liturgi lagungarriak
Homilia bakarrik argitaratzen dut hemen, gainerako beste lagungarriak liburu batean argitaratu ditut-eta: Igandetik igandera A urtea. Han daude monizio guztiak eta Jainko-hertriaren otoitza).
HOMILIA
«Ni nor naizela diozue?», izan zen joan zen igandean, Apostoluen aitormena sorrarazi zuen galdera. Eta ezaguna zaigu Pedroren erantzuna: «Zu Mesias zara, Jainko biziaren Semea». Pedrok ulertu zuen Jesusen misterioa. Pedrok ulertu zuen Jesus hark erantzun behar ziela Israel herriaren uste eta amets guztiei. Gauzak nola diren! Gaurko Ebanjelio-zatian agertzen zaigun Pedro honek ez du ulertzen. Zer ez du ulertzen Pedrok? Ba, zera: Mesias dela, bai, baina Mesias-izatea gurutze-bidetik burutu behar duela, hori ez zaio inolatan ere onartzekoa iruditzen. «Zu Mesias zara» esan zuenean, Pedrok esan nahi zion: Zuk askatuko duzu Israel herria, zuk berrituko dituzu gure herriaren oinarriak, zuk indartuko duzu herri hau, herri morroitu eta zapaldu honen esperantzari askatasun-leiho berriak irekiko dizkiozu... Eta Jesusek baietz esan bai, baina hori dena gurutzeko misterio ulertezin horretan gertatuko dela esaten dionean; askatasuna emango duela, baina horretarako berak lotua eta gaitzetsia eta hila eta izan behar duela esaten duenean, kitto!, Pedrok ez du ulertzen eta, areago, ez du onartzen.
Baina, bidea horixe da. Pedroren jarrera horrekin ez genuke gehiegi harritu behar. Esadazu, adiskide, ez al da berez harritzekoa eta erabat txokatzekoa, mesiastasun-bideak gurutze bidean egizta daitezkeela esatea! Izango ez da ba! Mesias eta hila! Mesias eta lotua! Mesias eta hankapean! Hori horratio ez da normala izango!
Zer gertatzen da? Gu haragiz eta hezurrez gaudela eginak, besterik ez. Gure pentsamoldeak giza mailakoak direla. Eta uste dugula Jainkoaren bideak ere gureen antzekoak direla. Eta ez: «Zure gogoetak ez dira Jainkoarenak». Eta aurrekoan Jesusen aitorle bezala txalotua Pedro, gaur, Pedro bera erorbide bezala paretik kendua!
Gaurko ebanjelio-zati hau entzuteko, bihotz sendoak behar dira. Bizitzaren laztasunari aurre egiteko prest dauden bihotzak, sufrimenduari ihes egiten ez dioten bihotzak. Eta ez naiz ari inoiz gure bizitzan sortzen diren edo sor daitezkeen sufrimendu bereziez. Eguneroko sufrimendu arruntaz ari naiz: konpondu ezin ditugun famili arazoak, luze dihoazkigun gaixotasunak, familia egunero aurrera ateratzea, askotan bakardadea bizi beharra, sikologi arazoak, fuitu gutxiko ahalegin saiatuak... gure bizitzari egunero sortzen eta sartzen zaizkion arantzak, alegia.
Pedroren ulertu-ezina ez da batere harritzekoa. Zaila baita biak uztartzea: alde batetik, zoriontsu izan nahia eta, bestetik, geure buruari uko egitea. Teoriaz badakigu zoriontsu izateko, geuretik atera beharra daukagula, egoismoak ez baitu zorionik sortzen. Baina, gero, praktikan, zoriontsu izan nahiak geure buruari begiratzera eramaten gaitu. Hainbestetan, gure kristau-bizitzan sakrifizioa eta lepoa makurtzea eta jarri zaizkigu portabide! Horregatik, halako azterketa serioa egin beharra daukagu… zoriontsu izateko, kontua ez da gauzei uko egitea edo sakrifizioa; ezta ere, beti atsegin-bila itolarrian ibiltzea.
Zoriontsu izateak bi irizpide baditu berekin, ahaztu ezin ditugunak, gauzak ongi izatekotan:
- Bata da errealitatearen irizpidea. Zoriontsu izan nahi duenak, ezin diezaioke ihes egin eguneroko bizitzaren errealitate zailari. Eta horrek esan nahi du, eguneroko bizitzak dakartzan uko egitea, laztasuna eta ondoeza onartu egin behar direla. Bihar askotxok hasiko duen lana, esate baterako. Zoriontsu izan nahi duenak eguneroko errealitateari heldu behar dio, eta ez ihes egin. Eta horrek uko egitea esan nahiko du, seguru asko. Bizitzaren laztasuna bizi daiteke arrastaka, gogo txarrez. Edota bizi daiteke, heldutasunera daraman gizabide bezala, gure ibilbidea Jaunaren eskuetan dagoela sinetsiz. Eta badako alde ederra batetik bestera!
