liturgi lagungarriak

hgdgfhdh

Liturgi lagungarriak

 

A) APAIZAREN MINIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Arreba eta anaiok: aleluia. Jesus Jauna, berpizturik betiko bizi dena, beti zuekin!

 

Igandero-igandero Jesusekin bat egiten dugu gure batzarrean. Horixe sinesten dugu eta horixe ospatzen orain hemen.

 

Hori egia da beti, baina bereziki Pazkoko igandeotan. Gaurko Ebanjelioak ere horrelaxe esango digu: Jesus bere ikasleekin elkartuko da gozotasunez beteriko topaketan. Eta ikasleen artean bezala, tarteko agertzen zaigu guri ere hementxe. Eta orduan Pedrori bezala, gaur guri ere maitasunezko erantzuna eskatzen digu.

 

Hasteko, berpizturik bekatuak kentzen dizkigun Bildotsa gorets dezagun aintzaka eta goraka.

 

(Aintza)

 

 

PREFAZIOA

Jesus berpiztuak, bere ikasleei agertu zitzaienean, otordu ederra prestatu zien. Orain gu ere bere mahaira biltzen gaitu. Esker ona ager dezagun bihotz-bihotzetik.

 

 

GURE AITA

Jesusek irakatsi zigun bezala, eska dezagun egun honetako ogia, biderako behar dugun janaria, besteekin zatitu behar dugun maitasunaren ogia.

 

 

HONA HEMEN

Hona Jainkoaren Bildotsa, Kristo Jauna, heriotza garaitu duena, betiko biziaren janaria. Zoriontsuak Pazko-mahai honetara gonbidatuok!

 

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

1 - Pedrok eta beste ikasleek laster ikasten dute zer den Jesusen ikasle izatea. Agintariak kontra dituzte, baina Jainkoarekiko konpromisoak eusten die indartsu.

2 - Jainkoak bere esku dauka biziaren misterioa. Jesus hil eta berpiztuari egiten zaion gorespen-kanta da irakurgai hau.

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

Jesu Kristo gurekin daukagula sinesten dugulako, Jainkoarengana jo dezakegu usterik onenaz. Egin dezagun otoitz, kantatuz:

 

ENTZUN, JAUNA, GURE ESKARIAK!

 

*  Eska dezagun Elizaren alde:  Igandero Jesu Kristo Berpiztuaren otorduan parte hartzeak, errukiaren misiolari izateko indartu dezan.

 

*  Gure anai-arreba behartsuenen alde: Jainkoarengan adorea eta guregan laguntza aurki ditzaten.

 

*  Komunikabideen alde: egiazko giza balioen hedatzaile izan daitezen gure gizartean eta pobreenen ahotsa ez dezaten isildu.

 

*  Sufritzen duten guztien alde; gure gaixoen alde; Siria eta beste herrietako errefuxiatuen alde: Jesus Berpiztuaren presentzia pozbide eta indargarri gerta dakien.

 

*  Geure alde. Gure herriaren alde: Pazko-aldi hau justiziazko eta maitasunezko biziera sortzeko argitasun gerta dakigun.

 

Aita, badakigu maite gaituzuna. Entzun iezazkiguzu gure gaurko eskari hauek, maite gaituzula sinets dezagun. Jesu Kristo gure Jaun berpiztuaren bitartez.

 

 

 

 

 

HOMILIA

Senideok, Pazkoan aurrera eta sakonera goaz. Jesusekiko elkartasuna eta topaketa gero eta nabarmenagoa ari zaigu gertatzen. Berpiztuaren pozak bizi-adorea ematen digu, zailtasun eta ezinetan ere Berri onaren lanean sutsu ekiteko. Jakin badakigu eta, Pazkoak beste ikuspuntu batean kokatu gaituela, Berpiztuaren garaipenaren ikuspuntuan. Eta zorionez!, bizitzearen eta ekitearen eta gertaeren beste irakurketa bat egitea ematen zaigu. Eta hor, gero eta sakonago, gero eta ederrago, Pazkoa gertatzen zaigu.

 

Koadro eta ikusmira eder honetan, ordea, aurrena Jesus berpiztuarengana jasotzen ditugu gure begiak. Bera da Pazkoaren ardatza. Bera gure ospakizuna biziarazten duen presentzia. Jesusekiko topaketak edertu du gure elkartea. Berak pozten gaitu. Gaurko Ebanjelio zatiak kontatu digun topaketa honek badu, ordea, berezitasunik. Ez zaie agertzen aurreko igandeetan bezala, beren etxean gordeta dauden ikasle beldurtu eta bidegaldu haiei. Gaurko agerpena, arrantzuan ari direla gertatzen da. Berri Onaren lanean ari den Elizarentzat da gaurko topaketa hau. Ezinean eta agorraldian nekatuta dagoen Elizari otordua prestatzen dio. Eta Jesus, otordu horretan, presente ez ezik, arrantzurako indar eta ziurtasun bihurtzen zaio. Arrain asko biltzen dute Jesusen presentziaren argitan. Eliza, Jesusen topaketan biziberritzen baita. Jesusen topaketan gertatzen da Eliza, askatasunezko gertaera bezala.

