liturgi lagungarriak

hgdgfhdh

Liturgi lagungarriak

 

Liturgi lagungarriak

 

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Jauna zuekin!

 

Ongi etorri igandeko kristau-ospakizunera. Esku arteko lanak alde batera utzi eta oporretan; edota oporrak amaiturik lanean, bakoitza berean. Ohiko lagunengandik apartatu gara beharbada, baina hemen gaude fededunok bat eginda, ohikoekin edo beste batzuekin, baina fededunekin beti, Eukaristia ospatzeko prest.

Jauna aurkitzea da lor dezakegun altxorrik bikainena. Hala dio gaurko ebanjelio-zatiak. Horrela ikusten eta bizi al dugu? Pozik al gatoz Jaunarekin topo egitera? Ea gaurko ospakizun hau benetako topaketa gertatzen zaigun!

 

Jainkoaren aurrean ahul eta bekatari ikusten dugu geure burua. Hala ere, Jaunaren barkazioak pozten gaitu. Jo dezagun esker onez eta beharrez beraren errukitara.

 

- Jesus Jauna, zorioneko egiten gaituzuna, erruki, Jauna.

- Jesus Jauna, pozik bizitzeko deia egiten diguzuna, Kristo, erruki.

- Jesus Jauna, gure biziko altxorra zarena, erruki, Jauna.

 

 

PREFAZIOA

Ospaketaren une handienera etorri gara. Jesus gurekin dago. Bera dugu gure bihotzen altxor preziatua. Eskertu dezagun gogoz eta pozez.

 

 

AITA GUREA

Jesusek ikasleei irakatsi zien otoitza esatera goaz, gure bizitzari goi-maila ematen dion otoitza. Familia bereko senide garenez, denok bat egin eta esan dezagun.

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

1) Zer lortu nahi dugu gure bizitzan? Zer amets dauzkagu? Jesusek Ebanjelioan garbi esango digu zer behar genukeen borrokagai eta amets! Ebanjelioko unearen atari bezala, Itun Zaharreko pertsonai batek zer aspirazio zituen erakusten digu. Ea entzun!

 

2) Jainkoarengan dugun itxaropena indartu nahi liguke, Paulok erromatarrei idatzitako gutun honek. Jainkoak bere Espiritua eman digu, esaten genuen joan zen igandean. Entzun ditzagun orain apostoluaren hitz kontsolagarri hauek!

 

 

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

 

Jainkoaren seme eta alaba garela jakinik, otoitz egin dezagun usterik onenaz.

 

• Sinesmenaren altxorra aurkitzeko poza izan dugunon alde (Isilunea).

 

• Berri Ona helarazi diguten pertsonen alde: guraso eta katekista, laiko eta apaiz (Isilunea).

 

• Beren barrua ase ezinik, beste zerbaiten bila dabiltzanen alde, bihotza betetzen duen Jesusekin topo egin dezaten (Isilunea).

 

• Sufritzen ari diren guztien alde, bizi duten sufrimendua fedearen aurkako eraso gerta ez dakien (Isilunea).

 

• Elkarturik gauden guztion alde. Ebanjelioko altxorraren bilaketan lagun egin diezaiogun elkarri (Isilunea).

 

Jauna, jaso itzazu geure beharretik egin dizkizugun eskariak eta entzun baita ere beharrean dauden guztien deiak. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

 

 

 

 

 

 

HOMILIA

 

Azken bi igandeetan irakurri ditugun parabolen jarraikoak dira gaurko hauek ere. Eta parabola eta kontakizun hauen helburua bakarra da: Jesusek ekarri digun Erreinuaren azalpena egitea. Nola jokatzen du Jainkoaren Erreinuak mundu honetan? Ari al da Jainkoa ezer egiten? Non antzematen zaio Jainkoaren Erreinuaren presentziari? Galdera horien erantzun ziren aurreko igandeetako parabolak, eta galdera beren erantzun gaurkoak ere. Jainkoaren Erreinua kontrola ezina da giza neurriz; baina, horrek ez du esan nahi Jainkoaren ekintza ez denik sumatzen mundu honetan.

