liturgi lagungarriak
Liturgi lagungarriak
A) APAIZAREN MONIZIOAK
AGURRA ETA SARRERA
Jesu Kristo gure Jaunaren dohaina eta Jainko gure Aitaren maitasuna eta Espirituak sortzen duen elkartasuna, beti zuekin!
Urtean zeharreko lehen igandeok Jesus nor den azaltzen ari zaizkigu pixkanaka. Beraren fama zabaltzen ari zela esango digu gaurko ebanjelio zatiak. Jesusen aurrean ezin daiteke lehen bezala geldi, jendeak parte hartzen zuen.
Une honetan gu Jesusekin topo egitera goaz, beraren hitza entzunez eta berak ematen digun maitasun azkenerainokoa jasoz. Ez al gaitu lehenean utziko topaketa honek. Elkartasuna sortuko al du gure bihotzean!
Garbi dezagun gure bihotza Jaunaren errukitan, berari harrera on egiteko.
– Jesus Jauna, zu zara Aitarenganako bidea.
– Jesus Jauna, zu zara argitzen gaituen argia.
– Jesus Jauna, zu zara berritzen gaituen bizia.
PREFAZIOA
Jesusek, bere hitzez eta egintzez, Aitaren gureganako maitasuna erakutsi digu. Jesusek gaixoekiko eta txikiekiko onginahia azaldu zuen beti. Berak bildu gaitu gu ere mahai honen inguruan, eta Aitaren maitasunera begiratzeko gonbita egiten digu. Eskerrak eman diezazkiogun gogotik.
GURE AITA
Jesusek irakatsiari jarrituz, anai-arreba bezala elkarturik, Aita beraren seme-alaba bezala, esan dezagun beldurrik gabe:
B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK
1. Entzutera goazen Itun Zaharreko irakurgaiak, gero ebanjelioa entzuteko prestatzen gaitu: Jesus da Jainkoak agindutako profeta; bera da Jainkoaren hitza, bera Jainkoaren salbaziozko egia.
2. San Paulok Korintoarrei egindako lehen gutunetik irakurtzen dugu gaur ere bigarren irakurgaia. Bere bizi-esperientzian oinarriturik, San Paulok, Jauna zerbitzatzeko bizimolde onena zein iruditzen zaion esango digu. Baina ez dio bizimolde hori inori ezartzen.
HERRI-OTOITZA
Senideok: jar dezagun gure bizia Aitaren eskuetan. Baita gure ingurukoena ere. Otoitz egin dezagun gehien sufritzen dutenen alde.
– Elizaren alde:
Jesusek eskuetan utzi dion Jainkoaren Hitza, leialtasunez entzun eta adorez hots egin dezan.
– Gaitzaren eta injustiziaren menpe bizi diren guztien alde:
Jesusen hurbiltasuna senti dezaten kristauon solidaritatean.
– Mundu zuzenago bat egiteko ahaleginean saiatzen ari direnen alde:
etsi gabe jarrai diezaioten beren lanari, zailtasunean atzera egin gabe.
– Beren barrua lotuta sentitzen dutenen alde:
Jesus askatzaile eta barne-poz aurki dezaten.
– Hemen elkartu garen guztion alde, gure gaixoen alde:
entzun dugun hitzaren arabera bizi gaitezen eguneroko lan eta eramanbeharretan.
Entzun, Aita, eskariok, eta argi ezazu beti gizadia zure Semearen hitzez, Jainko eta errege bizi baita gizaldi eta gizaldietan.
HOMILIA
Senideok: Joan zen igandean ordua adierazten ikusi genuen Jesus huraxe da, gaur gaitza garaitzen ikusten duguna. Bera da nobedadearen profeta. Zaharrarenak egin du. Eta aro berrien atarian jarri gaitu gure Jainkoak.
Harriturik zeuzkan denak. Alferrik da. Inork ez bezalako hitzak dauzka. Inork ez bezalako agintez hitz egiten du, hitz egiten duena egintza bihurtzen baitu. Eta, jakina!, harridura sortzen du. Faszinatu egiten du, txunditu. Gaurko hizkeran esango litzatekeen bezala, aluzinatuta uzten gaitu. Ez du parekorik. Bakarra da. Inor ez bezalakoa.
Hala ere, eta hau ere harritzekoa, hain txundigarria izanik ere, ez dago urruti, ez dago aparte. Zeure sakonena ukitzen dizu, barrukoena. Zeure intimitate gordeenera eramaten zaitu bere agintez. Eta hortxe dago koska: hainbeste konprometituko ez balu!, hain barrura sartuko ez balitz!, hain gertukoa egingo ez balitzaizu!
Kontraesana ematen du: hain inor ez bezalakoa izanik, nolatan ukitzen ditu hain gureak diren barru gordeak!? Barru gordeak... izan ere, barru gordeenean ez al dugu askatasuna, libre izatea, amesten? Ez al genuke gaitzaren gainetik bizi nahi? Ez al genuke gu geu izan nahi? Amets sakonen horretan aurkitzen gaitu, hortxe sintonizatzen du berak gurekin, hortxe harrapatzen gaitu.
Ez al dugu geure burua gaitzak hartua sentitzen askotan? Geure burua, eta gizarteko norabideak. Nahi ez genukeen zerbait nagusitzen zaigu. Bada zerbait guregan Jesus horri aurre egiten diona: «Zer nahi duzu gurekin?». Jakin, badakigu nor den. Jakin, badakigu gure barruak beraren beharra daukala. Askotan ustekabean bezala harrapatzen gaitu gure barruak askatasunaren aldeko garrasia jotzen! Baina, libre izan nahiaren garrasia jotzen dugunean, badakigu alferrikako garrasia dela. Ez daukagu zer eginik!
Horregatik, gaurko Ebanjelio zati honek zerbait berezia sumaratzen digu. Aurrean daukagun hau nor da? Gure barruak garrasika eskatzen diguna hori ote? Herriek egarri dutena, mundu berria egarri dutenean, hori ote? Geure burua kateatua sentitzen dugunean eta norbaitek aska gaitzala amets dugunean, hori ote? Berak ez ditu besteen hitz hutsak! Zerbait berezia badauka. Barruraino sartzen zaizun zerbait berezia. Bera da!