 

Eta topaketa honetatik abiatzen da Eliza mundura. Mundu latza eta zaila, berri onaren lana aurrera ateratzeko. Baina Pazkotik sortu den elkarteak, Apokalipsiko kantika eta esaldi hori entzun du: «Indarra eta aberastasuna, jakinduria eta ahalmena...» Bildotsari dagozkio. Eta egia horren begiz begiratzen eta ikusten ditu gertaerak eta bere historia. Horregatik ez du azaleko itxurak tristetzen eta adoregaltzen. Badaki hemen ikusten dena ez dela gauzen egia betea. Egia ederragoa eta osoagoa irakur dezakegula Jesusen Pazkotik. Eta horregatik ausardiaz dihardu Berri Onaren soroetan. Lau bizidunek esandako «Amen» handi harekin elkarturik, Elizak ere arrazoia ematen dio Pazkoko ikuspegiari.

 

Munduko indarrek ez dute lotuko. Ez dute morroituko. Elizak badu nori obeditua. Badu noren esana egina. Eta eman behar duen testigantza emango du ausardiaz. Espiritu Santuaren arnasetik datorkion ausardiaz. Mundua «haren erakutsiz beteko» du. Irainak eta presioak eta ez dute kikilduko, horiek eguneroko eta aspaldiko ogi bihurtu baldin bazaizkio ere.

 

Baina, honen guztiaren oinarria aurkitzeko, berriro Ebanjelioaren harira itzuli behar dugu. Izan ere, honetan guztian argi ikusten da esperientziazko argi bat behar dela. Eta horrek bietako bat eskatzen du: Joanen begi maitale eta zorrotza (azkar asko konturatu zen «Jauna da» esateko), edo bestela Pedroren eskarmentua. Eta hauxe aztertzera gonbidatzen zaitut momentu batez. Ikusi al duzu Pedro erabat umil eta burumakur? «Zuk badakizu maite zaitudala». Garai bateko segurantza eta harropuzkeriak urtu zaizkio. Lehen bilatzen zituen helburuak eta lotu-nahiak aspaldian galdu ditu. Eta orain ez da bere buruaz fiatzen. Ez du beregandik ezer espero. Pobre ikusten du bere burua. Eta bere pobrezia hori hiru aldiz agertu behar du, pobrezia aitorpen bihurtuz.

 

Eta orduan, eta pobrezia-giro horretan, Jesusek esaten dio: «Jarai niri». Ez al zion bada lehendik jarraitzen? Lehen Pedrok bere asmoak jarraitzen zituen, bere usteak, bere esperantzak. Oraintxe dago puntu-puntuan Jesusen ikasle izateko. Oraintxe dago bere onenean Jesusen bidea onartzeko. Kontua ez baita zerbait jarraitzea edo asmo onak izatea. Baizik Jesusen jarraitzaile izatea. Eta Pazkoa ez da batere garai txarra gure jarraipen-usteko asko, pobreziaren galbahetik pasatzeko. Onenean guk ere, Pedrok ez ezik, ikusiko genuke ez garela ari geure indarren eta asmoen neurriko lanetan. Pazkoko Jauna zerbitzatzen dugula. Eta frakasoa eta arrakasta ez direla hain «hemendik» neurtu behar, «erreinutik» baizik.

 

Jesusekin topo egitea beharrezkoa dugu haren ikasle eta jarraitzaile bihurtzeko. Edozein detaile txiki aski da Jesusekin topo egiteko. Berak eragiten du topaketa. Bizitzako gertaeretan bera presente egiten zaigu, tarteko. Eta guk geurez lortu ezin genuen poz-fruitua ugari ematen digu. Pazkoa topaketa da. Hemen, eguna joan eguna etorri, gero eta sakonagotik gertatzen ari zaigun topaketa. Eta, egunen batean, laster, betirako Pazko bihurtuko zaigun topaketa.

 

Bai, adiskidea, maitasunaren eta pobreziaren eskarmentua dago Elizaren jardunaren oinarritan. Gaur gu ere esperientzia hori bera berriztatzera bildu gara. Gure itsasontzi minduaren ondoan Jesusek ematen digun otordua aurkitzen dugu, Eukaristia. Eta otordu hau maitasunezko aitorpen bihurtu behar dugu. Pedrok bezalaxe, guk ere askotan geure asmoak zerbitzatu ditugu. «Maite al nauzu?» Ez dugu galdera horri erantzutetik ihes egin behar. Bestela, beste behin, ez dugu ikasle izatearen pausoa emango. 

 

Goazen Eukaristia ospatzera eta bizi dezagun Pazkoko topaketa. Jaso dezagun Jaunaren obedientzian bizitzera eramango gaituen maitasunezko esperientzia ederra. Eta bizi gaitezen.

Liturgi lagungarriak

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Anai-arreba maiteok: Jesu Kristo gure Jaun berpiztuaren bakea izan bedi zuekin!