- Eta bigarren irizpidea, maitasunarena da. Maitasunak dena aldatzen du. Norbaiten ilusioz bizitzeak dena ezberdin egiten digu. Maite dugunean, badakigu merezi duela inoiz gaizki pasatu beharra ere. Esate baterako, bere semea asko maite duen ama batek, badaki seme hori gaixo daukanean, merezi duela gaizki pasatzea seme hori sendatzeko. Goizeko ordu txikietan lanerako jaikitzen den aita batek badaki, bere familiak merezi duela sufritzea.
Eta izan ere, ulergarri gerta edo ulertezin gerta, hor dago betirako bidea egina: gurutze-bidea, heriotzarainoko zerbitzu erabatekoa, obedientziaren isiltasun mirabea! Galtzea irabazbide dela inoiz probatu ez duenak, zaila dauka era honetako zoriona gozatzea! Egia da, sufrimendua datorkigunean, Pedrori sortu zitzaion jarrera bera sortzen zaigu, onartu-ezina! Zergatik da hori horrela? Jainkoak ez al zitzakeen gauzak beste era batetara egin? Eta «liluratua sentitzen da bat», Jeremias bezala engainatua. Jainkoagandik halako gauzak espero genituen: berrituko gintuela, gure amets onak aurrera eramaten lagunduko zigula, Berak ez zuela utziko inolako nahigabe eta ezusterik gertatzen eta, bai zera! Jainkoaren erreinuak ez du guk nahi eta uste bezala jokatzen. Jainkoaren erreinua Jesusen heriotzean mamitu eta gertatu da. Eta beti eliztarren, fededunen, menpekotasun heriotzarainokoan gertatzen da. Beti!
Eta fededun izan nahi duenak, bere fedea heriotzaraino eramateko prest egon behar du. Seguru asko ez zaizu eta ez zaigu tokatuko gurutze batean edo fletxaz josiak hiltzerik. Baina, eguneroko zerbitzu apal eta txikian, eguneroko maitasun-hitz isilean, lagun hurkoari egunero adiskidetasunezko eupada gozoak emanez, beti besteen ona eta mesedea bilatuz... hitz batean, beti geure buruaz ahaztuz, geuregandik ateraz, horrelako eguneroko heriotzeraino prest egon behar du gure fedeak. San Paulok esan digu: «Eskain itzazue zuen buruak, opari bizi, santu eta atsegingarri Jainkoarentzat; hori da zuen egiazko gurtza».
Galdetu ezazu, zer sentidu ematen diogun eguneroko bizitzaren sufrimendu eta laztasunari. Zaila dela hori? Pedrori bezala guri ere gogorra gertatzen zaigula? Bai horixe! Baina ez dago beste zorion-biderik. Eta Jesusek Aitarengan indar hartzen zuen bezala, guk ere Eukaristian indar hartu behar dugu. Eukaristiak ulertaraziko dizkigu Ebanjelioko bideak.
Homilia bakarrik argitaratzen dut hemen, gainerako beste lagungarriak liburu batean argitaratu ditut-eta: Igandetik igandera A urtea. Han daude monizio guztiak eta Jainko-hertriaren otoitza).
HOMILIA
Gaurko ebanjelio-zatiak zedarrian kokatzen gaitu. Gaurko ebanjelio-zatiak garrantzi handia baitu Mateoren ebanjelioan. Pedrok egin duen mesiastasun-aitorpen honek, Nekaldiko bidean jarriko du Jesus, argi eta garbi. Eta nekaldiko bide honek sustrai-sustraitik aterako ditu mesiastasun politiko baten uste sasikoak. Gainera, gerora eliz tradizioan garrantzi handia izan duen Jesusen deklarazioaren aurrean gaude: «Harria zara zu».
Jesusek dakarren askatasun salbatzaileak baditu bere bitartekoak. Eta ez goitik behera zerutar euriz etorritako bitartekoak, hain justu. Pedro da bitarteko horietako bat. Jainkoak horrela nahi izan du. Jainkoak giza bideetan ez ezik giza erara ere jokatzen baitu. Hitza gizaki egin denetik, gizakia bitarteko egina izan da. Erabat gizatar bihurtu da Jainkoaren dohaina. Jainkoak, hain zuzen, Pedroren sendotasun-gainean eraiki nahi izan du Eliza. Pedrok sendotasuna demaio fedeari. Eta sendotasun horrek eragin berezia du. Askotan, kritikaren begirada estuak oso ikuspegi estura eramaten gaitu bitartekoak epaitzerakoan. Igande hau aproposa izan daiteke, behin baikere Pedroren ondorengoaren egitekoa, Aita Santuaren egitekoa, begiratu eta maitatzeko.
