liturgi lagungarriak

Liturgi lagungarriak
A) APAIZAREN MONIZIOAK


AGURRA ETA SARRERA
Bere otordu bikainera gonbidatzen gaituen Jauna bego zuekin!

Senideok, Jainkoak berriro ere bere mahaira biltzen gaitu, bekatari eta halamoduzkoak izan arren. Jainkoak apalak eta pobreak maite ditu, beraren errukia neurrigabea baita. Jar gaitezen, bada, apal-apal. Eta eska diezaiogun errukiaren berritasuna.

Eska diezaiogun gure harrokeria eta itsukeria guztien barkazioa. Eska diezaiogun gure gainetik egon nahiaren neurri faltagatik barkazioa. Eska diezaiogun errukia, Jaunaren beharrik ez dugulako sentitu. Geurearekin aski izan dugulako. Ager diezagula bere bihotz ona. Eska diezaiogun salba gaitzala. Eta, bide batez, Eukaristia honen pozetarako presta gaitzala garbiturik.

- Jesus Jauna, apal eta azkeneko egin zirena. Erruki, Jauna.
- Jesus Jauna, pobretuak zure ondasunen mahaira biltzen dituzuna. Kristo, erruki.
- Jesus Jauna, Erreinua apalei ematen diezuna. Erruki, Jauna.


PREFAZIOA
Jaunaren hitzak entzun eta hausnartu ondoren, goazen orain Aita Jainkoa eskertzera. Eskerrak eman diezazkiogun, Jesu Kristo gure artean bizi baita eta salbatu egiten baikaitu.

GURE AITA
Betiko biziaren ogia jatera urreratu aurretik, otoitz egin diezaiogun zeruko Aitari Jesusek irakatsi zigun bezala.

HONA HEMEN
Hau da Jesu Kristo Jauna, bere otordu gozora biltzen gaituena. Hauxe da apalentzat eta behartsuentzat prestatu duen mahaia. Zoriontsuak pobreen mahaira gonbidatuak!




B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK
1) Itun Zaharreko jakintsu baten irakaspen labur batzuk osatzen dute gaurko lehen irakurgaia. Prestakizun ederra ditugu irakaspen hauek, gero ebanjelioa bere onean ulertzeko. Ea entzun!

2) Aurreko igandeetan Hebertarrei egindako eskutitzak, Jesu Kristorengan dugun fedea ilusioz bizitzera egin digu dei, merezi baitu. Gaur, Israel herriak Sinai ondoan izan zuen esperientzia oinarri harturik, gure fedearen nobedadeaz eta esperantzaz hitz egingo digu.



HERRI-OTOITZA
Otoitz egin diezaiogun Jainkoari, eta eska diezazkiogun bere dohainak pobreentzat eta premian aurkitzen diren guztientzat.

–    Otoitz egin dezagun Aita Santu eta Gotzainen alde. Otoitz, Eliztar kristau guztien alde (Isilunea).

–    Otoitz egin dezagun baserritarren alde eta uda osoa lanean igaro dutenen alde. Otoitz, besteen zerbitzuan ari diren guztien alde (Isilunea).

–    Otoitz egin dezagun, berriro ere lanean hasi direnen alde…, berriro ikasten hasiko direnen alde (Isilunea).

–    Otoitz egin dezagun sufritzen ari diren guztien alde. Otoitz, uholdez, sutez, lurrikaraz, ezbeharrez, gaixotasunez sufritzen ari direnen alde; bereziki, Italiako lurrikaraz hil eta zauritu direnen alde. (Isilunea).

–    Otoitz egin dezagun Eukaristia honetara bildu garenon alde. Otoitz egin dezagun maite ditugunen alde. Otoitz, maite ez gaituztenen alde (Isilunea).

Aita, zure otordura gonbidatu dituzunen eskariak. Poztu ezazu gure mundua zure ontasunaren dohainez. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.



HOMILIA
Gaurko irakurgai hauek ez dakit nolako barne-gustua utzi dizuten, baina nolanahi ere aztertzekoak dira, nahiz eta gaurko gure gizartearen jokalegeak horiek ez izan. Izan ere, gure jokabideak, munduari nagusitu zaizkionak, eta kristauari dagozkion jokabideak, ez dira berdinak, ezta antzik ere. Kristauari Jainkoak barnea aldatu dio eta, ondorioz, bizitzako jokalege eta nondik norako guztiak ere aldatu dizkio. Eta horretatik, kristauak badu bere jite berezia eguneroko bizitza osoan.

Gure fedearen eraginean bizi ez garenean eta, beraz, gure jokabidea Kristorengandik argitzen ez dugunean, mundutik bizi gara, munduak bere eraginez sartzen digun ibilmartxan. Eta, nahi edo ez, munduan txalotzen eta estimatzen diren balioak eta gauzak bilatzen ditugu: lehenengo izatea, besteak baino gorago azaltzea, gehiago edukitzea, edo ospetan edo dirutan, atseginbideak, erosotasuna... Eta, hori guztia lortzeko, izerdi eta pats, korrika batean ari dugu mundutarrok geure eguneroko bizitza. Eguneroko bizitza norgehiagoka eta borroka bihurtu dugu. Indartsua eta ahaltsua ateratzen da aurrera, esaten da. Besteak bide bazterrean geratzen dira. Munduaren bideak eta legeak dira horiek. Izatea ez, edukitzea txalotzen da. Eta edukitzeko balio ez duenak ez du gizarte honetan tokirik. Gure munduaren jite zelebrea.

