liturgi lagungarriak
(Homilia bakarrik argitaratzen dut hemen, gainerako beste lagungarriak liburu batean argitaratu ditut-eta: Igandetik igandera A urtea. Han daude monizio guztiak eta Jainko-hertriaren otoitza).
HOMILIA
Bizitzak kezka asko du, gehiegi. Eta hainbeste kezkaren artean geure bizitzaren norabide egokiak galtzen ditugu askotan. Eginbeharrak eta lortu-nahiak, bata bestearen atzetik ez, bata bestearen gainean datozkigu. Ez dugu denetarako astirik. Eta ez dugu denetarako adorerik. Kezkak asko nekatzen baitu.
Baina, noski, kezken bereizketa ere egin beharko dugu noizbait. Ezingo dugu bizitza kezka artean galdu. Ezingo dugu bizitza alferrik desegin hainbeste ardura eta estuasunen artean.
Eta bereizketa egiteko, galdera xume bat: kezkek zer ematen digute? Hainbeste kezkaren morrontzan, zer lortzen dugu?, zer irabazten? Sarritan zerbait lortu nahiaren kezkaz, lortzen al dugu lortu nahi genuena? Ez al zaigu geratzen halako hutsune sakon eta nekagarri bat barruan: «Hau dena zertarako?»
Bihotza lasaitu beharra daukagu, bestela ez dugu oinarrizko bakerik izango. Bihotza eta beraren grinak neurri onetara ekarri beharko ditugu, bestela ez dugu inolako atarramentu onik izango. Bizitzari beharrezko zaizkion kezkak eta alferrikako zaizkionak bereizten ikasi beharko dugu.
Bestela, sakonean Sioni gertatu zitzaiona gertatuko zaigu: «Baztertu egin nau Jaunak, ahaztu nire jabeak». Bakardade ilunaren sentsazio sakonak tristetuko digu bizitza. Gure kezka eta jardunbehar guztiek ez baitigute bizia ematen, nekatu eta kendu baizik. Eta nekatuta gabiltza, bidea erakusten eta zutik eusten zigun eskua galdu izango bagenu bezala.
Jesusek argi zeuzkan gauzak. Jesus ez da kezka itogarrietan kateatzen. Bera Aitaren nahia egitera etorria zen, eta hartan ematen ditu indarrik onenak ez ezik indar guztiak ere. Benetan hunkigarria da Jesus otoitzean ikustea, jende guztia bila dabilkion bitartean.
Gaurko ebanjelio-atalean ederki zehaztu zaigu bihotza baretzen duen kezka: Jainkoaren Erreinuarena. Horren ondoan beste kezka guztiak, premiazkoenak ere (janztea, jatea...), bigarren mailakoak dira, eta alferrikako nekea sortzen dute.
Ebanjelioko Aita onak badaki zer behar dugun, eta berak zaintzen gaitu gure behar guztietan, Erreinuaren behar nagusian eman ditzagun gure ahaleginak eta ardurak. Eta Erreinuari ematen diogunean gure ardura, gure denbora, gure ahalegina, orduan Aitak babesten gaitu bestelako behar guztietatik. Beharrezkoa bakarra izan!
Eta zer esan, aipatzen ditugun behar horiek artifizialki sortuak direnean? Gaurko gizarteak hainbeste behar azaleko sortzen digu. Gezurra dirudi, baina gure eguneroko bizitzan sentitzen ditugun behar gehienak, gezurrez sortuaz izateaz gain, alferrikako beharrak dira.
Eta behar horien kezkatan gabiltza: lan egin, irabazi, gastatu, ondo jan, dotore jantzi, azaldu, itxura erakutsi, neurriak eman, maila azaldu, kotxea, etxea... Eta zertarako? Pozik bizitzeko? Zoriona gozatzeko? Gustura bizitzeko? Harremanak hobetzeko?
Sikira gizatasunari zerbait hobea ematea lortuko bagenu! Eta etzazu pentsa gauzen eta ondasunen kontra ari naizenik. Ez. Gezurrezko kezken kontra ari naiz. Izan ere, gertatu zaigun txarrena da azaleko kezkak jarri zaizkigula nagusi, eta beharrezkoak estaltzea besterik ez dugula lortzen.
