liturgi lagungarriak

Liturgi lagungarriak

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

Gu salbatzeko jaio den Kristorengan eman zaizkigun Aita Jainkoaren bakea eta maitasuna bitez zuekin!

 

Eguberri ospatzen ari gara. Jesu Kristoren jaiotza ospatu dugu oraindik orain, Jainkoa giza haragi egina, Belenen jaioa; eta gaur, Eguberri zortziurreneko igande honetan, giza familiaren kide egina ikusten dugu, Maria eta Joserekin bat. Familia horretan ikusten ditugu geure familiak ere.

 

Hots egin dezagun orain pozik Jaunaren ospea. Belenen, Eguberri gauean Biziaren jaiotzea hotsegin zuten aingeruek. Haien kantuarekin bat egin dezagun, Jainkoa gizon egin baitzaigu.

(Aintza)

 

 

PREFAZIOA

Jainkoaren seme-alaben familia osoarekin bat eginda, eskerrak eman behar dizkiogu zeruko Aitari. Eskerrak, Jesu Kristok gure zoria bere gain hartu duelako eta, horrela, jainkozko biziaren ateak ireki dizkigulako.

 

 

GURE AITA

Jesusek irakatsi zigun otoitzak ederki biltzen du gaur ospatzen duguna. Jesusen senide bezala eta Aita beraren seme-alaba bezala, esan dezagun gogotik.

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

(C urteko irakurgaiak: 1 Samuel 1, 20-22. 24-28; 1Jn 3, 1-2.21-24; Lk 2, 41-52)

1) Hitzaren mahaitik jaso behar dugu orain. Lehendabizi, Testamentu Zaharreko pasadizu bat gogoratzen dugu. Anak, Jainkoaren onginahiak eman dion semea besoetan duela, Jainkoaren goralpena egiten du. Gero beste emakume batek, Mariak, bere Semea eskainiko du munduaren  Salbatzaile izateko.

 

2) Kristauarentzat dohairik ederrena, Jainkoaren seme edo alaba izatea da. Jainkoak, dohain hutsez, bere familiako kide egin gaitu

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

Alaitasunez, fedez, usterik onenaz, dagiogun otoitz gure Jainkoari, maite gaituen Aita Jainkoari. Kanta dezagun:

 

ENTZUN, JAUNA, GURE ESKARIAK.

 

Aita, berri ezazu zure  Eliza, onginahizko eta senidetasunezko argi eder izan dadin gizartean.

 

Aita, egizu sor daitezela bakea eta justizia, eta amai daitezela zapalketa eta gogorkeriak munduko herrietan.

 

Aita, bedeinka ezazu gure Euskal Herria eta emaiozu elkarlanean herri baketsu eta gizaerakoa eraikitzeko adorea.

 

Aita, eman zure indarra eta grazia gure familiei eta, batez ere, beharrean eta marjinazioan bizi diren familiei; eman zure maitasuna, zatiturik eta maitasunik gabe dauden familiei.

 

Aita, babes gaitzazu gu guztiok eta babes gure familia eta senitarteak.

 

Aita, horrelaxe eta hori eskatzen dizugu, gu bezalaxe gizon egin den eta Zurekin errege bizi den Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

 

 

(Lehen irakurgaia)

 

Samuelen liburutik.

Egun haietan, haurdun gelditu zen Ana, eta seme bat izan zuen. Samuel ezarri zion izen, esanez: «Jaunari eskatua dut».

Urte bat igaro ondoren, Elcana bere senarra familia osoarekin igp zen Jaunari urteroko oparia eskaintzera eta agindutakoa betetzera. Anak ez zuen igo nahi izan, senarrari esanez:

– Haurrari bularra kendutakoan, orduan eramango dut Jaunarengana eta geldi dadila han betirako.

Anak bere haurrari bularra kendu zionean, Siloko Jaunaren etxera eraman zuen Samuel. Eraman zituen, baita, hiru urteko zezen bat, zaku bat irin eta zahagi bat ardo. Haurra oraindik txikia zen.

Zezena oparitarako hil zuten, eta haurra Eliri eraman zioten. Anak hopnela esan zuen: 

– Ene jauna, Ni naiz, hemen zure ondoan Jaunari otoizka egondako emakumea. Haur hau eskatzen nion; eta Jaunak eman dit eskatzen niona. Horregatik, Jaunari eskaintzen diot; bere bizitzako egun guztietan Jaunari eskainia gelditzen da.

Eta bertan Jauna gurtu zuten.

 

 

 

HOMILIA

(Homilia honen sustraian dauden irakurgaiak C txandarako proposatzen direnak dira: 1Sm 1, 20-22. 24-28; 83 salmoa; 1Jn 3, 1-2.21-24; Lk 2, 41-52)

Senideok: Eguberri-giroa bete-betean ospatzen ari garela, zortziurrenaren barnean, Familia santuari begiratzen diogu gaur. Jesus, Maria eta Jose, elkarte eredu bihurturik jartzen dizkigu Elizak begien aurrean. Inolako zalantzarik gabe, giza familia osatzen dugunontzat, giza elkarteak eta kristau-elkartea osatzen ditugunontzat, erreferentzi puntu ederra Nazareteko elkarte hura.

Baina, Nazareteko familiari begira jarri aurretik, ez dugu gaurko ospaketaren oinarria ahaztu behar. Eguberriko misterioa ospatzen ari gara bete-betean. Jainko gizon eginaren hurbiltasuna eta giza zoria kontenplatzen dihardugu zortziurren bilduan. A zer nolako maitasuna ikus dezakegun gertatu zaigun edertasunean! Jainkoak horrenbesteraino maitatu gaitu, horrenbesteraino! Fededunak badu aste honetan bere gizatasunari eta bere bizitza osoari zer eskainia! Askatasun ikusgarri baten testigu izan baikara. Eta Jainko Semearen gizon egite hau, begira nolako gordintasunez gertatu den: giza familia jakin baten atal egin da, giza familiaren ezinak eta loturak bere gain hartzeko. Giza familia, Jainkoaren ukituak edertu du!

