liturgi lagungarriak

Lirturgi lagungarriak

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Gure bizi-iturri eta gure bihotzen Jauna den Jesu Kristo bego zuekin!

 

Gaur dugu liturgi urtearen azken igandea. Berriro Abenduan sartu eta Jaunaren zain jarri aurretik, gure fedeak aitorpen handi eta gozoa egin nahi du: Jesus egin zaigula gure bihotzen jaun eta jabe. Bera dugula adiskide, anaia, zerbitzaria, artzaina, pobreengan gose-egarri dena, arrotza, aterperik gabea, gaixoa, kartzelatua. Gure bihotza bete-betean ireki nahi diogu, berari eta pobreei gure maitasunean leku egiteko.

 

Hasteko, geure barrura sartu eta aitor dezagun ez diogula beti utzi, Jesusi eta beraren Berri Onari gutaz jabetzen. Aitor dezagun maitasunetik kanpo ibiltzen garela askotan. Eska diezaiogun maite gaituenari errukia.

 

  • - Jesus Jauna, ardi galdua bilatzen duzun artzain ona. Erruki, Jauna.
  • - Jesus Jauna, hilen artetik piztu zinen bizi-iturria. Kristo, erruki.
  • - Jesus Jauna, zure Erreinua eskaintzen diguzun Errege apala. Erruki, Jauna.

 

 

PREFAZIOA

Jaso ditzagun gure bihotzak esker onezko begiradaz, maite gaituen Aitarengana. Eman diezazkiogun eskerrak, bere maitasunezko Erreinura deitu gaituelako. Kanta dezagun gure morrontza askatua.

 

 

HONA HEMEN

Hona hemen Jainkoaren Bildotsa. Hona hemen gose-egarri dena, gaixoa, arrotza, kartzelatua, pobrea. Zorionekoak bihotza maitasunez zabaltzen diotenak.

 

 

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

1 - Ezekiel profetaren hitzak entzutera goaz. Jainkoa artzain on azaltzen digu, bere ardiez arduratzen den artzain on. Jesusek gurekin duen harremana adierazteko irudi aukerakoa.

 

2 - Jainkoaren Erreinurantz goaz denok, Jesus aurretik dugula. Entzun San Paulori.

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

Senideok, eska dezagun Jesusen Erreinuko gozotasuna gizon-emakume guztientzat. Jesusen Erreinuak poztu gaitzala denok.

 

- Jesus beren bihotzen Jaun aitortzen duten guztien alde:

  haren maitasunaren betea jaso eta bizi dezaten.

 

- Munduko herri guztien alde eta, bereziki, gehien sufritzen ari direnen alde; Afrikako herrien alde:

  herri garatuen laguntzaz, giza duintasunera jaiki daitezen.

 

- Jesusen Ereiunua pobreengan bizi dutenen alde:

  maitasunaren Berri Onak indar eman diezaien borrokan jarraitzeko.

 

- Gosez, gaixorik, kartzelan, mehatxupean, aterperik gabe, beharrean aurkitzen direnen alde:

  beren egoera gainditzeko laguntza eta adorea izan ditzaten.

 

- Gu guztion alde:

  behartsuen gertuan bizi eta saiatu gaitezen haien beharrak gozatzen.

 

Gure Jauna, gizon-emakume guztiak maite dituzun Erregea, emaguzu zure erreinuko bake eta ongizatea. Gure bihotzen Errege baitzara gizaldi eta gizaldietan.

 

 

 

 

 

HOMILIA

Azkenean maitasunaz galdetuko zaigu, adiskideok. Liturgi urtearen amaiera era askotara pentsa zitekeen eta begira nola antolatu duen Eliza amak: Jesu Kristo aitortzen dugu gure bihotzen Jaun eta maite. Gaurko festaburuak maitasunaren aurrean jartzen gaitu bete-betean. Hartu dugun maitasunaren aurrean, aurrena. Eta eman behar dugun maitasunaren aurrean, hurrena. Batek erantzukizunez betetzen baldin bagaitu, besteak poztu ere sakon-sakonetik pozten gaitu. Maitatuak izan gara eta maitasunak maitatu egiten du!

 

Bai, jauna, maitatuak izan gara! Gaurko lehen irakurgaiari darion gozotasun sakona begiratu eta barruratzekoa da: Jainko Aita gure atzetik dabilkigula gure bila; artzaina ardi galduaren bila bezalaxe, arduraz, kariñoz; sakabanatzen garenean, barruak bere bidea galtzen digunean, bizitza iluntzen zaigunean, Jaunak gure bide galduak jarraitzen dituela, bere bizkarrean hartu eta maitasunera itzularazteko; beti maitasunaren larre marduletan bazkatzen gaituela; gaixorik eta zauriturik gaudenean, berak sendatzen dizkigula zauriak; ondo gaudenean, bera pozten dela gure ongizateaz; hitz batean, kutuntasunez maite gaituela! Hori guztia egia da, horrela da. Eta hori sinesteak, gure bizitza aldatzen du.

 

Bizitza aldatzen duela? Arazo asko bizi dugu. Batzuek era bateko arazoak; besteek bestelakoak; baina denok bizi ditugu arazoak eta ezinak eta tristurak eta. Larrialdi eta zorion-falta nabarmenak daramatzagu barnean. Garai bateko ilusio franko non ote da?! Bizitzari espero genizkion zorion eta edertasun haiek non ote dira!? Eta dena badakizu nondik sortzen zaigun? Maitasun ezetik! Gizakiok, maitasuna falta dugunean, ez dakigu bizitzen, ez dakigu pozik bizitzen. Eta horrexegatik esaten nizun Jainkoak maite zaituela, kutuntasunez maite zaituela. Maitasun horrek dena aldatzen baitigu, dena!