 

Legamiaren dinamikaz, barrutik kanpora; mostaza haziaren antzera, txikitik handira; Jainkoak arrapaladan botatzen duen haziaren antzera… Horrela jokatzen du Jainkoak gure barruan eta gizartean. Baina, hori bai, jokatu jokatzen du. Ez guk nahi izango genukeen bezala; baina beti egiten du bere lana. Jainkoaren Erreinua ari da mundu hau sakon-sakonetik aldatzen eta berritzen. Ekintza txikia da, geure neurriz begiratzen badiogu, hori horrela da.

 

Baina, eta hau da gaurko parabolen esanahia, Jainkoaren Erreinu hori deskubritzen dugunean, kitto!: beste guztiak ez du ezer askorik balio. Edo beste era batera esanda: beste guztia, aurkitu duzun harribitxiaren zerbitzura jartzen da. Hain da baliozkoa, hain da estimagarria, beste guztia hori erosteagatik saltzea merezi du. Jainkoarekin topo egiten denean, beste guztia erabat relatibizatua geratzen da.

 

Horrek zer esan nahi digu? Jainkoa ez dela mila gauzaren artean beste gauza bat. Jainkoak ez duela izan nahi balioen artean balio inportantea. Jainkoak ez duela gure bihotzean mila maitasunen artean maitasun pixka bat nahi. Jainkoa horretan erabatekoa da: dena eskatzen du. Jainkoak bizitzaren erdigune eta ardatz bihurtu nahi du. Jainkoak izan nahi du, hainbeste otoitzetan esaten dugun hori: bihotzeko «Jaun eta errege».

 

Baina, noski, hori ez da aginduz eta ohituraz edo hala behar duelako egiten. Benetako deskubrimendu bat behar da. Uste gabeko topaketa bat eskatzen du horrek. Espero ez den edo espero zenaren gainetik dagoen aurkikuntza ikusgarri bat dago oinarrian. Ez da nor bakoitzaren borondatez lortzen den zerbait. Ez da giza ahaleginez irabazten den ezer. Ez da portaera jakin baten ondorio. Ez da  gure maitasunaren trukekoa.  Espero ez zen, uste gabeko, aurkikuntza ikusgarria dela esan dugu eta halaxe da.

 

Jakina!, gaurko gizartean ez daukagu erraza Jainkoaren balioetara tolestatzea. Ez daukagu erraza, Jainkoa gure biziko baliotzat hartzea. Hainbeste balio eta gauza eskaintzen zaigu! Gizartean zenbait paradigma erabakia eta finkatua dago: dirua, lanpostu ona, irudia, txaloa, aitorpena, osasuna, gorputza zaintzea. Eta ez da harritzekoa balio horien morrontzan erortzea. Ez dugu esan nahi horrekin, baliozkoak ez direnik; baina ezin daitezke bihotzaren balio ardatzekotzat har. Eliza eta fedea ez daude horien kontra. Esan nahi duguna zera da: horiek baino gehiago den zerbait edo Norbait behar duela gure giza bihotzak! Eta askotan beste balio horien artean erabat galtzen dugula bizi-balio nagusia!

 

Eta beste horien bila grinatan ibilita, zer irabazten dugu?  Zoriona bai? Bizipoza bai? Bizi-sentidua bai? Gure bizitzak, behar duen ardatza bilatzen al du horiekin

 

guztiekin? Hori da kontua: barrua hutsik uzten digutela bigarren mailako balio horiek. Ez balio ez direlako, baizik beste balio nagusia falta denean ezerk ez gaituelako asetzen. Azkenean, ez da balioen gorabeheran eztabaidan hasteko kontua. Apustua argi eta garbi dago zein den: zerk egiten gaitu barrutik libre eta zorioneko? Gure bizitzaren barruko izan-grinak zerk asetzen ditu? Gure barruko bokazio nagusia bere onean sentitzen al dugu? Beste guztia alfer-hitzetan ibiltzea da! Zorionaren apustua dago gure bizitzaren erronka nagusitzat!

