Liturgi lagungarriak
A) APAIZAREN MONIZIOAK
AGURRA ETA SARRERA
Maitasun sakonez maite gaituen Jauna, zuekin!
Eukaristia ospatzera biltzen garenean, ez dugu eguneroko bizitzatik ihes egin nahi. Ez. Hain zuzen, Eukaristian Jaunaren presentzia ospatzen dugu, gure eguneroko bizitzan bizi duen presentzia laguntzailea. Berak pozten baikaitu gure beldur, ezin, zalantza eta erorialdietan. Ebanjelio bideetan bera lagun dugu beti.
Eukaristiaren atarian, beraz, gure bizitza hementxe daukagu eskuetan, garena eta daukaguna, eta den-dena Jaunaren aurrean jartzen dugu konfiantzarik ederrenaz.
Eukaristian barrena abiatzeko, esan dezagun bekatari garela, halaxe gara eta. Isilune batez, jar gaitezen erruki bidean.
— Jesus Jauna, baztertuei eta zapalduei errukia ematen diezuna, ERRUKI, JAUNA.
— Jesus Jauna, gose denari ogia eskaintzen diozuna, KRISTO, ERRUKI.
— Jesus Jauna, atxilotuak askatzen dituzuna, ERRUKI, JAUNA.
PREFAZIOA
Senideok, dugun oro eta garen osoa ere Aitaren eskuetatik jasoa dugu. Beraz, bidezkoa da eskerrona Aitari bihotzez luzatzea.
GURE AITA
Salmo-kantak hala esan digu: «Jaunak ogia ematen die gose direnei». Eska diezaiogun bada denok batean, egunoroko bizitzan poztuko gaituen Aitaren labeko ogia.
HONA HEMEN
Honetan ezagutu dugu Jainkoaren maitasun betea, guregatik eman baitu bere bizia. Hona hemen Jesus, gure bekatua barkatzen duena. Zorionekoak Jaunaren mahaira deituak...
B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK
1. Orain entzungo ditugun hitzok, Amos profetaren hitzok, gogorrak dira, gordinak, ulerterrazak oso. Inolako ezkuturik gabe esango digute zer pentsatzen duen Jainkoak pobre eta aberatsei buruz. Jaso dezagun mezu hau!
2. Bere bizitzaren azkenetan, Paulok Timoteori idazten dio, bere ikasle maiteari. Hari egin zion deia, guri ere egiten digu.
HERRI-OTOITZA
Senideok: otoitz egin diezaiogun zeruko Aitari, behartsuen bizitza poztu dezala eskatuz.
* Aita santu, Gotzain eta eliz zerbitzuan ari diren guztien alde (...).
* Munduko herrien alde. Eta, bereziki, Siria eta gudan bizi direnen alde. Egigun otoitz gaur hauteskundeak dituen gure euskal gizartearen alde (...).
* Behartsuen alde. Era bateko edo besteko premia bizi dutenen alde. Lanik gabe bizi direnen alde. Aberatsen alde (...).
* Caritasen eta behartsuei laguntzeko erakundeetan lan egiten dutenen alde (...).
* Geure alde. Gure gaixoen alde. Gure senide eta adiskideen alde (...).
Aita ona, zaude gurekin. Zure ahalmenez berri itzazu gure bizitzak, zure nahia gerta dadin munduan. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
HOMILIA
Senideok: aurreko igandean bezalaxe, gaur ere diruaren eta ondasunen arazoa dugu gogoetagai. Beldurrik gabe esku artean hartu behar dugun gogoetagaia. Egia da, Jainkoaren hitzak ondasunei buruz esaten duena ez zaigu batere erosoa gertatzen. Jainkoaren gaurko hitzaren hariaren muturra bilatu behar bagenu, honako afirmazio hau egin genezake: aberatsei ez die beren aberastasunak behartsuak ikusten uzten. Ondasunek itsutu egiten dituzte aberatsak. Eta beharrean bizi den jendea ez dute ikusi ere egiten. Eta Jainkoak ezin du onez eraman aberatsen lasaitasun hori. Mariaren kantikak ederki biltzen du gaur ematen zaigun mezua: «bere besoaren indarra erabili du: buru-harroak suntsitu ditu, gora jaso ditu ezerezak, ondasunez bete ditu gose zeudenak eta esku-hutsik bidali asko zutenak».