«Atera hortik!». Orain badakizu noren aurrean zauden! Orain badakizu zure bihotzak amets duen askatasun sakon eta harutzagokoa posible dela. Orain badakizu, beharbada betiko garrasiak joko dizula barrutik, baina badakizu badela norbait garrasi hori entzungo dizuna. Orain badakizu, askatasunezko hitza eta ordua esnatu zaiola mundu honi. Eta orain poztu zaitezke! Bai, poztu zaitez!
Baina... eta beldur bat adierazi nahi dizut, hitz hauek guztiek gure barruko egoerari erantzuten ote diote? Askotan hitzak ajatu egiten baitzaizkigu eskuartean, moteldu. Hainbestetan entzun ditugu hauek denak. Eta arrazoi duzu! Baina, ez al duzu ospaketa honetan zeure burua norbait bereziaren aurrean ikusten! Ba al daukazu egarririk? Erabat lehortu al zaizu ba barru hori? Begira iezaiozu, begira! Hau ez baita Testamentu Zaharrekoa bezalakoa: haiek ezin begiratu zioten Jainkoari aurpegira, hain urrutiko, hain bestelako, hain beldurgarri sumatzen nonbait! Baina, Jesusengan bestelako aurpegia hartu du gure Jainkoak: gerturatu egiten zaizu, hitz apartekoa esaten dizu, zuri zeuri hitzegiten dizu. Ez ezazu beldurrik izan, mesedez!
Nik ez daukat, ordea, horrelako lotura negargarri eta beltzik! Hori pentsatzen al duzu? Hori beste kontua da! Daukazunarekin konforme egote aldera, nik zer nahi duzu esatea? Ba, bale, adizu! Lotura askori askatasun deitzen hasi ote gara? Ezin askotara jarri egin ote gara, gehiagoren egarria itotzeraino? Geure bihotz gehiago-zaleari aski duela esan ote diogu menturaz? Txoriari hegoak ebaki ote dizkiogu? Ba, bale, adizu!
Baina, mesedez, hori ez da posible! Gure gizatasunak bale esaten duenean, gizatasun-giharra biguntzen zaio. Askatasunaren tirabirazko tentsio hori lasatzen uzten duenean, bere barrua hustu egiten zaio! Jesusek bestelako hitzak ditu, bestelakoak, ezberdinak, inork ez bezalakoak! Barru-barrura hitz egiten dizuten hitzak! Inork sekula ukitu ez dizun barruko barruena kilimatzen dizkizun hitzak ditu. Eta, beharbada, beldurra sentitzen duzu. Hori ote?
Beldurra... askatasunaren beldurra, gehiegiaren zorabioa, auskalo zer izango ote denaren kezka? Arrazoi duzu! Jesus honekin badakizu non hasten zaren, baina zenbateraino libratuko zaituen, zenbateraino zeu izanaraziko dizun, zenbateraino aurrera tiratuko dizun... hori auskalo! Horixe auskalo!
Baina ez duzu beldurrik izan behar! San Paulok ederki asko ulertu zuen dena erlatibizatu behar dela. Beste kezka guztiak ez direla baliozkoak, lotu egiten dutelako. Bihotza Jaunarentzat gordetzeak, askatasun handia daramala bere barnean. Hori ez ezazu, mesedez, ulertu ez ezkontzea ezkontzea baino hobea izango balitz bezala, edo munduan lan egitea otoitz egitea baino txarragoa izango balitz bezala... Ezta gutxiagorik ere! Hemen kontua badakizu zer den? Hainbestetan erabiltzen dudan hitza beste behin erabiltzen uzten badidazu, hemen pertenentziaren kontua da; alegia, zu norena zara? Nor duzu zure askatasun? Nork edo zerk lotzen eta askatzen zaitu?
Eukaristia honetan aurrean daukagun honek askatasun ikusgarria dauka berekin. Zeuk ikusi zer nahi duzun: errenditu inork ez bezalakoak esaten eta egiten dituelako, ala zeure betiko zeurean jarraitu. Hori zeuk aukeratu. Nik libre izan nahi dut!
Liturgi lagungarriak
A) APAIZAREN MONIZIOAK
AGURRA ETA SARRERA
Jesus Jauna gurekin dago, senideok. Jauna zuekin!
Jesusen lehen ikasleek bezalaxe entzun dugu guk ere honako dei hau: «Garaia bete da, etorri da itxaropenaren ordua: Jainkoaren erreinua hemen dago. Bihotz-berri zaitezte». Konturatu gara Jesusek hitz berezia daukala, berri gaitzakeen hitza. Eta jarraitu egin diogu. Eta hementxe gaude berarekin.
Isilune sakona eginez hasi behar dugu, geure barrura sartzeko isilunea. Jainkoari eska diezaiogun berri gaitzala, Eukaristia hau fedez eta esperantzaz ospatzeko.
– Jesus Jauna, bihotz-berritzera gonbidatzen gaituzuna. Erruki, Jauna.
– Jesus Jauna, errukior eta onbera zarena. Kristo, erruki.
– Jesus Jauna, zeure ikasleak aukeratu zenituena. Erruki, Jauna.
PREFAZIOA
Mahaira bildu gara une honetan; hitzaren mahatik, ogiaren mahaira. Hementxe daukagu erreinua, hementxe. Mahai honetan esker onez bakarrik eseri gaitezke. Denok esker onez, beraz.
GURE AITA
Denok bihotz berrituz eta bateratuz eta elkarren senide sentituz esan behar dugu Jesusek irakatsitako otoitza.
B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK
1. Gaur ebanjelioan konbertsiorako Jesusen lehen deia entzungo dugu. Lehen irakurgai honetan ere aldaketarako gonbita egiten zaigu. Oso ulerterraza eta argia da. Jaunak dei egiten duenean, nola erantzun behar zaion esaten digu.