 

UREZ ZIRTATZEA

Esker onez denok, gure bataioarekin akordatuz hasiko dugu gaurko meza. Fedez, jaso dezagun ur-zirtatzeaz Jaunaren Espirituaren indarra.

 

(Kanturen bat abesten den bitartean, mezaemaileak batzarra ur bedeinkatuz zirta beza. Ondoren:)

 

Jainko Aita ahalguztidunak garbi gaitzala bekatu guztitik eta, Eukaristia honen bidez, eraman gaitzala bere erreinuko betiko bizitzara.

 

PREFAZIOA

Pazko-igande lehenbiziko haietakoen gisara, Jesus hemen dugu gaur bertan ere. Lehen bere hitzean eman zaigu; orain, ogi-ardotan. Geure bihotzen hondo-hondotik eskertu dezagun Aita Jainkoa.

 

GURE AITA

Jesusekin bat, bere Espirituaren arnas-bultzadaz baliatuz, otoitzerako ausardiaz, esan dezagun denok batera...

 

HONA HEMEN

Hona hemen Jaungoikoaren Bildotsa, Jesukristo gure Jauna, heriotza garaitu eta orain betiko bizitzaren seinaletan ematen zaiguna. Zorionekoak mahai honetara deituak.

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

1. Pazko-igandeotan, Jesusen Piztuerak apostoluentzat ekarri zituen ondorioen berri emango digute lehen irakurgaiek. Igande hauetan ezin du Eliza amak Testamentu Zaharretik irakurri: Pazkoak hori gainditu baitu. Igandero-igandero, apostoluen Eginetatik irakurriko dugu. Hor ageri zaigu nola bermatzen doan lehen kristau-elkarte gazte haien sorta osoa. Pozik entzutekoak, benetan, irakurgai hauek.

 

2. Pazko-garaiko bigarren irakurgaietan, Elizari barru-barrutik sortzen zaion itxaropena ikusiko dugu. Izan ere, gure buru dena piztu delako eta betiko bizirik dirauelako, Elizamaren fedeak betikorantza jasotzen ditu gure gogoak: beste horrenbeste baitagokigu guri. Bigarren irakurgaia, igandero, Apokalipsi liburutik aterako du Elizak.

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

Jesu Kristo berpiztua tarteko dugula sinetsiz eta haren Espirituak ematen digun indarrez, egin dezagun otoitz gizon-emakume guztien alde, guztiei bizi berria irits dakien.

 

  Eska dezagun Hirugarren munduko herrien alde, herrialde behartsuenen alde: Aurrera egiteko bideak aurki ditzaten. Guk guztiok haien alde zerbait egin dezagun. 

 

  Gure Elizaren alde. Mundu guztiko Elizaren alde: Jesu Kristoren Espirituak berritu eta emankor egin dezan, gizon-emakume guztien aurrean maitasun- eta zerbitzu-testigantza emateko.

 

  Bataiatu berrien alde, Pazko garaian Sendotza eta lehen Jaunartzea ospatuko dutenen alde: Horientzat guztientzat Pazkoak gizatasun-neurri berriak gara ditzan.

 

  Eska dezagun gerran ari diren herrien alde ere; Siriaren alde; atentatu desberdinetan hildako eta zauritutakoen alde: Bakean bizitzen asma dezagun denok, zuzentasunean eta askatasunean, errespetuzko aurrerabideak landuz.

 

  Gu guztion alde: Pazkoaren ospaketak Jesu Kristoren jarraitzaile zintzoago egin gaitzan bizi garen Eliza eta gizartean.

 

Aita, badakigu gure eskariak entzuten dituzula, maite gaituzulako eta Jesu Kristo gurekin bizi delako. Egizu Pazko-garai hau benetako udaberri gerta dadila guztiontzat, dena berrituz eta esperantzaz sutuz. Jesu Kristo gure Jaun Berpiztuaren bitartez. 

 

 

 

HIMILIA

Pazkoan ari gara, Pazkoko festan eta Pazkoko argitan. Gaurko igandea, Pazko egunaren luzapen pozgarria dugu. Aste guztian Pazko festaren edertasunak gozatu ditugu, EGUN luze eta bukatu ezinekoa izango balitz bezala. Oihu handi eta kabitu ezinekoa lehertu zaio Elizari bere barnean. Hemendik aurrera, pixkanaka, oihu hori bere onera etorriko da; ez, noski, festak bere barne-indarra galduko duelako, ez. Pazko-festak, Jesus Berpiztuarekin topo egiteko atsedenezko baretasun eta sakontasun bihurtu behar duelako baizik. Fedezko barneratze alai eta baketsu.

 

Jesus bizi da. Oraindik ere «astearen lehenengo eguneko ilunabarrean» aurkitzen gara. Eta Jesus gure artean tarteko egiten zaigu. Eta, inoiz egitekotan, «astearen lehenengo egunean», igandeko elkartean egiten zaigu tarteko. Jesus da, bere ikasleekin bizi izan zena, gurutzean hil zen huraxe, bere saihetsa lantzaz zulatu ziotena bera. Hil zuten, baina bizi da. Eta gizaldien gizaldietarako bizi da gainera, betiko. Eta bizi delako, bera aitor dezakegu izadiaren eta gizadiaren Jaun eta erdigune. Lehenengo eta azkenengo. Giza historiaren oinarri eta helburu. Giza historiaren bihotz. Pazkoko Kristo Jauna da. Berak dauzka heriotzaren giltzak. Berari eman zaio ahalmen eta indar oro.