 

Norbaitek pentsa lezake, Jainkoa bilatuz mundu honetako balioak galdu egiten direla. Badauka deskuido ederra! Jainkoarekin ez da ezer galtzen. Gauzak eta balioak beren lekuan jartzen dira. Bizitza zentratu egiten da. Gure bizitzak ardatza hartzen du. Eta, alde horretatik, bizitza bateratu egiten da. Eta dena bere benetako balioan ikusten da. Lehenengo irakurgaiko Salomon gazteari begiratu besterik ez daukagu: bizitza ongi bideratzeko jakinduria eskatzen du. Eta horrekin bizitzako gauza inportanteak bideratzen dira.

 

Jainkoa, gure bihotzarentzako altxorra, aurkitzen denean, orduan konturatzen zara dena aldatu eta bere onera etorri zaizula. Guztia on eta bedeinkazio bihurtzen zaizu, San Paulok esan digun bezala: «Dena onerako da Jainkoa maite dutenentzat». Ikusten duzu zeure barruko bokazioa betetzen zaizula. Ikusten duzu zeure barrua bere onera datorkizula. Ikusten duzu dena saltzea merezi duen zerbait gertatu zaizula.

 

Detaile bat aipatu nahi dut: ebanjelioko  gizakiak ez du dena saltzen bila hasteko; altxorra aurkituta gero saltzen du dena. Irabazi segurura jokatzen du. Baina hori bai, dena saldu egin behar da. Baina gutxia saldu, dena izanik ere, dena aurkitzeko, altxorra jasotzeko. Horrela esanda hitz-jokoan gabiltzala ematen du; baina ez dago honetan hitz-jokorik. Gertatu zaionak badaki. Maitasun uste gabeko bat aurkitzea da. Eta hori gertatzen zaizunean, badakizu; eta gertatzen ez bazaizu, dena hutsa iruditzen zaizu. Besterik ez dago.

 

Gauza bat opa dizut, entzule adiskide: gerta dakizula! Jainkoak aurki zaitzala zeure bizibidean eta senti dezazula Jainkoak barru-barrutik betetzen zaituela. Eukaristia hau ere horretarako da, altxorra aurkitzeko!

Liturgi lagungarriak

 

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Anai-arreba maiteok: Jauna zuekin!

 

Gure fedea, Jesusek aukeratu zituen ikasle haien fedean eta testigantzan oinarritzen da. Berak baitira Elizaren muina eta oinarria. Ez da, beraz, harritzekoa, betidanik eliztarrok bereziki begiratzea apostoluei eta herriek beren  zaindaritzat hartzea.

Santiago apostoluaren oroitzapenak, gure fedea indartzen lagundu behar digu gaur. Eta festaburu hau ospatzean, Jesusi jarraitzeko asmoa berritu behar dugu. Eta, gainera, Ebanjelioa testigantzaz zabaltzen ere ikasi behar dugu.

 

Isilean, Jainkoaren aurrean jarri, eta eska dezagun Ebanjelioaren grazia berritzailea, Eukaristia hau ospatzeko presta gaitzan.

 

- Jesus Jauna, zure apostoluak munduaren gatz eta argi egin dituzuna. Erruki, Jauna.

- Jesus Jauna, Berri Ona apostoluen bidez ekarri diguzuna. Kristo, erruki.

- Jesus Jauna, hilen artetik berpizturik, zure jarraitzaileon bizi berria zarena. Erruki, Jauna.

 

 

PREFAZIOA

Apostoluak azken afarikoan bezalaxe, mahaiaren inguruan, Jesusen Gorputz-odolak jateko asmoz gaude. Eskertu dezagun Aita Jainkoa, maitasunezko bazkaren ametsetan.

 

 

GURE AITA

Eska diezaiogun Aitari, Erreinua etor dadila guztiongana.

 

 

HONA HEMEN

Hona hemen Jaungoikoaren Bildotsa. Hauxe da, bere heriotzaz bekatutik askatu gaituena. Zoriontsuak Jaunaren mahaira deituak.