2. San Paulok Korintoko elkarteari egindako epistola irakurtzen jarraitzen dugu gaur ere. Bizi dugun guztia bukatu egiten da, esango digu behin eta berriz. Beraz, libre izan behar dugu kristauok. Jainkoaren erreinua da inportanteena, beste guztia inportantea bada ere.
HERRI-OTOITZA
Jo dezagun Jainko Aitarengana eskale. Gaurko otoitz-une honetan, gogoan izan ditzagun behartsuenak.
– Eliza guztietako fededunok zintzo joka dezagun Ebanjelioarekin, munduaren aurrean gure fedearen testigantza garbia emanez.
– Jainkoak eman diezaien Eliza kristau guztiei, batzen dituena indartzea eta bereizten dituena gainditzea.
– Azkar iritsi dadin denok ogi bera eta ardo bera edango dugun Eukaristi ospaketa bateratua.
– Munduak aurrera egin dezan Jainkoaren erreinuaren bakean eta elkartasunean, eta sufritzen duten guztiek erreinu horren bizipoza izan dezaten.
– Guk guztiok eta, batez ere, gaixo eta bakardadean edo kartzelan aurkitzen direnek, Jesusen Hitza sinetsi eta haren deiaren edertasuna bizi dezagun.
Entzun, Aita, fedez eskatu dizuguna. Eta emaiezu kristauei eta gizon-emakume guztiei batasunaren eta bakearen dohaina. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
HOMILIA
Adiskideok: San Markosen Ebanjelioan, Jesus, bataiatua izan ondoren, jende-aurrera agertzen da, Jainkoaren Berri Ona hots eginez. Jainkoaren berri ematen du Jesusek. Eta Jesusek ezagutzera ematen digun Jainkoa da gizon-emakumeon Berri On. Jesusek egiten duen deiak sakontasun handia du. Eta honako hausnar-puntu hauek azpimarratu behar ditugu.
– Alde batetik, Jesusek munduari dakarkion notiziak, amets guztiak betetzen ditu. «Ordua bete da». Jainkoaren ordua, lehenik: Jainkoaren asmoak betetzera baitoaz. Jainkoak gizon-emakumearen salbazioaz duen asmoa gertatzera doa. Jainkoa jokatzen hastera doa. «Ordua bete da»: gizakiaren ordua ere betetzera doa. Itun Zaharreko ametsak, gizakiaren bihotzak bere barnean dituen izan-ametsak, betetzera doaz. Jesusek egiten duen erreinuaren deia, munduaren betetasuna da. «Ordua bete da».
– Jesusek dakarren notiziak zer eskaintzen digu? «Hurbil da Jainkoaren Erreinua». Hauxe da eskaintza. Jainkoa errege izaten hastera doa. Orain artean gizakiaz beste zenbait indar eta ahalmen ilun jabetu baldin badira, hemendik aurrera, ordua bete denetik aurrera, Jainkoa jabetuko zaio gizakiari. Eta Jainkoa errege izateak esanahi pozgarria du: gure askatasuna esan nahi du, indar ilunetatik libre izatea, salbatuak izatea. Gu maite gaituen Jainkoa jabetzen da munduaz. Jainkoak dena, maite dituen gizon-emakumeon onerako erabiliko du. Jainkoak ez du giure bizitza galtzen utziko. Jainkoak bere salbazio-indarra piztu du eta mundu osoan nabarmenduko da.
– Hirugarrenik, dei honek eskakizun larri bat ere badu: «Bihotz-berri zaitezte eta sinetsi Berri Ona». Bihotz-berritzeak zera esan nahi du: okerreko bidetik ibili gara eta, beraz, bide zuzenera itzuli beharra daukagu. Bekatuak okerbideratu baldin bagaitu, Jesusen deiak beste izan-maila batetara esnatu nahi gaitu. Izan-maila aldatu, ez soilik portaera. Begirada aldatu. Jainkoaren mailara jasoak ikusi nahi gaitu Jesusek.
Eta bihotz-berritze horren lehen egitekoa, sinestea da. Sinetsi zertan? Jainkoa errege dela sinetsi. Jainkoak dena gure onerako antolatu duela sinetsi. Jainkoak ematen digun askatasun horretan bizitzen hasi. Geure lotura eta morrontza guztiak alde batera utzi. Lehenengo irakurgaitik ikus genezake zein larria den bihotz-berritu beharra. Jesus dugu Jonas berria. Eta ninibetarrak bezala, guk ere Jainkoaren deia jaso behar dugu.
Aldaketa honek munduko baliabide guztiak aldatzen ditu. Esaldi hau erabiltzen uzten badidazu, entzule, Jeusen adierazpenak, dena hankaz-gora jartzen du. Jainkoaren erreinua da balio nagusia. Beste gauza eta balio guztiak haren zerbitzuan jarri behar ditu fededunak. San Paulok bigarren irakurgaian esan duen bezala, «Bizitza laburra da, iheskorra mundu honetako iduria». Beraz, ezin gaitezke bizi gauza labur horiek zerbitzatzen. Gauzak erabili behar dira, eta hori ez da txarra. Ezkondu bai, hori ez da susno txarra sortzekoa. Baina ezin daiteke ezer eragozpen gerta Jainkoaren erreinua zerbitzatzeko. Bestela, mundu honetako gauzen fruitu kaskarrean geldituko ginateke. Begira zer-nolako indarra izan duen Jesusen deiak, Galileako itsas-ertzean arrantzuan ari ziren haiengan. Jesusek dei egin orduko, haiek dena utzi eta jarraitu egiten diote. Hain erakartzailea da Jesusen deia! Hain eragin handikoa! Eta, bestalde, gizakiak zer egin dezake hoberik, Jesusen deia entzun eta Jainkoa zerbitzatzea izan ezik! Jainkoaren Erregetza indartsua da gaur ere.
Gaurko Jainkoaren Hitzak egin digun dei honen aurrean, gure bizitzari begiratu behar diogu, geureari eta herriarenari.
