liturgi lagungarriak

Ayudas para la Liturgia

Homilia bakarrik argitaratzen dut hemen, gainerako beste lagungarriak liburu batean argitaratu ditut-eta: Igandetik igandera A urtea. Han daude monizio guztiak eta Jainko-hertriaren otoitza).

 

HOMILIA
Pazkoak, akordatzerako, oso aurrera egin digu. Gaur dugu azken igandea, Pazkoa burutzen duten bi festaburu handiak alde batera uzten baditugu, Igokundea eta Mendekoste. Eta Pazkoak aurrera egin ahala, giro berezi bat nabari zaio liturgiari. Lehenengo igandeetako poz nabarmen hark, beste giro apalago eta bareago bati egin dio leku. Ez poza galdu dugulako, horixe behar genuke! Baizik, Jesusen Aitarengana joateak giro berezi hori dakarrelako berekin.

Eta giro hori zehazteko, hauxe ikusten dut lehenengo: Jesus badihoa eta ikasleek triste bezala sentitzen dute beren burua. Orain artean beren maisuarekin ongi ibili dira. Orain, Maisua badihoakie, eta zer egin dezakete, pentsatzen jarrita? Jesusek, giro honetan, Espiritu Santuaren promesa bikaina egiten die. Fededunak ez dira munduan bakarrik geratzen. Fededunak ez dira umezurtz eta irtenbiderik gabe gelditzen. Jesus beraiekin geldituko da, Espiritu Santuaren bidez. "Egiaren Espirituak" argituko ditu Berri Onaren ezaupide betean eta munduan bete behar duten egitekoan. Pazkoak ez die Jesus galarazi ikasleei. Baina bai beste era batera tartean jarri.

Espiritu horrek Jesusen eta Jainkoaren presentzia gorpuztuko du fededunen artean. Espirituarengan Jesus ikusten du fededunak. «Ikusiko nauzue eta biziko zerate, Ni bizi bainaiz». Munduak antzematen ez badio ere, fededunak badu entzumen berezia, Espirituaren presentzia gozo horri arrastoa hartzeko.

Bi zeratan antzematen zaio Espirituaren eraginari:
    -    Lehenengo, maitasunean. «Ni maite nauena, maiteko du nire Aitak eta Nik ere maiteko dut eta agertuko natzaio». Eta, gainera, maitasun honek gure arteko maitasun izatera iritsi behar du: «Maite banauzue, beteko dituzue nire aginduak». Eta, dudarik gabe, bete behar dugun agindua, maitasunaren agindua da. Pazkoko Espirituak sortzen digun maitasuna.
    -    Bigarrenik, Espirituari bere egintzetan antzematen zaio. Lehenengo irakurgaian ikusi dugu: Espirituak sendotzen du, ikasleen bidez finkatu zen bizi eta bide berria. Espirituaren egitez Berpiztuak osasuna eta salbabidea sortzen zuen. Espiritua egiaz presente dago Elizaren bizibidean.

Pazko esaten dugu. Eta egia da, Pazkoak poza du bere ondoriorik nabarmenena eta argiena. Poza. Gaur Liturgiari baimena eskatuta, poz honi buruz hitz egin nahi dizuet zuei, gaixo eta oinazetan aurkitzen zaretenoi. Izan ere gaur gaixoen eguna dugu. Eta nik galdetzen dut: zuentzat ere Pazkoa poza ote? Gaixoentzat ere Pazko? Hala ote?

Zuentzat ere poza. Eta zuentzat, batez ere, poza. Eta hori esanez, ez nuke inoren mina edo negarra atximurkatu nahi, min hori areagotzeko. Ez horixe! Baina, aizu, adiskide jator, zuretzat da poz Pazkoa. Ez poz, gaixo zaudelako, gaixo egotea inork ez baitugu nahi. Baina poz, gaixo egonda ere. Jesus berpiztuari, gaitzari baino askoz ere indar eta ahalmen gehiago aitortzen baitiogu. Eta horregatik diot nik, Pazkoa denontzat dela poz. Eta guk, egia esateko, inori pozik opa badiogu, zuei, gaixo zaudetenoi, opa dizuegu. Hain zarete gureak, eta hain zarete Pazkokoak.

