liturgi lagungarriak

Ayudas para la Liturgia

Homilia bakarrik argitaratzen dut hemen, gainerako beste lagungarriak liburu batean argitaratu ditut-eta: Igandetik igandera A urtea. Han daude monizio guztiak eta Jainko-hertriaren otoitza).

HOMILIA
Argia dator, senideok, argia! «Ilunpetan zebilen herriak argi handia ikusi du». Jesusek Aitaren Erreinua eskaintzen du, gizon-emakumeon argi izango dena. Eta argiak aldaketa dakar berekin. Eta ez nolahalako aldaketa. Aldaketa sakona, zuztarrekoa. Jesusek dakarren Erreinuak barru-barrutik ukitzen gaitu. Erreinurako deia luzatzen zaigu, hartu nahi badugu.

Pedro eta Andres, Santiago eta Joan, hantxe zebiltzan betiko betikoan. Egunerokoari eusten. Bizitza aurrera ateratzen. Beren gurasoek egin zutena egiten. Aurrekoek egin zutena errepikatzen. Bizi egin behar. Ezkondu, familia hazi, bizitzari atsegintxo batzuk aletu, etorkizuna pixka bat argitu, hil... Ez zeukaten beste munduko amets handirik. Baina, Jesus hurbiltzen zaie ustekabeko egun hartan: «Etorri nirekin, eta giza arrantzale egingo zaituztet». Eta sekulako aldaketa gertatu da. Dena utzi eta ondoren dihoazkio. Seguru asko, aurretik ere sentituko zuten barruan zerbait. Ez ziren eguneroko bizitza aspertuan erabat eroso sentituko. Zerbait berria beharko zuten. Baina, parera datorkien aldaketa ez da nolanahikoa.

Zer gertatu da? Jesus azaldu dela, besterik ez. Eta Jesusekin Erreinua dator. «Bihotz-berri zaitezte. Hurbil da Jainkoaren Erreinua». Jesusek, gizakien bizigiroa erabat aldatzen duen Erreinua dakar, Aitaren Erreinua. Eta kuriosoa: ez dator orduko erlijio-zentruetatik, ez dator giro egokienetatik. Galileatik dator. Alderdi paganoenetik. Israeldar zintzoek asko maite ez zuten lurralde ilunetik. Horretan ere, garai hartako eskemak hankaz gora jartzen ditu Jesusek. Argia dator, eta argiak dena sustrai-sustraitik berritzen du. Argia datorrenean ezin joka daiteke argirik ez dagoenean bezala. Bizitza aldatu egiten da. Eta aldatu, ez gutxi alajaina! Erabat. Bihotz-berritzea eskatzen duen aldaketa da. Ez da azalekoa. Ikasleek sakon-sakoneko eraberritzea bezala bizi izan zuten une hura: ordurarteko biziera utzi egiten dute eta Jesusi atxikitzen zaizkio erabat. Horrelako aldaketa dakar Jesusek. Erreinuaren aldaketa!

Eta gaur zer? Hitz hau gaurkoa da, dudarik gabe. Gaur entzuten dugu: «Etorri eta giza arrantzale egingo zaituztet». Zuk eta nik entzuten dugu dei hau. «Hurbil da Jainkoaren Erreinua». Hitz honek ezer mugitzen al digu barruan? Ala lehenean uzten gaitu patxada ederrean? Gaur, zure itsas-ertzera Jesus dator. Zeuretik atera nahi zaitu. Zure bizitzari bestelako ibilbideak eskaini nahi dizkio. Zure bizitza aldatu egin nahi du. Sakon aldatu. Ez al duzu deia entzuten? Nola erantzun behar diozu? Lasai gelditzen al zara, fededun arrunta izanez? Pedrok eta egin zutena egitera ausartzen ez zarelako, triste gelditzen al zara lehenean? Zure bizitzari berrialdia emateko ilusioa galdu al duzu? Ezer berririk ez al diozu espero zure bizitzari? Ni ez naiz inor zure bizitzan sartzeko, noski; baina, pena da. Zu bezalako pertsona bat, aldatzeko prest ez egotea, pena da!