– Jainkoaren erreinuaren deiak ba al du gure bizitzan indarrik? Inolako eskakizunik ba al du Jainkoaren erreinuak gure eguneroko bizitzan? Edo, Jainkoaren erregetzarik ez balitz bezala bizi gara?
– Jainkoaren erreinuak, benetako bihotz-berritze batera al garamatza? Eta etengabeko bihotz-berritze batera?
– Mundu honetako gauzak eta ondasunak nola darabiltzagu: Erreinuko zerbitzuan edo-ta geure egoismoen zerbitzuan? Jainkoaren zerbitzuan edo-ta geure zerbitzuan?
– Galileako arrantzaleentzat bezala, guretzat ere Jainkoaren deia konpromiso-sortzailea al da: geuretik ateratzen al gaitu eta besteen zerbitzuan jartzen?
Esate baterako, eta adibide bat jartzeko da, ez bestetarako, honek badu zerikusia, aste honetan amets eta otoitz dugun Elizen batasunarekin. Jainkoaren erreinuak batasuna eskatzen digu. Eta batasunerako, egoismoak baztertu beharra dago. Eta, gainera, guztion konpromiso serio izan behar du batasunaren ametsak. Geuretik atera eta besteei begira jarri behar gaitu. Bestela, alferrik edo izango da Jainkoaren erreinuan sinesten dugula esatea.
Gure galdera, gure kezka, gure bekatu eta guzti, goazen Eukaristia ospatzera. Eukaristia deia da eta deiari erantzuteko Espiritua ematen digu. Jainkoaren erreinua Jesusen Pazkoan gertatzen da, eta Eukaristia da Pazkoa. Bizitza labur honetan bizi garen bitartean, amaitzen ez den bizia ematen digu Eukaristiak.
Fede eder honen aitorpena egin dezagun lehenik.
Liturgi lagungarriak
A) APAIZAREN MONIZIOAK
AGURRA ETA SARRERA
Arreba eta anaiok, ongi etorriak denok. Jesus Jaunaren izenean elkartu gara hemen, Aitaren Seme maitearen izenean. Beraren grazia eta bakea zuekin!
Epifania festaburuaren jarraipena da gaurko jaia, Jesus askatzaile agertzen zaigu gaur ere. Jesusen Bataioan, Aitaren Seme maitearen agerpen berezia ikusi zuten lehen kristauek. Espirituz beterik Jesusek bere ageriko jardunari ekingo dio, Aitaren erreinu askatzailea hots eginez.
Gure bataioa ere gogoratuko dugu, noski. Beraren bidez Jaunarekiko elkartasunera jaio baikinen.
Gaur, Bataioko ura gogora ekarriko dugu, uretan eman zitzaigun barkazioa eta salbamena ahogozatuz. Jo dezagun errrukizko uretara barkazio eske.
(Ura, ura! edo beste bataio-kanta bat)
Jainko ahalguztidunak garbi gaitzala gure bekatuetatik eta, ospakizun honen indarrez, eraman gaitzala bere erreinuko mahaira.
PREFAZIOA
Berri dezagun, anai-arrebok, Jainkoaren Seme maitearen oroigarria. Beraren urak biziberri gaitzala; beraren odolak argi egin diezagula gure bidean.
GURE AITA
Jesu Kristorengan Jainkoaren seme-alaba gara; horregatik, Espirituak eraginik, Aitari dei egiten diogu:
B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK
(Gaurko irakurgaiak: Is 55,1-11; 1Jn 5, 1-9; Mk 1, 7-11)
1 – Ura behar-beharrezkoa du gizakiak bere bizitzarako. Hori dela eta, lurra beratzen eta gure egarria asetzen duen ura, biziaren irudi izan da betidanik. Bizi berri eta hobea agintzen zaigu profetaren bidez.
2 – Uraren bataioan Espiritua agertu zen Jesusengan. Eta, Espiritu horrek eraginik, Jainkoaren maitasuna erakutsi zuen Jesusek, bere odola isurtzeraino. Horregatik dio San Joanek, Espiritua, ura eta odola direla Jesusen aitortza egiten dutenak.
HERRI-OTOITZA
Jesusekin bat egin dezagun, Bera baitugu gizakion egia, bidea eta bizia, eta otoitz egiogun zeruko Aitari.
• Kristauok senti dezagun beti, gure onerako gizon egin zen Jesusen jarraitzaile izatearen poza.
• Munduko herri guztietan, pertsona errespetatua eta bere duintasunean zerbitzatua izan dadin.
• Ilunpetan, bakardadean, kartzelan, erietxean, itxaropenik gabe bizi direnek, bidean aurrera egiteko behar duten argia aurki dezaten.
• Beren bataioa ahaztuta edo albora utzita daukaten kristauek, beren izaeraren handitasuna berraurki dezaten.
• Guk guztiok, geure bataioa berriturik eta Espirituaz beterik, lagun hurkoak zerbitza ditzagun, beraien zerbitzura biziz.
Entzun, Aita ona, gure otoitza, eta bete ezazu argiz eta biziz gizon-emakume guztien bizitza. Jesu Kristo zure Seme eta gure Jaunaren bitartez.
HOMILIA
Senide maiteok, bere xumean, benetan txokagarria da gaurko koadroa: Jesus bataiatua. Gizakion bekatuen ur zikinetan sartu eta Jesusek ur garbien garrasia jotzen du: askatasunezko uren eskaintza jarri digu eskuerara. Eta uretan fedea jaso duenak eskerrak eman diezazkioke zeruko Aitari, horrek garaipena ere jaso baitu.
Bai, adiskidea, harrigarria da koadroa. Ez da normala Markos ebanjelariak kontatu diguna: «Egun haietan, Galileako Nazaretetik etorri zen Jesus, eta Joanek Jordanen bataiatu zuen». Zergatik ez den normala? Zeruko ahotsak esan ez du ba, bataiatzen den hori Jainko Aitaren Semea dela, haren maitea dela? Eta nola daiteke Aitaren Seme garbia, bekaturik gabea aitortzen duguna, beste edozein bezala bekatuzko uretan bataiatzea? Zer gertatzen da, orduan? Gertatzen dena da, Jainkoak gure giza zorian parte hartu nahi izan duela, ez azaleko partehartzez, bekatuzko partehartzez baizik. Berak ez du egin bekaturik, baina gure bekatuak bere gain hartu ditu, eta gu bezalaxe bekatuzko zoriaren bideetan sartzen da. Belenen Jainko eta gizon aitortu dugunak, hain gizaki eginez erakusten du zenbateraino den Jainko. Ikusgarria ez ezik ikaragarria!
