liturgi lagungarriak

Ayudas para la Liturgia

Liturgi lagungarriak

 

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Anai-arreba maiteok: Jesu Kristo, Errege zerbitzariaren poza eta bakea zuekin!

 

Jesu Kristo Erregeren festaburua ospatzen dugu gaur, halaxe da. Liturgi urte osoan ospatu dugun guztia biltzen digu gaurko festaburuak. Gure oinarri eta izate-ardatz den Jesu Kristo kontenplatzen dugu maitasunez, giza historiaren ardatza eta muina den Jesu Kristo.

Hala ere, haren erregetza ospatzean, ez dugu ahaztu behar «haren erregetza ez dela mundu honetako erregetzak bezalakoa». Pobreen zerbitzura daraman erregetza da Kristorena, zerbitzuaren gurutzera daramana.

 

Gure ospakizunaren hasieran, jo dezagun maite gaituen errege errukitsuaren onginahira, eta eska diezaiogun bekatariontzako errukia.

 

– Jesus Jauna, gizakioi maitasunaren egia azaltzen diguzuna. Erruki, Jauna.

– Jesus Jauna, diren guztien erregea. Kristo, erruki.

– Jesus Jauna, zure erreinuaren hartzaile egiten gaituzuna. Erruki, Jauna.

 

 

PREFAZIOA

Senideok: eskerrak eman diezazkiogun zeruko Aitari gogotik, bere Seme Jesu Kristo eman digulako. «Hark maitatu eta askatu baikaitu bere odolaz». Erreinurako bidea urratuta daukagu. Sutsu adieraz dezagun gure esker ona.

 

 

GURE AITA

Jesus berpiztua gurekin otoitzean ari da. Berarena da gure otoitza. Eska dezagun etor dakigula berarekin Jainkoaren Erreinua.

 

 

HONA HEMEMN

Begira Kristori! Bera da munduaren ardatza. Utz diezaiogun gure bizitzan sartzen. Zoriontsuak Jaunaren mahaira deituok!

 

 

 

 

  1. B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

1 - Daniel Profetaren liburuko zati bat entzutera goaz. Profeta honek, irudi eta olerki-bidez, gu bezalako gizona den baten agintea eta erregetza azalduko dizkigu. Profezia hau gero Kristorengan ikusiko dugu erabat betea.

 

2 - Gozoa eta pozgarria entzutera goazena. Jesu Kristo, heriotzaraino leiala izanez, errege eta jaun guztien nagusi jarri da.  Eta gu ere bere erregetzara gonbidatzen gaitu, leialtasunean.

 

 

 

HERRI-OTOITZA

Senideok: Jesu Kristo Erregearen bitartekotzak babesten gaituela, dagiogun otoitz zeruko Aitari gizon-emakume guztien alde.

 

Eliza osoaren alde: Munduan Jesusen erreinua adieraz dezan, bakezko eta justiziazko erreinua, pobreen onerako.

 

Munduko herri guztien alde. Gure herriaren alde. Gogorkeriaren zigorra sufritzen ari diren herrien alde: Jesusen erreinuaren bakea iritsi dadin gure harremanetara.

 

Bakearen eta justiziaren aldeko lana ari dutenen alde: Jesusen erreinuaren poz betea jaso dezaten.

 

Munduan zehar sufritzen duten guztien alde. Siriako biztanleen alde. Beren etxea galdu dutenen alde: Beren sufrimenduan, Jesusen burbiltasunak poztu eta itxaropenez bete ditzan.

 

Eukaristia ospatzen ari garenon alde. 

Jesu Kristoren erreinuko poz eta indarrak aurrera-nahiez bete gaitzan.

 

Aita ona, zure Seme Jesu Kristo Erregetzat eman diguzunez gero, emaguzu beraren erregetza arnasteko poza. Jesu Kristo gure Errege eta Apaiz nagusiaren bitartez.

 

 

 

HOMILIA

Liturgi urtea hasi genuenean, Abenduko garaian, ozen esaten zitzaigun: «Zaudete erne, hurbil baita Jainkoaren Erreinua». Eta urtea amaitzean, gaur, Jesus berak garbi asko adierazten du: «Zerorrek diozu: Errege naiz». Eta bi une horien tartean, igandea joan igandea etorri, Jesusen Hitza entzun dugu eta askapen-egintzak burutzen ikusi dugu. Eta egintza horiek burutu dituenean esaten du Jesusek «Errege naiz» nagusi hori.

 

Jesusek berak esateaz gain, ordea, nik uste denok galdetu beharko genukeela gaur: Baina, benetan errege ote da Jesus? Eta hala dela esaten badut, zertan agertzen eta erakusten du erregetza hori? Izan ere, Ebanjelioak aditzera eman digun ikuskizun hori txokagarria da: Jesus atxilotua Pilatosen aurrean, gurutzera kondenatua izateko zorian, lotua... eta hain zuzen orduantxe, «Errege naiz» esaten. Errege baldin bada, berezia oso!

 

Eta gaur, fededunok gozotasun eta poz betez aitortzen diogu Jesusi bere erregetasuna. Errege aitortzen dugu, eta barne-poz nabarmenez gainera! Lotua, gurutzeratua, zapaldua, baztertua..., hala eta guztiz ere, Errege! Eta guk nahiago dugu Jesus era horretako Errege izatea: bere bizia besteren zerbitzuan ematen duen Erregea. Gaizkileei barkazioa eskaintzen dakien Erregea. Irainari bakeaz erantzuten dion Erregea. Egiari aitormen egiten dion Erregea. Bere borondatea, bihotzak aldatuz ezartzen duen Erregea. Indarkeriaren beharrik ez duen Erregea. Nahiago dugu era honetako Erregea! Ez da mundu honetan ohiko den horietakoa. Eta hobe!

