liturgi lagungarriak

  1. APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Gure bihotzen Jauna eta herriek espero duten Mesias, bego zuekin!

 

Senideok, iganderoko bihotz-berotasunez biltzen gara Jaunaren mahaiaren ingurura. Aurrena, Hitzaren mahaitik jasoko dugu maitasunaren mezua; eta gero, Eukaristiaren mahaitik dohainaren betea jasoko dugu. Horixe dugu iganderoko poz, horrexek indartzen digu gure esperantza eroria.

Hasteko, pranta gaitezen apal Jaunaren aurrean. Aitortu dezagun gure bekatua eta uste on izan dezagun dena edertzen duen errukian. 

 

– Jesus Jauna, gure mesias eta gizon-emakumeen pozbide. Erruki, Jauna.

– Jesus Jauna, gurutzerainoko maitasunez maitatu gaituzuna. Kristo, erruki.

– Jesus Jauna, sinesmenean indartzen gaituzuna. Erruki, Jauna.

 

PREFAZIOA

Senideok, esker onaren unea dugu, une nagusia. Jesusen zerbitzu askatzailea eskertu dezagun, sinesmenezko aitorpen ederra eginez.

 

GURE AITA

Eukaristi otoitza amaiturik, jaunartzeko prestatu behar dugu. Eta, lehen urrats bezala, guztion Aitari dei egiten diogu, bere Erreinuaren dohainez bete gaitzala eskatuz.

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOA

  1. Jaunaren zerbitzariaren kantika irakurtzen dugu, gero Jesusek burutuko duen bidearen irudi. Maitasunaren neurriak dira hauek.

 

  1. Sinesmenak bere egintzak behar ditu, bizi dela adierazteko. Sinesmenak maitasunera eramaten ez bagaitu, garbi dago ez dela benetakoa. Sinesmenaren egintzak, hala ere, ez dira guk kontrolatzekoak.

 

 

 

 

HERRI OTOITZA

Senideok, egin ditzagun gure eskariak apaltasunez, munduko behartsu guztiak gogoan ditugula. Eska dezagun Ebanjelioaren poza gizon-emakume guztientzat.

 

- Munduan sakabanaturik bizi diren fededun guztien alde: ahoz egiten duten aitorpena, maitasunezko egintzetan erakuts dezaten.

 

- Munduko herrien alde; gerra sufritzen ari diren herrien alde; Siriarren alde: bakoitzak, bere interesen aurretik, pertsonaren balio sakratua jartzen jakin dezan.

 

- Gaixorik, bakardadean, beldurrez, krisiagatik, sufritzen ari diren guztien alde: beren ezinean Jesusen maitasun-egintzak adoretu eta barrutik poztu ditzan.

 

- Ikasturte berria  hasi edo hasiko duten gazteenen alde: maitasunean eta giza balioen errespetuan hazi eta hezi daitezen.

 

- Hemen bilduta, Eukaristia ospatzen ari garen guztion alde: Jesusengan eman zaigun salbazioa ospatu eta hots egin dezagun, batez ere zerbitzuaren bidez.

 

Entzun, Jauna, gure beharretik egin dizkizugun eskariok. Erakuts iezaguzu zure maitasun betea, guk ere geure hurkoak maitasunez zerbitza ditzagun. Guretzat bizi eta guretzat hil den Jesu Krisro gure Jaunaren bitartez.

 

 

 

 

HOMILIA

Senideok: galdera nagusiaren aurrean gaude: Ni nor naiz zuretzat? Arduraz eta arretaz hartu eta erantzun beharreko galdera, sinestedun sentitzen baldin banaiz behintzat. Besteen informazioa ematea erraza da; norberak buruz zer dakien edo iritziz zer uste duen adieraztea ere ez da zaila. Eta askotan hori da egiten duguna: dakiguna esan, ikasitakoa; barneratuta dauzkagun portaera batzuen usteak azaldu. Azken batean, kanpoan gelditu, geure barrua eta bizitza inplikatu eta konplikatu gabe.

 

«Batzuek Joan Bataiatzailea, besteek Elias, besteek profetaren bat». Ikasleek ere horixe egin zuten, besteen erantzunak azaldu. «Gizon ospetsu eta interesgarria, gaur egunerako baloreen profeta, gizatasunaren eredua...» izan litezke gure eratzunak. Baina, Jesusek barrura jotzen du: «Baina, zuk zer? Zuretzat nor eta zer naiz?». Eta hor barrutik harrapatuak sentitzen gara, biluztuak. 

 

Bakoitzak ikusi behar du Jesusengana nondik eta zenbat hurbildu den. Bakoitzak eman behar du, ordezkorik gabe, bere erantzuna. Bakoitzak erakutsi behar du zenbateraino lotzen duen Jesusekiko harremanak. Noraino iristen den, gainera eta barrura heldu zaion zirrara.