Izan ere, ez da bizimoduz aldatzea eskatzen zaizuna. Ez da, eskuartean daukazun guztia utzi eta beste zerbaitetan hastea. Normalean ez da hori. Aldaketaren barruko esperientzia eskatzen zaizu. Ez da biziera kanpotik aldatzea, barrutik baino. Egiten duzuna, egin; baina beste era batera. Egiten duzuna eginez Jesusi jarraitu behar diozu. Eta segizio hori da berritu beharrekoa. Eguneroko bizitza arruntean izan behar dugu jarraitzaile. Izan ere, eguneroko biziera arruntean Erreinurako deia entzuteko kapazitatea galdu baldin baduzu, zure fedeak bere indarra galdu du. Jesusekiko maitasuna eguneroko bizitzan erakutsi behar dugu. Eguneroko gauza txikietan.

Prest al zaude aldaketarako? Prest al zaude Jesusek egiten dizun deia entzuteko? Zure segurantzak utzi, eta prest al zaude Jainkoaren ibilbide berrian sartzeko? Jainkoari utzi nahi al diozu zure bizitza gidatzen? Jesus bezala prest jarri nahi al duzu, Jainkoak nahi duena egin diezazun? Zerk eragozten digu Jesusen segizioan joatea? Zerk lotzen gaitu? Askotan asko kostatzen zaigu, lotzen gaituzten kate horiek ebakitzea, ezta? Gauzak aldatu nahi izaten ditugu, egia da: geure irudia pixka bat iluntzen diguten gauzak. Baina, hori ez da kontua. Kontua da, Jesusi jarraitzea uzten ez digun hori aurkitzea. Eta ebakitzea. Zure ontzia itsasertzean lotzen duen hori aurkitu, ebaki, eta Jesusen Erreinuko itsasbarrura abiatzea. Hori da egin beharrekoa.

Gero zer gertatuko den? Zer gertatuko da, ba? Erreinua! Argia! Galileako ilunpetan bezala, zure alderdi ilunetan ere argia piztuko dela. Eta argiak bizipoza sortzen du. Argiak sentidua sortzen du, bizitzeko sentidua. Zer gertatuko den? Zure inguruan ere argia sortuko duzula. Zure inguruan ere, bizitzeko sentidua sortuko duzula. Beldurra ematen dizu. Baina, zergatik? Zeure bizitza lasai bizitzen jarraitu nahi al duzu? Berriari heltzeak izutu egiten al zaitu? Eguneroko sistema seguruaren loturak etetea askotxo kostatzen da, bai! Baina, Jesusen deia indartsua da, erakarlea, ederra. Eta gure bizitza bizi egin nahi dugu. Eta Jesusek eskaintzen digun biziera hori da edertzaileena, ederrena. Inork sekula egin ez duen aldaketa sortu nahi du Jesusek. Eta zu aukeratu zaitu horretarako!

Benga!, jar zaitez prest. Esaiozu baietz. Esaiozu zure eguneroko bizitza segizio-esperientzian bizi nahi duzula. Zure eguneroko segurantza lasaiak hankaz gora jartzeko prest zaudela. Prest zaudela maitasun-esperientzia berria bizitzeko pobreekin. Prest zaudela Berri Onaren argia nonahitan pizteko. Prest zaudela, lokarriak etenik, Ebanjelioaren bideetan aurrera egiteko. Eta ikusiko duzu!: gauza ederrik bada, eta ez gutxi. Horrelakorik ez da besterik! Jesusi jarraitzea esperientzia paregabea da! Eguneroko bizitza txikian gertatzen den esperientzia paregabea! Zuri eskaintzen zaizuna.

Goazen Eukaristia ospatzera. Jan dezagun aldaketaren ogia. Berri dezagun fededun guztiok Jesusen segizioan lotzen gaituen fedea!

(Homilia bakarrik argitaratzen dut hemen, gainerako beste lagungarriak liburu batean argitaratu ditut-eta: Igandetik igandera A urtea. Han daude monizio guztiak eta Jainko-hertriaren otoitza).

HOMILIA

 

Eguberriren oihartzuna izango balitz bezala, Jaunaren Agerkundean aurkitzen gara Joanek egiten duen aitorpen horretan. Jesu Kristo da gaur begiratzen eta barne-gozatzen duguna. Urtean zeharreko igandeetan, hurrengoetan, Mateoren eskutik, kristau-fedearen eta bizieraren alderdi asko aztertu eta jaso ahal izango ditugu. Baina gaur Jesusen pertsona dugu Jainkoaren hitzaren ardatz.

