bere aukerak finkatuko ditu bere misioaren hasieratik bertatik. Aitaren borondateari lotuko dio bere jokamoldea. Ez du, beraz, bere probetxurako mesianismo erraza bilatuko. Ez du botearearen eta indarraren tentazioa onartuko, zerbitzuarena baizik.

Jakina, Jesusek egiten duen aukeraren azpian, historiaren irakurketa berezia dago, lehenengo irakurgaiak eman diguna, hain justu. Dena Jainkoaren maitasunaren ahalmenez bildua ikusten denean, norbere historiaren sustraitan Jainkoaren maitasunak eusten digula sinesten dugunean, gure pausoen sendotasun Jainkoaren egintza askatzailea dagoela sinesten denean, orduan garbi ikusten duzu noren eskuetan utzi behar duzun zure bizitza eta ekintza. Eta Jesusek, juduen historiaren irakurketa fedezkoa egiten duelako, badaki nola eta zein bidetatik jokatu behar duen.

Baina, aizu, gauza bat: Jesusen tentaldi hauek ez dira harenak eta ordukoak bakarrik. Bere bizitzan fedezko programa bat egin duen edonork bizi dituen tentazioak dira.

«Bihur itzazu harri hauek ogi». Mesianismo interesatuaren tentazioa. Arazoak erraz konpondu nahia. Gauzak ondo bideratzeko miraria nahi. Jainkoak eman dezala ogia behar den tokian. Jainkoak ez dezala utzi ezbeharra gertatzen. Jainkoak senda ditzala kantzerrak eta sidak eta. Jainkoak ken dezala terrorismoa. Eta Jainkoak konpondu nahi ditu horiek guztiak. Baina, ez errazkeriazko mirarien bidez, zure bidez baizik. Jainkoak harriak ogi bihurtu nahi ditu, bai jauna! Zuri esaten dizu harriak ogi bihurtzeko. Zure harribitxi luxozkoak behartsuentzako ogi bihur itzazu. Lagun hurkoari amorruz bota behar diozun harri gorrotozko hori, bihur ezazu aterperik ez daukanarentzako etxe. Lagun hurkoari estropozurako jarri behar diozun harri hori, bihur iezaiozu harrera onerako gela. Eta mirari errazik ez dago hemen, zuk egin nahi dituzun mirariak daude hemen.

«Adoratzen banauzu, aintza eta boterea emango dizkizut». Adorazio askotarikoak daude. Zerk ematen du gaur boterea? Diruak? Diruak dena mugitzen du. Garaipen guztien giltza, dirua jarrita daukagu. Eta nork ez du sentitzen diruaren distira gorria gurtzeko gogoa? Garizumak, ordea, Jesusen neurrira erakartzen gaitu. Ez da neurri erosoak bilatzea, gehiegikeriarik gabeko neurri kalkulatuak, alegia. Ez. Lagun hurkoaren beharra bihurtzen da gure eginbeharraren neurri. Pobre izan beharraren neurria ez da miserian bizitzea. Lagun hurkoaren beharrari erne begiratuz bizitzea baino. Zure desioak aurrera atera orde, behartsuen poza bilatzea eta haien beharrak konpontzea. Horra Jesusen irizpidea! Eta horra zurea!

«Bota zeure burua hemendik behera». Jainkoa behartu. Jainkoa nire beharretara tolestatu. Jainkoa nire beharren patrikan eraman, badaezpadarako. Jainkoa geure proiektuen alde daukagula azaldu. Eta gure egunotan ere tentazio honek badu gaurkotasunik. Nork ez dio inoiz galdetu Jainkoari non demontre zegoen halako eta halako beharrak sortu zirenean? Zenbateraino arriskatu dezaket bizitzan? Batzuek ez dute Jainkoa behartu nahi, baina ez dute ezer arriskatzeko adorerik ere. Jainkoak noiz egingo zain bizi dira batzuk beti. Ez dira konturatzen, Jainkoak gu jarri gaituela arazoak konpontzeko. Jainkoa behartu beharrean, guk geure burua behartu behar dugu. Geure dorre seguruetatik atera beharra daukagu eta zerbitzuaren fedezko saltoa egin. Eliz giro gozotik atera eta gizarteko arazoetara saltoa egin. Arriskatu. Konpromisoak onartu. Gehiegizkoa iruditzen zaigun eginkizun horrekin ausartu. Lanpostuak sortu. Seme edo alaba berri bat ekarri. Pobreak babestu. Injustizia salatu. Gogorkeriari aurre egin. Adiskidetu. Adibideak milaka.

Gaurkoak dira, bai, Jesusen tentazioak, oso gaurkoak, oso nireak. Garizumako basamortura bildu beharra daukagu guk ere. Gure programa zein eta nolakoa da? Zer aukera egin eta egiten dugu? Nire bizitzak zer espiritu dauka barrutik? Nire tentazioak zertan zehazten dira? Garizuma oso sasoi aproposa da gauzak denboraz eta baretasunez aztertzeko. Fededuna naizenez, fedezko irizpidez neurtu behar ditut gauzak. Jainkoaren hitza, ospakizunak, hausnarra, otoitza, nolabaiteko penitentzia... Garizumak eskura jartzen dizkidan aukera ederrak. Aprobetxatzekoak!

Goazen Eukaristia ospatzera. Maitasunaren basamortuan, ospa dezagun maite gaituenaren dohain ederra.

FaLang translation system by Faboba

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.