 

 

 

 

 

B)IRAKURGAIEN MONIZIOA

Jainkoaren hitza entzutera goaz Santiago apostoluaren festaburuan. Apostoluen bidez etorri zaigu Jesusen Berri Ona. Eta berri on hori ekarri ziguten gizon haiei begiratzen diegu. Gu bezala ahulak izan arren, berri onarekiko leialtasunari heriotzeraino eutsi zioten.

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

 

Senideok: Santiago apostoluaren festaburu honetan, Berri Onaren poza eska dezagun munduko gizon-emakume guztientzat.

 

• Elizaren alde:

bere burua berrituz, Berri Onaren testigantza pozgarria eman dezan apaltasunez eta zerbitzuz.

 

• Eliz zerbitzarien alde eta Ebanjelioaren hitza zabaltzeko eginkizuna daukatenen alde:

beldurra kenduz, hitzaren zerbitzua argi eta garbi bete dezaten, Jesus zorion bete azalduz.

 

• Kristau laikoen alde:

gaur egun dagokien ebanjelizazio-eginkizuna adorez eta apaltasunez onar dezaten.

 

• Herri guztien alde eta, batez ere, Ukraina eta Palestinaren alde:

Ebanjelioaren pozak bakea ekar dezan mundu guztira eta elkar onartzen asma dezagun denok.

 

• Sufritzen duten guztien alde eta, batez ere, Ebanjelioagatik sufritzen dutenen alde:

Kristoren heriotza gorputzean daramatela jabetuz, beraren bizia jasotzeko esperantzak indartu ditzan.

 

Jaso bihotz onez, Jauna, zure herriaren nahiak. Eta emaguzu, Santiagoren otoitzez, Berri Ona zerbituz beti pozik bizitzeko grazia. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

 

 

HOMILIA

 

Apostoluen festaburua aukera bikaina izan ohi dugu gure kristau izatearen eta Eliza izatearen oinarriak aztertu eta indarderritzeko. Santiagoren festaburua ere, aukera paregabea dugu gure fededun izatearen hariak berritzeko eta hari horiek behar bezalako tentsioz tiratuak ote dauzkagun arakatzeko. Izan ere, fededun izatea, apostolutar izatea da: alegia, gure fedea apostoluen testigantzan eta aitormenean finkatzen zaigu, eta beti ere gure fedeak apostoluen eskutik sendotu behar du.

 

Santiago nor zen? Nolakoa zen? Gaurko Ebanjelioan ematen zaizkigun zehaztasunak hor dauzkagu: handizalea nonbait, Jesusen Erreinua giza irizpidez neurtzen zuen. Besteak baino gehiago izan nahi zuen, aurretik agertu. Mundutar jokabide baten desio eta egarriak zituen bere barnean. Ez baitzuen ulertu, beste apostoluek ere ez zuten ulertu, Jesusen Erregetza nola eta nondik mamitzen zen.

 

Zerbait aldatu da, ordea. Pazko-misterioaren Espirituak hankaz gora jarriko ditu gizon haien usteak eta barne-joerak. Jesusen pazko-bidea erabat itsatsiko zaie beren barnean. «Nik edango dudan kalizak» (Nekaldiak eta Pazko-misterioak, alegia), erabat aldatu ditu apostoluak. Jesus, izan ere, ez dute handizale eta agintegose ikusten. Jesusek azkeneraino zerbitzatu du, besteen onerako bizia emateraino. Eta zerbitzu-mota berri honek, bestelako postura batera daramatza jarraitzaile haiek. Gure legea, besteen gainetik egotea baldin bada, besteak menperatzea, norbera igotzea... «ez bedi izan horrela zuen artean». Eta Jesusen hitz horiek, agindua ez ezik, gurutzerainoko programa dira. Eta apostoluen bihotzean Espirituzko hitzez idatzia geratuko den programa. Aldaketa bikaina.