 

Zer nolako izen kuriosoak eman zaizkion Jesusi gaurko irakurgaietan! Jainkoaren Zerbitzaria, atzerrien argia, Jaungoikoaren Bildotsa, Jaungoikoaren Semea... Kuriosoak esan dut, baina, onenean, izen adierazgarriak esan behar nuen, izan ere izen benetan esanguratsu eta mamitsuak baitira, kuriosoak baino gehiago. Joan zen igandean ere, Jaunaren Bataioa ospatzean, Jesusi Jainkoaren Zerbitzaria deitzen genion. Eta orduan bere eginkizuna betetzeko Espiritudun aitortzen genuena, gaur ere Espiritudun aitortzen du Joanek: «Espiritua ikusi dut haren gainean gelditzen».

 

Gaur Jainkoaren nahia egiten ikusten dugun Jainkoaren Zerbitzari hau, molde bereziz azaltzen zaigu. Zerbitzariaren era apal horri, kolore berezia eransten zaio gaur: bildotsaren era, hain justu. «Jainkoaren Bildotsa» horrek juduentzat, bildotsaren irudiak alegia, azpi-sen berezia zuen. Egiptoko askatasun-unean beren ateak bildotsaren odolez margotu zituzten. Herri bezala biltzen zituen oparia, bildotsarena zen. Eta Isaiasek aurrez adierazten zuen Zerbitzaria, bildotsa harategira bezala, isilik eta menpeko joango zen, bere heriotzaz guztiona ezabatuz. Joan Bataitzaileak Jesusi Jainkoaren Bildotsa deitu zionean, esaldi horrek desafio gehiegi zuen entzun ziotenentzat.

 

Akaso esan diezadakezu, gaurko gizon-emakumeontzat ez direla oso hizkera gertukoak suertatzen bildotsarena eta morroiarena eta... Baina, oraingoz utzi itzazu hizkerak alde batera, eta esadazu: Jainkoaren nahia egiterakoan Jesusek morroi bezala eta bildots bezala jokatzen duela esatean, hizkerak aparte, ez al duzu ulertzen zer esan nahi den?, zer estilo dagoen hitz horien barnean? Baietz uste dut. Jesusek bere izate guztia zerbitzura eman zuen, Erantzun-salmoan kantatu dugun bezalaxe: «Hona hemen ni, ene Jainko, zure gogoa egiteko». Eta zerbitzu horren muga bere buruaren heriotza izan zen. Aitaren nahia beste esplikaziorik ez zuen eskatu Jesusek, Bildots heriotzarakoak. Gogor egin zezakeen, arrazoirik ez zegoen egin ziotena egiteko, ahalmena ba ez zuen ba!?

 

Jesusen pertsona barne-gozatzen ari garen une eskolatzaile honetan, hor daukazu datu bat: Bildotsa! Askatasuna dakar eta dager. Baina askatasuna hartzeko izanik ere, inolako gogorkeriarik ez, inolako derrigorketarik ez, inor behartu ezta pentsatu ere. Indarra, bere burua heriotzeraino ematearena! Arrazoia, ezer esan beharrik ez duen zerbitzu apalaren arrazoi ulergarria. Jesusek Espiritua zuen bere barnean, eta era horretan jokatzeko horixe behar!, Espiritua ugari! Jainkoaren Semea izaki, ez du beste era eta argumenturen beharrik, Bildots opalduaren argumentu ukaezina besterik. Esango al dugu? Jainkoak bakarrik onar dezake era honetako beherapen ikaragarria. Jainkoa izan behar horrenbeste zerbitzatzeko! Atera kontuak, entzule adiskide! Indarkeria ez du indartsuak erabiltzen, indarra beste arrazoirik ez daukanak baizik.

 

«Horiek denak hitz politak, baina ezer egin nahi duenak indarra behar du, bestela ez dago eragintasunik». Horrela hitz egin du bateren batek. Jesusek, bere bildots-zerbitzuz, sekulako eginkizuna burutu du. «Oso gutxi da zu nire zerbitzari izatea. Atzerrien argi egiten zaitut, nire salbamena lurraren azken-mugaraino iritsi dadin». Horra betetzekoa eta Jesusek bete zuena. Aitak munduari opa dion askatasun betea, Jesus bildotsarengan bete da! Bildotsa ez baita pulamentu-gabekoaren irudia, bere bizia emateko libre denaren irudia baino. Eta bizia emateak indar asko du, bete beharrekoa betetzeko.  «Lurraren azken-mugarainoko askatasuna» jarri zaigu guri ere eskuetan eta ezpainetan eta erraietan. Askotan, gehiegitan, Elizako ateak itxi egin ditugu. Gizon-emakume guztiak kabitzerainoko bihotz handi eta zabala eskatzen zaigu Jesusen jarraitzaile morroi-mirabeoi. Horrela bakarrik beteko dugu misioa, eginkizun askatzailea!

