liturgi lagungarriak

Liturgi lagungarriak

A) APAIZAREN MONIZIOAK  
 

AGURRA ETA HASIERA
Bizien Jainko den gure Jauna, zuekin!

Oraindik ez dira egun asko, Jainkoaren bizia gozatzen duten santu guztien festaburua ospatu genuen, eta Jainkoak guztientzat nahi duen berpiztea espero duten hildakoen oroipena ere egin genuen.
Igande honetako irakurgaiek hari berean jarriko gaituzte: Jainkoak bizia nahi du guztiontzat. Jainkoak ez du nahi gizakiok hiltzerik, denok bizitzea baizik; guztiontzat berpizkunde zoriontsua nahi du.
Horrexegatik gaur ere, beste igandeetan bezalaxe, itxaropenez beterik eskerrak eman diezazkiokegu gure Jaunari, gure artean tarteko azaltzen baitzaigu.

Bekatuak heriotzaren atarian jartzen gaitu. Biziaren misterioa ospatzeko, eska dezagun barkazioa. Zabal diezaiogun gure barrena Jainkoaren bizi berriari.

- Jesus Jauna, guztiontzako biziaren iturria. Erruki, Jauna.
- Jesus Jauna, hilen artetik betirako piztua. Kristo, erruki.
- Jesus Jauna, gure itxaropenaren oinarri sendoa. Erruki, Jauna.


PREFAZIOA
Elizaren esker onezko otoitz nagusian parte hartu behar dugu orain. Izan ere, Jesu Kristok, bere heriotza eta piztueraz, betiko bizirako bidea urratu baitigu. Pozik, esperantzaz, gorets dezagun eskerrak emanez.


GURE AITA
Jesu Kristorekin bat eginik, Aitaren Erreinuan bizitzera deituak, beldur gabe esan dezagun.


HONA HEMEN
Hona hemen Jainkoaren Bildotsa, munduari bizia emateko zerutik eman zaigun ogi bizia. Zoriontsuak Jaunaren mahaira deituok!





B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK
1) Igande honi dagokion lehenengo irakurgaia entzutera goaz. Testamentu Zaharretik hartzen dugun testu honek, fedearen kontrako erasoez hitz egiten digu. Entzun dezagun eta miretsi dezagun israeldar zintzo haien leialtasuna.
2) Bigarren irakurgaiak ere fedeaz eta itxaropenaz hitz egiten digu. Jaunarekiko leialtasuna indarrean gordetzeko, fedea eta itxaropena behar dira gure mundu honetan.




HERRI-OTOITZA    
Senideok: Jainkoak gizaki guztien bizia nahi duela jakinik, itxaropenezko otoitz beroa egin diezaiogun denen alde.

*    Eliza osoaren alde: Jainkoaren Erreinuaren berri emanez, biziaren mezu ederra hots egin eta aldarrika dezan gizartean.

*    Herri guztien alde, Siria eta gerran ari diren beste herrien alde: bizi ezinaren eta heriotzaren morrontza eta tristura gaindituz, bizi hobearen esperantzak poztu ditzan.

*    Beren bizitzaren azkenean edo hilzorian aurkitzen direnen alde: azken une nagusi horren handitasuna, bakean eta esperantzan burutu dezaten.

*    Itxaropenari eutsi ezinik, bakardadean edo etsita bizi direnen alde; gure gaixoen alde; Italiako lurrikarak zauritu dituenen alde: betiko biziaren esperantzak barrutik indartu eta poztu ditzan.

*    Eukaristi mahai honen inguruan aurkitzen garenon alde: betiko bizitzaren esperantzan bizi gaitezen, esperantza hori gure eguneroko bizitzan erakutsiz.

Entzun, Jauna, gure eskariak eta Eliza osoarenak. Eta emaguzu une bakoitzean behar duguna zure Erreinurako bidea leial egiteko. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.




HOMILIA
Senideok: gure basoetara begiratuz gero, udazkenaren eraginari erraz antzematen zaio. Haizearen eraginez edo berezko ezinez, orain horitzen ari diren hostoak pilaka eroriko dira lurrera. Udazkanaren abiadan, Elizaren liturgiak bizitzaren gainberari begira jartzen gaitu. Guztiok, eguneroko horixkatze geldi ezinez, heriotzera goaz. Liturgi urtea bere azkenera bezalaxe, bakoitzaren bizitza ere azkenera. Bizitzaren legea da.

Gizakiaren azken zoriaz pentsatzea, hitz egitea, jardutea, ez da erraza eta ez da ohikoa. Gure zibilizazioak isiltasunezko estalki bat bota nahi du errealitate honen gainera. Badirudi ez dela gustu oneko kontua heriotza aipatzea, gizon-emakumeon bizitzaren atala ez balitz bezala. Askotan heriotza guztioi halabeharrez gertatzen zaigun ezbehar edo istripu bat izango litzateke. Etorritakoan etortzen da eta kito! Hala beharko zuen, esaten da etsipen punttu triste batez.