 

Jesus hau, ordea, ez da, Jauna eta Piztua izanik, ez da urrutiko mamu antzeman ezineko bat. Bere ikasleekin topo egiten duen Jesus da. Presente egiten den Jauna. Bakea emanez ikasleak dauden tokira sartzen da. Beti bere ikasleei aurrea hartzen dien Maisua da. «Ikasleak, etxe batean bildurik zeuden, ateak itxita, juduen beldurrez» eta Jesusek aurrea hartzen die, erakutsiz Jainkoaren misterioa, beti aurrea hartzen digun misterioa dela. Hark maitatu gaitu aurrena. Hark barkatu ditu gure bekatuak. Berak aurrez estali ditu gure egintzak graziazko bere presentzia ederraz.

 

Gaur ere, Eliz elkarteari aurrea hartzen dio. Gaur Pazkoko festa ospa dezakegu Eukaristian eta gure elkartean, berak Espirituaren bidez sakramentuak eman eta bere inguruan bildu gaituelako. Berak egin digu ospatzen dugun Pazkoa. Berak deituak gara eta horregatik biltzen gara deitu gaituenaren inguruan. Beti aurretik bere «Pazko-bakea» eskainiz.

 

Eta presente eginez bere Pazko-bizia ematen digu oparo eta ugari : «Har ezazue Espiritu Santua». Eta Espirituarekin bekatuak barkatzeko ahalmena, bakea, Aitaren onginahia. Igandero gure batzarrean jasotzen ditugun dohain aberatsak. Gezurra esateko beldurrik gabe esan genezake, igandeko Eukaristi batzarrean historiaren erdi-erdian aurkitzen garela. Gure izatearen oinarri-oinarrian: hemen ematen zaigu Berpiztuaren misterioa. Hemen ematen zaigu Espirituaren betea. Hemen barkatzen zaizkigu bekatuak. Hemen elkarri ematen diogun bakea, Kristok berak Pazkotik ematen digun bakea da. Bizi dugun eta kantatzen dugun poza, betiko Pazkotik datorkigun poz amaigabea da. Egiaz, betiko Pazkoaren aztarrenak gozatzen ari gara!

 

Baina, Jesu Kristo honi fedean bakarrik antzeman dakioke. Hor daukagu ikasleen kasua. Hor daukagu Tomasena. Fedearen eginahalez ez bada, nekez ezagutu daiteke Jesus Berpiztua. Ikasleekin topo egin eta, handik zortzi egunera, Tomasen fede-gogorkeriari aurrean jarriko zaio. Gaur ere, «handik zortzi egunera» bildu gara. Zortzi egunetik zortzi egunera biltzen gara igandean. Eta, bakea emateaz batera, gure fedeari aurrean jartzen zaio Jesus. Bere gurutzeko ezaugarriak erakusten dizkigu: gurutzeko heriotzerainoko entrega hura ez baita sekula agortzen. Tomasek bezala, igandero ukitu egiten dugu, jan. Eta gure sinesmenak hortxe ezagutzen du Jesus Berpiztua.

 

Nik esango nizuke, guri ere San Joani Apokalipsi liburuan gertatutakoa gertatu behar litzaigukeela: «Igande batez, Espirituak hartua gertatu nintzen». Gaurko igande honetan Espirituak hartuko gaitu, Jesus Berpiztuaren Espirituak. Eta fedearen begi garbituz Pazkoko Jauna ezagutuko dugu. Maite dugun Salbatzailea! Tomas bezala gu ere auspeztuko ahal gatzaizkio Jesusen presentzia argitsu eta apalari: «Ene Jauna eta ene Jaungoikoa». Horrek eskatzen du bakoitzaren fede-aitormen sutsu eta ezbairik gabekoa. Hori gabe ezer gutxi egin daiteke hemen.

 

Hortxe daukagu Pazko-misterioa: lehenengo garaietan aurkitzen garela ematen du igandean biltzen garenean. Izan ere, igandeko batzarra Pazkoko batzarra baita. Jesusekin gaude. Haren Hitza entzun dugu. Ezagutu dugu eta ezagutuko dugu. Pazkoko ogia zatituko digu orain. Eta bihotzeko aitormenhitz gozoenaz, «gure Jaun eta Jaungoiko» aitortuko dugu, «lehenengo eta azkenengo», «oinarri eta helburu». Eta Berak Pazkoko bake eragilea emango digu betiko festaren Espiritua izan dezagun eragile eta pozemale. Ederra da Pazko-Eliza izatea, gu orain garen bezalaxe.

 

Ikasleekin, Tomasekin, Apokalipsiko Joanekin, lehenengo irakurgaiko gaixoekin, aldi guztietako Elizarekin aitor dezagun gure fedea!