Eta zer gertatu da? Jesusek ukitu dituen gure urak askatasunezko ur bihurtu direla. Ordurarte bekatuzko ur kutsatu zirenak askatasunezko ur bihurtu dira. Gure ur zikinen barnean honako oihu hau entzun da: «Egarri zareten guztiok, zatozte uretara; dirurik ez duzuenok ere bai; zatozte, erori garia eta jan ordaindu gabe, ardoa eta esnea hutsean». Horra zer gertatu den: uretan Jainkoaren eta gizakiaren batasuna gertatu da, eta Jainkoak gure urak garbitu eta salbamen-ur, askatasun-ur bihurtu dizkigula. Eta orain arte zorigaitzaren urak zirenak, orain zorionaren ur bihurtu zaizkigu. Eta orain geure zoria edan dezakegu, pozik edan ere. Orain arte lotura zitzaiguna, orain askatasun baitzaigu. Ez al da ederra? Bai, alajaina! Ederra!
Eta ezkon uretan, maitasunaren topaketa gertatu da. Doan eman zaigu maitasuna. Jainkoak maite gaitu, Jainkoa maite dugu. Eta beldurra kendu zaigu bihotzetik. Ez gara biziezinaren zordun, ez gara beldurraren zordun, ez gara morrontzarako ezeren zordun. Garaileak gara, libreak gara. Askatasunerako zordun gara, uretan askatu gaituenaren zordun. Eta dena merezi gabe eta debalde. Merezi gabe eta debalde!
Honek guztiak zer esaten dizu, adiskidea? Aurrena, dei bat entzun behar zenukeela iruditzen zait niri: zure uretan sartu nahi duenari sartzen uzteko deia entzun behar zenioke. Zure uretan sartu nahi du. Zure uretan izan nahi du bataiatua. Zure zoria bere gain hartu nahi du. Urak zikinak dauzkazula? Garbiak edukiko bazenitu ez zeukan sartu beharrik! Zoria zikina eta kutsatua daukazulako sartu nahi du zurean. Sinets iezadazu: zure ur galdu horietan ere entzun daiteke, entzun dezakezu, askatasunaren oihua: «Egarri dena, zatoz». Zure ur horiek edateko ur bihur daitezke. Zeure historiarekin adiskidetu zaitezke. Zeure barruarekin baketu zaitezke. Zeure uretan maitasuna aurki dezakezu.
Esaten ari naizen honek ez al dizu zure bataioa gogorarazten? Egun batean, txiki-txikitan, bataioko uren ukitu askatzailea jaso zenuen. Eta horrek ez zuen esan nahi eliztar egin zinena bakarrik. Baizik, aurren-aurrena, askatasunaren seme edo alaba egin zinela esan nahi zuen! Eta hemen galdera bat egiten utzi behar didazu, atrebentzia ez bada: Bataio hura zeuretu al duzu? Bataioa maite al duzu? Jainkoak zure zoria bere zori bihurtzea estimatzen al duzu? Edota zeuk eraman nahi al duzu, bere horretan, zeure zori zauritua? Zeure eguneroko bizitzaren ur azpitik etortzen al zaizu bihotzeko belarrietaraino, honako dei hau: «Zatoz uretara»? Edota, Isaiasek esan digun bezala, asetzen ez dutenetan gastatzen ote dituzu zeure poza eta zeure esperantza eta zeure bizia? Asetzen ez dutenetan? Ez zaidazu baietzik esan!
Ba, adizu!, Jesus bataiatu zenetik bestela dira gauzak. Maitasunaren bila ez daukazu urrutira joan beharrik. Zeure barneko uretan, zeure zorian, zeure historian, daukazu maitasuna. Hortxe elkartu baitira gizakia eta Jainkoa. Hortxe gertatu da Elkargoa, Elkartasuna!
Eguberriko misterioa burutzen duen Eukaristia ospatzera goaz, Gaur bukatzen da Eguberri! Eta eman zaigun notizia ez da edonolakoa! Jainkoak maite zaitu, maite nau! Nire bizitza sendatu dit barru-barrutik. Ez daukazu urruti edertasuna! Oraintxe ospatzera goazen Eukaristiak ere gure Bataioaren sustraietara garamatza. Maitasunaren uretara! Jan dezagun eta edan maitasuna debalde! Eman ere, debalde eman zaigu eta!
Liturgi lagungarriak
A) APAIZAREN MONIZIOAK
AGURRA ETA SARRERA
Anai-arreba maiteok, Jauna zuekin!
Joan zen igandean Jaunaren Bataioko jaia ospatu genuen, horrekin Eguberri eta Agerkunde aroa amaituz. Eguberri ia urrutitxo sentitzen dugu.
Gaur ere, ordea, Jaunak deituta bildu gara. Samuel gazteari bezalaxe, Jesusek bere lehenengo ikasleei bezalaxe, guri ere dei egiten digu Jaunak.
Eta gu hemen baldin bagaude, harekin egon nahi dugulako da. Jaunarengan zerbait berezia aurkitu dugulako gaude hemen. Guri ere, ikasleei bezalaxe, esaten digu: «Etorri eta ikusi». Berarekin gelditu nahi dugu. Haren hitza entzun nahi dugu. Haren maitasuna ospatu nahi.
Jesusen deia ez dugu beti behar den leialtasunez entzuten. Isilune sakon honetan aitor dezagun gure bekatua eta eska diezaiogun Jaunari errukia.
– Jesus Jauna, zeure segiziora dei egiten diguzuna. Erruki, Jauna.