Elizak, ordea, maite du gure bihotza geure azken zoriari begira jartzea. Izan ere, Elizarentzat eta fededunarentzat, azken zoria betiko bizia baita. Heriotzaren ondoren, hemengoaren ondoren, bada harutzagoko bizia. Jesusek esan du Ebanjelioan: "Ez da hilen Jainko, bizien Jainko baizik". Eta bizien Jainkoarengan sinesten duen Elizak, badaki hemengo bizitza beste bizitza horretarako ibilaldia dela. Eta gerokoa ez dela oraingoari datorkion ezbehar bat, gure bizitzak espero duen betirako geroa baizik. Jainkoak ez gaitu heriotzean baztertuta uzten. Harengan dena bizia baita. Horretatik datorkigu gure esperantza: mundu honetako ahuldade guztien gainetik, Jainko berberaren betetasuna dugula amets eta helburu.

Esperantza horrexek eragiten du lehenengo irakurgaian ikusi dugun zintzotasun eta leialtasun hori. Jainkoa zerbitzatzea merezi du, horixe baita bizia. Jainkoari leialtasunez entregatzen zaion guztia, betiko biziaren garantia eta segurantza bihurtzen da. Jainkoa zerbitzatzen duenak ondo baino hobeto daki, Jainkoak ez duela kinka gaiztoan edo ezintasun ilunean utziko. Jesu Kristoren pazkoa dugu honen oinarria: Pazkoa da Jainkoaren biziaren agerpen betea, fededunak heriotzetik ateratzen dituen biziaren agerpena.

Horrek badu beste ikasgai bat ere: gero Jainkoaren bizia bete-betean gozatu nahi duenak, hemendik bertatik hasi behar du bizi hori bizitzen. Ez zaigu akaso, lehenengo irakurgaiko fededun haiei bezala, bizitza ematea tokatuko. Baina haiek bezalaxe gure bizia Jainkoaren zerbitzura emanez bizi behar dugu.

Honen guztiaren atzean gauza bat dago argi: hil beharra. Heriotza. Gure mundu honetako bizitza seko ebakitzen duen gertaera. Ez litzateke ona izango, heriotzari begiratzea beldurra eta izu-ikara sortzeko. Baina ez genuke ahaztu behar, heriotza gure bizimoduaren atal garrantzizkoa dela. Zinez eta era betean bizi nahi duenak, heriotzari begiratzen jakin behar du. Heriotza argitu ez duenak ez daki bizitzen. Eta heriotza argitzeko bide bakarra, Jainkoak ematen digun betiko bizia estimatzea da.

Baina nola izango da betiko bizitza? Ez al da amets hutsa? Betiko bizitza amets hutsa balitz, gure Jainkoa ere halaxe izango litzateke. Baina, Jesus berpiztuarengan argi azaldu zaigun bezala, Jainkoak amaigabeko eta neurrigabeko bizia eman digu bokazio. Eta nolakoa izango den ez badakigu ere, badakigu Jainkoak bere bizian parte emango digula. Beste eztabaidetan jardutea, hemendik beste bizia ulertu nahia besterik ez da. Guk gure Jainkoaren bizi-eskaintza ezagutzea aski dugu, besterik gabe heriotzari itxaropenez begiratzeko.

Senideok, gaurko igandea, esperantzara deitzen gaituen igandea dugu. Adina aurrera dihoan neurrian, edo gaixotasunak zauritzen gaituenean, edo gure indarrak ahultzen dihoazkigunean, badirudi dena hutsaren maldan behera dihoala, inolako irtenbiderik gabe gainera. Baina guk ez dugu itxaropena galtzen. Jakin badakigu eta, bizi beharraren galburu horitua ari dela agertzen. Bizitzen dakienak daki hiltzen. Hiltzen dakienak daki bizitzen. Eta hiltzen eta bizitzen jakiteko, bizia sinetsi behar da. Bestela, hil eta galdu behar duten gauza neurtuen zerbitzari begi-motzeko bihurtzen gara. Zertarako zerbitzatu betirako balio ez duena? Zertarako eman bihotza bizia ugaltzen ez digunari?

Gaixo zaude? Ez zaitez larritu, ez bakea galdu. San Paulok esan digu: "Leiala da Jauna; Berak sendotuko zaituzte". Zure fede-bizitza latza eta esker txarrekoa gertatzen zaizu askotan? Ez erori, "Jaungoiko gure Aitak poztu ditzala zuen bihotzak". Ez duzu, egiten duzunaren emaitzik ikusten eta etsita zabiltza? Ez etsi, "Jaunak sendotu zaitzatela egite eta hitz on guztietarako". Egunero, inolako kobrantzarik gabe, egunero maitatzea eta barkatzea eta zaila gertatzen zaizu? Dena bertan behera utziko zenuke? "Egiozue otoitz,  betiereko poza eta zorionaren itxaropena ematen dizkigun Jaunari".
Gaurko Hitzak itxaropen sendoa eman behar digu.

Ahor, adiskideok, esperantzarako deia. Orain Eukaristiaren mahai bizira hurbiltzen gara. Biziaren dohaina ospatzera goaz. Betiko biziaren Hitza entzun ondoren, betiko biziaren janaria hartuko dugu. Hauxe dugu gure poza. Eta hartzen dugun indarraz, aurrera egingo dugu gure bizitza laburra betiko bizitzaren edertasun neurrigabera gidatuz eta zuzenduz. Aitor dezagun sinesten dugula betiko bizia!

FaLang translation system by Faboba

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.