 

Apaltasun eta azkenerainoko zerbitzu horri, a zer argia eta edertasuna darion! Gurutziltzatu horixe da hodei gainean airoso datorren Ahaltsua. Bere eskuan azkenik gabeko erregetza duela. Beti Aitaren maitasunezko askatasun-nahia azalduz. Jainkoa Aita dugula esanez. Bekatariak bere artegira bilduz. Gaixoei geroaren esperantza hautsi-ezina bihotzean txertatuz. Baztertuei beti bere bihotzaren estalpe babestua eskainiz. A zer errege izateko modu berezi eta gozoa!

 

Berak esan du bere erreinua ez duela «mundu honetakoa». Eta, hala ere, «errege izateko etorria dela mundu honetara». Biak batera. Errege izatera etorria da, baina ez munduko errinuen erara. Berak giza bihotzetan eraiki nahi du maitasunezko erreinu zerbitzaria. Baina, erreinu hori bihotzetan eraikitzeak ez du esan nahi erreinu hori barruan gorde eta bizitzeko erreinua denik. Munduko arazoak benetan hartzen dituen erreinua da. Gizakien arazoak bere arazo bihurtzen dituen erregetza da. Ez mundukoen erara, baina munduko bizibidea askatu nahi duen erreinua da. Ez indarrez, maitasunez baizik. Ez behartuz, askatasunez baizik. Ez zapalduz, jasoz baizik. Erreinu berezia, ederra eta askatzailea.

 

Horrexegatik gaur, ospaketa honetan, bigarren irakurgaiak esan duena egin nahi dugu: «Aintza eta agintea eman gu maite izan gaituenari, gure bekatuetatik garbitu gaituenari, Jaungoiko bere Aitaren apaiz egin gaituenari». Hori da, sekulako «bejondaizula» ozena bota nahi diogu. Badakigu asko eta gehiegi ere zor diogula. Eta hori eskertzeko festaburua dugu gaur.

 

Eta, bide batez, gaur gure bihotzean itsatsia eta josia laga beharko genuke egia hau: Kristo dela Alfa eta Omega, A eta Z, Hasiera eta Azkena. Harengan oinarritzen dela zorion oro eta harengan burutzen dela zorion oro. Harengan oinarritzen eta burutzen gizatasun oro. Harengan oinarritzen eta burutzen edertasun oro. Harengan oinarritzen eta burutzen askatasun oro. Gure izan-ametsak burutu nahiz beste zerbaitetara makurtzen bagara, ez dugula inolako atarramentu onik izango.

 

Baina, festaburu honetan, gure bizitzari eta ekintzari ere begiratu behar diegula esango nuke. Izan ere, Jesusen erreinuaren langile izateak, gure jokabideak aztertzera eraman behar gaitu. Gure eguneroko bizitzan ari dugun lanak eta bizi dugun moldeak, ba al du zer ikusirik Jesusen jokamoldearekin? Jesusen maitasunezko jarrerak geuretuak al dauzkagu? Gure jokaera, zerbitzuzkoa al da ala behartuz jokatzen dugu? Gure begiak zabalik al daramatzagu, Jesusen erreinuaren argi txikiak ikusteko? Ala dena gaizki eta kaltegarri ikusten jarraitzen dugu oraindik ere? Erreinuaren hazi txikiak sumatzen al ditugu gure eta ingurukoen bizitzan? Maitasunari askotan ez zaio argi handietan antzematen, baina maitasuna da Jesusen erreinuaren egiazko indarra. Maite al dugu, maitasunaren beharrean dagoen behartsua?

 

Goazen, adiskideok, Erregearen mahaira. Goazen bere burua zerbitzu ederrean eskaintzen duen Erregearengana. Gure fedea aitor dezagun, Kristoren erregetza sinesten dugula oihukatuz. Eta maitasunak neurririk ez duen ospaketan murgil gaitezen pozez eta bakez. Kristo Erregek erakuts diezagula bere Erregetzaren aztarrena.  Eta eman diezagula, erreinu horren sintonian bizitzeko argi eta indarra.

 
Liturgi lagungarriak
 
A) APAIZAREN MONIZIOAK
 

AGURRA ETA SARRERA

Bizia ematen duen Jainkoa, gizakiak baztertzen ez dituen Jainko ona, izan bedi zuekin!

 

Liturgi urtea bukatzerakoan, urteroko kontua izaten da: eukaristi mahaiaren inguruan elkarturik, mundu zaharraren desegitea eta mundu berrira igarotzea hots egiten zaizkigu. Jaunak egiten digun erregalu paregabea da hori.

Izan ere gure batzar honi, beste batzar baten usaina dario, Jaunak alde guztietatik bilduko gaituen batzar ederraren usaina.

 

Elizaren kide sentituz, elkarrekin  bat eginez, aurrera dezagun gure bat egitea.

 

Hasteko, isilean, jo dezagun Jaunaren errukitara.

 

– Jesus Jauna, gizaki guztiak salbatzea nahi duzuna. Erruki, Jauna.

– Jesus Jauna, Aitaren aurrean gure alde ari zarena. Kristo, erruki.

– Jesus Jauna, zure betiko mahaian bilduko gaituzuna. Erruki, Jauna.

 

 

PREFAZIOA

Gure esker ona adieraz diezaiogun orain gure Aita maitagarriari, Jesu Kristorengan bat egiten gaituelako, eta bere biziaz pozten gaituelako.

 

 

GURE AITA

Eska diezaiogun gure Aitari ager dezala eta eraginkor egin bere Erreinua gure artean. Jesu Kristok irakatsi bezala esan dezagun.

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

1) Daniel profetak bere liburuan, juduentzat oso ezaguna zen hizkera erabiltzen du: ikuskari ikusgarriak, abere ikaragarriak, lur-ikara eta horrelakoak. Hizkera hauek, literatur-hizkuntza hauek, hitzez adierazi ezin den beste zerbait adierazi nahi digute. Jesusek berak ere, ebanjelioan entzungo dugunez, hizkera hori bera erabili zuen.

