A) APAIZAREN MONIZIOAK
AGURRA ETA SARRERA
Jesus Jauna, biziaren ogia, bego zuekin.
Abuztuko lehen igande honetan berriro ere elkarrekin gara, igandero egin ohi dugun bezalaxe. Leku gorde batean Jesusekin bildu ziren ikasleak bezala gaude. Guri ere bere ogia emango digu. Berak janarituko eta indartuko digu gure fedea. Bera egingo zaigu tarteko hemen eta bere bizi-janariaz indartuko gaitu.
Presta gaitezen berarekin topo egiteko; prest jar gaitezen, merezi duen harrera ona egiteko eta eska diezaiogun maitasunerako bihotz berria.
- Jesus Jauna, zure bila dabiltzanentzat errukior zarena. Erruki, Jauna.
- Jesus Jauna, gaixoei eta atsekabetuei itxaropena ematen diezuna. Kristo, erruki.
- Jesus Jauna, gosetuei zer jana ematen diezuna. Erruki, Jauna.
PREFAZIOA
Ogia ugaldu aurretik, Jesusek hartu zituen ogia eta arrainak, zerura jaso zituen begiak, bedeinkapen-otoitza esan zuen, zatitu eta ikasleei eman zien. Jesusek azken afarian egindako zeinu berberak dira. Guk orain, eukaristi otoitzean, esker onez errepikatuko ditugun zeinuak.
GURE AITA
Jesusek irakatsi zigun bezala, eska diezaiogun Aitari eguneroko ogia, Eukaristi ogia. Berarekin bat eginik, esan dezagun beldurrik gabe.
B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK
1) Jainkoaren izenean mintzatzen zitzaizkion profetak Israel herriari. Isaiasek, Jauna berekin duela gogorarazten dio beti herriari. Hurbiltzeko harengana beldurrik gabe. Jesusengan betetzen ikusiko dugu irakurgai honek anuntzio duena.
2) Pauloren hitzak entzungo ditugu bigarren irakurgaian. Gu kapaz ote gara Paulok esaten dituenak esateko!? Fedea horrenbeste estimatuko bagenu!
HERRI-OTOITZA
Jesusek erruki zuen jendea, gaixoak sendatzen zituen, giza taldeak janaritzen zituen. Guk ere egigun otoitz beharra daukaten guztien alde.
- Elizaren alde:
Jainkoaren errukiaren ezaugarri izan dadin gizartean.
- Kristau guztien alde:
Jainkoaren maitasunaren esperientzia sakon bizi dezagun, maitasun horretatik inoiz aldendu gabe.
- Gosez bizi diren guztien alde:
duintasunean bizitzeko behar duten jatekoa izan dezaten.
- Oporrak gozatzen ari diren guztien alde.
behar bezalako giza elkartasuna izan dezaten, edertasunaz gozatuz.
- Eukaristia hau ospatzen ari garenon alde:
Jainkoak zenbat maite gaituen oharturik, maitasun horren adierazle izan gaitezen.
Entzun, Aita ona, gure eskariak, eta ase gaitzazu Zuk ematen diguzun bizi berriaz. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
HOMILIA
Senideok: gaurko ebanjelio-zatiak testu-inguru berezia du. Aurreko igandeetan Erreinua adierazteko parabolak entzun ditugu. Horren ondoren, Mateoren Ebanjelioan, bere herriko harrera txarra dator, bereek ez baitzuten harengan sinetsi. Eta herritik alde egitean, Joan Bataiatzailearen heriotza basatiaz enteratzen da. Egoera beltza, beraz, Jesusek bere inguruan sumatzen duena. Eta erretiratu egiten da bereekin leku bakarti batera. Basamortura joan zela esaten digu ebanjelariak. Bataio osteko tentaldietan bezalaxe, Jesus basamortuan ikusten dugu. Sakonetik tentatua, gertakizun ilunen aurrean.
Baina oraingoan ez dago bakarrik. Jendeak ikusi du Jesus joaten eta jarraitu egiten dio. Eta berak bihotza errukitan sentitzen du jende harekiko eta «sendatuz» eta «janarituz» erakusten die bere barruko erruki hura. Beti horrela egiten du Jesusek, bere barruko maitasun handiena erakusten digu.
Ebanjelio-zati honek burutazio asko dakarkigu gogora. Israel herriaren basamortuko ibilaldi luze eta penatu hura aurrena. Jesus da herri horren Moises berria, bere jendeari aurrera egiteko indarra ematen diona. Gu ere eguneroko basamortuan gabiltza. Askotan aurrera egin ezinez. Guri ere tentaldia sortzen zaigu alde askotatik. Bidea ez da erraza. Baina sekula ez zaigu faltako maitasunaren janaria. Artzain Onak bere belardi oparoetan gozaraziko gaitu. Ez goaz basamortuan bakarrik. Artzain Onak gidatzen gaitu.