 

Eginkizun askatzaile hori bere onean burutzeko, testiguak behar dira! Joan Bataiatzailearen antzera, «hona hemen» esango dutenak! Isaiasek, Paulok eta Joan Bataiatzaileak bezala Jesusen mezua aldarrikatuko dutenak.  Sekulako ekintza builosoak egiten dituenen bat adierazi behar bagenu, tira! Edo berezikeriak egiten dituenen bat, hutsa! Baina, Zerbitzaria, Bildotsa, hiltzekoa! 

 

Bildots entregatu hone inguruan burutuko da Elizen batasuna. 18tik 25era bitartean, batasun hoir udugu amets eta asmo. Otoitzean Jesusen ingurura bildu nahi dugu denok, geure arteko ezberdintasunak ez, baizik Bildotsaren batasun maitasunezkora etor gaitezen.

 

Orain Eukaristian, Jesus horrekin egiten dugu topo. Jesus bera da, bai, entregatua, zure bizi-beharraren morroi egina. Askatasuna dakarkizu oparo! Bera duzu bekatua kentzen duen egiazko Bildotsa. Errukitzen dakiena. Zure eguneroko bizitza eta jardunean aurrera egin nahi baduzu, eta horretarako nora begiratu ez baldin badakizu, entzun Joan Bataiatzaileari: «Hona hemen Jaungoikoaren Bildotsa!».

 

(Homilia bakarrik argitaratzen dut hemen, gainerako beste lagungarriak liburu batean argitaratu ditut-eta: Igandetik igandera A urtea. Han daude monizio guztiak eta Jainko-hertriaren otoitza).

 

HOMILIA
Adiskideok: gure Abenduari festaren poza nabaritzen zaio. Eguberri festa gertuan sentitzen dugu, eta badakigu, dagoeneko, Jainkoak ez digula hutsean utziko gure esperantzaren prestaera eta lana. Jainkoa zintzoa da. Jainkoak ez du huts egiten. Eguberri dugu zintzotasun horren neurria.

Ez dakit, esateko, zuri zer nolako aho-gustua utzi dizun gaurko Jainkoaren Hitzak. Niri utzi didan dejea honela bilduko nizuke: Jainkoa zintzoa da. Eta, zintzotasun horren eskutik egin du Jainkoak historia guztia. Giza-historia guztia Jainkoaren zintzotasunak blai uzten du barrutik. Atergabe agertu dizkigu Jainkoak bere zintzotasun hurbilekoaren ezaugarriak.

Akazen jokaerari inolako tankerarik hartu al diozu? Akazek nahiago du giza segurantza, Jainkoarengan oinarritzea baino. Asiriarren indar ikusgarriari seguruago irizten dio, Jainkoaren hurbileko indarrari baino. Errespetu handiko erlijiotasunez jantzi nahi du bere sinetsi nahi-eza, baina ez alferrik! Alde guztietatik ikusten zaio jokalege horri bere asmo ziztrina. Ez du sinesten Jainkoa herriaren alde eta herriaren erdian dagoenik. Jainko horrek salba dezakeenik ezin du onartu. Eta ez sinesteko, nahiago du ezaugarririk ez ikusi ere.

Jainkoa, ordea, ez da errenditzen giza jokabide makur honen aurrean. Gizakia gaizto prantatzen bazaio ere, Jainkoak zintzotasunaren neurri berriak erakusten ditu. Eta gizon-emakumeon jokabide gaiztotu hori, bere zintzotasunaren poderioz makurtuko du. Eta guk, ez sinestearren nahi ez ditugun ezaugarriak, nahi baino argiago jarriko dizkigu begi-bistan.

Eta eguberri dugu ezaugarri. Jainkoaren Semea bera dugu ezaugarri. Jesus da Jainkoak ematen digun ezaugarria. Jesusengan Jainkoa bera gureganatuko zaigu. Eta Jesusengan salbatuko gaitu. Horrela, Jainkoak erakutsiko du bere agintzaria ez zela hutsa edo gezurrezkoa. Giza-esperantza isildu-ezina ere ez zela hutsaren esperantza. Jainkoa zintzoa da bere promesa betetzen. Eta zintzoa da giza bihotzaren barnean sortu duen esperentza betetasunez asetzen. Jainkoa zintzoa da.