Mila gauzaz arduratu beharra daukagu, badakit hori. Baina, gure bihotzaren zutabea non daukagun, hori da galdera. Izan ere, eguneroko bizitzak dituen ardurak era askotara bizi daitezke: dena geure indarrez egin nahiaren larritasunez edo gauza guztiak erlatiboak direla jakitearen baretasunez.
Bada esaldi bat, ez dakit norena den baina, gutxi gorabehera aipatzen dudana: «Gauzak egin behar dira, dena gure esku edukitzearen ahaleginez eta dena Jainkoaren esku dagoela sinestearen konfiantzaz».
Azken batean, gure bizitzaren norabidea bihotzeko konfiantza-jarreran jokatzen ari gara.
Gaur irakurtzen dugun ebanjelio-zatiak ez du galtzekorik ezer. Jesusek a zer nolako konfiantza sakon eta gozoa erakusten duen! Dena bere Aitaren esku utzita dauka. Badaki bere kezka bakarra Erreinua adieraztea duela. Eta dena Aitaren mezu horren zerbitzura jarri behar duela.
Pena da gure jarrera eta jokamoldea. Hainbeste kezka, hainbeste sufrimendu, hainbeste ahalegin, hainbeste estuasun, hainbeste desditxa, hainbeste irabazi-behar, hainbeste erosi-behar, hainbeste azaldu-behar, hainbeste ezin eta samin, hainbeste itolarri, hainbeste kezka...
Eta... zertarako?! «Bila ezazue lehenengo Jainkoaren Erreinua eta beraren justizia, eta beste guztia gehigarri emango zaizue». Izan dezagun uste on!
(Homilia bakarrik argitaratzen dut hemen, gainerako beste lagungarriak liburu batean argitaratu ditut-eta: Igandetik igandera A urtea. Han daude monizio guztiak eta Jainko-hertriaren otoitza).
HOMILIA
Senideok: Mendiko hitzaldiak era honetako zartadak botatzen dizkigu aurpegira. Jesus ez dabil gauza arruntak esaten eta ez dabil nolabaiteko bide normalak eskaintzen. Jesusek gehiagorako deia darama beti berekin. Eta gure fede-bideak neurtzen hasten baldin bagara, neurria ezin daiteke izan sekula besteek egiten edo esaten dutena. Fedearen neurria ez da besteekin konparatzea. Ebanjelioa da gure neurria. Eta Ebanjelioak beti gure eskemak eta gure ahalmenak gainditu egiten ditu. «Gehiago» baten eskaintza eta eskakizuna da Jesusen Ebanjelioa. Normaltasun bakeoso eta konpromiso-gabekoa bizi nahi duenak, hobe du Ebanjelioa ez irakurtzea.
Joan zen igandean aipatu genuen Jesusen agintea. «Esan zitzaizuen, Nik esaten dizuet». Gaur ere hari beretik goaz. Gaur maitasunaren lege betea jartzen digu begi-aurrean. Maitasuna ez da gaitzik ez egitea. Maitasuna ez da harreman normalak bizitzea. Maitasuna ez da mendekurik ez erabiltzea bakarrik. Maitasuna gehiago da. Maitasunak badaki zer ez duen egin behar. Baina, begira: Jesusen erara maitatzen hasten zarenean, ez dakizu zenbat eta noraino maitatu behar duzun. Hor ez baitago mugarik. Eta maitasuna amaigabeko prozesu bihurtzen zaizu barnean. Nik uste dut askotan beldurtu ere egiten gaituela era honetako maitasunean bizi beharrak: batek ez daki lagun hurkoa maitatzeak noraino eraman dezakeen. Eta guri kontrolatzea gustatzen zaigu, kontrolatzen dugunarekin bakarrik sentitzen baikara lasai.
Baina, badakizu zergatik ez daukan maitasunak mugarik eta neurri arrazoizkorik? Jainkoak inolako muga eta neurririk gabe maitatu gaituelako. Eta gaur Jesusek Jainkoa bera jarri digu gure izaeraren iturri. «Izan zaitezte santu eta on-onak, zuen Jainkoa santua eta on-ona den bezala» horixe jarri digu Jesusek gure bizitzarako iturburu. Eta hor eskema eta kontrol guztiak hausten dira. Maitatzen hasten zarenean, ezin dezakezu esan, honaino iritsiko naiz, eta ez aurrerago. Maitatzen hasten zarenean, ezin esan dezakezu, hau emango dut eta bestea ez. Aurrez neurtu eta kontrola daitekeen portaera ez da maitasuna. Jesusek jarri dituen adibideak hortik ulertzen dira. Zuk jantzia eskatzen dizunari, aski zenuke jantzia ematea, ez da? Baina, maitasunarentzat ez dago mugarik. Edo pentsa zenezake, hau eta hura maitatuko ditut, baina etsaia ez. «Maita itzazue zuen etsaiak», esan digu Jesusek.
