Liturgi lagungarriak
A) APAIZAREN MONIZIOAK
AGURRA ETA SARRERA
Jesu Kristoren bakea eta maitasuna bitez zuekin!
Gaur jai dugu. Astero ohi dugun erara, gaur atseden hartzea dugu eginkizun, familian egotea, jai-giroa gozatzea. Ez da egun txarra besteen zerbitzura emateko ere, gaixoak bisitatzeko edo beharrean daudenak pozteko.
Horrez gain badu igandeak beste sentidu sakona: elkarrekin topo egiteko eguna dugu, elkartearen eguna, Jaunaren aurrean bildu eta beraren hitzez eta ogi-ardoz janaritzeko eguna.
Horretarako gaude hemen elkarrekin. Topaketa honek ugal diezagula sinesmena, itxaropena eta maitasuna.
Has gaitezen, sarritan beste premia eta beharretara makurtzen garela aitortuz; batzuetan ahazturik uzten dugun Jaunari errukia eskatuz.
- Jesus Jauna, gure bizitzan lagun zaituguna. ERRUKI, JAUNA.
- Jesus Jauna, zure hitzez gidatzen gaituzuna. KRISTO, ERRUKI.
- Jesus Jauna, gure esker ona sortzen duzuna. ERRUKI, JAUNA.
PREFAZIOA
Batu gaitezen orain, kristauoi dagokigunez, Jaunaren mahaiaren jiran. Eta batu, batez ere, Jesu Kristo gure Jaunarekin, guretzat entregaturik bere bizitik eman digulako. Hori guztia eskertu diezaiogun Aita Jainkoari.
GURE AITA
Pazko-mahaian parte hartu aurrez, Jesusek irakatsitako hitzak gogoratuz, jo dezagun Aita Jaungoikoagana.
B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK
1. Behartsuen bizkar aberasten direnen jokamoldea ezin du Jainkoak sufritu. Aberatsentzako amenazu serioa dakar profetaren hitzak, Jainkoak ez baititu pobreak ahazten.
2. San Paulok Timoteori egindako eskutitza irakurtzen jarraitzen dugu. Entzun ditzagun gaur ematen dizkigun aholkuak.
HERRI-OTOITZA
Bekatariak eta behartsuak maite dituen Aita onari egin diezaiogun gure ezinetik otoitz. Eska dezagun errukia guztiontzat.
* Otoitz egin dezagun Eliza osoaren alde eta eliz elkarteen alde:
pobreen kezkaz bizi daitezen, haiei lagunduz eta haientzat mundu zuzena bilatuz.
* Enpresarien alde:
beren eguneroko kezka izan dezaten pobreei bizibide duina eskaintzea eta haientzako lanpostuak sortzea.
* Gure familien alde:
gure etxeetan pobreen kezka izaten ikas dadin, neurritsu biziz.
* Sufritzen duten guztien alde; batez ere, gaixoen eta etorkinen alde:
sufrimenduan eta bakardadean Jaunaren eskua gertuan senti dezaten.
* Hemen gauden guztion alde eta gure senide eta adiskideen alde:
Jainkoa izan dezagun gure ondasun bete, eta ez dirua.
Gure ondasun betea zaren Aita ona: begira gure beharrari eta begira, batez ere, gure arteko pobreenei. Emazkiguzu zure dohainak. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
HOMILIA
Berriro ere diruaz eta beraren erabileraz mintzo zaigu Jesus. Aberats eta pobreen arteko tirabira hau, ondasunen erabilera eta antzeko gaiak askotan agertzen dira ebanjelioetan. Agi danean, Jesusentzat garrantzia handia daukan gaia da. Kristau izatearen zutabeak ukitzen dituen gaia dela ere esango nuke. Eta Jesusek inportantzia hau ematen badio, argi dago gure kristau ikuspegiak ere eman beharko liokeela. Gure kristau izateak, bizitzaren alderdi guztiak hartzen ditu, eta eguneroko kezkak ere bai. Kristau izatea ez baita teoriazko gai "espirituzko" batzuetan gelditzen. Kristau izateak giza izate osoa harrapatzen du.
Ebanjelioak eskaintzen digun parabola ez da ulertzen eta aztertzen errazenetakoa, hori horrela da. Baina, bere esanahia nahiko bistan dago: gure ondasunak nola erabiltzen ditugun galdera izan nahi du. Jesus ez da ari printzipioen mailan, kontzeptuen mailan, bereizketa praktikoa egiten baino. Gure ondasunak Erreinua irabazteko erabiltzen ditugu edo beste zerbaitetarako? Mundu honetako jendeek badakite dirua argi erabiltzen, lortu nahi dutena lortzeko. Badakite zer eta nola egin ondo bizitzeko, gizartean maila edo posizio gorenak iristeko, atsegina pilatzeko. Argiak dira beren gauzetan. Fededunok hain argiak ote gara? Lortu nahi duguna lortzeko, Jesusen Erreinua lortzeko, erabiltzen ote ditugu gure ondasunak? Askotan, oharkabean edo, ez ote gara Jesusen bidean ez dabiltzanen dinamika eta ibilbide berean erortzen? Ala beste hau esan behar ote dugu: guri ere fedegabekoei inporta zaizkien gauza berak inporta zaizkigula eta ez dugula Jainkoaren Erreinua gure interes nagusietakoa, hori ote da? Baina badakigu: bere ondasunak ondo erabiltzen dituen administratzaile izan behar du fededunak.