Baina ez pentsa Jainkoa zintzoa dela esateak guretzat probetxuzkorik ezer gutxi duenik gero! Jainkoaren zintzotasuna guretzat salbamen gertatu baita. Eta ez nolanahiko salbamen, adiskidea! Goiko salbamen, Jainkozko salbamen! Horregatik gizakiak ez du Jesusen etorreran atzaparrik sartu behar. Jainkoak berak emango digu bere zintzotasunaren fruitu, gure salbamena. Mariarengan erakusten zaigun salbazio-fruitua ez da gurea, ez da gizakiona, ez da Joserena. Espiritu Santuarena da. Gurea izan balitz, ez baikintuen salbatuko. Eta, nahiz eta gurea ez izan, guretzat da. Guri eman zaigu. Eta gaur, Abendua burutzean, pozik asko esan genezake salbatuak gaudela, Jainkoa gurekin dagoela, ez gaudela geure gisara eskutik utzita. Akazek sinetsi nahi izan ez zuena, guretzat ukatu ezinezko egia bihurtu zaigu: Jainkoa gure erdian dago gu salbatzen eta gu laguntzen.

Begira iezaiezu Paulori edo Mariari edo Joseri (hirurak agertzen zaizkigu gaurkoan fededun eta). Joserena aztertzekoa da benetan: Bere barruan a zer nolako borroka bizi izan zuen! Profetak irakurriz, otoitz eginez, Jainkoari entzunez, sinetsi zuen, ordea, gertatzen ari zen horretan Jainkoa zebilela. «Jainkoak agindu bezala egin zuen». Sinetsi zuelako. Eta Jainkoak eskuartean jarri ziona, Jainko berberaren fruitua izan zen. Zalantza, beldur, ilunpe eta barne-korapilo franko argitu eta konpondu behar izan zuen. Argitu eta konpondu sinesmenean. Hortxe dugu eredu bikain askoa. Jainkoa gurekin al dago? Gure zalantzak. Bizitzari oinarriak jarri behar zaizkionean, poza nahi dugunean... non oinarritu?

Josek eta Abenduko laugarren igande honek sinesmenerako dei larria egiten digute. Sinesmenetik kanpo jotako kolpeak eta ahaleginak ez dizute ezer onik sortuko. Sinesmenetik dator gure bekatua kentzen duena. Gure barrua garbitzen diguna. Salbazioz janzten gaituena. Gaur otoitz berezia egin behar genuke: ez diezagula ihes egin Eguberriko graziak. Barrutik poztu gaitzala espero dugunaren pozak. Ez gaitezela azalean geratu. Eguberriren edertasunak harrapa gaitzala, gure asmo on eta txarrak sortzen diren barruenetik.

Oraindik ere Abenduan gaude. Eta Mariaren eta Joseren bihotz-zabaltasun hori nahi dugu eskuratu. Haiek jaso zuten fruitu goikoa nahi dugu jaso. Gutxiagorekin konformatzea ez baita zilegi Abenduan. Eta, sinetsiz, badakigu San Paulok esan duena gertatuko zaigula: "Grazia eta bakea zuei, Jainko gure Aitagandik eta Jesu Kristo gure Jaunagandik, Jainkoaren maite guztioi, bere herri santuko izatera deituoi".

Gaur Caritas erakundeari laguntza eskaintzeko eguna ere badugu. Pobreen Eguberri poztea dagokigu. Geuretzat Eguberri alaia nahi izatekotan, besteei poza ematen ikasi behar dugu. Zure Eguberrik pobreena pozten ez badu, ez duzu zure etxean Eguberri izango. Seguru!

Zabal ditzagun, bai, gure bihotzak. Eman hegoak esperantzari. Isuri Eguberriko ur bizia Abenduko egarri sakonari. Jainkoa gurekin daukagu. Gabiltzan bakean. Jesus eman zaigu, hau da, Salbatzailea, Askatzailea. Ez dezagun izan beldurrik. Espiritu Santuaren egintzaren testigu gara.

Hori guztia gertatzera doa gure Eukaristia honetan. Gaizki esan dut, ez baita gurea. Jainkoarena da. Mariaren Semea Jainkoarena den bezala, Eukaristia hau ere Jainkoarena da. Jainkoak bere Semea eman diezagula, bera gurekin dagoela jakinik lasai eta pozik bizi gaitezen.