San Pedrok ederki asko esan digu: «Gora ezazue Jauna, Kristo, zuen bihotzetan». Beti ere horixe dugu gure eginkizun nagusi: Jesu Kristo goratu gure bizitza osoan, gure zailtasunetan, gure gaixoaldian, gure ezinean, gure suerte txarrean, gure eguneroko une guztietan. Eta Jesu Kristo goratu, batik-bat, pozaren testigantzaz. Begira: pozik bizi denak beti sortzen du inguruan galdera hau: Zergatik bizi da hori pozik? Eta poz hori gaixo dagoenen batengan ikusten denean galdera hau sortzen da: zergatik dago hori pozik, gaixo egonda ere? Eta orduan, Pedrok esan diguna: «Prest egon beti zuen itxaropenaren arrazoibidea emateko, eskatzen dizueten guztiei». Eta orduan gure poza, aukera paregabe bihurtzen da Jesu Kristoren Pazkoko argiaz eta salbazioaz hitz egiteko.

Entzule fededun, gaixo maite, benetan esango dizut: zu, zeure sufrimenduz, zeu zara Piztueraren aitorlerik onena. Zuk baitaukazu, pozik bizi bazara, Piztueraren argumenturik eta arrazoirik ukaezinena. Pozik eramaten den sufrimenduak kezka edo galdera handia sortzen du bere inguruan.

Pazkoa eta poza. Pazkoa eta Espiritua. Espiritua eta poza. Jainkoaren argitan bizitzetik datorkigun bizimaila berri eta ordainduezina. Jainkoak maite gaitu. Jesusek maite gaitu. Guk elkar maite dugu. Eta maitasun horrek elkarrekin pozik bizitzera garamatza. Jesus Berpiztua gurekin baitago Espirituaren eraginean. Eta Jesus presente dugularik ez diogu ezeri eta inori beldurrik. Presentzia horren poza ez digu ezerk kenduko bihotzetik.

Goazen Eukaristiara. Pazkoko dohaina hartu behar dugu hortxe. Jesus gurekin dago Espiritu-emale. Espiritu horren eraginez aitor dezagun gure kristau fedea.
Elizarengan sinesten dugula kanta dezagun pozik!

Homilia bakarrik argitaratzen dut hemen, gainerako beste lagungarriak liburu batean argitaratu ditut-eta: Igandetik igandera A urtea. Han daude monizio guztiak eta Jainko-hertriaren otoitza).

 

HOMILIA   
Senideok, Pazkoak aurrera egiten digun erritmoan, Jesus berpiztuaren indar eta presentzia kreatzailea ari gara sumatzen. Artzain on bezala, ardien ziurtasun eta izanbidea bera da, aurreko igandean ikusten genuenez. Eta, berpizturik, bera da Elizaren arnasa, bihotza. Bera da Elizaren izanbidea. Eliza Pazkoan sortu zen, eta Jesus berpiztuarengan hazten da. Jesus berpiztua Elizan bizi baita. Eta Eliza Jesusengan bizi da.

Eta Pazkoan Elizaren presentzia hain indartsu sumatzeak ez gintuzke dagoeneko gehiegi harritu behar. Eliza, pazko-sakramentua baita. Eta, horrexegatik, igandeotan Elizaren lehen egunetako argazkiak ari gara ikusten, Apostoluen Eginetako liburua irakurriz.  Eta gaur gainera, hiru irakurgaiek Elizaren misterioa jartzen digute begi aurrean, Elizaren hasiera Pazkoa dela erakutsi nahi baligute bezala eta Elizaren helmuga Pazkoa dela azaldu nahi baligute bezala.

Eta halaxe da, Elizaren egitura pazko-egitura da. Eta nolakoa da Pazkoan sortu den Eliza? Eta eliztarron izatea eta eginkizuna zein da Pazkotik begiratuz? San Pedrok definizio edo zehaztasun eder askoak eman dizkigu. Oinarria Kristo bera da. «Etxegileek baztertu» bazuten ere, eraikuntza guztiaren oinarri bera izan da ezarria. Eta ez dago erdibiderik, sinesten duenak oinarri izango du, sinesten ez duenak oztopagarri, erorbide. Harri erabakiorra baita, bai onerako bai txarrerako. Ez dago beste oinarririk. Hil eta piztua izan zena da oinarri bakarra.