Liturgi lagungarriak

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

PROZESIOA

Pazkoa baino sei egun lehenago, Jauna Jerusalemera zihoala, haurrak erramu-adarrak hartu eta bidera atera zitzaizkion, alai oihu eginez: «Hosanna zeruetan! Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena!»

 

Senideok: Gu bere maitasunaren odoletan salbatzeko Jerusalemen sartzen den Jesus Jauna, zuekin!

 

Jerusalemgo haurrek bezala, guk ere oihu egiogun Jaunari, gure Errege eta Salbatzaileari, Aste Santuaren bide ederrari ekitean.

 

(Kristo gure errege)

 

 

PREFAZIOA 

Jesusen maitasuna gure bizi bezala ikusten dugulako, maitasun horren egiak gezurra garaituko duela sinesten dugulako, Jaunaren maitasuna bizi nahi dugulako, alaitasunez hots egin dezagun gure esker ona.

 

 

GURE AITA

Jesu Kristorekin bat eginda, haren maitasunak berriturik, esan dezagun beldurrik gabe:

 

 

HONA HEMEN  

Hona hemen Jainkoaren Bildotsa, guri bizia ematearren gurutzean hila izan den Jainkoaren Semea. Zoriontsuak beraren erreinuko mahaira gonbidatuok!

 

 

 

 

 

  1. B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

Gaur ez dugu homiliarik eskaintzen, arrazoi batengatik, onena Nekaldia patxadan irakurtzea delako. Eta behin Nekaldia irakurrita, homilia egitea luzeegi gerta daiteke.

 

1 - Profetari eginkizun bat eman zaio, herri eroriari esperantzaren hitza eramatea. Herriaren erorialdia eta zailtasunak bizi ditu profetak bere misioan. Jesusengan beteko da lehenengo irakurgai hau bere osoan.

 

2 - Jainkoak gizakiaren maila hartu du, hori ikusten dugu Jesusen Nekaldian. Baina, nekaldi zena goraldi gertatuko da, Jainkoaren eskutik.

 

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

Guregatik gurutzean hil den Jesusengan sinetsiz, otoitz egin dezagun geure alde eta gizon-emakume guztien alde. Eska diezaiogun maitasuna eta errukia guztiontzat. [Eska dezagun:

 

KYRIE, ELEISON!]

 

*  Gizon-emakume guztien bihotzetan hazi daitezen maitasunezko, barkaziozko eta onginahizko sentipenak. 

 

*  Jesu Kristoren Nekaldiaren indarrak Eliza berri dezan, eta behartsuenen eta zokoratuen zerbitzari errukitsu egin dezan.

 

*  Euskal Herrian bizi den kristau elkarteak, bere bihotz-berritzearen emaitza bezala, Gurutzeko Pazkoaren askatasuna jaso dezan.

 

*  Ebanjelioaren argiak poztu eta esperantzaz bete ditzan gaixo, ezindu eta sufritzen duten guztiak eta, batez ere, gerran edo miserian gehien sufritzen ari direnak.

 

*  Jaunaren Nekaldi eta Piztuera ospatzeak gure kristau izatea sakondu eta indartu diezagun.

 

Jaun ona, entzun zure herriaren otoitza eta salba ezazu Jesu Kristoren nekaldiaz. Bera bitarteko hartuta eskatzen dizugu, bera baita garaile bere maitasunaz gizaldi eta gizaldietan.

Liturgi lagungarriak

A) APAIZAREN MONIZIOAK 
                              

AGURRA ETA SARRERA
Adiskideok, anaia eta arreba maiteok: Jauna piztu da egiaz! Beraren bakea, beraren maitasun handia, beraren bizi berria, izan bitez gaur, Pazko egun honetan, zuekin!

Hona Pazkora iritsita! Pazko hiruurrenaren gailurrean, Pazkoa!. Gure egun handian aurkitzen gara. Argiak poztu gaitu gaur gauean. Eta orain, elkarturik, eman zaigun Pazko-dohain bikaina ospatu nahi dugu. Handia gertatu zaigu. Eta gertatu zaigunaren festa egin nahi dugu.
Bai, Jesus piztu da! Biziaren presentziak biziaren poza eman digu. Eta orain badakigu zer garen eta nora goazen. Orain badakigu nola bizi.

Kanta dezagun, bada, hasteko, gure bizia, gure poza eta gure argia den Jainkoaren aintza. Eta gorets dezagun hilen artetik berpiztu den Santua!

(Aintza kantatua)


PREFAZIOA

Orain Pazkoko gertakizunaren oroigarria egitera goaz. Esker onez beterik, bihotza beteko pozez, goza dezagun gertaera.


GURE AITA
Jesu Kristo berpiztu zuen Espiritu bera daukagu orain gure artean, eta guregan otoitzean ari da. Horregatik errespetu eta duintasun handiz kantatzen dugu:


HONA HEMEN
Hona Kristo, Pazko bildotsa, guregatik entregatua. Egin dezagun Pazko festa biziaren ogia janez. Zoriontsuak gaur Pazko-mahai honetara gonbidatuok!





