liturgi lagungarriak

Liturgi lagungarriuak

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Beregana biltzen gaituen Jauna, igandez alaitasunez eta bakez betetzen gaituen Jauna, zuekin!

 

Mundu guztian elkartzen da gaur kristau-taldea, gu elkartzen garen bezalaxe.  Jende desberdina, baina fede bera bizi duena. Desberdintasunak, fede berean biziz gero, aberastu egiten gaitu.

Geure bizia, geure ilusio eta nahigabeak hartuta gatoz Eukaristia ospatzera. Bakoitza geure historiarekin gatoz. Besteena denoi inporta zaigu, elkarte bat bera baikara. Batasun honetan ospatu nahi dugu gaurko Eukaristia.

 

Hasteko, jar gaitezen Jainkoaren aurrean geure barruko egiarekin, eta eska dezagun garbitzen gaituen errukia.

 

– Jesus Jauna, gure bihotz urratuak salbatzera bidalia. Erruki, Jauna.

– Jesus Jauna, bekatariei dei egitera etorria. Kristo, erruki.

– Jesus Jauna, beti gure alde otoitzean ari zarena. Erruki, Jauna.

 

 

PREFAZIOA

Bere ituna erregalatu digun Jainko onari eman diezazkiogun eskerrak, Eliza osoarekin bat eginda.

 

 

GURE AITA

Jesusek irakatsi zigun bezala, orain, jaunartu aurretik, esan dezagun beldurrik gabe seme-alaben otoitza.

 

 

HONA HEMEN

Hona hemen itunaren ogia. Hona bizi berria ematen digun janaria. Zorionekoak mahai honetara gonbidatuak.

 

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

1) Ia igandero bezala, lehenbiziko irakurgaiak geroko ebanjelio-txatala argitzen digu. Gure bizitzan zer esan nahi du Jainkoaren borondatea betetzeak? Hori dute gai bai lehen irakurgaiak bai ebanjelioak.

 

2) Gaur hasi eta datozen lau igandeetan, bigarren irakurgaia Santiagoren epistolatik hartuko dugu. Jaunaren Hitzari adi-adi bizi behar genukeela, dio gaurko txatalak; baina, baita beste hau ere: ez dela nahikoa entzutea. Entzun dezagun!

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

Aurkez diezazkioigun zeruko Aitari gure eskariak eta munduko pobreen beharrak.

 

Eliz gidari guztien alde; elkartearen zerbitzuan ari direnen alde; munduko fededun guztien alde... (isilunea). Eska diezaiogun Jaunari.

 

Otoitz egin dezagun gaixoen alde; gaixoak zaintzen ari diren guztien alde; ezbeharrez zauritu direnen alde... (Isilunea).

 

Otoitz egin dezagun ikasle eta irakasleen alde... Ikasturte berriari ekiten dioten guztien alde... (isilunea).

 

Gerran ari diren herri eta pertsonen alde; Siriaren alde; migrazoen jario ikusgarrian sufritzen ari direnen alde... (isilunea).

 

Otoitz egin dezagun geure alde; gure familien alde; gehien sufritzen ari direnen alde... (isilunea).

 

Entzun, Aita ona, gure eskariak, zu baitzaitugu on guztien iturri agortezina. Entzun gaitzazu Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

 

 

 

HOMILIA

Bost igande San Joanen ebanjeliotik hartutako ogi biziaren atal ederrarekin eman ditugu. Berriro ere, aurtengo urte-txandari dagokionez, San Markosenera gatoz. Eta oraintxe irakurri ditugun pasarteotan sumatu duzuenez, Jainkoaren aurrean har daitezkeen posturak aztertu beharko genituzke gaur, Jainkoaren bidearen aurrean har daitezkeen jarrerak. Erlijioa Jainkoarekiko lotura da, ez eginbehar batzuekiko lotura. Ezin gaitezke, beraz, kanpoko azalkeria eta jarduera hutsaz konforma. Jainkoarekiko gure harremanak sakontasuna behar du, egia behar du.

 

Israel herriak ederki erakusten digu bere eskarmentuaren argiaz: Jainkoak eman dion askatasuna handiegia izan da, Jainko horren presentzia eta hurbiltasuna ez sumatzeko. Eta askatasun-egintza horren guztiaren oinarri Jainkoa bera dago. Eta herriari ematen zaion legea, Jainkoarekiko harremanaren oroigarria da.  «Biziko zarete». «Bai herri zentzudun eta jakintsua dela herri hau». «Ba ote herri handirik, bere jainkoak hain hurbil dituenik!» Jainkoa gertuan sentitu du Israel herriak, eta horretatik Israel herriak legeari dion estimu handia.

 

Baina betikoa! Beti ere errazagoa da eginkizunak betetzea, harreman pertsonalak bizitzea baino. Errazagoa da Jainkoari lege-kunplimendu bat eskaintzea, haren hurbiltasunaz liluratuta bizitzea baino.  Eta Israel herriari gertatu zitzaion, ba zera: hasieran harreman bizigarri baten ezaugarria izan zena, azal hutsean, ohitura hutsean, geratu zitzaiola. «Zaharren ohiturak» gordetzea da betekizuna. Esku-garbiketak, legekeriak eta abarrak, erlijioa ezerezean uzteko modu aproposak dira. Legearen detaileetan Jainkoa bera eta gizon-emakumeon barne-jarrera garrantzi gabekoa bihurtzen da.