(Homilia bakarrik argitaratzen dut hemen, gainerako beste lagungarriak liburu batean argitaratu ditut-eta: Igandetik igandera A urtea. Han daude monizio guztiak eta Jainko-hertriaren otoitza).

 

HOMILIA

Mariaren altzo gozoan eserita, Eukaristia ospatzen ari gara Arantzazun. Maria beraren ondoan Jainkoaren Hitza entzun dugu. Gaur hasten dugun urte berriari begira jarrita, zer eskaini dizu berririk Hitz horrek? Edo gaur ospatzen dugun bakearen egunari begira jarrita, bakeari ateak irekitzen dizkion esperantza-izpirik sortu al zaizu Hitz honetatik? Mariaren altzoan gaudenez, Jainkoaren Amari begira diezaiogun urte berri honetarako bake biderik eta zorion biderik harengan ikusten dugun edo.

Gaurko ebanjelioaren une hartan, Maria “urte berri” baten hasieran bezala aurkitzen zen. Jainkoak Bere Semearen amatzat aukeratua zuen. Aurrean zeukan, aska batean, Jainkoaren Semea omen zena. Bizitza guztia aldatu zitzaion. Amets izugarri bat zeraman barnean, Jainkoak berak sartua. Bere Seme hura handia izango zitzaion. Salbatzailea. Bere inguruan orain Belengo koba zuloko isiltasuna besterik ez du entzuten. Artzainen aintzaka eta goraka jardun beharra. Eta hantxe daukazu Maria, isilean hausnartzen. Zer ari zen gertatzen? Zer gertatu behar zuen? Koba zulo batean hasitakoak zer etorkizun zekarkeen? Isildu eta barruan hausnartu.

Gaur zuk, entzule, “urte berri on” esaten eta entzuten duzu. Eta, agian, zuk ere (Mariak bezalatsu) zeure ezinaren eta miseriaren ikusmira negargarri bat besterik ez daukazu ondoan. Eta urte “berri eta ona” nondik baina? Ikas Mariagandik: isildu eta hausnartu. Eta hausnarrean Mariarekin begira zeure miseriaren askan etzana dagokeen Haur horri. Hortxe duzu zeure bizitza eta urtea berritu eta ondu ditzakeena. Hor Mariarengandik jaio eta zure haragitan ezinean agertzen den Jainkoaren Seme horixe da berritasunaren, pozezko nobedadearen iturria eta susto alaia. Munduaren builek eta zaratek ez dizute urtea berrituko, zaude ziur! Agintzari handi eta ahobeteko horiek ez dizute bizitza poztuko, hori seguru! Isildu eta hausnartu: hor daukazu, urruti gabe, zeure miseriaren sehaskan etzana, pozaren iturria: Mesias salbatzailea!

Mariak “Jesus ezarri zion izen”, orain hain indargabe ikusten duen haur horri. Ez daki nondik eta nola izan daitekeen haur hori salbatzaile. Baina Jainkoak esandakoari atxikitzen zaio bere ahalmen guztiaz. Eta hain ahul eta kaskar ikusten duen haur horrengan, Salbatzailea aitortzen du. Begirada berria eta bihotz fededuna erakusten ditu horretan Mariak.

Guretzat ere ikasgai ederra dagoke hor. Gure ahulean eta ezinean, Salbatzailea sumatzen jakingo ote dugu! Geure bizitzaren ahula eta ezina onartu eta pozik besarkatu, horietan Jainkoak bere berritasuna eta poza mamitu nahi dituela sinesturik! Jainkoak garen bezala maite gaitu! Jainkoak garen bezala onartzen gaitu. Izena alda iezaiozu zeure horri. Tristura eta etsipena eta deitu ordez, dei ezaiozu salbazio! Jainkoak seme edo alaba egin zaitu. Jainkoak bere bizia eman dizu. Jainkoak horrela maitatu bazaitu, zuk zergatik ez duzu zeure burua maitatu behar?!

Azkenik Maria, bere isilean eta hausnarrean, bakearen sabel eta eliza bezala ikusten dugu. Beragandik datorkigu baketzen gaituen Salbatzailea! Maria dugu, egiaz, Bakearen Erregina! Mariak haurtxo horrengana makurtzen ditu bere begiak eta bere gozoz haurtxo horrengana zuzentzen gaitu: hortxe dago bakearen iturria eta aukera onena! Sozial eta politika mailako bakea baino harutzagotik sortzen den bakea eta, onenean, beste bake guztientzat ere aukera bakar izan daitekeen oinarrizko bakea! Jesus da bakea! Jesus da harreman berria! Jesus da bakeari atea irekitzen dion maitasuna! Jesus da bakean bizitzeko pozten gaituena! Jesus, Mariaren Semea da Bakea!