Begira bestela gaur irakurri ditugunei. Jesusen bizitza erabat Aitarentzako bizitza da. Jainkoak emana da, Samuel bezala, eta Jainkoarentzat da. Belenen kontenplatzen dugun haur horrek eginkizun bati ekiten dio, bide bati. Jainkoaren erreinuari erabat emana gelditzen da. Horretatik uler daiteke ebanjeliokoa: Josek eta Mariak ez dute haurra lotu behar. Aitarena da. Eta Aitak eman dion egitekoa bete egin behar du. Mariak ederki asko ulertuko du hori bere fede helduan! Eta Jesusek, Aitarentzat izanez, Jainkoaren seme-alaba egiten gaitu. Jainkoaren familian itsasten gaitu. Eta san Joanek esan digun bezala, egia horrek uste onez betetzen gaitu, eta maitasunezko elkartasunean bizitzera garamatza. 

Giro honetan, familia izaten eta familia bezala bizitzen ikas daiteke, eta ikasi behar genuke. Bi balio nagusi behintzat azpimarratu nahi nituzke gure familiei eta gaurko Jainkoaren hitzari begira jarrita. Eta lehenengoa, senidetasuna da. Gure familiek senitartea behar dutela izan, alegia. Lehiaketa gorrian, batak bestea zapalduz, muga gabeko borrokan bizi den gizartearen barnean, kristau-familiak senidetasunaren esperientzia bizi behar luke. Senidetasunaren esperientzia familian ikasten da, hortxe biziz. Eta senidetasunezko familian  hazitako gizon-emakumeek senidetasuna eramango dute gizarteko beste alorretara. Senidetasuna ez da amets soila. Hori badaki era honetako famili giroa bizi izan duenak.

Eta senidetasunaren ondoan, beste balio nagusia, doakotasuna! Dena saltzen eta erosten den gizarte honetan, familiak debaldeko harremanak bizi diren txoko gozo izan beharko luke. Interesik gabeko harreman doanezkoak bizi diren gune barea. Zer esan nahi da honekin? Pertsonen balioa ez neurtu daukatenetik, direnetik baizik. Balio badute ez badute, pertsonak dira. Familia batean bizi daitezke gauzak egiteko balio dutenak edo ez dutenak, azkarrak eta hain azkarrak ez direnak, osasuntsuak eta gaixoak. Eta gehiago, gainera: familiak ahulen babes izan beharko luke batez ere. Mezu eder askoa eskainiko litzaioke gizarteari: produzitzen ez dutenak, gaixoak, edadekoak baztertzen dituen gizarte zelebre honi. Jainkoak gurekin erabili duen doakotasuna bandera bezala daukagunok, jakin behar genuke doakotasunaren balio ederra lantzen eta balio horretan familiakoak hezitzen!

Eta senidetasunaren eta doakotasunaren ondoan, ebanjelioan agertu den esaldi bat azpimarratu nahi dizut, entzule bihotzeko: “Jesus, berriz, aurrera zihoan jakintzan, gorpuzkeran eta grazian, Jainkoaren eta gizakien aurrean”. Izan ere, galdetzen dut, zertarako da senidetasuna edo zertarako doakotasuna? Azken batean, sustraietara joz, zertarako familia? Hazten laguntzeko! Pertsona bakoitzaren haztea bideratzeko! Inportantea ez da, famili eredu bat edo bestea izatea. Garrantzizkoa da, elkarri hazten lagunduko dion famili eredu bat paratzea. Garai batean eredu edo era batekoa izan zitekeen propioa. Gaur, beste modu batekoa izan daiteke. Estrukturak edo moduak ez dira hain ezinbestekoak. Elkarri hazten laguntzea da ezinbestekoa: bere nortasunean, bere eskubideetan, bere nahietan, bere barnean, bere pozean, bere bakean... hazten lagundu. Eta horretatik sortzen da batasuna. Hortik sortzen da lotura. Odolaren poderioz mantendu nahi den batasuna hautsi daiteke, baldin eta barne-proiektu baten eragina falta baldin bazaio. Eta gaur, gure famili erak hainbeste aldatzen ari zaizkigun honetan, aldaketa horrez gehiegi kezkatu ordez, hobe genuke elkarri nola lagun diezaiokegun galdetzeaz kezkatuko bagina. Elkarri hazten laguntzearen galdera sortzen denean, famili bizitzaren oinarria ukitzen baita!

Adiskideok, poztu gaitezen gure familiako egin den haurrari begira. Eta bere bedeinkapena eska diezaiogun gure familientzat. Mariak, Josek eta Jesusek osatu zuten bezalako famili giroa osa dezagula gure eliz elkartean, gure familietan eta gure gizartean.

Eta goazen Eukaristiari jarraitzera. Hemen ematen zaigun maitasun hau dohaina da, barrurantz hazi gaitezen. Gure bizitzarako oinarri eta iturri ederra izan daiteke! Izan badaiteke, izan bedi!

FaLang translation system by Faboba

Utilizamos cookies propias y de terceros para fines analíticos y para mostrarle publicidad personalizada en base a un perfil elaborado a partir de sus hábitos de navegación (por ejemplo, páginas visitadas). Puede aceptar todas las cookies pulsando el botón "Aceptar" o configurarlas o rechazar su uso pulsando el botón "Configurar". Puede obtener más información o cambiar posteriormente los ajustes en nuestra Política de Cookies.