Eta oinarri horren gainean, apaizgo santu eginak izan gara, apaiz eginak. Zertarako apaiz? San Pedrok berak esan du: «Jainkoari Jesu Kristoren bidez espiritu-opariak eskaintzeko», hau da, Jainkoari atsegin emateko gure bizitzan eta jardunean. Jainkoari atsegin ematea dugu eginkizun gure bizitzan, lanean, otoitzean, sufrimenduan. Izan ere, beretzat aukeratu gaituen «jatorri hautatua» baikara, «Jainkoak aukeratutako herri». Eta aukeratu gaituenari atsegin eman diezaiogun, «ilunpetatik atera eta argi zoragarrira deituak» izan gara. Eta «Jainkoaren egintza harrigarriak oihukatuz» betetzen dugu gure eginkizun ederra.

Eta Pazkoko Elizaren sorburua horrelakoa baldin bada, bere helmuga Pazkoaren betea du. «Erreinuko sakramentua» da Eliza. Ebanjelio-zatian Erreinuko betetasunari usaina aditzen zaio. Jesusek, Pazkotik, Aitaren etxeko osotasuna eskaintzen digu. «Erakuts iezaguzu Aita». Eta Elizaren azken mugan Aita eta beraren Erreinua argi betean ikustea izango dugu betiko poz eta betiko edertasun. Gure betiko azken zoria, Jainkoarekin neurrigabeko adiskidetasuna bizi eta gozatzea izango dugu. Betiko Pazkoa, hitz batean. Eliza Pazkoan jaio baitzen eta Pazkora hazten doa.

Hasierako eta azkeneko edertasun bete honek ez gaitu, ordea, engainatu behar. Honek guztiak, hasiera eta azken onak alegia, ez du esan nahi, tartean arazorik izango ez dugunik. Elizak, bere munduko jardunean, izan du, badu eta izango du zailtasunik. Pazkoak ez gaitu aingeru bihurtzen. Eta testigu, hortxe daukagu gaurko lehenengo irakurgaia. Eliza elkarte salbatua baldin bada ere, horrek ez dizkigu gure harremanetan arazoak aurrezten. Baina hori bai, arazoak sor daitezkeenean, aski dugu gure oinarrira, gure sorburura edo gure azken helmugara begiratzea, arazoek zer konponbide duten jakiteko. Eta konponbidea beti Pazkoak berak emana datorkigu. Konponbidea, azkenerainoko zerbitzua da. Eliza, zerbitzurako sakramentua da. Eta zerbitzurako eginahala moteltzen zaion neurrian, Pazkoan berritu behar ditu bere oinarriak, beti zerbitzura itzultzeko.

Gaur ere, entzule adiskide, gaur ere arazoak baditu Elizak, eta arazoak baditugu fededun bakoitzak. Era askotako arazoak bizi ditu Elizak. Hori ez da gaiztoa berez. Gaiztoa da, Pazkoko sintonia galtzea. Eta horixe da sekula galdu behar ez duguna. Zuk oraintxe bertan entzuten ari zaren irratiko botoiari ematen badiozu, irratiaren sintonia galduko zenuke. Eta Arantzazuko Mezaren ordez beste zerbait entzungo zenuke. Pazkoko sintonia galtzen baduzu, beste gauza batzuk entzungo dituzu. Eta galdetzen dut: Euskal Herriko Eliza Pazkoko sintonian ote dabil? Fededun bakoitza, oraintxe bertan elkarrekin ari garenok, Pazkoko sintonian ote gabiltza? Zer erantzuten duzu? Zer erantzuten dugu?

Pazkoa bizi dugunean, arazoak beste zera batez argitzen dira. Arazoak arazo, beti bihotza bare gorde ahal izango dugu Pazkoko oinarritan. «Ez izan bihotz-larririk» esan digu Jesusek. Pazkoa baitugu gure bake eta gure zori on! «Ez izan bihotz-larririk» entzun nahi dugu Eukaristia honetan ere. Eukaristia hau Pazkoa da. Gure oinarritan eta gure helmugan jartzen gaitu ospaketa honek. Berritu dezagun geure itxaropena eta geure bizipoza. Pazkoko Elizarengan sinesten dugula kanta dezagun pozik!

