Liturgi lagungarriak
A) APAIZAREN MONIZIOAK
AGURRA ETA SARRERA
Jainko Aitaren maitasuna, Seme Jesu Kristoren errukia eta Espiritu Santuaren eragina, beude zuekin!
Beste igande bat, eta beste behin hementxe elkartzen gara Jainkoarekin daukagun harreman estua pozik ospatzera. Ospakizun honexek egiten gaitu Aita beraren seme-alaba eta elkarren senide.
Meza honetan, gure bizitza osoan oinarrizkoak diren hiru jarrera biziko ditugu; giza bizitzan ez ezik, fede-bizitzan ere oinarrizkoak diren jarrerak dira: Barkazioa, eskaria eta esker ona. Honako hiru esaldi hauetan agertzen ditugun jarrerak: «Barkatu», «mesedez» eta «eskerrik asko».
Hasteko, Ebanjelioko gaixoek bezala dei egin diezaiogun Jesus Jaunari errukia eskatuz. Eska dezagun barkazioa.
– Jesus Jauna, errukitan eta barkazioan aberatsa zarena. Erruki, Jauna.
– Jesus Jauna, gure zauriak sendatzen dituzun osagilea. Kristo, erruki.
– Jesus Jauna, esker onaren sentimendua sortzen duzuna. Erruki, Jauna.
PREFAZIOA
Gure ospakizunaren une garrantzizkoenera iritsi gara. Eskerrak emateko unea da. Sendatu den samariarraren bihotz eskertzailea behar dugu. Ez gaitezen izan esker txarrekoak. Gehiegi eman zaigu. Egitera goazen otoitz luze hau «eskerrik asko» beroa da.
GURE AITA
Jesu Kristok irakatsi digun bezala, jaunartu aurretik, esan dezagun bihotz osoaz.
HONA HEMEN
Hona hemen salbatzen gaituen Jesus Jauna. Hona maitasunaren ezaugarri bizia. Hona gure esker ona sortzen duen dohaina. Zorionekoak esker onezko mahaira gonbidatuok.
B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK
1. Oso da inportantea esker onekoa izatea. Lehen irakurgai honek ematen digu esker oneko pertsonaren adibide bat. Sendatua izan da, eta eskertu egiten du.
2. Bigarren irakurgai honek gure sinesmenaren oinarrietara garamatza: Jesus hil eta berpiztua du oinarri gure fedeak.
HERRI-OTOITZA
Senideok: geure ezina aitortuz, eska dezagun Jaunaren mesedea. Egin dezagun otoitz benetan.
* Eliza osoaren alde eta Eliza osatzen dugun guztion alde (Isilunea).
* Munduko nazio guztien alde eta, bereziki, gerraren edo ezbeharren baten menpe aurkitzen direnen alde (...).
* Sendatu ezineko gaitzak hartuta dauzkan gaixoen alde (...).
* Gure herriaren bakea egiaz bilatzen dutenen alde. Gure gobernari eta politikoen alde (...).
* Geure alde. Gure senide eta adiskideen alde (...).
Aita, entzun deika ari garenon ahotsa. Emaguzu zure dohaina eta erakuts iezaguzu esker onekoak izaten. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
HOMILIA
Senideok: kristau izatearen neurria erakusten duen sentimendu bat baldin badago, dudarik gabe sentimendu hori esker onarena da. Jesusen presentziak esker ona sortzen du Ebanjelioko pobreengan. Pobreek eskertzen baitute ematen zaien dohaina. Eta, horrexegatik, Ebanjelioko sentimendurik nobleena eta oinarrizkoena esker ona da. Esker onik ez dagoen tokian, argi eta garbi ikusten da Berri Onaren bihotz baketua falta dela. Badugu, beraz, zer aztertua gaurko hitzaren eskutik. Esker oneko jendea al gara? Gure bizitzak ba ote du dohainaren kontzientzia aski? Gure elkarteetan zergatik hain esker on eta poz gutxi?
Jakina!, esker ona ez da sortzen boluntarismoz edo asmo sendo bat hartu dugulako. Esker onak bihotzaren sakonean du bere arrazoia. Maitasun merezigabearen kontzientziak prestatzen du bihotza esker onerako. Norbaitek zor ez zitzaion edo merezi ez zuen dohaina jasotzen baldin badu doakotasun hutsean, bihotza esker onean zabaltzen zaio. Baina norbaitek zor zitzaion zerbait jasotzen baldin badu, zergatik eskertu behar du? Eta hortxe dago, seguru asko, esker onaren gakoa! Gure bizitza osoa eraiki dezakegu zor zaigunaren argitan edo merezi gabeko dohainaren argitan. Eta nik esango nuke, askotan ez dugula esker ona erakusten gure fede-bizitzan, jasotzen duguna zor zaigula uste izaten dugulako.