Ikuspuntu honetatik, Jainkoak bereizkuntza garbia egiten du: behartsuak maite ditu bereziki. Ebanjelioan erakutsi zaigun Jainkoa honelakoxea da. Behartsuen oihuak barru-barruan erasaten dio Jainkoari. Eta behartsu bat dagoen tokian Jainkoaren onginahia han egongo da. Eta aberatsak ezin dezake behartsua ahaztu, baldin eta gauzak Jainkoak bezala begiratu nahi baditu. Jainkoak ez du onartzen, aberastasuna behartsuak jasotzeko ez erabiltzea. Eta, alderdi honetatik, behartsuak dauden bitartean, behartsuei laguntzeko erabiltzen ez den dirua ez da diru "legezkoa", ez da diru "ona". «Joseren hondamendiaren kezkarik ez dutelako, —dio Jaunak—, atzerrira eramango dituzte erbestetu guztien aurretik; honela bukatuko da mozkor-ontzien festa».
Hau guztia gordin-gordin jaso behar dugu. Ez baita bidezkoa gure fede-bizitza eta gure gizarte-bizitza bereiztea. Ez da ona fedearen eta negozioen lotura etetea. Hizketan eta eztabaidan hasitakoan gauza asko izango da zehaztu beharrekoa, afirmazio handiak ñabarduren galbahetik pasa beharko dira, baina barruko jarrera da garrantzizkoa. Eta Jainkoak jarrera horren azterketan jartzen gaitu. Eta ez nola-hala, gainera. Azkeneko hitza, Jainkoaren aurrean, maitasunarena izango da.
Begietako gandua garbitu beharra daukagu. Behartsuak "ikusten" hasi beharra daukagu. Era askotako "bendak" jar daitezke begiak estaltzeko. Argumentu oso "arrazoizkoak". Etorkizunaz ere kezkatu beharra dagoela. Ezin daitekeela bat egunekoarekin aidean gelditu. Familia ere aurrera atera beharra dagoela. Ebanjelioko hitzen aurrean baldin bada ere, gauzak bere onetik ateratzea ez dela ona. Fedea behar bada ere, burua behar dela aurrena. Eta, bide horretatik, daukanak gero eta gehiago dauka eta ez daukanak gero eta gutxiago dauka. Behartsuak gero eta ahaztuagoak gelditzen dira "arrazoizko" bide horietatik. Baina gaurko Jainko-hitzak, ate aurrean etzanda dauzkagun behartsuak ikustera garamatza.
Gauzak ez ditugu bere onetik atera behar. Baina gaur galdera bat edo beste egin behar diogu geure buruari: akaso, nire dirua zuzen irabazitakoa dela eta, lasaiegi ote nabil nire erosokerian? Akaso, beharrak behar, ez ote ditugu nolabaiteko premia luxuzkoak sortu gure bizitzan? Zer nolako bizi-maila bizi dugu? Gure bizitzari gizatasunezko neurria hartu ote diogu? Ez ote gara itxura hutsezko jokabide desegileetan erori? Eta bitartean pobreak hortxe daude ate aurrean. Eta, seguru asko, ulertuko zenidan: kontua ez da limosna batena edo birena. Kontua oinarrizko planteaketa serio batena da. Eta hori gure esku daukagu.
Horrek guztiak gure ondasunen erabilera aztertzera ekarri behar gaitu. Gure familian edo gure ondasunetan sarrera eman beharra daukagu pobreei. Ez zaigu sobratzen, baina haiek beharrezkoena falta dute. Eta kontua ez da, geroko zerua edo geroko infernua, ez. Kontua da Jainkoaren bihotzean sarrera bilatzea. Kontua da mundu hau Jainkoak nahi duen erako erreinu bihurtzea. Kontua da Ebanjelioko maitasunez mundu zuzena oretzea. Eta gehiago esango nuke: pilatu eta pilatu, ondasunek zer nolako zoriona uzten digute bihotzean? Pobreei atea irekitzeak irekiko digu guri zorionerako atea. Hori da arretaz hartu beharreko kontua. Jainkoaren bihotzaren logika gure bizitzari itsatsiko bagenio!
Mahai asko dira, zatiketa eta bereizketa sortzen dutenak. Batzuen mahaiak oso oparoak, besteenak pobreegiak. Eta mahaiak, kasu horretan, zatiketa sortzen du. Eukaristiako mahaiak batasuna sortu nahi du. Pobreek ere badute toki mahai honetan, tokirik bereziena. Eta mahai honek guztiok bat izatera eraman nahi gaitu. Mirari hori sortuko al du guregan gaurko ospaketak!