Homilia bakarrik argitaratzen dut hemen, gainerako beste lagungarriak liburu batean argitaratu ditut-eta: Igandetik igandera A urtea. Han daude monizio guztiak eta Jainko-hertriaren otoitza).

 

HOMILIA

Bizitza bidea da. Kristau-bizitza ere bidea da. Jesus Jerusalena bidean ikusten dugu beti Ebanjelioan. Jerusalenen burutu behar duen Pazkora bidean. Gaurko Ebanjelioan ikusi ditugun bi ikasleak, berriz, Jerusalendik kanpora bidean dihoaz. Kontrako bidea egiten ari dira. Pazkora hurbilarazi behar zituen bideak, urrutiratu egiten ditu. Inolako zalantzarik gabe, ikasle hauen bidean frustrazio handi bat sumatzen dugu, eta etsi egin dutela ematen du.  "Gertakizun guztietaz elkarrekin hizketan zihoazen".  

 

Frustrazio edo etsipen horren adierazgarri ederra hortxe daukagu, Jesusi buruz esaten dutenean: "Guk Israel askatuko zuena bera zela uste genuen; baina hirugarren eguna da hori gertatu zela". "Bera zela... uste genuen... hirugarren eguna da...". Ikasle hauen bihotzek etsi egin dute. Eta beren artean dakarten elkarrizketa horretan tristura eta hutsune handiegia sumatzen dugu. Lehen Jesusekin Jerusalenerako bidea egin zuten ikasleok, berriz bueltan datoz. Ilusiotik bueltan. Beren itxaropen guztiak, beren espektatiba guztiak hutsean geratu dira. Ez dago zer eginik.

 

Eta beren etsipenari begira baitoaz, beren barrura bilduta baitoaz, ezin dute Jesus ezagutu. Lehen Jerusalenerako bidean bidelagun izan zutena, oraingo beren etsipen-bidean ere lagun dute, bidelagun. Gertatu denaren haria ezin dute ikusi. Beren barrena erabat ilundua, erabat itsua, daukate. Baina Jesus ondoan jarri zaie. Eta Jesusek pixkanaka bi ikasleen bihotza argituko du. Liburu santuetan esana zegoena gogora ekarriz, Jainkoaren asmoaren norabideak zehaztuz eta, batez ere, ogia zatituz, haien bihotzetan sua sortuko da, dena berritzen duen sua, etsipena erretzen duen sua. Berriro ere, Jerusalena bidean jarriko dituen sua. 

 

Entzule fededun, ikasle hauei gertatua, nolahala guztiongan ere gertatzen da. Fedeak, bere hazkuntzan eta hezkuntzan, frustrazioak sufritu beharra dauka. Ikasle haiek bezala, guk ere Jesusen irudia geure neurrira egokitzen dugu. Jesusengan berarengan sinestu ordez, harengandik espero ditugun gauzetan sinesten dugu. Jesusekiko geure sinesten dugu, berarengan sinetsi ordez. Eta horrek erori beharra dauka. Eta guk geuk Jesusi buruz eratutako ilusioak erortzen zaizkigunean, nolabaiteko etsipena sor daiteke: Jesusek ez digu ematen beragandik espero genuena, fedeak ez du erantzuten, Jesusen jarraitzaile izateak ez du ezer ematen... Uste genuen...  Hirugarren eguna da...

 

Eta espektatibak erorita, biluzik geratzen garenean, dena bukatu dela uste dugunean, aurrera-pauso ikusgarria emateko aukera sortzen da: Jesusekin topo egin dezakegu. Harengandik espero ditugunak hutsean geratzen zaizkigunean, berarekin egin topo, bera ezagutu. Eta berriro ere Jerusalena begira jarri, baina argitasun berriaz. Berriro ere Jerusalena bidean, baina ez handik ezer espero dugulako, baizik han hil eta piztu zenarekin elkartasunean bizi nahi dugulako. Eta hor fedearen martxak, fedearen prozesuak, beste sakontasun bat hartzen du. Bizitzako bideak beste sentidu bat hartzen du.