Hala ere, Pedro ez dago dagoen tokian, bera zintzoa delako, bera argitasun bereziko gizona delako. Pedroren egitekoa ez da Pedroren zintzotasunean oinarritzen, ez, bere fede-aitorpenean baizik. «Nor naizela diozue?». «Zu Mesias zara, Jaungoiko biziaren Semea». Pedrok, noski, formula bat baino askoz gehiago esan du esaldi horretan. Esaldi horrek, Elizaren historia oinarritzen eta luzatzen duen jarrera gordetzen du bere barnean: Zu zara gure bizia, Zu zara gure garrantzizkoena, Zu zara gure itxaropen betea, Zuregan aurkitzen dugu gure giza betetasuna. Pedroren aitorpena handia izan da. Eta hori ez da Pedro berarengandik sortu. Aitorpen honen giharrea Jainkoaren dohaina da. Jainkoak argitu du Pedro federako.
Eta fede hori erreferentzi puntu bihurtua geratu da Elizaren historia guztirako. Hemendik aurrera bere fedea neurtu eta argitu nahi duenak, aski du Pedroren aitorpen honetan neurtzea. Aitorpen horrek elkartzen du Eliza. Pedro izango da, beraz, eliz elkartearen batasun lokarri. Pedrok eutsiko dio indarrean Elizaren komunioari, elkartasunari. Eta horrek esan nahi du apostoluen fedean oinarritzen dela betidanik gure eliz izatea. Eta Pedro da apostoluen buru.
Honek guztiak halako errezeloa sor dezake: administrazioa sortzen ari ote den Jesus, Pedrori gauza hauek esatean! Elizaren burokrazia! Eta ez da hori, noski. Jesusen misterioak irabazi digun askatasuna eskaintzen digu giza zerbitzu honetan. Eskura jartzen digu Jesusek bere salbamena. Ez daukagu ez dakit non eta ez dakit nola ibili beharrik salbamen hori nondik jasoko! Ez, gure mailan eman zaigu.
Horregatik, Paulok jo duen oihua. «Bai handia Jaungoikoaren eskuzabala, jakinduria eta ezaguera!». Misterio handia era gizatiarregian eman zaigula? Handiegia dela, horrenbeste gerturatzeko? «Ezin aztertuak haren erabakiak». Eta zenbaitetan oztopo-harri gertatzen bazaigu ere, Elizaren errealitateak bertatik bertara jartzen digu misterioa. Eta Elizaren giza maila ikusi eta bestea ez ikustea, ez litzateke ez zintzoa ez jatorra izango! Galde daiteke: Berri Onaren zerbitzuan horrenbeste miseria? Edo beste hau galde daiteke: horrenbeste miseriaren erdian, horrenbeste askatasun? Ea zerk harritzen zaituen gehiago, miseriak ala dohainak!
Gaur, inoiz egitekotan, otoitz egin behar genuke gure Aita Santuaren alde, gure Gotzainen alde. Eta eliz zerbitzuan sarritan bizi ditugun eskandaluak bere onean ikusten eta onartzen jakin behar genuke. Gauza handiak jarri zaizkigu gertura. Handiegiak gertuegira aukeran. Urrutian gelditu izan balira Jainkoaren dohain horiek, ez genituen zikinduko, baina urrutian geldituko ziren, eta ezin gozatu. Gure eskura jartzeak horrenbesteraino zikintzen du misterioa, baina gutxienez misterioa gertuan daukagu. Bakoitzak misterioaren neurria emango bagenu gure bizitzan! Bakoitzak geure fedea sendotzen dugun adinean, Elizak berak txukunago beteko du bere bitartekotza. «Zuk nor naizela diozu?». Erantzun nahi baduzu, aukera ederra daukazu eskura.
Ez genuke gauza bat ahaztu behar: Jainkoarengana ez gaituela hurbiltzen gure perfekzioak, gure akatsik-ezak. Jainkoarengana Jainkoaren dohainak berak hurbiltzen gaitu. Eta hori guk merezi ezin dezakegun zerbait da. Ez dugu, beraz, eliz zerbitzarien akatsez harritu behar, eman zaigun dohain ederraz baizik. Zer dute harrigarria gure akatsek? Baina bai dela harrigarri, horrenbeste akatsen artean ematen zaigun maitasunezko dohain ederra!
Jesusen bideetan elkar zerbitzen ikas dezagun. Gizon-emakumeen zoriona baita azkenean garrantzizkoa. Ez dezagun ahaztu denok garela Jainkoaren dohainaren zerbitzari gure ingurukoen aurrean. Guztioi gure fedearen aitorpena eskatu zaigu eta guztiok izan gara dohainaren zabaltzaile eginak! Ez genuke ahaztu behar! Dohain handiegia jarri zaigu eskura, eta dohaina gordetzeko era bakarra maitasunez zabaltzea da.
Eukaristia ospatzen dihardugu. Eta igandean, Eliz elkartasuna ospatzen eta gaurkotzen dugun asteroko Pazkoan aurkitzen gara. Komunioa lokarri sendoagoz lotzeko dohaina ematen zaigu. Alai eta esker onez ospa dezagun Jesusek eman digun elkartasun hori.