«Izan zaitezte on-onak, zuen zeruko Aita on-ona den bezala». Fedearen argitan maitatzen hasten denak, Jainkoari begiratu behar dio. Nola maitatu zaitu zu zure Jainkoak? Adiskidea zintuelako maitatu ote zintuen? Bere maitasunari inolako mugarik jarri ote dio? Zure esker txarrari mendekuz erantzun ote dio? Eskola horretan ikasten da maitatzen. Gogoan izango bagenu beti, Jainkoak zer egin digun, nola tratatu gaituen, eta erakutsi digun maitasun izugarria zergatik erakutsi digun! Orduan guk ere jakingo genuke, maitasunaren beso eta begirada zabalez jokatzen.
Zuk pentsa dezakezu, Jesusek eskatzen duen hau ez dela arrazoizkoa. Jesusek handikeri bide arriskutsuan jartzen gaituela. Izan ere, bakoitzak ezagutzen ditugu gure neurriak. Bakoitzak badaki zer egin dezakeen eta zer ez. Eta Ebanelioak eskatzen digun hau ez da normala. Neurriz kanpokoa da. Kontua badakizu zer den? Maitasunaren inguruan ez dugula ibili behar teoria handietan. Maitasunaren ibilbidean sartzea da kontua. Kalkulorik gabe. Eguneroko bizitzan maitasunari libre uztea, eta zeuk ikusiko duzu noraino eramaten zaituen maitasunak. Zeuk aurkituko duzu, harriturik, Jainkoak nola maitasun zoragarria sortzen dizun zure bihotz txiki eta pobrean. Maitasun handi honetarako bihotz pobrea behar baita. Kalkuloetan dabilen bihotzak ez du maitasunerako balio.
Maitasunari hegoak zabaltzen uzten badiozu, ikusiko duzu zer gertatuko zaizun! Alde batetik, Jainkoa aurkituko duzu; eta bestetik, lagun hurkoaren duintasuna aurkituko duzu. Jainkoarekin topo, eguneroko maitasun-jokaeran egin daiteke, ez beste inon. Eguneroko bizitzari maitasunaren ikutua ematen badiozu, Jainkoarekin topo egingo duzu. Jainko ederrarekin egingo duzu topo. Eta lagun hurkoarekin ere bai. Lagun hurkoaren duintasun berria aurkituko duzu. San Paulok esan digu: «Ez al dakizue Jainkoaren jauretxe eta Espirituaren bizitoki zaretela?». Eta lagunurkoari ikuspegi horretatik begiratzen badiogu, a zer nolako altxorrak aurkitzen ditugun egunero! Lagun hurkoa ere kontrolatua edukitzen dugu askotan. Kalkuloak eginak eduki ohi ditugu bakoitzari buruz. Eta tesoro asko galtzen dugu, maite ez dugulako. Maitasunak denak ikusten baititu maitagarri. Eta maitatzera ausartzen zarenean, ustekabeko pozgarri asko jasotzen duzu. Asko!
Maitasunak era honetako bizibideak ditu. Gure familian, gure herrian, gure lagunartean, gure lanean... era honetako maitasunez edertu behar ditugu harremanak. Barkatzen ikasi behar dugu. Elkar onartzen. Batak bestea errespetatzen. Eta, gainera, maitasunean beti aurrerago joateko prest egon behar dugu. Inoiz ez dugu aski dela esan behar, inoiz ez dugu norainokoa markatu behar. Maitasunaren nobedadea bizitzeko prest bizi behar dugu beti. Eta hau dena, Jainko Aitak horrelaxe maite gaituelako: mugarik gabe, kalkulorik gabe, neurririk gabe.
Eta Jainkoiaren maitasun horren gertaera, beste behin, aldare honetan. Jan eta edan maitasuna eta ikusiko duzu! Ederra da!
