liturgi lagungarriak

Liturgi lagungarriak

A) APAIZAREN MONIZIOAK

AGURRA ETA SARRERA
Gure alde bere bizia eman duen Jesu Kristo gure Artzain onaren bakea eta bizi berria, izan bitez zuekin!

Bataioak sartu gaitu Jesusen elkarte berrian. Horregatik, Pazko-igandeotan, gure une berezi hura gogoratuz, ur bedeinkatuz geure buruak zirtatuz abiatzen gara mezatan. Artzain onak ez dio gaitzespenik ematen ardi galduari. Gutxiago guri. Uste osoz, gogora ekar dezagun gure bataioko une bizi hura.
(Urez zirtatzea)

Jainko Aita ahalguztidunak garbi gaitzala bekatu guztitik eta, zeruko mahaiko partaide eginez, eraman gaitzala betiko bizitzara.

PREFAZIOA
Jesus berpiztua Apostoluekin eseri zen mahai berean. Guk Eukaristian horixe egiten dugula aitortzen dugu. Berak agindu baitzigun: «Egizue hau nire oroigarri!». Ea ba!


HONA HEMEN
Hona hemen Jaungoikoaren Bildotsa. Hauxe da JesuKristo gure Jauna, heriotza garaituz hilen artetik piztua; hauxe betiko bizitzaren seinaletan guri emana. Zorionekoak mahai honetara deituak!


B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK
1) Jesu Kristori jarraitzea aski da fededun izan eta hala bizitzeko. Lehen kristau-elkartea asaldatu zuen arazorik handienaren aurrean jartzen gaitu lehenengo irakurgai honek. Judutar arauak bete behar ziren ala ez ziren bete behar? Entzun!

2) Aurreko igandean Apokalipsi liburuak zehazten zigun Jainkoaren hiriak badu oinarria eta argia. Jesukristo Bildotsa da hiri honen argitasuna eta apostoluak dira eraikuntza horren oinarri.




HERRI-OTOITZA
Jesu Kristo  gure Artzain Onaren jarraitzaile garenez, gizon-emakume guztien alde otoitz egin diezaiogun Jainkoari,  guztientzat bizia eskatuz.

•    Jesu Kristoren Eliza osatzen dugunon alde eta, batez ere, artzain-eginkizuna daukatenen alde: guztiok Artzain Onaren jarraitzaile leial izan gaitezen.

•    Sufritzen ari diren herri eta pertsonen alde; Siriaren alde; errefuxiatu eta erbestetuen alde: Pazkoak Jesu Kristo Artzain Onaren babesa sentitzera eraman ditzan.

•    Gure gaztetxo, gazte eta helduen alde: Ebanjelioa hots egiteko deia entzun dezaten, Espirituaren eraginari bihotzak zabalduz.

•    Egun hauetan sakramenturen bat lehenengo aldiz hartu edo hartuko duten gazteen alde: gaur sentitzen duten poza eta adorea, beti indartsu gorde ditzaten.

•    Eukaristia honetan bildu garenon alde: Jesu Kristo Artzain Onaren biziak biziberritu eta poztu gaitzan, beraren bidetik jokatuz.

Entzun, Aita ona, zure Elizaren eskariak. Emaiozu bizi betea zure Semearen artaldeari. Berpizturik Jainko eta Errege bizi baita gizaldi eta gizaldietan.



HOMILIA
Jesus, guregatik maitasunez hil zena, bizi da! Aurreko igandean, fruitu oparoaren eta Eukaristiaren ezaugarriak ematen ikusten genuen BIZI DENA! Egiaz bizi da! Gaurko igande honetan, urtero-urtero, Berpiztuaren aztarrenik ederrenetakoa ematen zaigu aditzera. Bizi da, betiko bizia ematen duen Artzai On agertzen baitzaigu. Bizi dena biziemaile agertzen zaigu. Hark ematen digun bizi berritik antzeman geniezaioke argi eta garbi bizi dela!

Eta biziemaile dela esateko zein irudi bikain eta gozoa erabiltzen duen gaurko Hitzak: Artzain Onaren irudia! Pazkoko misterioa, biziemate paregabe bat dugu. Pazkoan Jesus ardiek jarraitzen duten Hitz gidari bihurtu da. Paulok eta esaten duten bezala, jarraitzea merezi duen Artzain On dugu Jesus berpiztua. Zergatik? Pazkoan ezagutu gaituelako ardiok. Eta «ezagutze» horrek ez pentsa buruzko edo irudimenezko ahalmenik bildu nahi duenik. Ezagutzeak, barrutik maitatzea, batasun salbatzailea, eman nahi du aditzera. Barrutik maitatu gaituelako, horregatik lortzen du gure jarraipena. Inork ez bezala maitatu gaituelako, horregatik jarraitzen diogu beste inori jarraitu nahi ez diogun bezala. Eta begira: beregana biltzen gaituenean, bizia ematen digu. Ez nolanahiko bizia; betikoa, Berari dagokiona, giza mailatik gora dagoen bizia. Eta Pazkoko biziemate honetan hain harreman estua sortu da, inork ezin gaitzake bizia eman digunaren eskutik aldendu. Hitzez agertu ezin den esperientzia edo bizipen gorengoa da.