HOMILIA
Adiskide, gaurko ebanjelio zatiak argi erakusten du bere mezua: itsasontziak zaila du aurrera egitea gauaren erdian, baina Jauna gertuan dago beti, besterik badirudi ere. «Izan bihotz; ni naiz». Bakoitzak daki berea. Zer duen zailtasun aurrera egiteko. Zerk eragozten dion haztea. Zerk beldurtzen duen. Bakoitzak daki. Hantxe dago, gertuan. Mamu bat dirudi, ezin baitugu nahi bezain argi ikusi. Gaurko igandeak Jaunaren presentziari antzematera gonbidatzen gaitu. Fedeak ere bere begiak baititu, eta askotan urrutira ikusten du fedeak .
Begi fededunek, Jaunaren presentzia irakurtzen badakite. Jauna beti gurekin baitoa, ontzi berean. Ez da, ez, guk nahi bezala agertzen. Baina, hantxe doa beti bidelagun. Lehenengo irakurgaiak ederki sailkatu ditu Jaunaren presentziaren moldeak. Gu indar zaleak gara. Nabarmenkeri zaleak. «Baina Jauna ez zegoen han». Haize gozoaren zuzmurrean, hantxe ia ez entzun ez antzeman egiteko moduan. Baina hantxe! Presentzia suabea da, baina beti ere eraginkorra, askatzailea, onerakoa. Jakina, isiltasun sakona behar da presentzia hori entzuteko. Bihotz entzulea behar da aditzeko. Barrua bakean behar da, entzutea eragotziko digun builarik ez izateko. Jesus ez al zen mendira igotzen, isiltasunera, han bere Aitaren ahotsa entzuteko? Eta, ez al duzu ebanjelioko larrialdian ikusi?, Jaunari entzuten zaionean, gurekin dihoala antzematen zaionean, bizitzak beste atsedena hartzen du, beste gozamena! Bizitza bere onera datorkizu, bere barealdira, sakonenean!
Orduan Pedroren arriskuak zirikatzen gaitu. Jaunaren presentziari tankera hartu zionean, indartsu sentitu gizajoa! Uren gainean ibiltzeko ahalmena sentitu ez zuen ba! Baita ederki asko ibili ere. Baina, zalantza oso bihotz-azalean eduki, eta urpera! Bere indarretan soilik jarri ote zuen bere ustea? Pedrorengan txukun asko ageri da fededunaren jokalegea: Jaunaren ahalmenetan bakarrik sinetsi behar du, bestela jai dauka! Ur gainean ibili beharra dago, baina Jauna oinarri eta sendotasun harturik. Oso seguru zaleak gara, eta oinak ondo tinkatuak nahi izaten ditugu, lurraren gainean badaezpada! Baina ur gainean ibiltzen ausartu behar du fededunak. Oinazpian mugimendua sentitzearen ikara gainditzen jakin behar du jarraitzaileak. Beti, Jaunak ibiltzeko esan digulako! Horixe dugu gure bokazioa!
Elizaren ontzia ez dabil askotan eroso, egia da. Haize asko eta indartsuak ditu handik-hemendik tirabiran. Tartean eliz ontzia. Non da Jauna? Zailtasunak berak ez digu askotan Jaunaren presentzia «aditzen» uzten. Baina hantxe doa. Ez da mamua. Ez da ametsa. Ez da irudipena. Presentzia suabe bezain segurua da. Galdera bat egin behar diogu geure buruari, ordea: gaur nik, guk, zenbat geldiune eta isilune egiten dugu bizitzan, presentzia hori entzuten ikasteko? Bihotzak, gure bihotz beldurtiak, isiltasunaren eskolara joan behar du, presentzia ikastera, presentzia irakurtzen ikastera. Ikasketa horretan trebatzen ez bagara, ez dugu Jaunaren hurbiltasuna sumatuko. Eta beldurra, beldurra sentitzen! Beldurra gailentzen zaio gure ahulari!
Igandeko batzarra bera ez da eskola txarra Jaunaren presentzia ikasteko. Anai-arrebekin elkartu eta hortxe ikasi, astegunean ere, bizitza zailtasunez janzten zaigunean ere, ezinak astintzen gaituenean ere, Jauna gurekin dabilela. Jainkoaren hitzaz eta maitasunaren ospaketaz Jauna ondoan sentitu! Baina, ez igandean eta iganderako bakarrik. Berpiztuaren presentzia egunez egun luzatzen da aste guztian zehar. Igandean, zure senideek Jaunaren eskuetan jartzeko esaten dizute, fedez eta kantuz. Eta Jaunaren eskuetan uzten duzu zeure bizitza, zeure beldurrak, zeure esperantza hauskorra. Seinideen testigantzak indartu egiten zaitu.