Liturgi lagungarriak
A) APAIZAREN MONIZIOAK
AGURRA ETA SARRERA
Itxaropenaren Jainkoa, bere Espirituaren bidez alaitasunez eta bakez betetzen gaituena, beti zuekin!
Jesusek, gure gizatasuna bete-betean bizitzen erakusten digu. Ebanjelioan utzi digu mamitua bere bizimoldea, bere tajua: irekirik bizi, Jainkoari eta ingurukoei irekirik.
Baina gizatasun bete hori bizitzeko indarra pazko misteriotik datorkigu. Jesu Kristoren gurutzeak geure egoismoa hilarazten digu, geure kaskarkeriak erretzen dizkigu. Munduaren aurrean argi eta gatz bizigarri bezala jartzen gaitu.
Hala ere, ospaketa honen hasieran, argi esan behar dugu ez dugula beti argi egin, ez garela beti bizi-gatz izan. Usterik onenaz jo dezagun Jainkoaren errukitara, eta izan dezagun usteon.
– Jesus Jauna, pobreei Berri Ona hots egiten diezuna. Erruki, Jauna.
– Jesus Jauna, munduaren argi zarena. Kristo, erruki.
– Jesus Jauna, zure Ebanjelioaren testigu egiten gaituzuna. Erruki, Jauna.
PREFAZIOA
Orain Aitari eskerrak emateko Eukaristi otoitz nagusia errezatu behar dugu. Aitak Jesu Kristorengan argitu gaitu, eta munduaren argi izatera deitu. Jaso gora gure bihotzak eta eman diezazkiogun eskerrak bihotzetik.
GURE AITA
Uste onez otoitz dagiogun gure Aitari Jesusek irakatsi bezala. Eta eska diezaiogun ez dakiola inori falta eguneroko ogia, eta ez daki-gula falta inoiz eukaristi ogia.
B) IRAKURGAIEN OHARPENAK
1. Ebanjelioak munduko argi garela esango digu gero. Isaiasen hitzez entzun dezagun nola izan gaitezkeen benetako argi gure munduan.
2. Hitz handi eta ospetsuen bila dabiltzanen aurrean, guk Jesu Kristo gurutziltzatua dugu gure hizpide eta ahalmen. Horrela dio San Paulok.
JAINKO-HERRIAREN OTOITZA
Berpiztuaren Espirituak bildutako herria garenez, aurkez diezazkiogun Aitari gure eskariak, gure anai-arreba ditugun gizon-emakume guztien alde.
- Jainkoaren herriaren alde. Gure bizimoldez Jainkoaren maitasu-naren testigu bizigarri izan gaitezen bizi garen gizartean
- Beharra nozitzen ari direnen alde. Jainkoaren maitasunak eta gure solidaritateak beren beharrean babes ditzan.
- Ebanjelioaren eta behartsuen aldeko lanean ari direnen alde. Beren biziera, irakasten dutenaren hari berekoa izan dadin.
- Besteak zapalduz aberasten ari direnen alde. Injustiziaz jaso dutena, beharrean daudenei itzul diezaieten.
- Gaixorik, atsekabez, sufritzen aurkitzen diren guztien alde. Jain-koaren argia eta poztasuna aurki ditzaten, eta gure maitasunezko hurbiltasuna ere bai.
Gure Aita ona, Zuk maitez zaintzen dituzu zure seme-alabak. En-tzun gure eskariak eta emaguzu zure maitasunean aurrera egiteko poza. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.
HOMILIA
Gaurko Ebanjelio-zatiak zoriontasunen mezu handia molde txikian bizitzera ekarri gaitu. Munduaren argi izatea dugu eginkizun, baina gatzaren jokalegez, barrutik gozatuz, urtuz. Maitasunaren egintza txiki eta hurbilekoak piztu dezake Ebanjelioaren argia nonahi.
«Zuek zarete munduaren argia». Ebanjelioa ez zaigu eman, bakarka eta gordean bizitzeko. Eman zaiguna zabaldu egin behar dugu. Jainkoak bere maitasunaren ederrez poztu nahi du mundua, mundu osoa. Gizon-emakume bakoitzaren bokazioa zoriona da, joan zen igandean ikusi genuen bezala.
