liturgi lagungarriak

Liturgi lagungarriak

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Gure bihotzen Jauna den Jesusen bakea, zukin!

 

Gure eguneroko bizitza ez da giro errazean gauzatzen askotan. Gure gizarte sekularizatu honek baditu bere alde gozoak eta bere alde mikatzak. Kosta egiten zaigu munduko errealitateetan Jainkoaren presentzia sumatzea. Eta, hala ere, munduko gauza eta gertakizunetan ere Jainkoa bere maitasuna eskaintzen ari da atergabe. Gaurko Eukaristia honetan Jainkoaren presentzia sumatzen ikasi behar dugu.

Geure munduko jardueratik Jaunaren mahaira gatoz, han bizi duguna hemendik argitu eta gozatzeko. Jar gaitezen Jaunaren aurrean begirada garbiz, eta poztu dezagun bihotza. 

 

Hasteko, eska dezagun ospakizunerako eta bizitzarako bihotz garbia.

 

– Jesus Jauna, Jainkoak mesias izateko  igurtzia. Erruki, Jauna.

– Jesus Jauna, gure fede, itxaropen eta maitasuna. Kristo, erruki.

– Jesus Jauna, gure Jaun eta Jainkoa. Erruki, Jauna.

 

 

PREFAZIOA

Jainkoak bere maitasunez inguratzen du gure bizitza osoa, Elizakoa eta gizartekoa. Eskertu dezagun Jaunaren presentzia indartzailea.

 

 

GURE AITA

Jesusek irakatsi digun bezala eta mundu guztian Jaunaren Erreinua gauzatu dadila eskatuz, esan dezagun.

 

 

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

1 - Jainkoak edozein eratara eraman ditzake aurrera bere asmoak. Kasu honetan atzerriko Ziro erabiltzen du Jainkoak, bere herriari bere maitasuna erakusteko. Jainkoak gidatzen baitu bere herriaren bidea.

 

2 - Itun Berriko idazki zaharrena irakurtzeari ekiten diogu gaur. Berak sortu zuen elkarte bati idazten dio San Paulok, eta Ebanjelioa zabaltzeko eginkizunean adoretzen ditu.

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

Eskariak egiteko unea dugu. Ireki ditzagun gure begiak gizartera eta hango beharrak eta ezinak aurkez diezazkiogun gure Jainkoari.

 

Eska dezagun Jaunaren maitasuna gizon-emakume guztientzat, Jainkoaren presentziaren poza senti dezaten eguneroko lan eta jardunean.

 

Eska dezagun Jaunaren hurbiltasuna sufritzen ari diren guztientzat; batez ere, ezbehar, eraso edo injustiziaren batengatik sufritzen dutenentzat.

 

Eska dezagun Berri Onaren poza beste pozik ez daukatenentzat. Gogoan izan ditzagun gure gaixoak, erietxeetan edo geure etxeetan sufritzen ari direnak.

 

Eska dezagun langile eta enpresarientzat gizartea aurrera ateratzeko barru sendoa. Horien lana eta ahalegina bedeinka ditzala Jaunak onez eta pozez.

 

Eska dezagun Jaunaren erreinua zerbitzatzeko adorea geuretzat eta gure elkartearentzat. Jaunak ebanjelizatzaile bihur dezala gure eguneroko lana.

 

Entzun, Aita ona, gure eskariak eta emaguzu beti eta nonahi zure nahia egiteko arnasa. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

 

 

 

 

HOMILIA

Betikoa izan da Jainkoa eta politika nahasteko tentazioa. Gizaldiak zehar, eta batez ere Erdiaroan, ahalegin sakon eta luzeak egin izan dira, Jainkoaren Erreinua politika-proiektu jakin batekin lotzeko. 

Oraindik urte asko ez dela, askok ezagutu dugu, gertuagotik edo urrutiagotik, «nazional katolizismoa» bere jainkozko asmoekin. Eta era estaliagoan izanik ere, gaur oraindik bizirik jarraitzen du betiko tentazio teokratikoak. Alegia, Jainkoa eta Zesar elkarrekin nahastu nahi ditugula oraindik ere. Dirudienez, zenbait tokitan eta zenbait garaitan, baliozkoa gertatzen zaio zenbait alderdi politikori, Jainkoa bere alde duela esatea eta agertzea. Jainkoak oraindik ere botu bakarren bat ematen ote du?