B) IRAKURGAIEN MONIZIOA
Orain entzungo dugun hitz honetan Jesus Jauna presente egiten zaigu, bere ondoan izan ziren bi ikasleren ahotik, haren piztueraren indarra sentitu zuten bi testiguren ahotik. Entzun ditzagun pozez beterik Pedroren eta Pauloren testigantza ederrak!




HERRI-OTOITZA    
Jesus berpiztuari, gizadi osoarentzako bizia denari, otoitz egin diezaiogun kantuz:

ENTZUN, JAUNA, GURE ESKARIAK!

• Eska diezaiogun Jesu Kristo berpiztuari, begira diezaiela maitasunez munduko herri guztiei, munduko gizon eta emakume bakoitzari. Begira diezaiola onez bakea nahi duen Siriari.

* Eska diezaiogun Jesu Kristo berpiztuari begira diezaiela maitasunez, irtenbiderik eta erosotasunik gabe, pobrezian eta lagunduko dienik gabe bizi diren guztiei. Begira diezaiela errefuxiatu eta etorkinei.

* Eska diezaiogun Jesu Kristo berpiztuari begira diezaiela maitasunez bere Elizari eta Eliza maite duten guztiei.

* Eska diezaiogun Jesu Kristo berpiztuari begira diezaiela maitasunez, era batera edo bestera sufritzen ari direnei, gure gaixoei bereziki.

* Eska diezaiogun Jesu Kristo berpiztuari begira diezaiela maitasunez gure hildako senide eta adiskideei eta eman diezaiela betiko bizia eta piztuera.

Jesus berpiztua, begira iezaguzu maitasunez eta entzun gure eskariak. Zu, gure anaia, errege bizi baitzara berpizturik gizaldi eta gizaldietan.




HOMILIA    
(Laburra, Aste Santutik gatozela kontuan izanik)


«Ikusi eta sinetsi zuten». Lehen igandearen bihotzean aurkitzen gara. Kristau-historiaren lehen igandean. Eta ustegabe edo sorpresa baten aurrean: hilobia hutsik dago. Eta ikasleek, asko ulertzen ez badute ere, Jainkoaren Hitzaren eskutik ulertu nahi dute zer esan nahi duen hilobi hutsak. Ez baita nahikoa datoak edukitzea edo Jesusen historia ezagutzea; beharrezkoa da bihotzeko begiak argituko dizkigun fedea. Fedearen argitan bakarrik ulertzen da zer izan zen Mesiasen heriotza eta orduan sumatzen da hilobi hutsa ez dela hutsunea, Jesusen presentziaren ezaugarria baizik. Fede honek, noski, bere ibilbidea behar du. «Ikusi eta sinetsi zuten» haiengandik gatoz sinesmenera. Eta sinesmen horixe du gure fedeak bere harkaitz, bere oinarri sendo.

Eta erregalatu zaigun testigantzak eta eman zaigun sinesmenak esaten digute Jesus piztu dela, eta harengan dena berria izaten hasi dela. Arantzazu ingurua bart elur-estalki sendoak zuritu duen bezala, Jesusen argiak horrelaxe estali du bart lurbira osoa, gizon-emakume guztien bihotza. Eta bizia heriotzari nagusitu zaio.

Hemendik, Pazkoko argitik, ikusten da errealitatearen egia. Argi honetatik ezagutzen dugu Jainkoa, biziaren Jainkoa. Argi honetatik ulertzen dugu zer izan den ostiral santuko heriotza, maitasunaren neurrigabeko dohaina. Argi honetatik ulertzen da zer den Eliza, Pazko-pozaren adierazlea. Argi honetatik ulertzen da mundua zer den, zer diren gizon-emakumeak. Guztia Jainkoaren argiaren maitasunezko kreazioa da. Eta guztia argiz edertua izan da. Argi honetatik ulertzen du bakoitzak bere historia, Jainkoaren maitasuna bizitzeko eginak izan garela alegia. Orain badakigu gaitzak ez duela azken hitza esango ez gizartean, ez Elizan, ez guregan. Bizi gara!

Pazko argitan, jakina!, hobeki ikusten da giza izaeraren miseria ere. Zenbat injustizia sortu dezakegun! Zenbat zapalketa gertarazten dugun bazterretan! Pazkoa arren, ez da erraza itxaropena izatea! Baina, gaur, eginkizun hau jarri zaigu eskuartean: eraman diezaiegula Pazkoa sufriten duten guztiei; poztu ditzagula tristeak; egin dezagula pobreentzako mundu zuzenago eta atseginagoa. Ospatzen ari garen Pazkoa zoko guztietara eramatea dugu enkargu.

Apostoluen sinesmenari gerri-gerritik heldu eta poztu gaitezen. Poztu, eta sor dezagun inguruan poza. Ingurua poztu eta pobreak jaso ditzagun duintasunera.

Liturgi lagungarriak

A) APAIZAREN MONIZIOAK


AGURRA ETA SARRERA
Jesu Kristo Jaunaren grazia, barkazioa eta bakea, zuekin!