Argi egin, bai! Baina, argi egin entzuten dugunean, berehala bonbilak pizten hasten gara. Iruditzen zaigu argi egiteko, jendea argitara behartu egin behar dela. Jesusek ez digu esan iluna behartzeko, baizik geuk argi egiteko.
Nola egin argi, ordea? Jesusek ederki esan digu: «egintza onen bidez». Eta egintza horiek zeintzuk eta nolakoak diren, lehenengo irakurgaiak zehaztu digu nahi adina: maitasunezko egintza onak! Goseak dagoenarekin ogia banatzea, aterperik ez duenari ateak irekitzea, biluzik doana janztea. Indarkeria baztertzea, amenazuak uztea... Pobreen aldeko maitasun-egintza hauek pizten dute Jesusen argia gizartean. Jaunaren zuzentasuna erakusten duten egintzok, argia pizten dute gizartean eta norberarengan ere bai. Gure bizitza berritu eta ondu egiten da.
Jesusek hau ere esplikatu digu, gure egintza onak nola egin behar ditugun, alegia. Hori nola egin adierazteko zer jarriko eredu, eta gatza jarri ez digu ba! Gatzak urtuz gozatzen du. Deseginez erakusten du bere indar guztia. Horixe jarri digu Jesusek gure kristau-egintzen eredu. Gatzarena egin behar dugu, urtuz gozatu. Gatzak ez du indarrik, urtzen ez den bitartean. Urtzen denean erakusten du bere kalitatea.
Gu handizaleak gara, hori horrela da. Gauzak berehala eta geure estilora aldatu nahi izaten ditugu. Batez ere, besteen gauzak. Eta kristau izatea ere, eragintasunaren indarretik neurtzen dugu askotan. Eta kristau bizitza koherentzi sistema bihurtzen dugu, giza-bizitzaren arazoei argi erantzuteko. Eta kristau-bizitza maitasunaren kalitateak ematen du, ezerk ematekotan.
Gatzaren estiloko jokaera batzuk aipatzea nahi al duzu? Esate baterako, beren bizitzan eta maitasunean sor daitezkeen arazoak isilean konpondu eta etxeko bizitza gozatzen dakiten senar-emazteak, seme-alabentzako giroa gozatu nahi dutelako. Erizaina, bere profesionaltasunaren gainetik, hurbiltasuna eta kariñoa eskainiz, gaixotasuna gizatasunez gozatzen dakiena. Gure sukaldeetako hainbeste ahalegin isil eta txiki, etxeko bizitza gozoago egiteko. Kalean eskain dezakezun agur pozgarria, hitz sotil bat, jesto koskor bat... barruko bihotza erakutsiz. Lantegian buelo handiegirik gabe eskain dezakezun laguntzatxoa, hango biziera pixka bat gozatuz. Beharrean dagoenaren ondoan pasa eta, zeure kontzientzia lasaitzeko limosna bat ematea baino zerbait gehiago egiten duena: bihotza eskaini! Besteen kontzientzia errespetatzen dakiena, kosta ahala kosta. Inor askok ikusiko ez dituen egintzak izango dira. Baina horrela gozatzen da gizartea. Eta horrela jokatzea da gure estiloa.
Hauek denak esanda, seguru asko ederki asko ulertzen duzu zer den gatza izatea, argi egitea. Zeure burua txikia eta balio gutxikoa sentitzen duzula? Zeinek esan behar zuen, bonbila txiki batek areto zabala argi dezakeenik? A ba, hori horrela da. Gainera ez ezazu ahaztu San Paulok esan dizuna: hitz handiek eta jakinduria dirdaitsuek ez dute ezertarako balio hemen. Ahul eta izuturik etorri zen, Jesus gurutziltzatuaren mezua ezpainetan zuela. Eta Jainkoaren indarra hortxe azaldu zen.
Galdera bat: gure gatzak indarrean al du bere pulamentua? Bai? Ba utz dezagun gizarteko putzuan egunero, eta ura gazituko da, ura gozatuko da. Eta ez zaitez gehiagoz kezka. Eta gatza nondik hartu? Esate baterako, oraintxe Eukaristiaren ospakizunetik.
(Homilia bakarrik argitaratzen dut hemen, gainerako beste lagungarriak liburu batean argitaratu ditut-eta: Igandetik igandera A urtea. Han daude monizio guztiak eta Jainko-hertriaren otoitza).