Mariak, Nazaretetik hasita, bere bizitzan, erromesaldi luzea burutu behar izan zuen. Belengoa aurreneko pausoa da. Urte berri honen hasieran, erromesaldi luze baten aurrean gaude gu ere. Mariari begira, fedearen arrastoak jarraitu behar ditugu. Urte hau aukera ederra dugu Jainkoaren bendizio handiaz gehixeago jabetzeko. Aukera ederra, fedean abiatzeko. Aukera ederra bihotza baketzeko, eta, ondoren, bihotz baketsuz, gizartearen bake-bideak samurtzeko.

Goazen Eukaristiara. Gure gaurko Belen aldare hauxe dugu. Arantzazuko Amaren oinetan bilduta, Jesusi begira gaude. Berpiztuari begira. Orain galdetzen dizut berriro: zergatik "urte berri on"? Jesus Salbatzailea jaio delako! Zergatik "urte berri on"? Mariak bere fedezko isiltasunean salbazio-hausnarrean jartzen gaituelako! Zergatik bakea? Mariagandik datorkigulako aldare honetara bakearen iturria eta bakearen poza! Aitor dezagun gure fedea, urte guztian bizi nahi duguna, eta barnean onar dezagun dezagun on eta poz guztien Jauna den Mariaren Semea!

(Homilia bakarrik argitaratzen dut hemen, gainerako beste lagungarriak liburu batean argitaratu ditut-eta: Igandetik igandera A urtea. Han daude monizio guztiak eta Jainko-hertriaren otoitza).

 

 

 

HOMILIA

Senideok: ez al da benetan ederra Jainkoaren Hitzak aurrean margotu digun koadroa? A zer ikuskizuna! A zer aldaketa! Poesiaz eta liraintasunez jantzitako irudiz adierazi digu Isaias profetak Jainkoaren etorrerak sortuko duen salbamena! Jainkoak ez ditu gauzak lehenean uzten. Jainkoa igarotzen den tokian, dena sustraitik berritzen da!

 

Basamortua loretan pozten da. Esku ahulduak indartzen dira. Belaun kolokak erabat sendoturik sendatzen dira. Beldurra uxatzen da bihotz beldurtuetatik. Jainkoak erabat eta sakon-sakonetik aldatzen du bere herriaren zoria. Jainkoa dator eta inguruan herri berria sortzen zaio. Itsuek ikusten dute, gorrek entzuten, herrenek jauzi egiten eta mutuek hitzegiten, katigatuei askatasuna datorkie. Samina eta negarra zen oro, poz eta alaitasun bihurtzen da!

 

Seguru asko, behin eta berriz, bitan eta hirutan, irakurri behar genuke hau guztia, ea eskaintzen zaigun mundu berri hori egia izan daitekeela sinesten dugun. «Hori ezinezkoa da» esaten duzu. «Hori esatea da errazena», baina hori gaur gure artean gertatu? «Gu salbatzera, zatoz, Jauna» kantatuz, guk sinesten dugu Mesias Jaunaren Etorrerak gauzatuko digula hori dena. Horregatik, pozez entzun dugu Santiagok bigarren irakurgaian egin digun deia, esperantzarako eta pozetarako deia egin digu, «Jaunaren etorrera hurbil da eta».

 

Eta Jaunaren Etorreran, hau guztia egia bihurtzen da. Mundu berria gertatzen da. Isaiasek eman dizkigun ezaugarri horiek, mesiastasunaren eta Jainkoaren salbamenaren adierazgarri gertatzen dira. Jesusen Berri Onak argia dakar itsuentzat, garbitasuna legenardunentzat, entzumena gorrentzat, hildakoentzat piztuera, behartsuentzat notizia pozgarria. Jainkoak bidali duen Jesusengan iragarria zegoen mundu berria esnatu da eta gertatzen hasia da. Erreinua gure artera etorri da. Eta gaitzari barrutia badihoakio oinazpitik, ondartzako ondarra urak oinazpitik eramaten dizun bezala. Horixe da fededunok Abenduan eta Eguberritan ospatzen dugun askatasuna eta salbamena. Hauxe da gure festaren eta esperantzaren kantu isildu ezina.