Garizumako bidez, misterio santuenen atarira etorri gara. Kalbarioan, Jesu Kristoren gurutzea iturri agortezin bihurtzen zaigu, grazia, barkazioa, maitasuna, bizia har ditzagun eta gure bizitzak erabat berri daitezen.
Aste Santuaren bebarrura iritsirik, kontenpla dezagun Jesusen aurpegi gozoa eta ikus dezagun bertan Jainko ona, maitasun gozo eta salbazio den Jainkoa, pobreentzat, behartsuentzat, bekatarientzat ona den Jainko maitagarria. Esker onez.

Hasteko, jar gaitezen Jainko onginahizkoaren aurrean. Denok bekatariak gara. Jainkoak barkatzen die, ordea, bihotz apalez bekatua aitortzen dutenei.

(Aitortzen diot esan  edo Jaungoiko santua kantatu)


PREFAZIOA
Jesu Kristok bere barkazioa eskaintzen digu, bere grazia, bere bizia. Horiek dira bere Pazko misterioaren emaitzak. Esker onez kanta dezagun bere on izatea erakutsi digun Jainkoaren maitasuna.


GURE AITA
Eska diezaiogun barkazioa zeruko Aitari eta geuk ere barkatzen jakiteko grazia.


HOHA HEMEN
Hona hemen Jainkoaren Bildotsa, munduaren bekatua barkatzen duena. Bera dugu biderako janari, ur bizien iturri, bera Aitaren besarkada. Zorionekoak barkazioaren mahaira gonbidatuok.




B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK
1. Israel herria Babilonian ikusten dugu erbesteratua. Profetak itxaropena piztu nahi du herriaren etsipenean. Exodo berri baten aurrean daude. Jesusek dakarren pazkoaren irudi ederra.

2. Paulori simaur eta hondakin iruditzen zaizkio bizi izandako esperientzia guztiak, Kristo ezagutzearekin konparatuta. Orain aurrera begiratzen du, bere begiak Jesu Kristorengan jarrita.



HERRI-OTOITZA
Jesu Kristoren gurutzeak ematen digun konfiantzaz, gure eskariak eta mundu guztiarenak egin diezazkiogun, maite gaitu-eta. (Kantuz eska dezagun errukia: KYRIE, ELEISON!)

*    Kristau guztien alde: konbertsio-garai hau sakontasunez bizi dezagun, Jesusen heriotza eta piztueran parte hartuz.

*    Errukiaren adierazle izan behar duten apaizen alde: sinesmen- eta esperantza-mezu askatzailea bizi eta hots egin dezaten.

*    Apaiz-bidean seminarioan ilusioz bizi direnen alde: Jainkoaren maitasunaz jabeturik, errukiaren misiolari izateko egoki presta daitezen.

*    Edozein arrazoirengatik sufritzen ari direnen alde: Jesusen errukiak gozatu eta askatu ditzan.

*    Geure eta gureen alde: Jesu Kristoren gurutzea izan dadin guretzat bide eta esperantza bakar, Pazko argitara pozez eta ederrez irits gaitezen.

Jesus Jaunak erruki gaitzala eta isur dezala mundu guztiaren gainera grazia, barkamena eta poztasuna. Errege bizi baita gizaldi eta gizaldietan.




HOMILIA
Adiskideok: Pazkoaren argi-ametsak aurrera-nahia sortuta, martxan jarri ginen Garizumaren hasieran. Eta, Garizumako lisiba sakonaren eraginez, kristau-elkartea Pazkoaren zain jarrita dago gogoz. Nabarmen ikusi dugu gure bekatua, gure itsukeria, gure iluna, gure gaiztakeria... Eta ,beharbada, ez genuen inolako zirrikiturik ikusten argia sar zekigun barnera, hainbestekjoa izan ilunpea! Edo, onenean, argiaren deiak eraman gaitu ilunpearen ibilbide nahasietan barrena, dena pixkanaka argiaz poztuz.

Israel herriaren bizipena: hainbeste urte zapaldurik, morrontzan... eta etsi ere egin zuen. Zer berria gertatu zitzaion Jainkoaren dei hura: «Begira, gauza berriak egiten ari naiz, hasi dira: ez al duzue ikusten?». Eta berriaren pozak altxa zuen herri hura askatasunera.

Guri ere Jainkoak halatsu hitz egiten digu: «Begira, gauza berriak egiten ari naiz; ez al duzue ikusten?». Gure begiak jaso, garbituak, lausogabetuak, eta bai: hortxe, bertan, Pazkoa dakusgu eder, argitsu... Gure ilunarentzat argia, berritasun guztien sorburua. Baina, begira: Pazkoko argi hori, Jesu Kristorekin izan behar dugun elkarrizketatik igarotzen da. Ebanjelioko emakume bekataria bezala, gu ere beraren aurrean gaude. Bakarrik eta elkarte bezala. Badakigu gaizkileak garela. Jesu Kristoren epai astunaren zain okertuak. «Zuk zer diozu?». Eta ustekabeko hitz dirdaitsua entzuten dugu: «Non dira zu salatzen zintuztenak? Ez al zaitu inork gaitzetsi?». «Inork ere ez, Jauna». «Ezta nik ere, ez zaitut gaitzesten. Zoaz eta hemendik aurrera ez egin bekaturik». Hitz berriak. Bide berriak. Hala ere, ez da hitz baten arazoa, ez. Pazko misterioaren arazoa baizik. Barkazio bete hau Gurutzean hilez esan digu Jesusek. Gurutzetik esan digu ez gaituela kondenatzen. Eta gurutzetik ireki zaizkio gure bekatari izateari askatasunerako ibilbide berriak.