HOMILIA
Senide maiteok: ahal duenak ahal du, eta ezin duenak ezin! Eta Jesusi eta bere irakaspenari ahalmena, agintea, dario. Bera ez da edozein. Bere hitza ere ez du nolanahikoa. Oraintxe entzun dugun ebanjelio zatia, noizbehinka entzun beharrekoa dugu. Izan ere, badirudi zenbaitentzat Jesusen hitzak ez duela zer esanik. Gaur gizartean gehienek egiten dutena bihurtu zaigu lege eta arau. Jesusen agindua indarrik gabe geratu balitz bezala. Eta, esanak esan, Jesusen hitz honek badu zerbait, ez dakit, zerbait berezia... Onenean, barneko aginte hori izango da!
"Entzuna duzue". "Nik, ordea, hau diozuet". Gaur esaten da! Jesusek, ordea, esaten du! Eta, noski, Jesusek ez dio inori bere askatasuna hedez lotuko. Jesusek gizon-emakume bakoitzaren askatasuna errespetatzen du, beste inork baino areago. Baina, sakonean, Jesusek esaten duena argi dago: askatasuna ez da hazten norberak nahi duena eginez, Jesusen bidea jarraituz baizik. Eta hori da, seguru asko, ulertzen eta, beraz, onartzen ez duguna. Nola izan daiteke bat libre, beti beste baten borondatea eginez? Norberari sortzen zaion gogoa da askatasunerako bide, diotsate.
Beraz, ondorio bat argi eta garbi ageri da: bi bizi-estilo daude. Bata, bere gogoa egin nahi duenarena eta, bestea, kristau-estiloa. Eta kristau-estilo horren norabideak eta nolakotasunak, Mendiko Hitzaldian dauzkagu zehaztuak. Gizartean jite hau edo bestea gailendu daiteke. Gizarteak hau edo hura egin behar dela esan dezake. Bat edo beste modan jar dezake. Baina, kristauarentzat, Kristo da eredu. Eta Kristoren hitza da bere jitea moldeatzen dion portaera. Fededunak, beraz, Kristori eta beraren hitzari egingo dio kaso. Beraz, ahalik eta atsegin gehien lortzea, ahalik eta aginte gehiago eskuratzea, ahalik eta diru gehien irabaztea, ahalik eta gorago igotzea, ahalik eta izen ospetsuagoa izatea... ez dira baliozko lege kristau-estiloa bizi nahi duenarentzat.
Zergatik ez ditu, bada, horiek guztiak nahi? Hori ez delako zoriontsu izateko bidea. Lehenengo irakurgaian entzun duguna errepika dezakegu: "Zure aurrean dituzu sua eta ura; hartu nahi duzuna. Bere aurrean dauzka gizakiak bizia eta heriotza; zer duen aukeratzen, hura emango zaio". Eta ez dago besterik. Gizarteak, noski, badu bere mailako zoriona, ez gehiegi zoritxarrez! Baina, Jesusen bidea utzita, beste bizimodu hori onartzen duenak, ez du sekula gozatuko Jesusen bideak ematen duen zorion bete eta eragilea. Ezer argi ikusten bada, hauxe: Jesusek zorion hobea eta pertsona-egileagoa ematen duela. Jesusen bidetik zoriontsu garela!
Gizarteko bideen zoriona ere ez da motza, esaten du zenbaitek. Akats bat dauka askotan, azalekoa dela oso. Azalekoa da, zorion horren iturri bezala ere azalekoak hartzen direlako. Gizarteak eskatzen eta eskaintzen duen portaerak ez du pertsona bere barnera sartzen, ez du pertsona bere barrutik haziarazten. Eta, ondorioz, sortzen duen zoriona ere ez da barrukoa, ez da pertsona-egilea. Azalekoa da! Eta horrexegatik beti berritu egin behar izaten ditu zorion-iturriak. Agortu egiten baitira gaur edo bihar. Egia da, gizarteak ez daki zer nahi duen, ez daki eta nora doan. Horregatik sarri egon-ezinean, izan-ezinean, ase-ezinean, zorion-eskasian bizi da! Pena da! Hain eskura daukagu zoriona! Hain eskura daukagu Jesusen bidea! Nola iritsi daiteke pertsona hain gutxirekin, hain azalekoarekin, konformatzera! Nola?!