 

Aldaketa hori nolakoa izan den? Lehenengo irakurgaian ikus dezakezu. Hor agertzen zaizkigu gizon haiek, adoretsu, munduko ahalmen eta aginteen aurrean beldurrik gabe, Jesus berpiztuaren berri ematen. Mehatxu, zigor, agindu... ez alferrik! «Jaungoikoaren esana egin behar da aurrena». Lehen handizale, berekoi, beldurti. Orain adoretsu. Eta a zer adorea! Santiagok bere bizia emango du (bera izan zen horretan lehenengoa) Jainkoaren esana betetzeagatik. Nork ikusi eta nork ikusiko? Lehen izanzale zena, orain bizia galtzeko pronto. Zerbait berria ulertu dute, zalantzarik gabe: Jesusen Kalizak aldatu ditu.

 

Orain uler genezake San Paulok bigarren irakurgaian esana. Apostoluaren indarra ez dago apostoluarengan berarengan. Apostolu izatea ez da berez indartsu eta ahalmentsu izatea. Jainkoak agertu behar du apostoluarengan indartsu. Eta Jainkoa indartsu ager dadin, ikaslea ahula izatea onena. Giza-ahultasuna, Jainkoaren indarrez janzten baita. Eta zein indartsu den Jainkoa, berarengatik ahul egiten direnengan azaltzen da. Bai: beti apostolutza (Jainkoaren Erregetza zerbitzatzea) larrialdien eta erasoaldien artean mamitzen da. Horietan (larrialdi eta erasoaldien ahultasunetan) Jesus berpiztuaren bizi indartsua agertzen da.

 

Santiagoren festaburua aukera paregabea dela esan dugu gure bizitza eta kristau-jarduna aztertzeko. Puntu hauek eskaintzen dizkizut, aztertu nahi bazenitu:

- Lehenengoa: Jainkoak garen bezala aukeratu gaitu, handizale, indargose, izanzale... Baina, bere Pazko misterioaren ahalmenez aldatu egiten gaitu: Jesusen bidetik bakarrik izan gaitezke apostolu. Handizalekeriak eta utzi beharra dauzkagu. Horiek ez dira Jesusen jokabide. Bide mundutarra da handikeriena.

- Bigarren puntua: Jesusen kaliza edateak zerbitzua esan nahi du. Jainkoaren esana jarri beste asmo eta programa guztien aurretik eta gainetik. Horretarako, apostoluen Espiritu bera beharko du Elizak. Espiritua! Izan ere bestela, hain erraza da giza- bideetan gelditzea, handinahikerietan erortzea, gezurraren zerbitzuan jaustea... Gurutze-bidea ez baitzaigu maitagarri gertatzen. Eta ez zaigu gustagarria gertatzen bide hori, ahultasuna eta pobretasuna eta txikia izatea eta ez ditugulako maite.

- Hirugarren puntua: Gure apostolutza-egintzaren oinarriak non dauzkagu jarriak? Ez al gara gehiegi fidatzen geure programa handi eta zehatzez? Eta, horrexegatik, ez al dugu apostoluen ausardia libre eta freskoa galdu? Ez al gabiltza zenbait indarren morroi kobarde bihurturik? Oraindik ez ote dugu ulertu «haren kaliza» edan behar dela apostolu izateko? Gure eliz elkarteek bizi duten ahulaldia izan daiteke aukera ederra Berri Onaren bideetara etortzeko. Gure ahulaldian gertatzen da Jainkoaren indarra. Gure eskasian egingo du Jainkoak eliz elkarte berria. Ez dezagun ahaztu: Jainkoaren jokabideak eta irizpideak ez dira gizon-emakumeonak bezalakoak. Une eskasenean gaudelarik, egon gaitezke une aukerakoenean.

 

Ospatzera goazen Eukaristia da apostolu egiten gaituen Kaliza. Edan dezagun, eta berak egin gaitzala Jainkoaren esanaren zerbitzari. Esker onezko kopa santuak eman diezagula gure herrian Ebanjelioa zerbitzeko adorea eta poza. Apostolutar fedea aitor dezagun.

FaLang translation system by Faboba