Liturgi lagungarriak
A) APAIZAREN MONIZIOAK
AGURRA ETA SARRERA
Bere maitasunaren otordura deitzen gaituen Jesus Jauna, bego zuekin.
Igandeko ospakizunak pobreekiko Jesusen bihotz ona erakusten digu. Jesus gure bila dabil. Zakeo bere zuhaitzera igoa aurkitu zuen eta handik jaitsiarazi topaketara. Gu ere, bakoitza geure zuhaitzetik gatoz ospaketara. Jesus etxera datorkigu, bisitan. Eta berak berrituko gaitu maitasunaren indar ederrez. Ireki ditzagun bihotzak eta bila dezagun Jesus, Zakeok bilatu zuen bezala.
Hasteko, eska dezagun errukia, maitasunaren ukitu sendatzailea.
– Jesus Jauna, behartsuen eta galduen zoriona. Erruki, Jauna.
– Jesus Jauna, gure bizitza berritzen diguzuna. Kristo, erruki.
– Jesus Jauna, biziaren adiskidea. Erruki, Jauna.
PREFAZIOA
Jesusek Aitaren maitasun neurrigabea erakutsi digu. Eskertzea dagokigu eta gure etxea maitasunaren argitan poztea.
GURE AITA
Maitasunak askatu gaitu, Jainkoa Aita senti dezagun. Denok sentipen berean elkarturik, esan dezagun beldurrik gabe.
B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK
1) Entzutera goazen zati lirain eta sakon honetan, Itun Zaharreko hitzak Jainkoaren maitasuna aurkezten digu. Bekatariaren damua eta bihotz-berritzea nahi duen maitasun gozoa.
2) San Paulok otoitz egiten du bere elkarteen alde, Jainkoaren indarrak kristau bizierarako presta ditzan eskatuz. Entzun dezagun arretaz.
HERRI-OTOITZA
Otoitz egiteko unea dugu. Konfiantza osoz utzi dezagun gure bizitza Jainkoaren eskuetan, eta egin dezagun otoitz Jainkoaren bila dabiltzan pobreentzat bereziki.
- Kristau guztion alde: Jesus bezala, pobreen eta sufritzen dutenen etxera hurbil gaitezen.
- Otoitz egin dezagun, Zakeo bezala Jesusen bila dabiltzan guztien alde: Jesusekin topo egin eta Jainkoaren maitasunezko besarkada goza dezaten.
- Gogoan izan ditzagun munduko herri guztiak, ezinean dabiltzanak batik bat; Siriako herria ez dezagun ahaztu: justiziaren eskutik giza duintasun egokira jaikitzeko adorea izan dezaten.
- Gixorik edo beste arrazoiren batengatik sufritzen dutenen alde: Jaunaren bihotz onak eta gure ahaleginak zaindu eta lagundu ditzan.
- Geure alde, gure senide eta adiskideen alde, gure hildakoen alde: Jaunaren errukiak bere onez goza ditzan, eta elkarren laguntzaile bihur gaitzan.
Entzun, Aita, munduko behartsu guztien garrasia. Agertu zure errukia eta salba gaitzazu gaitzetik. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
HOMILIA
Adiskideok, bakoitzak dauzkagu geure zuhaitzak, haien gainera igo eta bizitzari begiratzeko. Zakeo, gaurko ebanjelioko protagonista, aberatsa zen. Eta aurreko igandeetan garbi gelditu zaigu Jesusek ez zuela halako maitasun berezia sentitzen aberatsentzat. Baina, Jesusek badaki bihotzak irakurtzen eta historia bakoitza kontuan izaten. Azken batean, kontua ez da zer daukagun edo zer ez daukagun, baizik zer bizi dugun geure bihotzaren muinean.
Zakeo aberatsa da, baina zokoratua gizarte hartan. Beldurrez josita zegoen gizajoa. Seguru asko, sakonera begiratuta, bere ondasunetan bilatu beharko zuen bere buruaren babesa, besteen gorrototik eta erasotik ihes egiteko. Eta Jesusek, bihotzak ikusten dituenak, badaki hori. Jesusek badaki azaleko babesak hautsi eta barruko beldurrak eta loturak irakurtzen. Eta bihotzak askatzea maite du. Horregatik hurbiltzen zaio Zakeori.