Jesusek bihotzera jotzen du! Aginduak azalean gera daitezke. Baina, Jesusen hizkeran, ez du kanpoko legekeriak balio. Gizon-emakumearen bihotzean jokatzen da zoriona! Jainkoaren Legea, barrura sartzen du Jesusek. Jainkoaren borondatea ez da gauza bat edo beste ondo egitea, baizik bihotza garbi gordetzea, bihotza Jainkoari emana edukitzea. Eta horixe da, kristau-moralaren oinarria. Farisearrak eta idazlariak baino hobeak izan behar dugu. Alegia, haiek legea kanpotik, azaletik, betetzearekin konformatzen ziren, azalaren itxura. Jesusek, ordea, bihotza eskatzen du, barnetasuna, egizaletasuna! Eta begira ezazu zer diferentzia dagoen: gizarteak kanpotik honela edo hala jokatzea eska dezake, baina bihotzekoan ez da gizartea sartzen! Ezin du! Jesusek, ordea, badu agintea gure barren barrukoenera sartzeko. Hori da agintea! Hori da zorionaren sustraiak sendatzea!
Adiskidea, fededun bazara, biderik onena hautatu duzu. Ez bazara, berriz, hortxe daukazu bide onenaren aukera. Eta erdipurdika bizi baldin bazara, fededun ustez, baina azal hutsean, ez zaitez horretan geldi, mesedez. Hori tristea da! Horrek ez dizu zoriona piztuko! Eta zoriona nahi baduzu, ez daukazu urruti! Ez da zaila! Entzun duzue! Nik, ordea, esaten dizut! Entzun eta onartu! San Paulok esan diguna: "Kristau bikainen artean darabilgun jakinduria ez da gizarte honetako jakinduria; baizik eta, Jainkoaren jakinduria ezkutua darabilgu". Eta bihotzeko pozik ederrenaz errepikatzen dugu San Paulorekin entzun nahi duenarentzat eta, batez ere, geuretzat: "Ez du, ez begik ikusi, ez belarriak entzun, ez bihotzak sumatu, Jaungoikoak prestaturik daukana, Bera maite dutenentzat. Eta Jaungoikoak guri agertu digu hori!".
Eta goazen Eukaristiara! Goazen agintea duenaren mahaira! Goazen zoriona jateko ematen zaigun mahai jakintsura! Goazen zorionaren iturburutik edatera! Jesusek bere Espiritua emango digu, berorren eraginez zorion-bide ederretik ibiliz, libre izan gaitezen. Bizilegerik ederrena eman zaigu!
(Homilia bakarrik argitaratzen dut hemen, gainerako beste lagungarriak liburu batean argitaratu ditut-eta: Igandetik igandera A urtea. Han daude monizio guztiak eta Jainko-hertriaren otoitza).
HOMILIA
Adiskide maiteok: itsasoko uhinen edo olatuen irudia ekartzen dit burura Zoriontasunen irakurraldi honek. Hortxe daude, etorri eta etorri, hortxe atergabeko desafio setati, hortxe inoiz etsitzen ez duen eskaintza berritzaile, hortxe itsas-bazterra plasta-plasta bere kolpe sendoz jotzen duen Jainkoaren olatu sendo... hortxe Jesusen Zoriontasunak! Baina eta... hortxe gure horma sendoa olatuei eusten, hortxe gure ulertu-ezina eskaintza isiltzen, hortxe gure erabaki sendoak desafio guztiei paso ematen... hortxe aurrez aurre!
Batek aspergurea sentitzen du honelakoetan: zertarako beste behin Zoriontasunen eskaintea hots egin? Zertarako beste behin zoriona bide honetatik daukagula esan? Zertarako munduak eta gizarteak egiten dituen aukeren kontra jardun? Zertarako? Ez ote dauzkagu Zoriontasunak domestikatuak, etxekotzat hartuak, kate motzean lotzen den zakur koskorra bezala? Munduaren norabideak oso zehaztuak eta sakonean idatziak daude. Zertarako beste olatualdi batez astindu giza-horma zahar sendoak, dena betiko bere horretan gelditzekotan? Zertarako?!