– Jesus Jauna, zeure misterioa agertzen diguzuna. Kristo, erruki.
– Jesus Jauna, zeurekin gelditzera gonbidatzen gaituzuna. Erruki, Jauna.
PREFAZIOA
Senideok: Jaunak fede-esperientzia berean elkartu gaitu denok. Batasunaren dohain ederra kanta dezagun Eukaristi otoitzarekin bat eginez. Gorets dezagun bat egiten gaituen Aita eta Jaun bakarra!
GURE AITA
Jesu Kristorekin bat eginda, munduko Eliza eta kristau guztiekin bat eginda, batasunaren otoitza esan dezagun.
HONA HEMEN
Hona hemen Jainkoaren Bildotsa, bere segiziora eta bere mahaira gonbidatzen gaituena. Zorionekoak, beraren deia entzun, eta mahai honetara hurbiltzen direnak.
B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK
1 – Eguberri eta Epifaniaz, Jauna agertu zaigu. Gaur ere Jaunaren agerpena ospatuko dugu, Ebanjelioan Jesusengan. Horren atariko bezala, Testamentu Zaharreko dei bat entzun behar dugu.
2 – San Paulok korintoarrei egindako bigarren epistolatik irakurriko dugu gaur eta hurrengo igandeetan. Korinto hiri ezaguna zen bere portaera gaiztoagatik. Paulok bere kristauak portaera horretatik aldendu nahi ditu.
HERRI-OTOITZA
Otoitz egin diezaiogun gizaki guztion Aitari. Berak maite gaitu, eta gizon-emakumeok bere maitasunera erakarri nahi gaitu. [Eska dezagun kantuz:
GURE OTOITZA ENTZUN, JAUNA!]
* Kristauok zerbitzu-bidea, bihotz-zabaltasuna, justiziaren aldeko borroka eta pobreekiko maitasuna erakuts ditzagun gure gizarte honetan.
* Munduko herri guztiek, eta ezinean bizi direnek bereziki, Jainkoaren erreinuari dagokion duintasuna bizi dezaten.
* Kristau-elkarteetan apaiz-zerbitzurako eta erlijioso-bizitzarako bokazioak sor daitezen.
* Gaixoek, ezinduek, beldurrez bizi direnek Jaunarekin topo egin dezaten eta esperantzarako arrazoiak aurki ditzaten.
* Hemen bildu garen guztiok, egunetik egunera hazi gaitezen Jainkoaren Hitzarekiko leialtasunean.
Entzun, Aita, gure otoitz eta eskariak. Emaguzu kristauoi eta gizaki guztioi batasunean eta bakean bizitzea. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
HOMILIA
Senideok: Jesus bataiatua izan da, joan zen igandean ikusi eta ospatu genuenez. Eta orain ageriko ekintzari hasiera ematera dihoa. Mesianitar asmoa aurrera ateratzeko behar adina Espiritu eman zaio zerutik. Eta asmo horren arabera, Jainkoaren Erreinua itsatsi behar du gizartean. Jesus hastera dihoanean, Joanek zokoratu egin behar du. Aurretik jarri behar zuena etorri denez, Joanek bere egitekoa amaitutzat ematen du. Bere inguruan bildu zituen ikasle eta jarraitzaileak ere, Jesusen bidera zuzentzen ditu. Bere behatzez erakutsi zuena, gogo onez zerbitzatu behar du azkeneraino.
«Horra hor Jaungoikoaren Bildotsa»: izen horrekin deitzen dio Joanek Jesusi. Izen ez-ohikoa eta txokagarria neurri batean guretzat. Juduentzat, ordea, oso ezaguna zen Pazko-Bildotsa, beren Pazko-askatasuna oroitarazten zien Bildotsa, askatasunaren Bildotsa. Eta Joanek Jesusi ematen dion izen honen atzean ez ote dago aitorpen hau: hor daukazue askatuko zaituzten Mesias? Hor daukazue gaurtik aurrera jarraitzea merezi duen bakarra. Sinetsia izatea merezi duen bakarra. Joanek hots egindako basamortuko hitz hura, itxaropen berri baten iturri izan baldin bazen, hitz hark adierazi zuena aurrean daukate. Joanenak egin du. Itun Zaharra amaitu da. Aurrelariak, atzetik zetorkionari pasoa eman behar dio. Eta nolako dotoretasunez egiten duen hori Joanek. Ongi bete du bere misioa.
Eta, era honetan, Jesusen inguruan elkarte berria sortzen hasten da. Bokazio-kontakizun eder baten aurrean gaude gaurko Ebanjelio-pasartean. Jesusekin topo egitearen esperientzia, elkartasun berri baten esperientzia da, bizi-esperientzia. Ikasleak «bila» ikusten ditugu, jakin-minez edo jarrai-minez. «Zer zabiltzate?». Zer da barruan darabilzuen grina hori? Bilaketa beti barne-borroka baita, tirabira, tentsioa. «Non bizi zara?». Ez dabiltza jakin-min hutsez, kurioso zelatari txepetxak bezala. Bizitzarako zerbaiten bila dabiltza, bizitzeari dagokionaren bila. Baina hori, bizi-esperientzia hori, ezin ba hitzez adierazi. Hori ikusi egiten da, bizi. «Etorri eta ikusi». Benetan elkarrizketa ederra, adierazgarria, barru-barrukoa.
«Ikusi zuten... eta harekin gelditu ziren». Gauza ederrak sinpleak izan ohi dira. Hau ere horrelakoxea da, xumea. A zer nolako karga ederra daukan zera horrek, «harekin gelditu ziren» horrek. Harekin gelditu, harekin izan, harekin gozatu bizitzearen esperientzia. Esperientzia berria, bizi-hariak berritzen dituen bizikizun betea. «Mesias aurkitu dugu». Esperientzia horrek markatu zituen ikasle hauek. Okerrik gabe esan dezakegu: bokazio guztien oinarrian esperientzia dago, bizi-esperientzia. Beste guztia azalekoa da. Jesusek begiratzen duenean, markatzen duen begirada distiratsuz begiratzen du. Eta hor, apenas zeregin handirik gelditzen den! Jarraitu eta kitto!