Eta orduan joan zaitezke berriro ere itsas uren gainean. Segurua ez denarekin atrebitzeko adina adore izan dezakezu. Fedeak, agian, ez dizu segurantzarik emango, baina segurantzarik gabe konfiantzaz bizitzen erakutsiko dizu. Politikan, kulturan, gizartean, lanean, kalean, ezkontzan, heziketan... gauzak kolokan daude, itsas uhinen, olatuen, harroaldia sentitzen da. Oporretan ere, senti dezakezu zure leialtasunen koloka izutzailea. Segurantzak maite ditugu. Oinak seguruan tinkatuak nahi izaten ditugu. Baina ur gainean ibiltzen ausartu behar dugu. Bakoitzak daki non eta zertan esaten dion Jesusek «zatoz». Non eta zertan esaten dion uretara salto egiteko. Bakoitzak badakigu ondo asko non dagoen dagokigun itsasoa. Eta Jesusen dei horri erantzun egin behar zaio. Eta uste ona Jaunarengan jarriz, joaten ausartu. Harrokeriak alferrik dira. Askousteak pauso laburra du. Eta berehala ikus dezakegu gure harrokerien pisuaz ur azpira sartzen hasten garela. Zenbat eta arinago eta, onenean, hobeto genbilzke ur gainean. Konfiantza sendoaren besoetan, ez gara urperatuko. Eta, gainera, beti hortxe daukazu Jesus, eskutik heltzen dizuna!
Fededun adiskide, zer arazok erakusten dizu urpera zoazela? Zerk beldurtzen zaitu? Zer duzu gaur gainditu ezineko arazo? Zertatik egin nahi diozu Jesusi garrasi: “salba nazazu, Jauna!»? Izan bake, ez beldurtu. Jesusek eskutik heltzen dizu, ez zaude bakarrik. Izan usteon, Jauna, maite zaituena, zurekin baitago. Berak askatuko zaitu, berak poztuko. Esku onetan, esku onenetan, gaude!
Eukaristia ospatzera goaz. Igandeko eukaristia. Ez ote dugu zuzmur suabe eta bakeosoa entzungo gaur? Bai. Hementxe, abuztuko goiz honetan, isiltasun sakonenean, Jaunaren presentzia entzungo dugu, entzuten dihardugu. Eta gero itsasora joango gara. Itsasontziari sendo eutsiko diogu olatu handien artean bada ere. Jauna gurekin daukagula badakigu eta!
Homilia bakarrik argitaratzen dut hemen, gainerako beste lagungarriak liburu batean argitaratu ditut-eta: Igandetik igandera A urtea. Han daude monizio guztiak eta Jainko-hertriaren otoitza).
HOMILIA
Gaurko liturgiari bihotz handia ikusten zaio. Mugak puskatzera daraman bihotz handia. Jainkoa bihotz handikoa azaldu baitzaigu, eta Jesus ere bai. Eta fededunak ere bihotz handiz jokatu behar luke. Mugak kendu egin behar dira, ez sortu. Gaurko Ebanjelioan Jesusek erakusten duen jarrera, argigarria dugu guretzat gaur bertarako. Israel herriak pixkanaka ikasi zuen atzerritarrei ere ateak irekitzen. Guk ere, gero eta gehiago ikasi behar dugu bihotzeko ateak zabalik eramaten. Mugak ez estutu, zabaldu zabal!
Gaurko gizarteari begira jarrita, ondo baino hobeto datorkio gaurko irakurgaien arnasa. Izan ere, aspaldian ez bezala, gaur esparruak estutzen ari baikara, mugak jartzen. Familia bere baitan itxitako errealitatea ari gara egiten, gero eta sarraila seguruagoz ateak itxirik. Asoziazioak sortzen ditugu, baina asoziazio bakoitzaren nortasun berezia nabarmentzen dugu, ia-ia kasta eta sekta bihurtuz. Arrazakeria gero eta indar handiagoa hartzen ari zaigu gure herri industrializatuetan. Kristauok ere talde gero eta sendo eta finkatuagoak sortu nahi ditugu, etsai sentitzen dugun ingurugiroari aurre egiteko. Hau guztia normala izango da beharbada, nik ez dut ezetzik esango, baina gure fedearen barne-indarra moteltzeko aproposa ere bada!
Jesus ere «Israelgo ardi galduetara» etorria zen, israeldarrengana propio. Baina, emakumearen fedea ikusi duenean, ez dauka inolako eragozpenik emakume paganoari bere salbamena eskaintzeko. Judaismoaren muga estuak apurtzera jotzen du Jesusek: errukia oparien gainetik, pertsona legearen gainetik, fedea arraza eta ideologien gainetik. Gaur hurbiltzen zaion emakumea ez da parametro normaletan sartuko, baina sinetsi egiten du. Eta Jesusek alaba sendatzen dio! Jesusen askatasuna jasotzeko, baldintza bakarra baitago: sinesmena! Emakume hark ez zeukan esperantzarako motiborik eta eskubiderik, ez baitzen judua. Baina fedea, eskubideak baino harutzago doa beti. Fedeak muga guztiak gainditzen ditu. Fedea ez da errenditzen. Egiazko beharretik sortzen den sinesmenak, pobrearen sinesmenak, indar handia du beti. «Erruki zakizkit» horrek barne-su handia darama, itxaropen eta nahi handia!