 

2) Hebertarren epistolatik egin dugun irakurketa gaur amaituko dugu. Gaur ere, Kristok gurutzean egin zuen oparia goresten zaigu.

 

 

 

HERRI-OTOITZA

Ager diezazkiogun gure eskariak guztion Aita onari.

 

 Sortaldetik sartaldera zabaldua dagoen Elizaren alde: Beti eta nonahi onar ditzan pobreen eta nahigabetuen poz eta esperantzak, samin eta atsekabeak.

 

 Aita Santu eta Gotzainen alde: Elizen eta herrien arteko solidaritatea sortarazi eta sustatu dezaten.

 

 Gure Elizbarrutien alde: beren asmo eta ekintzak aurrera eramateko behar duten laguntza izan dezaten.

 

 Pobreen alde, beharrezkoenak ez dauzkatenen alde, etxerik gabe gelditu direnen alde, errefuxiatuen alde: Ebanjelioaren indar askatzailea ikus dezaten kristauen eta gizon-emakume guztien hurbiltasunean.

 

 Erreinuaren presentzia ospatzera bildu garenon alde: Gure fedea indarturik, Erreinuaren etorrera lantzen saia gaitezen gure eguneroko munduan.

 

Entzun, Aita ona, oraintxe eskatu dizuguna. Emaguzu zure Erreinua. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

 

 

HOMILIA

Zuk, adiskidea, pentsatzen al duzu inoiz zeruan? Zeruaren errealitateak zabaldu al dizu inoiz bihotza? Jesusen etorrerak gertatu behar duela eta, sumatu al duzu indar berria zeure bihotzean? Ala, zerua eta Jesusen etorrera eta horiek guztiak, noizbaiteko hizkera baztertu beharrekoa iruditzen zaizu? Sinesten al duzu, zure fedeak baduela etorkizuna?

 

Liturgi urtearen azken igandeok gure bizimugak zabaldu nahi dizkigute. Itxaropenaren leihoa ireki nahi digute. Izan ere, leiho hori, etorkizunaren leihoa zabal irekitzen ez badugu, eguneroko jardunaren errealismoak ito gaitzake. Jainkoaren Hitzak, gaur ere, Jainkoaren bihotzaren arabera ikustarazi nahi dizkigu gauzak. Jainkoak geure historia zehatzean maite gaitu. Eta Jainko maite horrek, ametsetan ere espero ezin genezakeena eskaintzen digu. Jesusengan, eta aldien azkena da hau, Jesusengan, giza izaerak azken gabeko zorionaren eskaintza jaso du, gure izaera beldurtua eta mailatua, Jainkoaren aintzaren bizileku gertatuko baita. Hala esan zigun Jesusek. Honek esperantza indarberritzen al dizu?

 

Egia da, ez dela oso samurra Daniel profetari entzutea, beraren ikuskizun surrealista eta beldurgarri hori jasotzea. Ez da erraza. Baina, pentsa ezazu Israel herriaren histori une gogorrenean esanak izan zirela. Fededun gutxi batzuren nortasuna hilko ez hilko zebilen une beldurgarrian. Helenismoaren indarra halakoxea zen izan ere. Erasotu haientzat a zer esperantza gozoa gordetzen zuten Danielen hitzok: «Aldi hartan salbatuko da zure herria... Lurreko hautsetan lo dauden asko esnatuko da; batzuk betiko bizitzarako... Distiratuko dute jakintsuek». 

 

Etorkizun horrek muga berezia jasotzen du Jesusengan. Jesus bera da muga. Jesusengandik aurrera, bera da etorkizuna. Etorkizuna presente egiten hasi da ia. Geroa gaurko egin zaigu. Parusia, zerua, etortzen hasi da, etortzen ari da. Erreinua hazten ari da. Jesus gure artean baitago. Historiaren Jauna etortzen ari da atergabe. Etorrera erabatekoa maite dugu eta nahi dugu.

 

Zuk sinesten al duzu, zure eguneroko bide honek azken ona izango duela, zure hemengo fedeari etorkizun betea irekiko zaiola? Batzuetan galdetzen dizute: Zuk sinesten al duzu zerua benetan? Zuk espero al duzu Jaunaren bigarren etorrera betea? Hainbestetan esan digute zeruan pentsatzeak alienatu egiten duela, lurreko eginkizunetik aldentzen gaituela alegia... Hainbestetan esan digute, lur honetan zer eginik ez daukatenek sinesten dutela zeruan... Hainbestetan txepelen ustetzat aurkeztu digute zeruko hori... Lurrera begiratuz bizita, besterik gabe, alienatuko ez bagina bezala... Hemengo gauza hutsetatik bizitzeak gezurrezko nahi eta ametsetara eramango ez bagintu bezala... 

 

Egia da, askotan zeruak ez du inolako eraginik gure esperantzan. Eta esperantza hori moteldu, estutu, egiten zaigu. Eta hori oso da grabea.

 

Gaurko ospakizunak esperantzara erakarri behar gaitu. Jauna badator. «Lau haizeetatik bilduko gaitu». Etorkizunera bidean goaz. Etorkizuna egiten ari gara. Jesusen Erreinua gertarazten ari garen bitartean, zerua zabaltzen ari gara. Gure bideak badu bere helmuga, ez goaz helmugarik gabeko bide galduan. Gure esperantzak badu bere barrutia.  Gure borroka txikiak badu sentidua. Gure eguneroko maitasun-eginahalak badu bere zergatia eta bere zertarakoa. Jaunaren etorrera lantzen ari gara. Eta horrek ez al dizu bihotza zabaltzen? Bai alajaina!