Bokazio-kontakizun honen aurrean, eta Samuelen bokazio-kontakizuna ere gogoan izanik, honako puntuok azpimarratu nahi nituzke:
- Jesus da jarraitzea merezi duen bakarra. Eta laguntza guztiek, jatorrak izan nahi duten neurrian, Jesusengana eraman behar dute.
- Jarraitzen ere ikasi egin behar da edo, hobeto esanda, Jainkoaren deiari antzematen ere ikasi egin behar da. Samuelek ez du lehenengoetan Jainkoaren deia ezagutzen. Dei arrotza gertatzen zaio. Baina, bihotza zabalik edukiz, azkenean Jainkoaren deia sumatzen du entzuten duen hartan.
- Samuelen kasuan Elik eta Ebanjelioko ikasleen kasuan Joanek, ezinbesteko laguntza eskaintzen dute: Jesusen jarraipidean laguntza estimagarria batak besteari eman diezaiokeguna. Azken batean ez gara ari geuretzat ikasleak egiten. Eliza ez da ari eliztarrak Elizarako egiten. Jaunaren jarraipidean elkarren laguntzaile izatea da kontua, Jaunaren jarraipidean.
- Jaunaren deiak bihotz-zabaltasuna eskatzen du, bihotz irekia, entzulea. Jaunaren deiari ez dago paso ematerik. Ez dago entzungor egiterik. Jaunak deitzen duenean, ez dago jolasik. Azken batean, Jaunaren deia entzute horretan, gure kristau-bizitza osoa, eta gure giza bizitza osoa ari gara jokatzen. Dei hori estali daiteke han-hemengo builaz eta eginbeharrez, baina Jaunaren deia ez entzuteak ez du atarramentu onik.
Eukaristia ospatzera goaz. «Horra Jainkoaren Bildotsa». Pazko-Bildotsa, askatasunaren Mesias! Horra bere segiziora deitzen gaituen Jauna. «Zer nahi duzu, Jauna?». Postura xume eta xalo honetan aurkituko al gaitu, meza honetan Jaunak egiten digun bisitak.
Liturgi lagungarriak
A) APAIZAREN MONIZIOAK
AGURRA ETA SARRERA
Jesu Kristo gure Jauna, Aitak esan digun maitasunezko hitza, hemen dago gure artean! Jauna zuekin!
Gaur igandea dugu. Eguberriko festaburu handien barnean, gaur igandea ospatzera etorri gara, besterik gabe. Gizon egin den Jainko Semearekin dugun elkartasuna sakondu behar dugu ospakizun honetan. Berak gurekin bat egin duenez gero, egin dezagun bat guk ere Berarekin.
Hasteko, elkarturik gorets dezagun Aita, gores dezagun gu zalbatzeko gizon egin den Semea.
(Aintza)
PREFAZIOA
San Paulok esan digu: «Bedeinkatua izan bedi Jainkoa, Jesu Kristorengan era guztietako bedeinkapenez bedeinkatu gaituena». Bedeinkapen-otoitz nagusia esaterakoan, denok bat eginik, gorets dezagun Jauna esker onez.
GURE AITA
Belengo misterioari darion xumetasunez, esan dezagun Jainkoaren seme-alaben otoitza.
HONA HEMEN
Hauxe da Jainkoaren Semea, guri bizia emateko haragi egin den Hitza. Zorionekoak Biziaren mahaira gonbidatuok!
B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK
1 - Prest jarri gaitezen, Jainkoaren jakinduriari buruzko gogoeta entzuteko. Jakinduria hau gure artean dago eta ari da. Jainko gizon eginaren aurrerapena dugu.
2 - San Paulori hartzen diogun irakurgai honek Aitari abesten dio, Jesu Kristoren misterioan bere seme-alaba egin baikaitu.
HERRI-OTOITZA
Haragi egin den Jainkoaren Hitza kontenplatu dugu patxadan. Orain otoitzez erantzun behar diogu bizia ematen digun Jaunari. Gizadi osoaren alde eska dezagun.
• Elizaren alde. Hainbeste hitz hutsen artean, bizia ematen duen Hitza adieraz dezan, bere testigantzaz Berri Ona hots eginez.
• Gure Herriaren alde. Jainkoak agertu digun maitasun horretan oinarriturik, aurrera-pauso nabarmenak eman ditzagun bakezko eta justiziazko gizartea eratzen.
• Familia guztien alde. Gure sukaldeak, bizia sortzen eta indartzen duten bizileku eder izan daitezen, giza harremanak sakonduz.
• Beste herrietatik gure artera etorri direnen alde. Bihotz handiz onar ditzagun, horiengan eta, batez ere, behartsuenengan, Jainkoak bisitatzen gaituela jakinik.
• Gu guztion alde. Gaurko ospaketak fedea sakontzera eragin diezagun, gero besteekin batean gizarte berria eraikitzen saiatzeko.
Entzun, Aita, zure herriaren erreguak. Eta emaguzu, zure seme-alaba eta elkarren senide bezala bizitzeko behar dugun indarra. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
HOMILIA
Senide maiteok: oraindik ere, liturgiari jarraituz ohartuko zinetenez, Eguberritako misterioa ospatzen ari gara. Eta gaurko igande honek misterio bera sakontzera garamatza. Misterioa badakizue zein den: Jainkoaren Semea gizon egin dela gure salbamenerako. Giza haragiz jantzi da, gu Jainkoaren seme-alaba bihur gaitezen.
Baina, begira gaurkoan, misterio bera adierazteko, zein bide ederra eta argigarria darabilan liturgiak: Jainkoaren HITZA gizon egin da. Jainkoaren JAKINDURIA mundura jaitsi da. Eguberritako misterioa, beraz, gaur Jainkoak munduari esaten dion HITZ JAKINTSUA izango litzateke. Israeldarrentzat, aspaldi hartan, Jainkoaren borondatea ezagutzea, benetan pozbide handia zen. Legearen bidez eta profeten bidez eta, Jainkoa ezagutzen zuten. Eta Jainkoak berak haien artean bizi nahi izan zuen. Eta hori zuten harrotasun sano eta paregabea juduek! Eta, hala ere (guk ongi dakigu), haiei aditzera eman zitzaiena ez zen Jainkoaren ezagupide betea.