Eta Jesusek ez daki fedeari kontra egiten. Kuriosoa da: joan zen igandean, Pedroren fedea, Pedro sutsuaren fedea, zalantzan eta balantzan ikusten genuen, olatu batzuengatik. Emakume behartsu honen fedeak ez du, ordea, koloka egiten irainaren aurrean ere: «Ez zaie zakurrei bota behar seme-alaben ogia». Ama horren fede sendoak Jesusen bihotza beratzen du. Jesus errenditu egiten da. «Gerta bekizu». Jesusek ez du beste baldintzarik begiratuko. «Emakume, handia da zure sinestea!». Eta muga guztiak gaindituak, zabalduak, gelditu dira fedearen argitan.
Itun Zaharreko profeta batzuengan ikusten zen aurretik, gero Ebanjelioak ekarriko zuen zabaltasun horren aztarrena. Jainkoak atzerritarrak ere ametitzen ditu bere mendi santuan. Ez zaie barne zintzoa beste baldintzarik jartzen. San Paulok ere hari beretik garamatza bigarren irakurgaian. Juduen sinetsi-ezina guretzat sinesmen-bide gertatu da. Jainkoa zintzoa da, leiala. Ez du begiratzen nor den judu, nor atzerritar. Sinesten duenak, judu izan ala ez, Erreinuko ateak zabalik aurkituko ditu.
Gaur, gure fedea indartzeaz gain, mugak puskatzeko bideak urratu behar ditugu. Egunean egunean muga berriak ezarri nahi dituen gizarte honen barnean, fededunok begirada eta bihotz zabala erakutsi behar ditugu. Tolerantziaren eta besarkadaren eredu izan behar dugu. Hala ere, ez da erraza mugak haustea! Pertsonarekiko errespetuak eskatzen duen begirunez, bata bestearekiko harremana samurtzen eta bideratzen jakin behar dugu. Beldurrak erantzi eta hormak bota egin behar ditugu. Horretarako, kolore eta jite guztien barruan, pertsona bera ikusten eta maitatzen ikasi behar dugu. Hurbildu, elkarrizketa sortu, daukaguna banatu... Ez dugu itxuraren azalean geratu behar, bihotza da garrantzizkoa!
Mugak kentzea ez da errespetua galtzea, pertsonari maitasunaren begirada gozoa eskaintzea baino. Zergatik kostatzen zaigu horrenbeste auzoan bizi den horrengana hurbiltzea edo berari bisitatxo bat egitea? Pasadizoko agurraz gain, geure beldurrak erantzi eta hurbiltzeak fantasma asko desegiten du! Edo zure lantegian inmigrante batekin lanean ari baldin bazara, zergatik ez begiratu beste postura batean? Inguruko askok ihes egiten diola, bera isila dela... Inportantea izango litzateke berarengana hurbiltzea! Kristauon artean ere, zergatik hitz egin gaizki beste kristau-talde harengatik, gure harikoak ez omen direla-eta? Bihotz estuko jendea gara!
Gaurko Eukaristiak, gu geu ere dohainaren seme-alaba garela erakusten du. Eta horretaz jabetzea oso ona da, besteak estimatzen hasteko! Gure fedeari egin zaion erregalua ikusgarria izan da. Horregatik,
- aurrena, fedea eskertu. Ez da gurea. Emana dugu, dohaina. Merezi gabe emana gainera. Eta horri zor zaion ordain bakarra esker onarena da;
- bigarrenik, fede behartsua izan. Emakume atzerritarrak beharretik erakutsi du bere fede handia. Eta Jesusek ez dio muzin egin!;
- eta, hirugarrenik, fedearen begirada zabaldu. Gure fedeak bihotz on eta handiko izan behar du. Guri ere merezi gabe eta baldintzarik gabe eman baldin bazaigu, zergatik jarri baldintzak besteei?
Orain Eukaristia ospatzera goaz. Guri ez zaizkigu mahaitik erortzen diren ogi-apurrak ematen. Gu mahaikide gara. Fedeari esker Erreinuko mahaian esertzen gara, seme-alabei dagokien duintasun ederrean. Besteak gure mahaira ekartzen ikasteko ez da bide txarra! Ospa dezagun fedearen oinarri den opari mugagabea, opari maitasunezkoa, pertsonaren duintasuna aitortu eta sakontzen duen opari bikaina.
A) APAIZAREN OHARRAK
AGURRA eta SARRERA
Jainkoaren seme maite Jesu Kristoren bakea, grazia eta maitasuna, zuekin!
Mendi gailurrean, aintzaz beterik agertzen zaigu Jesus, bere hiru ikasle maiteenen aurrean. Jerusalemerako bidean, gurutzean burutuko den bide latzean, argigarria benetan une hau. Jainkoak erakutsiko du, gurutzeko bide hau dela beraren borondatearen bidea. Eta bide hau dela, ondorioz, egiazko bizia sortuko duen bide bakarra. Eliz festa antzinako honetan, argiaren festa ospatu behar dugu.