 

Orain galdera bat dago hemen, nire ustez. Betetasunerako bide hau nola egin? Nola goaz gerorako bide horretan? Nola bizi praktikan etorkizunaren esperantza hori? Nola bizi betiko zoriontasunaren itxaropen eragile hori? Giza biziera ontzeko ahaleginean ari zarenean, eta zure ahalegin guztiak eraginik gabekoak gertatzen direla ikusten duzunean... Jardun eta jardun eta gaur gure artean bizi dugun ustelkeri giroa ikustean... Nola bizi esperantza? Haur errugabe bat hil delako, barrua asaldatzen zaizunean... nola bizi esperantza? Zeure buruari begiratu eta zure ametsik handienak gertaezinak direla ikusten duzunean, nola bizi esperantza? Eliza bera askotan bere hitzaren neurrikoa ez dela ikusten duzunean, nola bizi esperantza? Sufrimenduak zure bihotza estutzen dizunean... Maite dituzun pertsonak hil eta galtzen dituzunean... Heriotzaren hurbiltasunak zu zeu gertutik mehatxatzen zaituenean... nola bizi esperantzaz? Zure eguneroko ahalegin txikiak ez duela ezertarako balio pentsatzen duzunean... Otoitza egin edo ez egin igualtsu ote den burutazioak sortzen zaizkizunean... nola bizi esperantza? Une zail eta latz horietan, zure bihotzeko indar guztiak bildu eta oihu ozen eta garratza egin behar duzu: «Zatoz, Jesus Jauna!». Behin eta berriz esan behar duzu barru-barrutik: «Zatoz, Jesus Jauna!». Zerumugak estutzen zaizkizunean, odola bildu eta sakonenetik esan: «Zatoz, Jesus Jauna!».

 

Ikusiko duzu, esperantza zabaldu egingo zaizu, zeruaren ederra sinesteak lurraren garratza lantzera eramango zaitu, Jaunaren etorrera sinesteak mundu berria oretzera eramango zaitu. Eta bestela onezkero alde batera utzi zenuen ahaleginari, erori gabe eutsiko diozu. Eta hori ederra da!

 

Ez ezazu ahaztu gaur Elizbarrutiaren eguna ospatzen dugula. Zure Elizaren eguna, aizu! Zerbitzuak jasotzea ondo dago, baina zerbitzuak ematea ere ez dago gaizki. Eta zure Elizak behar eta premia handiak dauzka. Ez ezazu hori ahaztu. Zu zaintzen zaituen Eliza hori, zuk ere zaindu ezazu. Esperantzaz begira iezaiozu zure Eliza txiki horri, Elizarengandik esperantzarako indarra jaso dezazun. Ospa dezagun esperantzaren misterioa!

Liturgi lagungarriak

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Senideok: azaroaren lehen egunean, pozez beterik ospatzen dugu santu guztien festaburua. Festaburu honen pozetan, bakearen eta maitasunaren Jainkoa bego zuekin!

 

Senideok, hainbat toki eta izaera ezberdinetatik, Jainkoak beregana bildu dituen senide salbatuak gogoan ditugula ospatzen dugu gaurko Eukaristia. Haien bihotzak garbitu zituen erruki bera eskatzen dugu ospaketaren hasieran. Jainkoak eman diezagula bihotz santua.

 

Une labur batez sar gaitezen geure barnera eta eska dezagun isilean errukia.

(Isil unea)

 

Eta orain otoitz egin dezagun elkarrekin. Mariak eta santu guztiek ere otoitz egin dezatela gure alde Jainkoaren aurrean.

 

Aitortzen diot...

 

 

PREFAZIOA

Santutasunaren  iturri den Jainkoak bere maitasunaren dohainez bete gaitu. Oraintxe dugu esker onaren une garrantzitsua. Bil gaitezen Elizaren otoitz nagusira poz-pozik.

 

 

GURE AITA

Fedean eta itxaropenean elkarturik, bata bestearen anaia eta Aita beraren seme-alaba bezala, kanta dezagun Jesusek irakatsi zigun otoitza.

 

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEI MONIZIOA

Gaur entzungo dugun Jainkoaren Hitza, pozezko eta esperantzazko hitz gozoa da. Zorion eskaintza dela esan genezake.

Aurrena, Apokalipsi liburuko poesi hizkeran Jaunaren bideen garaipena adieraziko zaigu. Gero, San Joanen zati labur eta bikain bat entzungo dugu. Eta, azkenik, Jesusek bere Erreinuko adierazpen paregabea egingo digu. Entzun dezagun arretaz.

 

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

Fedean aurrelari izan ditugun anai-arreba guztiekin elkartasunean, aurkez diezazkiogun gure Aitari gure otoitzak eta eskariak.

 

* Otoitz egin dezagun, Eliza izan dadin onginahian, maitasunean eta zerbitzuan oinarritutako elkartea.

 

* Otoitz egin dezagun, kristu bakoitzak jarrai dezagun zoriontasun-bide askatzailea.

 

* Otoitz egin dezagun, gerran erta bizi ezinean aurkitzen diren herrialde guztietan bakea, senidetasuna eta elkartasuna nagusi daitezen.

 

* Otoitz egin dezagun, gure senide hildakoek eta, batez ere, hurbiletik ezagutu ditugunek, Jainkoaren bizia goza dezaten.

 

* Otoitz egin dezagun, Santu guztien festaburua ospatzen dugun guztiok eta, batez ere, gaixo eta ezinduek, santuen laguntasuna eta babesa suma ditzagun.

 

Entzun, Aita ona, santu guztiekin batean egiten dizkizugun eskari hauek. Eraman gaitzazu guztiok zure argi eta maitasunera. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

 

 

 

HOMILIA

Benetan maitagarria dugu gaurko festa: gure senide santuen jaia! Benetan harrigarria santuen Jainkoa, santutasunaren dohaina egin digun Jainkoa! Benetan pozgarria, bestalde, santuen Elizaren zati izatea! Zinez lasaigarria da gero, santuak kristau-esperantzan senide ditugula jakitea! Hitz batean, entzule, zera esango nizuke: santuen jaia ospatzean geure jaia ospatzea dugula.