Gaurko Ebanjelioko lepradunen jarrera aztertzen badugu, pentsatzen jarrita arrazoi asko edukiko zituzten gaixo sendatu haiek atzera ez itzultzeko. Hainbeste urtean mendian galduta ibili, gaixo zeudelako hirietara hurbildu ezinik, eta orain beren haragia dena garbitzen ikusten dutenean, bihotzean sentitzen zuten pozari eustearekin bazuten nahikoa, Jesusekin akordatzeko. Hainbeste urte gaitzaren menpe igarota, bazen ordua berriro poza sentitzeko! Jesusek hainbeste gaixo sendatu zituen han eta hemen, eta bazen ordua osasuna lortzeko!
Hamarretatik batek bakarrik sentitzen du bihotzean bestelako taupada. Bera ez zen judutarra. Bera samariarra zen. Azkar asko jabetzen da merezi gabeko dohaina jaso duela. Gero ere izango du apaizengana joateko beta. Baina aurrena Jesusi «eskerrik asko» esan behar dio. Eta halaxe egiten du. Eta egiazko sendaketa «eskerrik asko» horretatik datorkio. «Zure sinesmenak sendatu zaitu». Besteei haragia sendatu zitzaien, esker oneko samariar honi bihotza eta bizitza sendatu zaizkio.
Pasadizo horrek detaile asko dauka aztertzekoa. Baina bat gutxienik garbi ikusten da. Hamarretatik bat dator eskerrak ematera, eta bera kanpotarra da. Kanpotarra izan behar esker onaren lezioa emateko! Beharbada, kristautasuna barrutik jaten duen pipirik baldin bada, hori zorraren pipia da. Pertsona bat bizi daiteke zorretik ala dohainetik. Eta zorraren kontzientziaz bizitzeak jaten digu barrutik fedearen poza. Fededun baldin bagara, normala iruditzen zaigu hala izatea, beti hala izan garelako. Jainkoaren Hitza entzuten badugu, normala. Eukaristia hartzen baldin badugu, normala. Kristau izateari harriduraren barne-zirrara kendu diogu, emozioa kendu diogu, dohainaren kontzientzia kendu diogu. Jarri egin gara, ohitu. Eta ohiturakeriaren zabarkeriak poza jan digu. Eta begira: kristau izatea ez da normala. Jainkoaren Hitza eta Eukaristia ez zaizkigu zor. Baldin badauzkagu, sekula ordainduko ez ditugun dohain debaldeko bezala dauzkagu. Bada elizara ez datorren jendeagatik gaizkiesaka jarduten duena, dena elizara etortzeak konponduko balu bezala. Ba, askotan kanpokoek ematen digute leziorik handiena. Fedea ez du elizara etortzeak neurtzen, esker onak baino.
Haurrei esker onekoak izaten erakutsi nahi izaten zaie gure sukaldeetan. «Zer esaten da?» galdetu ohi ziguten umetan gurasoek. Eta guk berehala esan ohi genuen «eskerrik asko». Esker onekoak izaten ez da, ordea, buruz ikasten. Esker onak dohainaren kontzientzia behar du, maitasunaren kontzientzia. Maitatua sentitzen denak bakarrik daki eskerrak ematen. Eta kristautasuna betebehar mordo bat bezala ikusten denean, saiatuta ere ez da esker onik sortuko. Kristautasuna Jainkoaren maitasunak sortzen digun xarma eder bezala ikusten denean, berez sortzen da esker ona. Eta hortxe dago gakoa: ea Jainkoak maite gaituela sinesten dugun ala ez.
Esker onak erakusten du barrua bakean daukagun ala ez. Esker onean antzematen zaigu geure barruarekin adiskidetuta bizi garen ala ez. Esker onak erakusten du Jainkoaren maitasunak harritu gaituen ala ez. Jainkoak bere seme-alaba egin baldin bagaitu, badakigu dena Aitaren dohain eder dugula. Eta zer egin dezakezu eskertu baino? Eukaristia esker onaren festa da.
Zergatik gara esker txarrekoak? Handiustez gabiltzalako, besteen beharrik ez dugulako, maitasunari ihes egiten diogulako, Jainkoa nagusi zorrotz ikusten dugulako. Eta esker txarrak bihotzeko iluna eta mikatza sortzen digu. Esker ona falta dugunean, dena ilun eta beltz jartzen zaigu bihotzean.
Baina bizitza dohain huts ikusten duzunean, ez zaitu batere harritzen Naaman sendatuaren eskertu nahiak. Ezta samariar sendatuaren «eskerrik asko» sentituak ere. Bizitza dohainaren sintonian bizi duzunean, dohainaren neurrietara zabaltzen da bihotza, eta poza eta harridura bizi dituzu. Eta dena edertu egiten da. Esker onak bihotzeko bakea erakusten du.
Gaurko Eukaristia honek, Ebanjelioko samariarra bezala, atzera itzularazi behar gaitu. Atzera, Jesusi «eskerrik asko» esatera. Esker onezko festa handia izan dadila gaurko ospakizuna. Eta gero eguneroko bizitzan dena esker on bihur dezagula. Ondo begiratuta, dena baitaukagu eskertzekoa!