 

Ikasle haientzat bezalaxe, guretzat ere inportantea da Jainkoaren hitza, Liburu santua. Eta inportantea da ogiaren zatitzea. Jesusen presentziaren bi adierazgarri garrantzizkoak. Eta inportantea da fededunen elkartea. Hiru gauza hauek falta badira, oso da zaila fedean aurrera egitea. Jainkoaren hitza sarri hausnartuz, Eukaristia ospatuz, elkartearen fedezko testigantza entzunez... horrela bakarrik gainditu ditzakegu gure fedeak sufritzen dituen frustrazio eta erorialdiak. Aurrera ematen den pausoak zerbait uzten du beti atzean. Geldirik dagoenak ez du ezer uzten atzean. Baina Jainkoaren hitzaz argiturik, jakin beharko genuke  Jesus berpiztua gurekin doala antzematen. Eta harekiko elkartasunean hazi egin beharko genuke.

 

Gaur ere elkarrekin gaude ospaketa honetan. Agian aste honetan ere, gure lanean edo gure gaixoaldian edo gure sufrimenduan, gure fedeak igoal etsi egingo zuen. Agian Jerusalemerako bidea utzi eta atzera egiteko tentaldia sentituko genuen. Eta igoal ez genuen Jesus gure bidelagun sentituko. Baina, entzule fededun, Jainkoaren Hitz honek ez al ditu argitzen zure etsipenak? Zatitzera goazen ogi honek ez al dizu Jesus bera ezagutzera ematen? Ez al duzu Pazkoaren sua sentitzen? Berriro ere, Jerusalena bidean jarri behar dugu. Berriro ere elkartera itzuli behar dugu. Berriro ere, barnean sentitzen dugun suak eraginda, eguneroko eginkizunera, eman zaigun misiora itzuli behar dugu.  Horixe da Pazkoa. Horixe da Jesusekin elkartasunean bizitzea.

 

Hauxe dugu gure poza, entzule adiskide! Gure fedea aitortu eta ogia zatitu behar dugu. Jaun berpiztuak argi diezazkigula gure barrenak gure fedearen bideak argitzeko. Bizitza bidea baita. Kristau-bizitza ere bidea baita.

Homilia bakarrik argitaratzen dut hemen, gainerako beste lagungarriak liburu batean argitaratu ditut-eta: Igandetik igandera A urtea. Han daude monizio guztiak eta Jainko-hertriaren otoitza).

 

 

HOMILIA
Senideok, hutsa adinako hitza entzun dugu! Hutsa adinako larreetan bazkatu eta janarituak izan gara! Hutsa adinako segurantza eta gozotasuna eman zaizkigu! Hutsa adinako edertasun eta argitan murgilduak izan gara! Konfiantzaren eta baretasunaren oinarriak ukitu ditugula sentitzen dugu. Ez al da horrela? Igualekoxe bizitzen da Arzain onaren itzalean! Igualekoxe!

Artzain ona. Ardiak. Artegiko atea. Artzainaren ahotsa. Jarraitu. Bizia izan. Sartu eta atera. Benetako artzaina, artzain arrotza. Horrelakoxe irudiak erabili ditu Jesusek, Pazkoko bizi berria adierazteko. Eta, aizu!, zergatik ez ditugu irudi honen barruak mihatzen, Pazkoa ulertzeko?

Judutar artzantzan, gauetan, artzainen batzuk beren ardiak bildu eta denak toki batean gordetzen zituzten, goarda baten ardurapean. Goizean, artzain bakoitza joaten zen ardiak zeuden tokira eta bakoitzak bere ardiak eramaten zituen larrera. Ardi bakoitzak ezagutzen zuen bere artzainaren ahotsa eta deia. Artzainak ere ezagutzen zituen bere ardiak. Ardiek ez zioten edozein artzaini segituko. Ardiek ongi bereizten dute beren artzaina. Badakite norenak diren.