Eska dezagun Jaunaren errukia eta barkamena, burutzera goazen misterio santu hauek, gure fede-bizitzarako indar gerta dakizkigun.
- Jesus Jauna, gure bakea zarena. ERRUKI, JAUNA.
- Jesus Jauna, Aitaren aintza erakutsi diguzuna. KRISTO, ERRUKI.
- Jesus Jauna, Aitaren eskuinaldetik zure Espiritua eman diguzuna. ERRUKI, JAUNA.
PREFAZIOA
Esker-otoitza dagokigu orain. Jesusengan ikusi dugun jainko-aintzaren distiretan, eskertu dezagun Erreinuko lanetan adore eta bultzada ematen digun jainko-maitasun betikoa.
GURE AITA
Jesus, Seme maitearekin, eta haren ikasle guztiekin egiogun otoitz guztion Aitari, denok batera kantatuz:
HONA HEMEN
Hau da Jesu Kristo, Jainkoaren Seme maitea, bekatutik bizira eramaten gaituena. Zoriontsuak mahai argitsu honetara deituok!
IRAKURGAIEN MONIZIOAK
1. Jesusen irudi da Itun Zaharrekoa. Orain entzungo duguna ere bai.
2. San Pedrok Jesusekin mendian izandako esperientzia argitsua kontatzen digu.JAINKO-HERRIAREN OTOITZA
JAIMNKO-HERRIAREN OTOITZA
Jesus da bidea eta bizia guztiontzat. Otoitz egin dezagun geuretzat eta munduko gizon-emakume guztientzat. Eska dezagun argia!
* Kristau guztien alde: argiz beterik eta fedearen pozetan bizi gaitezen beti.
* Jesu Kristo ezagutzen ez dutenen alde: Espirituak barrutik argi ditzan eta Jesus ezagutzeak poztu ditzan.
* Etsipenaren ilunpetan bizi direnen alde: esku adiskide batek argiaren giro askatura erakar ditzan.
* Oporretan daudenen alde: Atseden-egun hauetan argiaren hurbiltasuna eta gozoa bizi ditzaten.
* Gure hildakoen alde: Jainkoaren erreinuko argi betera iritsi daitezen.
Entzun, Aita ona, gure eskariok. Argitarako egin gaituzunez gero, gorde gaitzazu zure Semearen bideen argitan. Jesu Kristo gure Jaun beraren bitartez.
HOMILIA
Bere misioaren une nagusian, Jesus Jerusalema bidean ikusten dugu. Eta, egia esate aldera, ez zaigu beti erraza gertatzen Jesusen bide hori ulertzea. Konturatzen baikara zer dakarren bide horrek: Jesusen nekaldia eta heriotza. Hori horrela izanik, gaurko jaia paradatxoa gertatzen da, Jesusen bideak norantz garamatzan pentsatu eta ikusteko geldiunea. Jerusalemerako bidearen sentidua argitzen digu gaurko jaiak. Tabor mendian dakusgun argi dirdaitsu hori, Jesus gurutzetuaren argia da, azkeneraino maitatu gaituen entregatuaren argia. Jesusen Jerusalemerako bokazioari oso ondo datorkio gaurko jaia. Eta gure kristau bizitzari ere esku-eskura datorkio gaurko jaia.
Jesusen bideak bide bereziak ziren. Ez ziren giza pentsamoldeetan aise sartzen. Gehiago: Jesusi berari ere nahiko lan eman zion, Aitaren bideak nondik zihoazen jakiteak. Eta ikasleei zer esanik ez! Hala ere, bere adiskide haiek ulertu behar zizkioten bideok. Ulertu behar zuten gurutze-bidea ez zela bide iluna eta etorkizunik gabea. Horrek eskema asko apurtzen zuen, bai. Baina, horixe zen egiazko bidea askatasunerako, zorionerako, gizatasun betea burutzeko... Eta, beraz, Jerusalemerako bideak bere barnean zekarren argi askatzailea ikusi behar zuten. Hortxe kokatzen da gaurko Ebanjelioak adierazten digun pasadizoa.
Aurrena, Jesusentzat berarentzat da Taborko ikuskizuna. Markos ebanjelariak mendiko bakardadera darama Jesus. Eta bakardadean, Jesus bere etorkizuneko zoria konfrontatzen ari da Profetekin eta Itun Zaharrareko historiarekin (Elias eta Moisesekin). Jesusek ez zuen batere argi ikusten nondik norantz zebiltzan bere bideak. Aitarekin hizketatu beharra zeukan. Jainkoaren hitzak eta ekintzak bakarrik argi baitezake Jesusentzat ere fedezko historia. Jesusek ere Jainkoaren hitzarekin aurrez aurre jarriz ulertuko du bere Jerusalemeko zoria. Bestela ez dago eskema eta bide horiek ulertuko dituen kristaurik! Aurrena, Jesusek berak argitzen ditu bere bideak Tabor mendian. Handik indarberritua jaitsi zen; alegia, gauzak argiago ikusiz eta bere norabidea garbiago ikusiz. Lehenengo irakurgaiak aipatu digun jauntasuna izango da Jesusen bideen helmuga. Bere suzko aulki dirdaitsuan eserita ikusiko dugu bere Erreinuaren bideak burutu orduko. «Agintaritza, ospea eta erregetza eman zitzaizkion».