Gaur Jainkoak ez digu bere nolanahiko ezagupidea eman. Semea dugu Aitaren agerpide. Jainkoak bere buruaren adierazpena Semearengan egin digu. Horretatik diogu: Eguberritako misterioan gureganatzen dena, Aitaren HITZA dela. Jesus horrengan erakutsi baitigu Jainkoak bere izatea. San Joanek esan du: «Hasieran bazen Hitza. Hitza Jainkoarekin zen eta Jainko zen. Eta Hitza haragi egin zen». Alegia, entzule: Jainkoa bera eman zaigu ezagutzera Jesusengan, Jesus baita Jainkoa esplikatu digun HITZA. Jesus da Jainko Aitaz dakiena, Aitaren JAKINDURIA. Eta jakite hori, JAKINDURIA hori, munduari eman zaio. Horra misterio pozgarria.
Pozgarria zergatik? Zergatik izango da ba? San Joanek esan duenarengatik: «Hitzarengan zegoen bizia. Eta hura onartu zutenei, Jainkoaren seme-alaba izateko eskubidea eman zitzaien». Ikaragarria da, gero, hau! Jainkoa ezagutzen dugu. Beraren bihotza zulatua geratu da Jesusengan, bihotz horretan geure izate berria, Jainkoaren gurekiko asmoak ezagutu ditzagun. Jesus da, egiaz, Aitaren JAKINDURIA! Aita nor den eta nolakoa den adierazten digun HITZ betea!
Hitz honen, Jakinduria honen, aurrean, bi postura har daitezke: bata, alde batera baztertzearen postura. San Joanek hitz ospelez margotu du jarrera beldurgarri hori: «Argiak ilunpetan argi egiten du; baina ilunak hura ez zuen onartu. Munduan zegoen; eta mundua haren bidez egina da; baina munduak ez zuen ezagutu. Bereetara etorri zen eta bereek ez zuten onartu». Hitz ikaragarri hauek gure munduko postura zenbait biltzen dute. Zer derizkiozu: gaurko munduarentzat garrantzi handia duela Aita ezagutzeak? Gaurko gure munduak (gertukoak) jaramonik egiten ote dio Aitak bidali digun bere argiari? Ez ote ditu ilunpeak maiteago?
Gure munduak agian beste bide batzuk nahiago ditu. Baina, postura horri alde batera utzi, eta beste postura azter dezagun. Zer gertatzen zaie, zer ematen zaie, argiari bihotza zabaltzen diotenei? Aitaren ezagupideak zer nolako bizibidea sortzen du fededunengan? Nik ez dut uste gaurko bigarren irakurgaia bezalako azterketa bikain eta dotorerik eman daitekeenik!
Jesusengan, Aitaren bihotz-barrura sartu gara. Eta han, bihotz hartan, Aitaren asmoak ezagutu ditugu. Bihotz horretan geure izatearen neurriak ematen zaizkigu. Aitaren bihotzean dago gure izatearen argia eta handitasuna. San Paulok esan du: «Bedeinkatua izan bedi Jainkoa, Espirituaren era guztietako bedeinkapenez Kristorengan bedeinkatu gaituena». Kristorengan erabat bedeinkatuak, on-etsiak, on-iritziak izan gara. Eta bedeinkazio hori zertan zehazten den? Entzun: «Mundua sortu baino lehen aukeratu gintuen». Ez gara halabehar edo kasualitate baten seme-alaba. Ez gara zoritxarraren seme-alaba. Ez, jauna! Jainkoak betidanik pentsatu gaitu. Zertarako egin gaitu ba? «Bere aurrean, maitasunez, santu eta errugabe izan gaitezen». Santutasuna, Jainkoaren izatean parte izatea, da gure bokazioa. Ez gara geure egite narratsen seme-alaba, Jainkoaren dohainak santutzen gaituen errugabeko baizik. Eta hori guztia beste esaldi honetan biltzen da: «Aurrez aukeratu gintuen bere seme-orde edo alaba-orde izateko». Jainkoaren ontasunak, Jainkoaren onberatasunak, era honetan edertu gaitu. Eta orain gure bokazioa benetan goikoa da: Aitari aintza emanez, edertasunaren goi-maila semetarra bizitzea.
Ederra, ezta? Guk, Eguberritako misterioa ezagutu dugunok, Aitaren bihotza zabalik ikusi dugu. Aitak bere HITZA esan digu Jesusengan. Eta Jesus den HITZ hori entzutean, JAKINTSU bihurtu gara. Jendea beste zera batzuetan zertuta dabilela? Dabilela!
Jesusen ezagupen hori ez lortzea, gehiegi galtzea da gure ustez. Guk, merezi gabe ezagutu dugunok, ezaguera hori indartu eta berriztatu egin nahi dugu Eukaristian. Munduko eguneroko bizitzan hain erraz makurtzen zaigu bihotza beste gauzetara! Eguberritako misterioak argitara garamatza. Eukaristia hau izan dadila guretzat goiko HITZA entzuteko bide. Eukaristia honek egin gaitzala JAKINTSU! Eta, horrela, gure herri-bizitzan ezaguera berri horren aztarna eman ahal izango dugu.
Eukaristia honetan, bedeinka dezagun “era guztietako bedeinkapenez bedeinkatu gaituen Jesu Kristoren Aita”.
Utilizamos cookies propias y de terceros para fines analíticos y para mostrarle publicidad personalizada en base a un perfil elaborado a partir de sus hábitos de navegación (por ejemplo, páginas visitadas). Puede aceptar todas las cookies pulsando el botón "Aceptar" o configurarlas o rechazar su uso pulsando el botón "Configurar". Puede obtener más información o cambiar posteriormente los ajustes en nuestra Política de Cookies.