Baina, begira: munduko jokabide hori ez da egokia, ez da zuzena. Ezta gizamaila hutsetik begiratuta ere. Ondo asko dakigu indartsu-txango guztiei etortzen zaiela, gaur edo bihar, bestelakoa ere, ahulaldia. Eta orduan zer? Indartsu-txango horretan apal edo neurritsu jokatu duenak, ahulaldikoan ere izango du adiskiderik. Zentzu ona eta argia duenak badaki harrokeria eta handi-nahikeriek ez garamatzatela inora. Berehala egiten duela jokabide horrek alto!

Hori giza maila hutsean. Eta fededunak, noski, badu artean beste maila sakonago eta argiagoa, fedearena. Jokabide apala ez dugu guk zentzu onaren poderioz bilatzen, fedearen poderioz baizik. Eta fedeak lehenen erakusten diguna zera da: Kristok berak erakutsi digu Jainko Aitari zein jokabide zaion gustagarri. Jainkoari apalak zaizkio gogoko eta gustuko.

Lehenengo irakurgaiak esan digun bezala, apalak Jainkoaren ederra aurkitzen du. Harroaren gaitzak ez du sendabiderik, bere izanahiak itsutzen baitu. Jesu Kristo, bere azkenerainoko zerbitzu apalez, maisu dugu jokabide honetan ere. Argi erakutsi digu «bere burua goratzen duena, beheratua izango dela, eta beheratzen duena goratua». Jesu Kristok bere burua azkeneko tokian jarri zuen, gurutze gainean, eta denen gainetik goratua eta aintzatua ikusten dugu. Jesu Kristoren Jainkoa, Jainko apala da eta apalen maitalea. Apalki jokatzen du eta apalen alde jokatzen du. Apal jokatzea, ordea, ez zaigu geurez sortzen. Ez da gizakiarengan berezkoa. Nola izan apal, mundu ustetsu honen barruan?

Lehenengo esan behar dugu, apal izateko handi izan beharra dagoela barrutik. Ahul eta apal eta zerbitzari jokatzeko, oso sendo eta seguru aurkitu behar barruan. Izan ere, zenbat handikeria barruko ahuldadea gordetzeko! Handi-itxura asko barruko miserien tapaki izan ohi dira. «Izan zaitez, zenbat eta handiago, hainbat eta apalago». Barruan handia denak, ez dauka kanpotik zertan handi agertu. Eta, hori bai, barrutik handi, Jainkoak egiten gaitu bere dohainez, bere barkazioz, bere salbamenak ematen duen askatasunez. Barruko bakeak bizitza baretu egiten du. Bakeak ematen dizu behar duzuna eta ez daukazu borrokan norgehiagoka ibili beharrik.

Eta, bigarrenik, geroari begiratzen jakin behar da. Harroak, gaur ongi ibiltzeko, geroa bahitzen du. Fededunak, ordea, aurrerago begiratzen du. Jesusen Berri Ona du irizpide. Jainkoaren aurrean ondo ateratzea du beharrezko. Berehalako irabaziak betikoa eskuetatik kentzea ezin genezake ametittu guk fededunok. Ez litzateke jokabide burutsua izango. Horretatik ebanjelioan entzun ditugun atzera-etorri-beharra edo gora-igo-beharra. Gaurko hutsean itsutzen denak ez du negozio handirik egingo. Eta, munduaren jokabide harroak, gaur besteak baino gehiago azaldu nahiak, ez du biharko irabazirik sortzen. Fededunak jakin behar luke kalkulo onak egiten. Ezagutu behar luke apaltasunaren irabazi handia.

Eta, honen guztiaren sustraitan, fedearen argia eta miraria dago, noski. Guk ez dugu, eta bigarren irakurgaitik ari natzaizu, ukitzen dugun balio bat besarkatu. Gu, Jainko biziaren herrikoak eginak izan geranez Bataioz, herri berezia gara. Balio bereziak maite ditugu. Eta, alde honetatik, munduaren jokabidea ezeztatu eta ukatu beharra daukagu. Gizarte gogor eta leihatsu honen erdian, apaltasunaren aire freskoa sartu behar dugu. Apaltasunaren ukitu gozoz, borrokak sortutako zauri asko sendatzen jakin behar dugu.

Arantzazuko Amaren Bederatziurrena gainean dugu. Arantzazuko Andre Mariaren inguruan bildu eta errukiaren bide berritzaileak aztertuko ditugu.

Goazen orain Eukaristia ospatzera. Jesu Kristoren bizia ematerainoko zerbitzu apala da. Hor aurki genezake, apaltasunera eramango gaituen barneko ziurtasuna eta sendotasuna. Hortxe apal eta zentzu onez bizitzeko behar dugun argia. Eukaristiaraino beheratu zen Jaunak jaso gaitzala betiko pozaren gozora.

FaLang translation system by Faboba

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.