Baina gure gogoetak aurrerago joan behar du. Ez dugu konformatu behar bakoitzak beretzako burutazio «barrurakoak» egitearekin. Honek guztiak badu zer ikusirik gure gizarteko bizitzarekin ere. Ondasunen arazo sozialaz jabetu behar du fededunak. Bakarkakoa kendu gabe eta hori oinarri hartuz, baina gizarteko pobreak garrasi bihurtzen zaizkio fededunari. Garrasi, aurrena, Jainkoari berari eta, ondorioz, fededunari. Aberatsen eta pobreen arteko zatiketa gorrian, Erreinua ari gara jokatzen. Bere aberasteaz eta bere erosotasunaz beste ezertaz arduratzen ez dena, Jainkoaren kontra doa. Gure ondasunei gizon-emakume guztiekiko kezka falta baldin bazaie, ez dira ondasun onak, ez dira ondasun zuzenak eta jatorrak, ez dugu Jainkoaren bidea onartzen.
Jainkoa edota dirua zerbitzatu behar, hortxe dago kakoa. Badira Jainkoa diruaren zerbitzura jartzen dutenak. Entzun duzue lehenengo irakurgaiko ondasun-zaleen gogoeta. Larunbara jai zenez, ez zien balio beren negozio zikinak egiteko. Eta ez zuten beste irrikarik, larunbata noiz pasako! Haien gogoetak ez du pobrea zapaltzea eta hartaz baliatzea beste burubiderik. Aberastekotan pobreen kontura aberastu behar baita beti. Eta era horretan dirua zuzenkontrakoa egiten da, diru zikina da, diru onartezina da. Baina, badira dirua Jainkoaren zerbitzutan jartzen dutenak. ere, badira. Eta bigarren jokaera hau da zuhurra eta jakintsua. Ebanjelioko administratzaileak bere geroa argitzeko moduan jokatzen du. Fededunok asmatuko ote dugu, eskuartean ditugun gauzak geroaren argitan bizitzen? Asmatuko ote dugu geure ondasunak egiazko gizatasunaren zerbitzura jartzen? Asmatuko ote dugu dena izatetik neurtzen eta ez edukitzetik.
Hau guztia nola bizi enpresa batean? Nola izan «konpetitiboak», lehiakorrak, Ebanjelioko bideak onartuz? Gurea aurreratzeko besteez aprobetxatu beharra dago. Bestela atzean gelditzen zara. Gaur gauzak horrela daude gure gizarte honetan. Borroka-toki bihurtu dugu gizartea. Eta gure borroka latzak pobreak zauritu egiten ditu. Ahulenak zapaltzen ari gara. Gero, errua politikoena eta dela esan, eta geure barrua lasaitu dezakegu. Baina, gauzak garbi edukitzea beharrezkoa da: hemen Ebanjelioko eskakizunak denok harrapatzen gaitu. Denok gaude inplikatuak, bakoitza bere mailan eta bere ahalbideen arabera. Ez da gauza handien kontua. Bakoitzak bere txikian zuzen jokatu behar du. Eta zuzen jokatzeak, pobreak arduraz zaintzea esan nahi du. Pobreez arduratzen ez den ekonomiak ez du gizalegezko gizartea eraikiko. Eta horren aurrean badaukagu zer pentsatua eta zer hausnartua!
Ez da ona, hala ere, gauzak goitik behera aldatu behar direla eta, teoriazko utopia handietan ibiltzea. Kontua da nola bihurtu gure bizitza gero eta argitsuagoa. Nola ikasi bizitzen Jainkoaren seme-alabei dagokien bezala? Nola ikasi eta geuretu Ebanjelioaren ikuspegi berriak? Eta pixkana-pixkana mundu berri baten eraikuntzarako bideak urratu. Hori ez da kolpetik egiten, baina pobreen oihua isiltzen ez den bitartean, ezin gintezke besoak tolestatuta geratu. Bestela ez genuke Ebanjelioarekin leial jokatuko. Bizitzari goitasuna eta kalitetatea ematea da kontua. Gizatasuna ematea. Bizitzari izan-maila berriak eskaintzea. Zertarako ditugu dirua eta ondasunak eta beste guztiak, pozik bizitzen asmatu behar ez badugu?
Honek guztiak, ondorio bat gutxienez ekarri beharko luke gure bizitzara, besterik ez bada: kritikoak izaten ikasi behar dugula. Ezin gaitezkeela, besterik gabe, esaten eta egiten denera makurtu. Eta gure salakuntza eta testigantza ahaztu gabe, gure fedearen izerdia ere gizarte-bide berriak sortzeko eta sustatzeko eskaini behar dugula. Pixkana ikasiko ahal dugu gauza hauek, gogoeta hauek, eguneroko bizitzan mamitzen. Ez al zaigu dena eta beti teorian geratuko.
Eukaristia ospatzeak hautapen baten aurrean jartzen gaitu, garbi bezain gordin: pobreen oihuak uzten al digu Eukaristia lasai ospatzen? Isilune bat egitea ez letorkiguke gaizki galdera honi erantzuteko.