 

Beharbada esango didazu, erraz esaten dudala nik Jainkoak maite gaituela, baina zuk ez duzula hori sentitzen, ez duzula sinesten, ez duzula ikusten. Nire esku balego, pozik sentiaraziko nizuke maitasun hori. Baina zeuk ikusi behar duzu. Eta badakizu non ikusten den garbien? San Paulok bigarren irakurgaian esan digun leku horretan, Jesusen gurutzean! Bizirako egin gaitu Jainkoak, eta Jesusen gurutze-piztueraz biziaren bokazioa berritzen digu. Zer dela uste duzu gurutzea eta piztuera, guretzako maitasunaren bizi-deia ez bada? Jainkoak dena maitasunaren oinetan jarriko du, gizon-emakumeok maitasunaren askatasun betea bizi dezagun. Jesusen heriotza eta piztueran neurririk gabe maitatuak izan gara. Artzain Onaren maitasun betean, bere maitasunaren askatasunera eraman zaitu. Eta orain Jesusen Erreinuko biziera berria duzu zeure bokazio.

 

Hemendik pentsa dezakezu nolakoa den gaur ospatzen dugun Erregetza. Jesu Kristok ez du indarrik eta aginterik behar bihotzak bereganatzeko. Maitasunaren indarrez, inork baino gehiago maitatuz, egin zaigu bihotzaren jabe. Eta giza mailan gure menpetasunak derrigortuta aitortu behar izaten baldin baditugu, hemen ez da horrela: galtza beteko pozez aitortzen dugu, gehien maitatu gaituenaren zerbitzari izan nahi dugula. Izan ere, eta hau beti horrela da, maitasunezko morrontza baita gure bihotza askatzen duen menpetasun bakarra. Maitasunak bakarrik lor dezake zerbitzuan pozik bizitzea.

 

Eta hortik sortzen da eta hortik ulertzen da, maitasunez bizitzea. Nondik bestela? Gose-egarri den bakoitza zure senidea dela?, arrotz eta aterpe gabeko bakoitza zure etxekoa dela?, biluzik dagoen bakoitza zeure haragi duzula?, gaixo bakoitza zaindu beharreko senide duzula?, kartzelatu bakoitza bisitatu beharreko senide duzula?, hori dena hala esan zaigulako, besterik gabe? Ezin daiteke! Era horretako senidetasuna, bihotza beteko maitasunak sortzen du. Ez dago beste erarik. Egia esate aldera, denok amestu izan dugu inoiz, denok, era honetako maitasunez bizi den gizartea, ez da egia? Baina, berehala ulertzen dugu hori amets hutsa dela. Baina, zergatik ametsa? Ez dugulako maitasuna bizi eta gozatzen. Eta, jakina!, barruan maitatua sentitzen ez bazara, eta ez nolanahi maitatua, ez duzu sekula sinestuko maitasunezko gizarterik eraiki daitekeenik.

 

Ba, begira: maitatuak izan gara, eta maitasuna josi zaigu erraietan. Jaunak maitasunera ekarri gaitu eta maitasunak pobreengana eramaten gaitu, haiengan aurkitzen baitugu maite gaituen Jauna. Maitatuak izan garenetik, badakigu, Jauna ez dugula bilatu behar otoitzean edo elizetan edo sakramentuetan bakarrik; Jaunarekin topo egitekotan, zoaz beharrean dagoen edonorengana eta hantxe aurkituko duzu beste horietan baino argi eta garbiago. Akaso pentsatuko duzu, hori ere hala ikusten baitugu, maitasun-lege hau oso gogorra dela. Ez da gogorra. Maitasuna dagoenean, maitasunaren legea bizitzeak pozten du barrena. Hori bai, arrazoi duzu, maitasuna bizi ez baduzu, maitatu beharra oso gogorra izaten da, oso gogorra!

 

Baina zuk maitasuna bizi duzu, eta nolakoa! Zaren bezala izan zara maitatua. Zu maite zaitu Jaunak, zu bilatzen zaitu, zutaz arduratzen da. Jaunak zure poza nahi du. Horregatik esaten dizu zein den berarekin topo egiteko bidea: beharrean dagoen lagun hurkoa. 

 

Zer egin behar dugun? Aurrena, maitasuna eskertu. Jesusi esan izan dadila zure bihotzaren jaun eta jabe. Indartu eta sendotu itzazu zeure barruan errukizko erraiak. Eta gero, maitasunari libre utzi, behartsuengana joan dadin. Eta behartsuengan aurkituko duzu bizitza zoriontsu egiten duen komunioa. Orduan ikusiko duzu, behartsuekin egotea ez dela eginbeharra, zorion-eskaintza ederra baino. Ospa dezagun beste behin maitasunaren betea, gure bihotzen Jaunaren mahaian.

FaLang translation system by Faboba

Utilizamos cookies propias y de terceros para fines analíticos y para mostrarle publicidad personalizada en base a un perfil elaborado a partir de sus hábitos de navegación (por ejemplo, páginas visitadas). Puede aceptar todas las cookies pulsando el botón "Aceptar" o configurarlas o rechazar su uso pulsando el botón "Configurar". Puede obtener más información o cambiar posteriormente los ajustes en nuestra Política de Cookies.