 

Galdera bat badut, ordea, egiteko: zer da santu izatea? Zer gordetzen du bere barruan "santu" hitzak? Zintzotasuna eta leialtasuna? Santu izatea, akatsik eta errurik gabe bizitzea ote da? Santu izatea, barne-bizitzan maila gorengoak lortzea ote da? Santu izatea, geure ahaleginez lortzeko zerbait ote da?

 

Entzun dugun lehenengo irakurgaian esan zaigun esaldi bat gogora ekarriko dizut santu izatea zer den garbi ikusteko: "Ez zigortu lurrik, ez itsasorik... harik eta gure Jaungoikoaren zerbitzariei ezaugarria bekokian ezarri arte". Ezaugarria ezarri, horra santutasunaren dohain paregabea. Santu izatearen iturria, ezarri zaigun ezaugarri edo marka horretan daukazu. Jainkoak “ukitu” eta “markatu” egin gaitu. Zer da ezaugarri edo marka hori? Zer esan nahi da hitz horrekin? Entzun bigarren irakurgaiko hau: "Begira zenbaterainoko maitasuna agertu digun Aitak: Jaungoikoaren seme-alaba izena daramagu, baita izana ere". Maitasunez markatuak izan gara. Maitasunaren ezaugarria ezarri zaigu. Jainkoak maitatu gaitu: horra santutasunaren oinarria. Bataioan, Eukaristian, Penitentzian, otoitzean... ezaugarri hori edo marka hori berritu besterik ez dugu egiten. Santu esan edo-ta maitatua esan, bietara berdin esan duzu.

 

Noski, maitasunak bizimodu berria eta berezia sortzen du. Jainkoak maitatu gaituela jakiteak, Jainko horren zerbitzari egin gaitu. Eta, San Joanek esan du, “horretxegatik munduak ez gaituela ezagutzen, Jainkoa ere ezagutu ez zuelako”. Eta hortxe hasten da santutasunaren edo santu bakoitzaren bide nabarmena. Santua eta mundua ezin lotu ahal izango dituzu uztarri berean. Jainkoaren maitasunaz jabetzeak, maitasunaz “markatua” izateak, Jesu Kristoren jokabide eta ibilbide bereziak josten dizkio barnean. Eta horretatik, munduak ulertu eta onartu ezin duen “zorionbidea” sortzen da. Apokalipsis liburuko hitzez hor hasten da “nekaldi haundia”. Nork asmatu maitasunak nekaldia sortu behar zigunik? Eta jator pentsatu ezkero ez da betere harritzekoa: Jainkoaren maitasuna ez al zen Jesu Kristoren gurutzean mamitu? Eta Jainkoaren maitasunak bide berak idazten ditu Jesu Kristorengan eta fededunarengan. Bai, jauna!

 

Santuak ez dira, beraz, beste planeta batetik jaitsitako izaki bereziak. Santuek santutasuna ez zuten berezkoa. Santuak ez ziren santu jaio. Santuek, maitasunaz jabeturik, Jesu Kristoren bide bera besarkatu zuten. Zorionbide bezala, Jesu Kristoren bide bera besarkatu zuten. Eta munduan sarri nagusitzen den bizieraren kontra Ebanjelioko bide hori bizi izan zuten. Eta bide horren arrazoia gaur ikusten dute, Jainkoaren oinetan aintzaturik eta salbazioaren ederra kantatuz bizi direnean betirako. Gaur fededunok ikusten dugun ikusmira benetan bikaina da: munduak baztertutakoak, zorotzat edo jotakoak, aintzaturik, “Salbamena Jainkoarena” dela kantatuz.

 

Horregatik, gaurko festa honetatik argiune pozgarriak sortzen zaizkio gure fede-bizitzari. Hona batzuk:

- Lehenen-lehenengo, gaurko festaburuak indartu egiten gaitu gure fedean. Nork ez ditu zalantzak, edota balantzak ere zenbaitetan? Bide onetik ote goaz? Gehienak beste bidetik eta gu ez ote gaude deskuidatuak? Eta fede-bidetik gu baino lehen joan direnek fedea indartu egiten digute: Jesusen zorion bidetik goazen bitartean, aurrera! Oraindik ez dugu bide horren aintza ikusten, baina bide onetik goaz.

 

- Bigarrenik, gaurko jaiak esperantza ematen dio gure kristau-bizitzari. Izan ere, gaur bada dena berehala neurtzeko joera: eta, egia esan, fedea ez da berehala batean neurtzen. Fedeak luze eta urruti begiratzen du. Fedea ez da oraingo labur batean asetzen. Eta, begira zer esaten digun gaurko jaiak: animo, badator maite dugun eguna eta aintza. Animo, badator nekaldia amaiturik aintzatuak izango garen festa betikoa. Gaur gauzak ongi ez bazaizkigu bideratzen, lasai, laster dator bizibide guztien arrazoia. Eta ez didazu ukatuko horrek esperantza eta aurreranahia ematen duenik.

 

- Hirugarrenik, gaurko festak Eliza izatearen poza ematen du: askotan (gehiegitan ez?), Eliza zikina edo narratsa ikusten dugu. Erakunde zahartua eta zatartua. Eta gaur esan genezake geure kolkorako: Eliza ederra da, santuak ere tartean ditugu eta! Eliza ederra da, salbatuak ere Elizaren seme-alaba baitira. Eta, nola ez gero!, Eliza izatea maite dugula hotsegiten dugu gaurkoan, erronka haundiegirik gabe, baina zihurtasun guztiz! Pozik gaude Elizan!

 

Goazen, beraz, entzule adiskide, santuen fedea aitortuz, santutasunaren mahaira! Gaur poza dugu giro egoki. Kantuz, esker onez, bihotzaren zabalero haundienaz, Jainkoak maite gaituela sinistu eta ospatu dezagun. Jesu Kristo Pazkoakoak bere santutasun~z uki gaitzala Eukaristian, santu izan gaitezen. Eta hori bai, entzuleok: zorionak, santuak zeratelako!

Liturgi lagungarriak

A) AAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA                                     

Espiritu Santuaren eraginez bere pozez eta bakez betetzen gaituen itxaropenaren Jainkoa, izan bedi zuekin.