Zertarako eta zergatik igo da Zakeo zuhaitzaren gainera? Jakin-minez? Beharbada, bere bakardade mikatz eta latz hartan ez zitzaion beste itxaropen-zirrikurik geldituko. Nork ulertu behar zion barruan bizi zuen bakardadea eta beldurra, Jesusek izan ezik? Eta lehen begirada hartan gertatzen da miraria. Jesusek begiratu zion eta hitz egin zion eta bere hitzez deitu zion. Bere etxera etorri zitzaion Jesus.
Eta beste behin argi gelditzen da: maitasunak bakarrik daki hormak eta babesak apurtzen. Maitasunak askatzen dizkigu bihotzeko korapiloak. Maitasunak jartzen du abian bizitza berri baten hasiera. Maitasunak berritzen du dena. Zakeorengan ere bai. Bere diru eta ondasunean aurkitu ez zuen barne-poza sentitzen du Jesusen maitasunean. Eta ez dauka inolako eragozpenik diruak uzteko eta pobreen zori gaiztora hurbiltzeko. Maitasunaren lanak dira horiek.
Esker ona sortzen da. Salbatua izatearen poza. Giza duintasuna berreskuratu dio Jesusek. Orain ez dauka bere babes gordean ezkutatu beharrik. Etxeko leihoak zabaldu dizkio Jesusek. Aire berri baten freskotasuna sartu zaio etxera. Bizitza goitik bera aldatu zaio. Orain bizitzeko beste sentidu bat aurkitzen du eta balioen jerarkia erabat aldatu zaio. Orain pobreen erantzukizuna bere gain hartzeko kapaz egiten da. Orain justizia zer den ulertzen du. Orain bihotzean solidaritatea piztu zaio. Maitasunaren lanak horiek ere.
Lehenengo irakurgaiak esan digun bezala, izaki guztien oinarria eta jatorria Jainkoaren maitasunean datza. Jainkoak denak maite dituelako, denei barkatzen die. Jauna biziaren adiskidea da. Jainkoaren arnasa daramate guztiek beren barnean, eta Jainkoak berak gidatzen ditu biziaren arrastoan. Jainkoa eragiten ari zaio gizaki bakoitzari, berritu eta bizi dadin. Maitasunaren atergabeko lanak!
Dinamika hauxe da, azken batean, Erreinuaren dinamika. Eta Zakeorekiko jokamoldean erakusten du Jesusek nola den Erreinuaren jatorria: Jainkoaren bihotzak galduak bilatzen ditu eta bizia sortzen du heriotzean eta galbidean. Zakeok beregan ikusi ahal izan du nola eman zaion Jainkoaren Erreinuko Espiritua. Zakeo gizaki berria da benetan! Maitasunaren lanak!
Gure eguneroko eginkizunean eta gure misioan, kontuan hartu beharko genuke Jesusen jokamoldea: maitasunak bakarrik sortzen du aldaketa eta berrialdia. Zenbaitetan aurrez epaitzen dugu nor den Erreinurako gai eta nor ez den. Eta ahaztu egiten dugu maitasunak nolako berrialdia sor dezakeen pertsona bakoitzaren barruan, baita gutxien uste dugunaren barruan ere. Erreinua, bere sakonean, ez da ideologia bat. Erreinua, bihotzak aldatzen dituen maitasunaren historia da. Eta misioaren hasieran eta jardueran, maitasunak bakarrik daki Erreinuko dinamika sortzen. Maitasunak bakarrik askatzen du gizon edo emakume bakoitzaren bihotza.
Jesusen jokabideak geure jarrerak aztertzera eragin beharko liguke beharbada. Errazegi egiten ditugu bereizketak eta errazegi ezartzen ditugu mugak. Jainkoak badaki gure mugak eta gure bereizketak ederki asko gainditzen. Zorionez! Eta, geure jarrerak aztertuz, ikasi behar dugu Jesusen maitasunez eta hurbilkeraz, dena alda daitekeela. Maitasunaren lanak!
Eukaristia ospatzen jarraitu behar dugu. Jainkoak bere hitzean erakutsi digun maitasuna ogi eta argo egina emango digu orain. Jainkoak gu bizitzea nahi du. Bakoitza geure zuhaitzetik jaitsiarazten gaitu, guregana etorri nahi baitu. Ireki diezaiogun bihotzeko etxea, berak, gurean sartuz, berritu gaitzan.