Bigarrenez, ikasleentzat da Taborko ikuskizuna. Jesusek nekez ulertzen bazituen bideak, nola ulertuko zituzten bada ikasle haiek!? Horregatik, komeni da Kalbario mendiko argia Taborren ikustea. Komeni da haiek ere ulertzea Jesus bide onetik dihoala. Komenigarria ezezik, beharrezkoa ere badela Jerusalema igotzea eta han gertatuko den guztia. Azken batean, Itun Zaharreko agintzaria (Elias) Jesusek Jerusalemen beteko du. Eta Itun Zaharreko askatasun-historia (Moises) Jerusalemen gertatuko denari begira zegoen. Ulertu ote zuten Tabor eta gero? Nahiko lan!
Hirugarrenez, Elizarentzat da Taborko argia! Ikasleen bidea jarraitu behar duen fededunen Elizak ere badu lanik franko Jesusen bideak ulertzen. Bai bakarka, bai elkarteka, zaila zaio Elizari egunero-egunero Jesusen bidea zehaztea. Gaurko festa esperantza zaio Elizari. Bere bideen, bere bide ilunen, ondorioa ikus dezake aurrez. Taborko argi horixe du bokazio gure bideak. Ez goaz gaizki, nahiz eta nahi adina efikazia ez izan gaur bertan. Gure usteona eta gure aurrera-nahia indartu behar ditugu Tabor mendira begira.
Izan ere Pedroren tentazioa betikoa ezezik, gaurkoa ere bada. "Hiru txabola egingo ditugu". Zergatik jotzen ote dugu gaudenean gelditzera!? Zergatik akomodatzen ote gara!? Elkarteak lasatu, fededun bakoitzaren bizitza moteldu, gure otoitz-giroa indargabetu, ebanjelizazio-sena erori... Hain da erraza parean suertatzen zaizkigun txaboletan sartu eta hantxe gelditzea! Baina Elizak eta fededunak berritzaile izan behar lukete, ebanjelizatzaile, ekintzaile, egile, sutsu! Beti askatasunerako bide berriak urratzen behar genuke! Baina horrek erosotasunak atximurkatzen dizkigu. Eta hortxe hasten dira komeriak!
Garai hain zailak eta ilunak suertatu zaizkigu parean. Eta gure aurreko historiak ere, oraindik orain bizi izan dugun historiak, horrenbeste mugatzen gaitu. Kosta egiten zaigu gure ibilbideen ospe-karga eta ahalmen-karga gainetik botatzea. Ezin dugu ulertu efikaziarik-ezaren bide bakarti hau onartu behar dugula. Elizak ahalbide pobreez baliatu behar duela. Inportantea ez dela Eliza bera, Jesusek berrionaren argiz jantzi nahi duen gizaki bakoitzaren bihotza dela inportantea. Eta hainbestetan atsekabetzen gara gure ametsak apurtuta ikustean! Eliz ametsak, ebanjelizazio-ametsak, perfekzio-ametsak... Horiek denek ere Kalbario mendiaren galbahe estutik pasa behar dute. Eta hor oso inportantea da Taborreko argia beti begibistan edukitzea. Bestela ezer gutxi ulertuko dugu!
Gure herriaren bakegintzak ere Tabor behar du ba! Bizi ditugun une ilun eta itxi hauek ezin gerta dakizkiguke etorkizunik gabeak. Jakin beharko du gure fedeak aurrera begiratzen, aurrez ikusten. Gure fedeak Taborreko esperientzian poztui beharko du bere eguneroko bake-lana. Tabor argigarroia da fededunaren alor guztietarako.
Bai argia eta bai iluna oso elkartuta daude, gurutzea eta aintza, lotura eta askatasuna, Gurutzea eta Pazkoa. Fede bizitzan bi ertzak uztarri berean lotzen ikasi beharra dago. Askoz errazago ulertzen dira gauzak sinpletuz, baina errealitatea bestelakoa da! Eta kontutan har dezagun kristau bizitzak beti beharko duela Taborreko esperientzia, edonoiz eta edonun sortzen baitzaizkigu krisiak eta zalantzak.
Eukaristia ospatzera goaz. Taborreko argia hemen ere. Jesusek bere Kalbarioko eskaintza berrituko digu argitan. Ospa dezagun argia, gure ilunbeek argia izan dezaten.
Utilizamos cookies propias y de terceros para fines analíticos y para mostrarle publicidad personalizada en base a un perfil elaborado a partir de sus hábitos de navegación (por ejemplo, páginas visitadas). Puede aceptar todas las cookies pulsando el botón "Aceptar" o configurarlas o rechazar su uso pulsando el botón "Configurar". Puede obtener más información o cambiar posteriormente los ajustes en nuestra Política de Cookies.