Entzule adiskidea, jarri gaitezen ardien tokian. Guk, gizakiok, artalde handi eta zabala osatzen dugu. Gu ere dei askoren entzule gara. Goizero-goizero, artzain asko eta era askotakoak datozkigu deika, haienak garela esanez. Eta, jakina, bakoitzak hauta dezake bere pertenentzia. Ni norena naiz? Nori jarraitu nahi diot. Egunero-egunero zein artzainen atzetik ateratzen naiz? Zeini edo zeri jarraitu nahi diot? Zeinen ahotsa nahi dut aditu? Zeinen artaldekide nahi dut izan? Hemen independiente ustetan ibiltzea alperrik ote den! Batena edo besterena izan beharra dago! Bakoitzak neurtu behar ditu bere pertenentziak! Eta, gainera, pertenentzia guztiak dira errespetagarriak.

Jesusen artaldeko kide ohartu garenok, lasai sentitzen dugu geure barrua, egunero Artzain onaren deia entzuten dugunean. Haren ahotsa entzuteak geure onera ekartzen digu barrua. Badakigu zenbat maitatu gaituen. Badakigu banan-banan aukeratu gaituela. Badakigu izugarri zori ona izan dugula artalde honen kide egin gaituenean. Eta goizero-goizero zeure izenez deitzen zaituenean, zer nahi duzu?, bakea eta alaitasuna sentitzen ditugu. Jesus ez baita asmo esanezineko batzuren morrontzan lotzen gaituen bizi-lapurra. Gure pertenentzia pozten duen ate askatu eta askatzailea da. Ederra da maitatu gaituenaren itzalean sentitzea.

Eta gero, haren bideetan abiatzen zara. Bera aurretik, bidea zabaltzen, Pazko bideetan aurrera. Ez ditu ardiak bidali aurretik, nora ezean, bide bila. Berak urratu du bizirako bidea. Eta, zeure zalantza eta beldur eta guzti, badakizu bizi-bideetan zoazela. Badakizu bidea egina dagoela. Badakizu Bera artaldean tarteko dihoala beti. Badakizu nora zoazen. Eta badakizu norekin zoazen. Badakizu, bideak honelakoak eta halakoak izan, erabakiorra ez dela nolakoak diren, baizik zu norena zaren.

Horregatik, eguneroko galdera sakona ez da «nora goazen», baizik «norenak garen». Ni noren atzetik edota noren ahotsera ateratzen  naiz artegitik. Zein ahotsek esnatzen gaitu jarraipidera? Zein ahotsek deituta noa mundura eta bizitzara? Lehen esan dizut, hemen independiente-ametsak alferrikakoak dira. Beti gara norbaitenak edo zerbaitenak. Ni norena naiz? Zu norena zara? Baina eguneroko bizitzan! Zein atetatik ateratzen gara?

Eta pozgarria da, pozgarririk baldin bada, gure atea eta gure ahotsa Jesusena dela aitortzea. Ez al da kuriosoa? Zoriona beti ate-atzean sentitzen dugu, atea igarota. Denok gaude ate askoren aurrean. Daukagunarekin ez konformatu nahi, eta beti ateren bat ireki nahi izaten dugu: hortxe dago zoriona! Gaur esan zaigu Jesus dela egiazko zoriona gordetzen duen atea. Eta ate hori Pazkoan ireki egin zaigu, zabal-zabal. Beste ateak irekitzea ez du merezi. Ireki bai, baina ate-atzean frustrazioa! Jesusen ateak zorionerako igaropidea eskaintzen dizu. Jesusek ematen dizkigun larreak, larre onak dira, poz eta zorion-larreak. Jesus «bizia izan dezagun eta ugari izan dezagun» etorri da. Eta hori ederra da, alajaina!

Nola ireki ate hori, zorionera daraman Jesusen ate hori? Batzuek uste dute dirua dela giltza, edo agintea, edo ez sufritzea, edo indarra, edo edertasuna. Horrek guztiak, ona izanik ere, ez digu Jesusen atea irekitzen. Jesusen gurutzea da Aitarenganako bidea irekitzen digun Pazko-giltza.