 

Igandero, Jaunaren Heriotza eta Piztuera ospatzera biltzen gara. Bakoitza geure historia, bizilege, kezka eta ilusioz gatoz... Ospaketa honen gozotan sinetsi nahi genuke Jainkoa gurekin doala bizitzako bidean.

Bihotz pobre eta osoa eskatzen zaigu Jainkoaren pazko-presentzia hori sumatzeko, besterik ez. Lagun diezaiogun fedean elkarri Jaunari gure bihotz osoa zabalduz.

 

Hasteko, gure bekatuen barkazioa eskatu behar diogu, errukia duenari. Gero eta gehiago eduki nahi dugu, gero eta gehiago izan nahi... Besteek guri ematea nahi dugu, ez guk besteei ematea. Biziera honen barkazioa eska dezagun.

 

– Jesus Jauna, behartsuen poza eta itxaropena. Erruki, Jauna.

– Jesus Jauna, gure bihotz-handitasuna bedeinkatzen duzuna. Kristo, erruki.

– Jesus Jauna, gure alde bizia eman duzuna. Erruki, Jauna.

 

 

PREFAZIOA

Eliza gidatzen duen Jaunari gure esker ona adierazteko otoitz nagusia egitera goaz. Berak ez gaitu inoiz eskutik uzten, gure bizitzako bidean doa beti ere presente eginez. Bidezkoa, beraz, gure esker ona erakustea. Goazen hartara!

 

GURE AITA

Jesusekin eta lurreko behartsu guztiekin, esan dezagun denok batera beldurrik gabe.

 

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONZIOAK

1) Entzutera goazen irakurgaian, Elias profetak alargun behartsu baten ontasuna eta konfiantza probatuko ditu. Baina alargunak garbi erakutsiko du, berak Jainkoaren maitasunean gehiago sinesten duena bere ondasunetan baino. Eta horrelakoa ez du Jaunak bazterrera uzten.

 

2) Hebertarrei egindako epistolari jarraitzen diogu gaur ere. Jesusen opari bakarrak Aitarekin adiskidetzen gaitu eta haren betiko bizira sartzen gaitu. Entzun dezagun arretaz.

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

 

Munduko gizon-emakume guztiekin bat eginda, aurkez diezazkiogun  Jainkoari  gure  eskariak,  eta batez ere behartsuak izan ditzagun kontuan.

 

* Aita Santuak, gotzainek eta apaizek zintzotasun eta ilusio handiz burutu dezaten beren egitekoa. 

 

* Kristau-izena daramagunok, maitasun, askatasun eta bakerako dei izan gaitezen munduaren erdian. 

 

* Behartsuek, gaixoek eta zapalduenek, aurrera egiteko eta esperantzarako bideak topa ditzaten. Otoitz egin dezagun duintasun bila norabiderik gabe dabiltzan etorkinen alde; ateak itxita, zokoratuta aurkitzen diren errefuaxiatuen alde…

 

* Gure herriak solidaritatean eta guztiekiko arrespetu-bidean aurrera egin dezan, eta eskuzabal izan dadin beharrean daudenekin.  

 

* Eukaristian parte hartzen dugun guztiok bihotz handia erakuts dezagun, Jesusek eskatu digun bezala.  

 

Zuk, Jauna, eraman zenuen basamortuan zehar zeure herria, agindu zenion lurrera bidean. Eta Zuk biltzen dituzu seme-alaba sakabanatuak. Egizu elkarren senide bezala bizi gaitezela. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

 

 

 

 

HOMILIA                                    

Harra hor, ba, Ebenjelioko bidea eta biziera nondik doazen. Eta, ondorioz, horra hor kristauren bideak eta bizierak nondik joan behar duten. Pentsatzekoa da, nolanahi ere, ez dugula behar adina eskertuko Jainkoaren Hitza edukitzea. Zergatik ezen, zer eta nolakoak izango ote ginateke, Jainkoaren Hitzak bere bideetara erakarriko ez bagintu?

Hau guztia zergatik diodan? Ez al dituzu entzun Ebanjelioa eta lehenengo irakurgaia?: Berri Onaren bideak eta Jainkoaren presentzia, behartsuaren eta bihotz handikoaren eskuetan gertatzen dira soilik. Eta, egia esan, gizartearen bideak eta erantsi nahi zaizkigun jokamoldeak ez doaz behartsu eta bihotz handiko izatearen bidetik. Eta Igandero Jainkoaren Hitzak bideratuko ez bagintu, seguru asko gizartearen bideetara moldatuko eta egokituko ginateke, eta horregatik diot eskertzekoa dela Jainkoaren Hitza entzun ahal izatea.

Lehenengo irakurgaian agertu zaigun alargunak eta Ebanjeliokoak ba ote dute ezer berdinik?! Biak berdinak direla esango nuke nik. Biak alargunak dira. Biak behartsuak, ez daukate ezer handirik. Eta biak bihotz handikoak. Eta, nik uste dut  oker-beldurrik gabe esan daitekeela, bihotz handiaren neurria, behartsuak bakarrik dakiela ematen. Behartsu ez denak beste gauza eta neurri asko erakutsiko ditu: daukanaren neurria, denaren neurria, bizi duen erlijioaren neurria, bere buruaren handitasun-neurria...

Ebanjelioak margotu dizkigun idazlariei begiratu besterik ez daukagu: ez dira diruz aberatsak, ez daukaten gauza ugariaz. Erlijioz dira aberatsak, eta erlijio-bizieran bizi duten maila hori jendeak txalotzea nahi dute. Jantzi luze eta dotoreak eta jarlekuak eta agurrak eta... horiek denek beren irudi handizalea gordetzen dute azpian. Eta, bere burua handi nahi duenak, beti bihotz txikia du: "Alargunen ondasunak irensten dituzte" esan du horietaz Ebanjelioak, bihotz txikia dute.