Batasun handi horixe da Pazkoan mamitu dena eta Pazkoan eskaini zaiguna. Jainkoarekiko batasun ikusgarri hori egina dago, Jesus biziemailearengan. Gure esku daukaguna honako hau da: sinestea, onartzea! Ematen zaigun bizi horretarako gai izan edo ez izan. Judutar herriaren drama beldurgarria hortxe daukagu: ez zuten onartu nahi izan. Ez zuten sinestu. Eta eman zitzaien Berriona zapuztu egin zuten. Eta, haiek baztertua, jentilherriari eman zitzaion. Alferrik da kontra borroka egitea. Hori, urari hesiak jarri nahia da. Uholdeak datozenean, hemendik itxiko diozu urari irtenbidea, baina beste nonbaitetik aterako zaizu, uholdea hesitu dezakeen ixturarik ez baita. Berpiztuaren bizi-indarra hesitzeko isturarik ez dago. Hemen baztertzen badugu, beste aldetik emango du fruitua. Zergatik? Biziak zabaltzera jotzen duelako eta, azkenean, bizia lotu lezakeen indarrik ez delako inoiz sortu. Hemen galdera bat egingo nizuke gustura: guk zer egiten dugu eman zaigun eskaintzarekin? Zer egin dugu dohainarekin? Bizirako gai izatea erabaki al dugu edota biziari ateak itxi dizkiogu?

Eta, noski, biziari ateak itxiz gero, ezin daiteke inolaz jakin Jesus bizi denik. Ematen digun bizitik antzematen zaio batez ere bizi dela! Bizia ematen duen Artzain Ona baita Bizi dena! Ematen digun bizi hori, egia da, ez da erabatekoa. Argituko dizut: ematen digun bizia betikoa da, goikoa, Aitarena, Jainkoarena. Ez da hemengo bizi amaikorra. Baina, oraindik ere, betiko bizi hori hemengo hesi eta muga eta neurrien barruan bizi dugu. Negarretan bizi dugu eman zaigun betiko bizia. Oraindik ere jaten dugun larre horrek badu arantzarik eta sastrakarik. Baina, bizi horri antzematen zaio barruan duen betikotasunindarra. Eta gure nahia hori da: gaur eskas bizi dugun bizia, betiko aintzaz jantzi dakigula. Eta Jesukristo berpiztua dugu betikotasun eta aintza horren deia eta dohaina. Oraindik ere «nekaldi handiaren» erdian gaude. Baina Bildots berpiztuaren odolak betikotasunerako garbitzen gaitu. Eta laister etorriko zaigu negarrik eta egarririk eta goserik eta izango ez duen bizi betiko eta argitsua.

Hauxe da esku artean daramagun bizi berri eta bikaina. Hauxe da Artzain Onak munduari opa dion dohaina. Dohain honen berri eramateko langileak behar dira. Lekuan lekuko apaizen eta Bokazioen eguna ospatzen dugu. Ez al litzateke guztientzat ederra izango guretzat eder den dohain hau? Gazte gutxi ikusten da gaurko gizartean dohain honen zerbitzari bihurtu nahi duenik. Ez ote zaio gaurko gizarteari guk eraman behar geniokeen edertasunaren grina falta?

San Paulo eta Bernabe jentilen artean Berri Ona hots egitera bidaliak izan ziren bezala, guk ere joan behar dugu dohaina eskuetan dugula. Eta, batez ere, dohainaren zerbitzuan bizi osoa emango duten gazteak behar ditugu. Otoitz egin dezagun. Otoitz, Artzain Onak behar dituen zerbitzariak sor daitezen gure artean.

Eta goazen, besterik gabe, Eukaristia ospatzera. Jan dezagun Artzain Onaren larreetatik. Baina, lehenengo, aitor dezagun gure fedea. Esan dezagun agerian norenak garen eta nor maite dugun. Esan dezagun nolako bizi betea espero dugun. Aitor dezagun, eman zaigun salbazioaren poza.

FaLang translation system by Faboba

Utilizamos cookies propias y de terceros para fines analíticos y para mostrarle publicidad personalizada en base a un perfil elaborado a partir de sus hábitos de navegación (por ejemplo, páginas visitadas). Puede aceptar todas las cookies pulsando el botón "Aceptar" o configurarlas o rechazar su uso pulsando el botón "Configurar". Puede obtener más información o cambiar posteriormente los ajustes en nuestra Política de Cookies.