Sar zaitez zeure barrura, adiskidea, eta galde ezazu: Ni norena naiz? Noren ahotsa entzuten dut? Noren deira nabil? Zer edo nor zerbitzatzen dut? Eta seguru asko zeure bizitzaren zalantza eta beldur eta ezin eta tristura askoren erantzuna aurkituko duzu. Edo, onenean, bizi duzun poz sakonaren iturria aurkituko duzu. Azkenean geuk egiten dugun aukeraren seme-alaba baikara bizitzan. Eta esan dut, aukera guztiak dira errespetagarriak, baina aukera guztiak ez dira biziemaleak. Hortxe dago koxka. Eta gure aukera, Artzain onaren aukera, benetan aukera bizigarria suertatu zaigu. Pazkoa gertatu zaigu!

Goazen, gaur ere, goiz honetan ere, ahotsaren atzetik, biziaren larreetara eta bizi gaitezen, eta oparotasunez bizi! Eseri gaitezen artzain onaren zorion-mahaian. Eta bizia sor dezagun gure inguruan!

(Homilia bakarrik argitaratzen dut hemen, gainerako beste lagungarriak liburu batean argitaratu ditut-eta: Igandetik igandera A urtea. Han daude monizio guztiak eta Jainko-hertriaren otoitza).

 

HOMILIA
Pazkoan gaude, adiskidea. Pazkoan, Jesus berpiztuaren festa eder eta azkengabekoan, alegia. Ederra da Pazkoa ospatzea. Ederra da, elkartu eta gure izatearen oinarriarekin topo egitea. "Kristo berpiztuaren presentzia presente bizi dugu. Aleluia!". Ederra da, Pazkoaren argitan, elkarri esperantzaren eskua ematea. Ederra da, bizi garen mundua Pazkoaren argiaz eta testigantzaz edertzea. Ederra!

Astearen lehenengo eguna dugu gure kristau izatearen oinarri, ikasleentzat izan zen bezalaxe bestalde. Izan ere, gure kristau izateak, Jesusen presentzia du oinarri eta sorburu. Eta guk presentzia hori ospatzen dugu elkarturik. Astean zehar, bakoitza geure lanetan eta eginkizunetan ibili gara. Eta igandeak elkarrengana inguratu gaitu. Eta gure elkartzea bera Berpiztuaren presentzia bihurtu zaigu. Pazkoak sortu du igandea. Pazkoak sortu du elkartea. Pazkoak ugaltzen du gure elkartea. Hark erakarririk baikaude pozik elkarrekin. Elkarrekin eta Jaunarekin! Igandero-igandero berriztatzen dugun misterio honek poza eta sentidua ematen dio gure kristau bizitza osoari.

Pentsatzen jarrita, handia da elkarri Meza barruan askotan egiten diogun agurra: Jauna zuekin! Eta zure espirituarekin! Handia da Jaunak guri bere hitza esatea. Handia, Jesus Eukaristiako ogian presente egin eta gure bihotzetara sartzea, gure janari egitea. Handia da igandero ospatzen dugun Pazko-misterioa. Horregatik, fededunontzat igandea ez da bete beharreko lege huts bat. Kristori eskaintzen diogun eguna da. Edo, nahiago baduzu: Kristo gure erdian presente egiten zaigun eguna, gure artean bizi dela erakusten digun eguna. Gure beldurraren hormak puskatzen dituen eguna. Eta presente eginez, bere Espiritua, bere indarra eta bere poza ematen dizkigu. Eta berriro mundura bidaltzen gaitu, han maitasunaren poza eta bakearen gozoa bizi ditzagun geure senideekin.

Pazkoa da. Igande bakoitza Pazkoa da. Eta Pazkotik elkarte berria sortzen da. Lehenengo irakurgaian ikusi dugun giza-talde berezi hura Pazkotik bizi da. Pazkotik eta Pazkoan. Pazkoak giza-talde berezia eratzen baitu beti:
- senide bezala bizi den elkartea. Guztiak bat ziren. Inork ez zeuzkan bere gauzak beretzat, denentzat baizik, behartsuekin banatuz. Pazkoak adierazten eta egiten duen bizimodu berria. Hitzek baino gehiago balio duen bizimodua.
- Bedeinkazio baten girotan bizi den elkartea. Sufrimenduak onartzen dakien elkartea. Eguneroko bizitzaren gogorrean, Jaunaren presentzia bizi duen elkartea. Sinesmenean sendotua, Pedrok esan digun bezala.
- Eta misioa bizi duen elkartea. “Aitak ni bidali nauen bezala...”. Bere beldurretatik atera eta munduan bere aitorpena bizi duen elkartea. Pazkoa, bere muinean, munduarentzako mezu askatzailea baita. Eta hori ezin ahaz dezake fededunak.