Begira iezaiezu, aldiz, alargun biei. Zein baino zein pobreak! Batek egun bat justu bizitzeko adina dauka, ez gehiago. Besteak, berriz, tenpluko atabakan botatzeko txanpon bi besterik ez dauka. Eta, hain gutxi daukate eta, ezin ba asko eman! Asko eman?! Ikaragarri! Dena eman dute. Zeukaten dena, eta ziren dena! Hori da bihotz handia, behartsuaren bihotz handia!

Baina, nik uste hemen galdera bat behintzat sortzen zaigula: beste zerbait beharko da horratio, hain pobre izaten ausartzeko! Nola eman daiteke dena eta berak hain pobre geldi!? Ederra galdera! Jainkoa dute bai batak eta bai besteak beren ondasun oso eta betea! Eta ez dute beste ezer gainetik eta aurretik jartzen. Jainkoarengatik dena uzteko prest zeuden, harengan sinesten zutelako. Eta Jesusek jokabide horixe jarri digu eredu eta jarraibide. Alargun defentsa gabeko eta pobre hauen jainkozaletasuna eta bihotz handia dugu eredu eta jokalege! Ez dago beste biderik!

Seguru asko, gauzak horrela baldin badira, tokitan gabiltza, ezta?! Ba, Jesusek esan diguna ez genuke ahaztu behar: "Kontuz ibili idazlariekin!". Kontuz ibili besteak baino hobeak sentitzen direnekin. Kontuz ibili beste guztiak beren irudiaren gurtzaile bihurtzen dituztenekin. Kontuz ibili on-ustetan bizi direnekin! Kontuz ibili 'satisfetxo' sentitzen direnekin. Kontuz ...

Jokalege horien guztien kontra, dena Jainkoaren eta lagun hurkoaren zerbitzura jartzea eskatzen zaigu. Horixe dugu geure zorion "Zorionekoak gogoz behartsu direnak...". Ez zaigu asko ematea eskatzen, besteentzat izatea baizik. Besteentzat bizitzea. Besteen beharretatik zintzilik bizitzea. Bihotza libre eduki geure gauzez, besteentzat tokia izan dezagun geure bihotz horretan! Ez ote dugu ikasiko elkartekoak garela, elkarrentzakoak. Eta elkar zerbitze horretan Jainkoa bera ari garela zerbitzen! Ez ote dugu ikasiko gurea ez  dugula geuretzat. Guri eman zaiguna guztientzat eman zaigula. Ez ote dugu ikasiko Jainkoa gurtzeko atabaka hori lagun hurkoaren beharra dela. Eta han geure dena bota behar dugula!? Ez ote dugu ikasiko!

Hor daukagu, gailur argitsu, Kristo beraren jokabidea: "bere burua opari emanez agertu da". Hemen daukagu horren adierazgarri Eukaristia. Jauna emana, besterentzat zerbitzu bihurtua. Eta azken batean, honetan guztian eskatzen zaiguna, zera da: ez dituela gaurko munduak eta gaurko Elizak, gizon edo emakume onak eta zintzoak eta behar lehen-mailan, gizon eta emakume zerbitzariak behar dituela. Beren bizieraz eta izateaz gaurko behartsuak eta Jainkoaren maiteak zerbituko dituzten gizon-emakume fededunak. Ez dezagun gure neurria, jantzi edo otoitz edo itxura edo moral edo izen edo satisfakzio maila horietatik neurtu. Egiazko neurria zerbitzuaren eskutik emango dugu.

Goazen Eukaristia ospatzera. Zerbitzuaren mahaia. Hitz honek hor aurkituko du bere egintzazko egia. Jainkoa gizakiaren atabakan bere bizi handiaren poza botatzen ikusiko dugu. Eta hori aski dugu guk ere geure jokabidea ikasteko.

Liturgi lagungarriak

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Gure bidea eta gure bizia den Jesus Jauna, zuekin!

 

Hemen gaude elkarrekin beste igande batez. Ebanjelioko itsu eta gaixoak bezala, Jesusengana hurbiltzen gara argi eta poztasun bila. Asisko Espirituaren urteroko ospakizuna ere ez dugu ahaztuta utzi nahi. Oraindik ere arnasten dugu atzo Aran-tzazun egin genuen ospakizun ederraren aire berria. Jesusek piztu dezake bakearen argia gure herrian.

 

Hasteko, isilean ireki dezagun geure bihotza eta egin dezagun lekua, Jesusek bere ontasunez bete gaitzan.

 

– Jesus Jauna, argi guztien sorburu, zu zara gure argia. Erruki, Jauna.

– Jesus Jauna, bakearen benetako iturria, zu zara gure bakea. Kristo, erruki.

– Jesus Jauna, gizakion betetasuna, zu zara gure bizipoza. Erruki, Jauna.

 

PREFAZIOA

Jesusekin bat eginda, gorets dezagun gure zeruko Aita, eman digun argia ederra baita.

 

GURE AITA

Jesusek gure barruko begiak ireki dizkigu eta bere Aita eman digu ezagutzera. Esker onez eta berak agindu bezala, esan dezagun denok batera.

 

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

1) Jauna bizitzako gertaera guztietan hurbiltzen zaio bere herriari. Hori da Israel herriak bizi duen esperientzia. Jeremias profetak herriarekiko Jainkoaren ardura hori azpimarratzen digu.

2) Joan zen igandeko gaiari lotzen zaio orain irakurriko dugun testoa: Jesu Kristo da benetako zubia, Jainkoa eta gizakia elkarrekin biltzen dituena.

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

Ebanjelioko itsua bezala, hurbil gaitezen Jesusengana eta eska diezaiogun errukia. Eska dezagun argia guztiontzat.

 

Itsu eta elbarri guztien alde, ezintasunen bat nozitzen dutenen alde...

 

Gaixoen eta ezinduen aldeko lanean saiatzen direnen alde...

 

Asisko San Frantziskoren espiritua maite eta bilatzen duten guztien alde...