Beste ertzeko tentazioa ere ez da batere txukuna. Politika deabrutzea. Politika deabruaren ekintza eta egintza bezala begiratzea. Politikagintza guztia gaitzetsi nahi dute bateren batzuek. 

Zenbaitentzat, politikan sartzea boterearen borrokan sartzea da, eta horrek ustelkeria dakar berekin. Gure egunotan politika-giroan bizi dugun ustelkeria izugarria, politikaren berezko emaitza ikusten dute batzuek. Politikari berez darion fruitua. Horientzat ez dago politika txukunik.

Bien artean, fedea politika-militantziaren iturritzat ikusten dutenak daude. Fededun izateak, Jainkoarekiko harremana bizitzeaz gain, gizarte zuzenagoa eta bizigarriagoa egitea dela pentsatzen dute horiek. 

Eta, beraz, fededunak politika egin behar duela esango dizute. Fedea ez baitute ikusten otoitz egiteko sentimen huts bezala. Fededun izateak eta Jainkoarekin harremanetan bizitzeak, Jainkoaren nahia munduratzeko ahaleginean lotzen ditu. 

Badira, bai, politikan baldin badabiltza, fededun direlako dabiltzanak. Fedearen eskakizunez izan ez balitz, ez ziren sekula politika-borroka horretan sartuko.

Eta esan behar da, gai honetan ez dagoela neutrala izaterik. Askotan esaten dugu: «Ni apolitikoa naiz». Beharbada, ez naiz egongo erakunde zehatz batean afiliatua; ez naiz sindikatu baten kide izango. Baina, nahi edo ez nahi, politika egiten ari gara botua ematen dugunean edo eman nahi ez dugunean, geure iritziak azaltzen ditugunean, gure herriko gertakizunak hizketatzen ditugunean; lantegiko arazoez mintzo garenean; edo, otoitz egitean, munduko gosetuen eta baztertuen alde eskatzen dugunean, munduarentzako bakea eskatzen dugunean, politika egiten ari gara.

Jesusek «Jainkoari Jainkoarena eta Zesari Zesarena» emateko esan zigun. Jainkoa ez nahasteko gure asmo eta erakundeetan. Jainkoa geure interesetara ez tolestatzeko. Era askotako politika egin daiteke, Jainko berarengan sinetsiz. Eta ezin dezake inork Jainkoa bere alderdira makurtu. Jainkoak, nahi den politika-aukera erabil dezake bere asmoak aurrera ateratzeko. Ikusi bestela lehenengo irakurgian Ziro paganoaren buruz esandakoa.

Fededunak argi ibili behar du bere aukera egiterakoan. Bereizi egin behar du une bakoitzean. Ebanjelioko asmoak aurrera ateratzeko zein ote da politika-aukerarik egokiena? Eta zintzotasunez egin aukera.

Izan ere, badira ezaugarri batzuk fedearekin eta Ebanjelioarekin hobeto uztartzen direnak. Hala nola, behartsuen eta baztertuen aldeko politika-eskaintza askoz hobeto dator Jesusen asmoarekin, agintekeria edo intereskeria edo botere-borroka soila baino. Horrek eskatzen du, eguneroko bizitza eta gizarteko errealitatea fedetik irakurtzen ikasi eta jakitea. 

Eta horretarako, fededunak bere begiak irekirik eta oso zabal irekirik eraman behar ditu. Fededuna ezin daiteke jendearen bizigiroa alde batera utzita bizi. Gizon-emakumeei gertatzen zaien orok oso gertutik erasaten dio fededunaren bizitzari. 

Eta fededunak, gizon-emakumeentzat onena irizten dionari eman behar dio bere botua. Kristauak ere politika egiten du eta egin behar du!

Ezin dezakegu ahaztu Jainkoari zor gatzaizkiola, Jainkoarenak gara.

FaLang translation system by Faboba

Utilizamos cookies propias y de terceros para fines analíticos y para mostrarle publicidad personalizada en base a un perfil elaborado a partir de sus hábitos de navegación (por ejemplo, páginas visitadas). Puede aceptar todas las cookies pulsando el botón "Aceptar" o configurarlas o rechazar su uso pulsando el botón "Configurar". Puede obtener más información o cambiar posteriormente los ajustes en nuestra Política de Cookies.