Hori horrela izanik, zuk ere, entzule, esango zenuke gustura San Paulok esan duena: «Dena galeratzat daukat, neurrigabeko ondasun honen aldean: Jesu Kristo nire Jaunaren ezaguera. Harengatik dena galdu nuen, eta dena simaurtzat daukat, Kristo irabaztekotan». Hain da ederra eta betea, Jesu Kristoren Pazko misterioan agertu zaigun Jainko maitale eta barkatzailea! Hain dugu Aita! Hain dugu barkatzera emana! Hain da guk uste ez bezalakoa!

Zerk galarazten digu salbazio paregabe hau horrela ikustea? Teorian bai, badakigu... baina... Teoriak teoria, bihotza sasijainkoetara makurtzen zaigu. Eta Jainkoa, ondasun gorengoa, bazterrera utzi! Mantsoagatik okertzen zaizkigu bideak! Makalagatik erortzen gara! Ebanjelioko emakumeak bezala, guk ere bihotz ahula izan, pulamentu gutxiko amodioak. Eta bekatu egiten!

Baina, ez kezkatu! Horrelakoentzat egin da Garizuma. Horrelakoentzat aukera ezin hobea da gaurko igandea. Eukaristia honetan Jesusekin aurrez aurre aurkitu behar dugu. Eta haren barkazio-hitza entzun. Jainkoaren deiak Israel herria esnatu eta altxatu zuen bezala, guk ere altxatu egin behar dugu. San Paulorekin esateko: «Gauza baten atzetik bakarrik nabil: atzean gelditu dena ahazturik, eta aurrean dagoena bilatuz, laisterka noa helburura». Aurrean dagoena, helburua, badakizu zer den? Pazkoa! Berritasun guztien iturburua. Bizi berri eta argi berri horren aukera haundia. Jainkoak Pazkoan ematen digun salbazioa ikusitakoan, orduan ikusiko duzu gure Jainkoa zein eta nor den. Orduan libratuko gara sasijainko eta sastraka zorabiatzaileetatik. Jainko barkatzailea ezagutuz, bihotzetik ezagutuz, libre egingo gara. Esperantzak poztuko gaitu barru-barrutik.

Esperantza! Bai baitaude gure bizitzan ere esperientzia mingarriak, Jainkoak eskutik utzi ote gaituen edo erakusten digutenak: atsekabezko depresioa, maite dugunaren gaixoaldia, amets asko eragin digun zerbaiten frakasoa, harreman sakon baten etena, etxea galtzea... horretakoak gertatzen direnean ez dugu zulo beltza besterik ikusten. Eta esplikazio guztiak alferrikakoak dira. Uste izan behar, beste biderik ez dago, uste izan! Jesusek ere ez zuen heriotzatik ihes egiterik izan. Hala ere, Aitak ez zuen bakarrik utzi. Berpiztu egin zuen. Jesusen uste onak jaso zuen Aitaren erantzun betea. Uste ona zer den? Jainkoak heriotzetik bizia ateratzen duela sinestea, horixe!

Esperantza, ordea, nondik eta nola? Maitasunak sortzen du esperantza. Ebanjelioko emakumeari ere leiho berria zabaldu zaio. Jesusek ez du kondenatu. Geure beldurrek edo inguruko salatzaileek kondenatzen gaituzte. Epaitzen eta kondenatzen ez duen maitasunak sentipen berria sortzen du: berriro ere zeure burua askatasuna estreinatzen ari dela ikusten duzu, etsipenetik biziera berrira egunero jaioko bazina bezala. Haur jaioberria bezalaxe! Jainkoa dena berri egitera dator. Onginahizko maitasunaren indarrez ustekabeko berritasuna sortuko digu!
Eta, orduan bai, mundura joango gara (joan beharra dago). Eta han Ebanjelioaren esperantza-indarra hots egingo dugu. Esango dugu Jesusek ez gaituela kondenatu. Ez gara ibiliko Ebanjelioko emakumearen gaitzesleak bezala, biziaren ateak isten, etsipenari eraginez. Kontatuko dugu Ebanjelioan berriak izateko aukera eman zaigula. Kontatuko dugu Jainkoak bizibide berriak sortu dizkigula.

Goazen Eukaristiara, barkazioa sinesten dugula aitortuz. Eta jaso dezagun, aurrez, Pazko-dohaina. Eta presta gaitezen Pazkoko argi beteaz jabetzeko. «Gauza berriak egiten ari naiz; ez al duzue ikusten?».

FaLang translation system by Faboba

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.