 

Baina Jesusek ez du hori horrela onartzen. Gure erlijio-arazoa ez dugu lege edo betebehar batzuetan jokatzen. Giza bihotzean dago erlijioaren gorabehera. Legea bete edo ez betetzeak bere garrantzia izango du, noski, baina garbitasun-zikinkeriaren arazoa giza bihotzean gertatzen da. Esku zikinek ez dute barrena zikintzen. Barren zikinak zikintzen du dena. Eta Jesusek jakinarazi nahi die bere entzuleei, ezin daitekeela legea jainkotu. Ezin daitezkeela zaharren ohiturak Jainkoaren tokian jar. Jainkoa bihotzez maitatzea da eskatzen dena. Ez da legea Jainkoaren aurretik jarri behar, atzekoz aurrera baizik, Jainkoa legearen aurretik, izan ere aurretikakoa da eta. Eta horrek bihotza, bihotz osoa, eskatzen dio gure erlijio-jarduerari, bihotza!

 

Eta hau guztia Santiagoren zatiarekin lotuz gero, zer? Santiagok ere «jainko-zaletasun garbi eta akatsik gabea» eskatu digu. Eta hori zer den zehaztu ere zehaztu digu: «Umezurtzei eta alargunei beren nahigabeetan laguntzea, eta mundu honen kutsutik garbi irautea». Horra, bada, gauzak nola diren: Jainkoarekin egiazko erlijio-lokarria nahi badugu lotu, lokarri hori lagun hurkoarekiko harremanetan beharko dugu korapilatu. Beste era ulergarriagoan esateko: lagun hurkoarekiko eguneroko maitasun izatera iristen ez den Jainkoarekiko erlijioa edo lege-betetzea edo harremana, hutsean eta bere horretan gezurtatua geratzen da.

 

Israelen jokalgea begiratu eta aztertu dugun bezala, ez ote dezakegu geurea begiratu eta aztertu? Jainkoarekiko gure harremana zertan oinarritzen da? Ez al gara gehiegitan betebehar askoren arduratan nekatu? Eta betebeharrak oso garbi ikusi ez ditugunean, ez al gara gelditu ez lege eta ez Jainko? Jainkoarekiko gure harremanak ez al zaizkigu ohitura hutsetan baliogabetu? Ez al dugu dena kanpoko itxuratik neurtzen eta balio-kidetzen? Mezak, sakramentuak, seme-alaben kristau-heziera, mandamentuak... hori guztia Jainkoarekiko harreman pertsonalaren argitan aztertu beharko genuke. Izan ere, gure eginahal hori guztia bihoztuna ez baldin bada, azal hutsean gel dakiguke. Eta ez didazu. noski ezetzik esango: hainbeste ariketa eta betebehar eta meza eta otoitz eta gauza, harreman pertsonalaren agiri ez baldin bada, ez da ezertarako!

 

Eta hemen, lagun hurkoarekiko harremana da beste edozeren gainetik aztertu beharrekoa, horretan ematen baitzaio Jainkoarekiko harremanari bere egia eta mamia. Lagun hurkoarekiko harreman onik ez izateak, hustu dezake erabat Jainkoarekiko gure harremana. Eta gure gizartera begiratzen hasita, aztertu behar askotxo ez ote daukagun! Gure gizarte fededun omen denak erakusten ote du jainkoa maite dugula?!

 

Esaten dugun honen harira, garbi dago gaur Jainkoaz eta gizakiaz hitz egiteko moldea aldatu beharra daukagula fededunok. Askotan gure moralbideak legetik eta aginduetatik neurtu izan ditugu; eta hori ez da egokia. Pertsonaren balio sakratua eman digu Jainkoak gure egintza guztien egia neurtzeko neurri. Pertsona da guztiaren neurri. Gizatasunaren balioa jarri behar dugu gure bizikizun guztien ardatz. Horrek, gainera, ederki uztartzen du gure fede-bizikizuna gaurko gizarteak balioberritu duen giza eskubideen ikuspegiarekin. Pertsonaren eskubideak eta duintasuna eman dizkigu Jainkoak, berekiko harremana neurtzeko moldetzat.

 

Goazen Eukaristiara. Hortxe jartzen gara Jainkoarekin harremanetan. Hementxe egiten dugu Jainkoak eman digun salbamen-dohainaren oroigarria. Hementxe garbitzen gara egiazko erlijioa bizitzeko. Eukaristiak garbitzen digu bihotza, maitezko harremanetan bizi gaitezen. Hortxe ikusten dugu zein gertu daukagun gure Jainkoa!

FaLang translation system by Faboba

Utilizamos cookies propias y de terceros para fines analíticos y para mostrarle publicidad personalizada en base a un perfil elaborado a partir de sus hábitos de navegación (por ejemplo, páginas visitadas). Puede aceptar todas las cookies pulsando el botón "Aceptar" o configurarlas o rechazar su uso pulsando el botón "Configurar". Puede obtener más información o cambiar posteriormente los ajustes en nuestra Política de Cookies.