Beste aldetik, Jesusen azken afariko hura ere gogorarazten du. «Berandu zen» eta Jesusek bere maitasunaren afaria prestatzen die gosetuei. Azken afarian egindako zeinu berberak errepikatzen ditu: «Ogia hartu…, begiak jaso…, bedeinkapena esan…, ogiak zatitu eta banatu». Guk gaur ospatzen dugun Eukaristia hau aurrez gozatu zuen jende hark. Eukaristia ospatzean, maitasunaren barru-barruko esperientzia bizi dugu. Eta gure bizitzako «gau beranduetan» maitasun horrek egiten digu argi.
Hitz batean esateko, Jesusek bere arduraz zaintzen du basamortuko gure beharra. Berak badaki ondo asko zaila gertatzen zaigula segizioa. Berak badaki ez dakigula maitasunik gabe bizitzen. Eta eguneroko ogi beroa ematen digu. Eta ogi horretan, bera ematen zaigu. Eta hori dugu dohain betea.
Baina, badu gaurko pasadizo honek beste alderdi bat garrantzizkoa eta argigarria. Honako esaldi honetan biltzen da: «Emaiezue zuek jaten». Eta ikasleek banatu zuten Jesusen maitasun-ogia. Honetan guztian argi ikusten da Jesusek nolako eginkizuna emango zien bere ikasleei: senideei ogia banatzea. Ezin gaitezke hartzaile huts izan. Doan hartu duguna, doan eman behar dugu. Hartzaile onak emaile on izaten jakin behar du. Jesusek gure esku utzi digu Erreinuaren janari betea geure ingurukoei banatzea. Basamortuko bideetan ertzetara begira joan behar dugu, han erorita daudenak jaso eta haiei maitasunaren janaria eskaintzeko.
Ez dugu, ez, gizartea ahaztu behar inolaz ere. Jesusek erakutsi digun maitasunak ez luke inolako edukirik izango, baldin eta maitasun hori ingururako janari bihurtuko ez balitzaigu. Jende asko dago gure eskuei begira, gure maitasun-zeinuei begira. Jende asko kale bazterretan gure irribarra noiz sumatuko. Jende asko ogi beroa noiz jasoko. Berri Ona dugu banatzeko ogi. Badakigu asko kostatzen zaigula eman zaigun eginkizuna betetzea. Baina, bide batez, eginkizun hori ez da sari gabeko jarduera tristea.
Ikasleena ez al dugu ikusi? Banatu zutena baino gehiago jaso zuten. Eta hori gertatzen zaio beti ebanjelizatzaileari: ematen duena baino gehiago jasotzen duela. Banatzen dugun Ebanjelioa bera egiten zaigu berdin gabeko sari. Eta nolako sari! Basamortuko eginkizuna, dohainezko lorategi eder bihurtzen zaigu. Sakonean, Berri Onaren pozak gainezkatzen baititu geure barruko beharrak.
Eta hau dena zergatik eta nola? Erantzuna lehenengo irakurgaiak eman digu kurioso asko: «Etorri uretara dirurik ez daukazuenok ere, hartu doan ardoa eta esnea, ordaindu gabe… Entzun niri eta biziko zarete». Bi gauza azpimarratu nahi ditut honetatik: bata da, dohain hau ez dagoela inolaz ere ordaintzerik. Jainkoak bere maitasunaren hutsean ematen digula. Eta bigarrena, ematen zaigun dohaina ez dela une baterako dohaina, dohain bete eta betirakoa baizik. Gure barruak biziaz asetzen dituen dohaina da. Inolako mugarik ez duen dohaina.
Benetan handia da Eukaristia hau ospatu ahal izatea. Beharbada iganderoko ohiturak nobedadea kentzen dio egiten dugun honi, baina hau benetan handia da. Jesusek betetasunaz erantzun dio gure beharrari, gutaz errukitu denean. Jende behartsu eta gosetu haren kide gara gu ere. Askotan sentitzen baitugu beharra, pozaren eta bizinahiaren behar mindua.
Baina, bide batez, Jesusen errukiaren erakusle izan behar dugu gure gizartean. Guk ere erruki izan behar dugu inguruko jendea. Behar handi eta asko dago gure inguruan. Eta beharrean dauden horiek guztiak pertsonak dira, Jainkoak maite dituen pertsonak. Eta guri eman zaigu pertsona horien beharrari errukia erakusteko eginkizuna.
Adibideak asko atera daitezke: beldurrez bizi direnak, duintasuna zapalduta sentitzen dutenak; behartsuak dira; izututa bizi dira eta ez dute zorionik. Nork eskainiko die aurrera egiteko bizipoza? Ezkontza deseginda sentidu gabeko bakardadean triste daudenak. Asko. Nork erakutsi pozaren dohaina? Etxean pertsona maiteren bat falta dutenak. Drogaren menpe edo sentidurik aurkitu ezinik bizi direnak. Beren zahartzaroaren ahuldadea puri-purian bizi duten adinekoak. Hainbeste jende ogi beroaren zain!
Ospa dezagun Eukaristia hemen eta ospa dezagun Eukaristia gizartean. Hori egiteko kapaz bagara, ez zaigu zorionaren ogirik sekula faltako.