Gure igandeko batzar honek izango ote du indar hori? Guk ere, Tomasek ez ezik, behar dugu geure fedean astinaldi eder bat. Tomas bezalaxe, gu ere geure minaren eta geure ezinen nostalgian babestuta geratzen baikara. Gauza gogorregiak gertatu zitzaizkion Tomasi, gauzak errazegi sinesteko. Eta min hura ez zuen azkarregi eta samurregi utzi nahi. Guk ere sufritu egiten dugu. Guretzat ere bizimodua gogorra da. Eta Jesus berpiztuak poza eman dezakeela... eta egiazko sentidu berria eman diezaiokeela sufrimenduari... eta benetako askatasuna eman diezagukeela... eta... ez dugu errazegi sinetsi nahi. Eta geure babesetan ondo gordeta gelditzea maite dugu. Geure tristurek tristetu egiten gaituzte, baina gureak dira eta ez ditugu berehala batean uzten. “Zatoz, Tomas...”. Hustu ezazu zure bihotzeko samin erre eta gazi-gozo hori. Errenditu zaitez, gizona! Aska ezazu zure barru hori! Ekatzu zure beldurra, zure zalantza, zure negarra... Ai, sinestsiko bagenu! Ai, gure ezinak Jaunari entregatuko bagenizkio! Biziera berri baten barne-ahalmen eragilea sentituko genuke. Ahulak izan arren, ez genuke atzera egingo. Berpiztuaren presentziak horrelakoxe indarra ematen baitigu! Pazko-indarra!

Tomas berriro jaio zen bere barrua ireki zuenean. Bere loturak etenak ikusi zituen. Zerk lotzen nau ni, ez sinesteko? Zeri heltzen diot? Zergatik begiratzen diot beldurrez Jesusekiko topaketari? Zerk eramaten nau, ikasleak bezalaxe, ateak itxita edukitzera? Pazkoko askatasunaren esperientzia askatzailea bizi behar dugu. Barrua libratu eta misiora irten behar dugu. Anaia sufritu asko daukagu inguruan Pazkoko Berri Onaren zain. Jesusek bere Espiritua eman digu gure ingurukoen samina goza dezagun. Horrek sufrimendua erakarriko digu San Pedrok esan digun bezala. Sufritzen dutenen sufrimendua da, pobreen sufrimendua, gaixoen gaixotasuna, zokoratuen bakardadea. Eta misioa horixe da, Pazkoak gorputza har dezala sufritzen duten horiek guztiengan. Sufritzen dutenen sufrimendua poztuko bagenu, «esan ezin halako poz handiz» alaituko ginateke eta gure «sinesmenaren helburua iritsiko» genuke, geure burua Pazko-pozez askatua ikustea!

Eukaristia honetan ere, Pazko da. Jesusen gorputz berpiztuan sartuko ditugu gure bizitzak. Eta biziko gara. Eta sinetsiko dugu. Eta Jesusek goitik behera berrituko gaitu, buila eta arrakasta gehiegirik gabe bada ere. Eta orduan konturatuko gara igandea dugula bizi dugunaren bihotz eta poz-indar!

Ospa dezagun Eukaristia, Pazko-sakramentua. Eta bizi gaitezen!

FaLang translation system by Faboba

Utilizamos cookies propias y de terceros para fines analíticos y para mostrarle publicidad personalizada en base a un perfil elaborado a partir de sus hábitos de navegación (por ejemplo, páginas visitadas). Puede aceptar todas las cookies pulsando el botón "Aceptar" o configurarlas o rechazar su uso pulsando el botón "Configurar". Puede obtener más información o cambiar posteriormente los ajustes en nuestra Política de Cookies.