 

Jesusek, eman behar dugun erantzunaren aurrean, ez gaitu engainatzen. Garbi adierazten du berari jarraitzea ez dela batere gozoa eta samurra. Jerusalem eta gurutzea hor daudela osagai ukaezin bezala. «Beharrezkoa da Gizonaren Semeak neke handiak jasatea; hil egingo dute». Argi eta garbi hitz egiten zien. Jesus ez dabil zurikerietan bereganako atxikimendua nola erosiko. Jesusekiko lotura ez da propaganda errazez lortzen. Pertsonaren hondo-hondoko oinarriak harrapatzen dizkigu, pertsonak bere guztia jokatzen dueneko sakonena harrapatzen digu.

 

Pedrorena gertatzen zaigu. Ez dugula ulertzen. Guk espero genezakeen mesianismoa askoz dirdaitsuagoa dela. Ez genuela uste horrelako kolore arreak dauzkanik. Eta ez da harritzekoa Pedroren eskandaloa. Jesusek berak ere sentitzen baitzuen mesianismo erraz horren lilura. Horregatik Pedroren eskandaloan bera ere eskandalizatu egiten da, Pedroren asmotan deabruaren irudia ikusteraino. Akordatzen hasierako tentazio haiek, basamortukoak? Gauza bera da Ebanjelioparen une zedarri honetan sentitzen eta bizi duena. Baina Jesusek argi dauka Aitaren nahia beste bide batetik doala, azkenerainoko maitasunetik, guztizko zerbitzutik. Eta hori izango da Jesusen bidearen eta gurutzearen muina: maitasuna, zerbitzua!

 

Lehenengo irakurgaian profetak esan dizkigunak hitzez hitz betetzen dira Jesusengan. Ez dio sufritu beharrari ihes egingo, maitatzeko baldin bada, zerbitzatzeko baldin bada. Bere izate guztia jokoan jartzen du, Aitak hala eskatu diolako. Badaki orain arte segika etorri zaion jende askok ihes egingo diola. Mesianismo garailearen erakarpen errazak bukatu dira. Orain hasten da gurutzeko entrega betean burutuko den mesianismoa. Eta eskaintza horren aurrean, jendeak atzera egiten du. Pedrok eta beste ikasleek ere ez dute bide hori onez hartu nahi.

 

Gaur guretzat da galdera. Nor da Jesus niretzat, guretzat? Zer harreman bizi dut berarekin? Edonolako harremanak ez du balio. Doktrinazkoak, burukoak, ideiazkoak, azalekoak... ez du balio. Jesusek bestelako harreman sakonera gonbidatzen gaitu. Gure guztia entregatzera egiten digu dei. Harreman sakon eta afektiboak balio du, gure bizitzari espiritu berria ematen dionak, gure guztia Jesusen eskuetan uzten dakienak.

 

Harreman berri honen argitan irakurri beharko genuke gaurko bigarren irakurgaia ere. Egintzetan gorpuzten ez den sinesmenak ez du neurri ona ematen. Sinesmena, lehen aipatu dugun harreman sakon horretan gertatzen da. Eta harreman horretatik sortzen diren egintzak goraipatzen ditu Santiagok. Hitz hutsek ez dute balio. Eta, dena esateko eta muina laburki azaltzeko, maitasunera iristen den sinesmenak bakarrik balio du. Jesusek Jerusalemgo gurutzean emango du bere maitasunaren neurria, eta maitasun horixe da gure sinesmenari eskatzen zaiona. 

Baina, hori nola, gure ahuldadeak ezagututa? Zalantzarik ez dago: Jesusekiko harreman hau ez da gurea, ez da guregandik jaiotzen. Jainkoari bihotza zabaldu eta dohain bezala hartzea dagokigu. Noski, horrek ez du gure ahalegina moteldu behar; gure ahaleginak bildu behar du bihotza zabal irekitzera, Jaunaren dohainari baietz esatera, maitasunari diogun beldurra zuritzera.

 

Badakigu, eta ondo, horrenbesteko maitasunak izutu egiten gaituela. Nahiago dugu bizitza kontrolatuz bizitzea. Maitasunak gure barrua «deskontrolatu» egiten digu, ekimena Jainkoaren eskuetan utziz. Horrek esan nahi du, egunero eta uneoro sinesmenaren abentura bizitzea, gure segurantzak arriskatzea, Jesusekin bidea egiteko adorea izatea.

 

Eukaristia ospatzera goaz, eta Eukaristian ematen zaigu bide honetarako Espiritua. Eukaristia dugu segiziorako dohaina. Ireki dezagun uste onez gure barrua eta utz diezaiogun dohainari gure bizitza osoa hartzen.

FaLang translation system by Faboba

Utilizamos cookies propias y de terceros para fines analíticos y para mostrarle publicidad personalizada en base a un perfil elaborado a partir de sus hábitos de navegación (por ejemplo, páginas visitadas). Puede aceptar todas las cookies pulsando el botón "Aceptar" o configurarlas o rechazar su uso pulsando el botón "Configurar". Puede obtener más información o cambiar posteriormente los ajustes en nuestra Política de Cookies.