 

Baina hau guztia ezin daiteke, inondik inora, hitz hutsetan geldi. Ezin dezakegu Jainkoaren Hitza gure sinestezinaren hedeez lotu. Ezin dezakegu Jainkoaren promesa gure arduragabekeriaz kateatuta utz. Eta, beraz, hitz honek galdera eta erremin gertatu behar du gure bihotzean. Adierazi zaigun aldaketa, hogeita batgarren honetarako da. Zer aldatuko da gaur nire bizitzan? Zer aldatuko da gure elkarteetan? Zer gure familian, gure ezkontzan, gure komentuan? Eman zaizkigun ezaugarriak barne-eraginez hornituak datoz eta ezaugarri horiek egintza, gertakizun, izan nahi lukete gaur guregan.

 

Beraz, gaur gure artean inork argi berririk begietaratzen ez badu, edo  gure artean inork salbamen-soinu berririk entzuten ez badu, inork gure artean itxaropen berririk bihotzeratzen ez badu, hori ez litzateke Abenduaren eta Eguberriren ospaketa txukuna izango. Belaun ahulduak eta bihotz beldurtuak sendotuko dituen esku suspertzailerik sortzen ez bada gure elkartean, gure gizartean Berri Ona oihukatuko duen eztarri sendorik sortzen ez bada, hori ez da Abendua eta Eguberri ospatzeko kristau modua. Mesias Jaunaren Etorrerak inolako eragin adierazgarririk ez baldin badu, zertarako ospatzen dugu Jaunaren Etorrera?

 

Adizu, jarri zaitez nirekin batera pentsatzen: gaur, garai hartan Joan Bataiatzaileak bezala, norbaitek galdetuko baligu, zuen Kristo hori al da Etortzekoa edo oraindik beste norbaiten zain egon behar dugu?, ez al litzateke ederra izango guk erantzun ahal izatea: begira, mundu berria sortzen ari da, gaixoentzat bada esperantza, katiguentzat eta kartzelatuentzat bada askatasuna, gizarteak baztertutakoentzat bada nork besarkatua, gorrotoari bakeak jaten dio barrutia, pentsamoldeak ez dira gogorkeriaz behartzen, pertsonen duintasuna gero eta errespetatuagoa da, gizon-emakumeek zein baino zein elkar zerbitzatzen ari dira, jendea Jainkoak maitatua sentitzen da, behartsuenentzat salbamenaren notizia atergabe entzuten da gure kaleetan... ez al litzateke ederra izango?

 

Hala ere, beste gauza bat esaten utzi behar didazu. Esandako honekin ez nizuke burutazio estu eta larririk sortu nahi. Ez da pazientzia galtzearen kontua. Hemen presak eta larritasunak alfer-alferrik dira. Joan Bataitzaileak gertatzekoak ziren haizkorakadak eta gertaera nabarmenak iragarri zituen. Horiek ez zirela gertatzen eta urduri jarri zen. Zertan antzematen zitzaion, orduan, mesiasen etorrerari? Jesusek, gizakiaren barruko aldaketaren ezaugarriak jarri zizkion begi-aurrean, gordean gerta daitezkeen gertaera askatzaileak: tristeak pozten dira, bihotz ilunek ikusi egiten dute, berrionik entzuten ez zutenek orain entzun egiten dute, bekatariei irtenbidea eskaintzen zaie... Pazientzia galtzea alferrik da. Jakin dezagun geure barrua eta geure ingurua onez begiratzen. Izan dezagun pazientzia geurekin eta ingurukoekin. Jaunak ari duen lana suma dezagun. Aitortza eder baten bidez, has gaitezen gure bihotzean soinu eta gauza berriak entzuten eta ikusten. Has gaitezen, nekazariaren begirada itxaropentsuz, haziari sortu zaion landarea ikusten. Jauna ari da etortzen!

 

Bai, adiskidea, Eguberri indartsu datorkigu. Badator Jauna. Jainkoak dena berritu nahi du, denak poztu, denak sendatu. Bakoitzak ahalduguntxoa egiten badugu, Erreinua atzo baino gertuago izango da gaur. Gertuago eta gertatuago. Eta esaten badizut, gure ospaketa hau dela Eguberri? Bai. Eukaristia honetan aldatzaile eta berritzaile datorkigu Jauna. Egin diezaiogun tokia bihotzean. Eta segi dezagun esperantzaren hegoetan, gizarte berri baten lana burutzen. Animo!

FaLang translation system by Faboba