 

Mundu honetan eta gure herrian bakearen alde benetan saiatzen ari direnen alde...

 

Ezbeharren baten ilunpeak tristetzen dituen guztien alde; maitasunik gabe bizi direnen alde; gure gaixoen alde......

 

Entzun, Jesus Jauna, gure eskariak, ebanjelioko itsuarena entzun zenuen bezala. Beti zure bidean ibil gaitezela. Zu baitzara gure argi eta pozbide gizaldi eta gizaldietan.

 

 

 

 

HOMILIA

Zeinek ez du bere burua ikusten, igande honetako ebanjelioan agertzen zaigun Bartimeo itsuarengan! Bartimeori buruz ematen zaizkigun ezaugarri laburrak oso adierazgarriak dira: ez du ikusten (itsua da), ezinean eserita dago (ez du ahalbiderik), bide-ertzean dago (partaidetzatik baztertua) eta eskale hantxe (ezer ez daukanak eskatu egin behar).

Nor ez gara biltzen argazki horretara? Gauzak eta gertaerak Jesusen ikuspegitik begiratu ezinik gabiltza; askotan, gizatasun oinarrizko batetik ere ez. Gauzen sentidua eta muina aurkitzeko biderik sumatu ezinda. Benetan itsu gaude edo gabiltza. Geure habi beroetan etzanda; giro gozo eta kuttuna eraiki dugu eta, bestetarako indarrik ezean, bakoitza geure ongizatean eserita; utz gaitzatela bakean, mesedez. Bide-ertzera baztertu dugu geure burua; ez dugu parte hartu nahi edo ezin dugu parte hartu, hiria edo Eliza eraikitzen. Zirkulaziotik kanpo! Eta eskale, beti eskale: zoriona behar dugu, argia behar dugu, sentidua behar dugu, beste zerbait behar dugu, askotan beste zerbait hori zer den ez badakigu ere. Bartimeoren pareko, beraz!

Gure bizitzaren baldintza hauetan, zer egiten du Bartimeo itsuak? Haren jokaeraren ezaugarriak ere oso adierazgarriak dira. Belarria irekita darama; ikusi ez du egingo, baina erne dago eta berehala ohartzen da Jesusen hurbiltasunaz.Berehala garrasi egiten du, bere ezinari ateratzen zaion garrasi gorri eta ozena. Ez du barru-barrutik ateratzen zaion garrasi hura inork isilaraziko. Asko ari da jokatzen. Eskabide oso xumea, baina aldi berean betea, egiten du: errukia eskatzen dio, gupida. Jesusen deiari esperantza betean erantzuten dio. Bere ezinean berotzeko zeuzkanak ere eragozpen gertatzen zaizkio eta denak airean botatzen ditu, Jesusengana hurbiltzeagatik. Jesusengana hurbiltzen da. Eta hori guztia sakoneneko otoitz bihurtzen zaio: Ikustea, horixe nahi du, ikustea!

Jesusek, bere aldetik, hasteko, dei egin dio eta, gero, itsuaren fedeari egintzaz erantzuten dio. Bilatzaile egarrituari ur bizigarriz, argiz, erantzuten dio Jesusek. Ebanjelioko Jesus horrelakoxea da, izan.

Ebanjelio-atal honek, Bartimeoren pasadizoak, bide bat proposatzen du. Gure bizitzan bizi dugun bilaketak bide bat egin behar du. Ez da nahikoa, geure buruarekin ados ez egotea edo gustura ez sentitzea. Geure barruko beharrari erantzun egin behar diogu edo, gutxienez, erantzuten saiatu. Jesus gure ondoan pasatzen da eta berak ez du inor bere bidera etortzera behartuko. Jesus ez dator indarrez edo derrigortuz. Jesus geure ondotik pasatzen da beti ere.

Horrek, beraz, adi egotea eskatzen digu. Gure barruko egarriak uraren soinua aditzen jakin behar du. Jesus ez dakigu noiz eta nola pasa daitekeen ondotik; erne egon behar da. Erne egon eta beharra garrasi bihurtu. Geure ametsa eta nahia azaldu. Hark dei egiten digunean, eragozpen guztiak alde batera bota. Jesusenganako saltoak ustetsua izan behar du. Hemen ez du balio erdipurdikeriak. Hark argi berria eman diezagukeela sinetsi eta eskatu. Jesusek ez dio gure sinesmen behartsuari ezetzik emango.

Hau dena bizitza pertsonalera bildu daiteke, eta hori da inportanteena. Gizarteko bizitzara ere bai. Hainbeste egarrik erretzen gaitu!  Ezin dugu elkar ikusi, bakea egiteko. Ezin dugu besteen beharra sumatu, laguntzeko. Eliz elkartearen bizimolde apalera ere tolestatu daiteke prozesu hau. Hain itsu gaude, zer egin behar dugun ikusi ezinik. Berrialdia nahi dugu, baina ez dakigu zer eta nola berritu. Ez zaigu erraza gertatzen une honetan erabaki sendo baten saltoa egitea.

Baina, igande honek esperantza ematen digu itsu guztioi, etsi guztioi. Gutxienez jakingo dugu Jesusek berrialdia ekar dezakeela, eta hori poz-iturri gertatzen da. Hortik aurrerako prozesua nola bideratu, bakoitzaren erabakiaren esku dago. Eta gizartearen erabakiaren esku. Eta eliz elkartearen erabakiaren esku. Ikusten hasteko bidea ebaki eta eskaini digu Jesusek.

FaLang translation system by Faboba

Utilizamos cookies propias y de terceros para fines analíticos y para mostrarle publicidad personalizada en base a un perfil elaborado a partir de sus hábitos de navegación (por ejemplo, páginas visitadas). Puede aceptar todas las cookies pulsando el botón "Aceptar" o configurarlas o rechazar su uso pulsando el botón "Configurar". Puede obtener más información o cambiar posteriormente los ajustes en nuestra Política de Cookies.