Baina, aizu!, beste hau ere egia da: Zoriontasunak irakurtzen diren bakoitzean, barrenak salto jotzen du. Halako xarma eta berritasuna darie! Hain arrazoizkoak dira! Gure zoriontsu ezin izanaren motiboa hain argi azaltzen digute! Batek Zoriontasunak maite ditu! Hor mundu berri bat baitager! Hor bihotzaren ametsak betetzeko bidea sumatzen da! Hor zoriontsu egin gaitzakeen jokamoldea ikusten da! Hain arrotzak ez balitzaizkigu! Gureagoak izango bagenitu! Bizitzekoagoak gertatuko balitzaizkigu! Ai Zoriontasun maite eta gorrotatuak! Ai Zoriontasun urrutiko eta gertuko! Ai Zoriontasun ezagun eta ezezagunak! Hain gure, hain beste! Hain maitagarri, hain gozo!
Merezi du Jesusen hitzaldi hau sakonki aztertzea. Ez zaidazu ezetzik esan: ederra da Jainkoak behartsuenak maite dituela jakitea! Ederra da Jainkoak otzanak eta negar egiten dutenak eta zuzentasunaren gose-egarri direnak eta errukitsuak eta bihotz-garbiak eta bakegileak eta erasotuak eta maiteen dituela jakitea! Hori ederra da! Ederra da gaurko gizon-emakumeok bazterrera utzi ditugun aukera horiek Jainkoak bere aukera bezala onartu dituela jakitea. Akaso gure bizimoduan alde batera utziko ditugu, baina ezin ukatu hor badela zerbait giza-eskema guztiak hankaz gora jartzen dituena! Badute, bai, xarma berezia Jesusen zorion-bide hauek!
Eta horrekin ez dut ezer askorik esan. Ederrak direla, liluragarriak... Baina hau da harrigarriena, zorion-bide direla! Bide horietan daukagula zoriona! Gaur gure bizitzari, gure bihotzari, zorionik, irtenbide onik, azken onik, betetasunik opa baldin badiogu, hori Jesusen Zoriontasun hauetan dagoela guretzat, ez beste inon! Eta, onenean, horrexegatik gertatzen zaizkigu hain barruko, hain geure, hain maitagarri! Zoriontasun hauetan sumatzen baitugu gure zorion-ametsak ez direla amets zoroak, Jesusen bidean bete daitezkeen amets baizik! Eta ametserako eskubidea, zoriontsu izateko eskubidea da! Ez ametsak zoriona dakarrelako, baina bai gaurko gizartearen kateari ihes egiteko aukera bakarra gehiagoko baten ametsa delako, zorion beteago baten ametsa delako! Jesusek ematen digun ederrenetakoaez ote, oraindik ere zorion-ametsetan bizitzeko bihotz-gaztetasuna!?
Hasieran "zertarako?" galdetzen genuen. Orain badakigu: Zoriontasunak oraindik ere aldarrikatuko ditugu, gizon-emakumeon zorion-bide betea direlako, fededunon zorion-proportzio bakarra direlako, gure barruak sentitzen duen gehiago beharraren amets-bide bakarra direlako! Horrexegatik Sofonias profetarekin biziki poztuko gara eliztarrok, Jainkoak munduan utzi duen herri apal eta behartsua garelako. Biziki poztuko gara gure babes eta irtenbide bakarra Jaunaren indarra dugulako. Biziki poztuko gara San Paulorekin gure artean, Elizan, ez dagoelako jakintsurik asko, ez dagoelako ahaltsurik asko, ez handizkirik asko. Biziki pozten gara Jainkoak munduarentzat zoro eta arbuiagarri dena aukeratu duelako. Biziki pozten gara munduko argala, zorion-bide bihurtu duelako. Eskerrak ematen dizkiogu gure Jainkoari, zorion-bidean jarri gaituelako!
Bai, badakigu munduan zehar joan behar dugula zorion-bide hauen erakusle bezala! Badakigu guri eskuetara jarri zaigun zorion-bide hau, mundu guztiarentzat zorionbide bihurtu behar dugula! Horrexegatik, zorionbide honen zerbitzura jarriko ditugu gure guztiak. Zertarako ditugu dauzkagunak, zoriontsu ez bagara? Dauzkagunetatik libre garenean, pobre alegia, orduan goza dezakegu daukaguna! Eta gaur ez zaigu askorik eskatzen, libre izatea bakarrik, bihotza pobre egitea bakarrik, gure bihotzean bizirik eustea zoriontsu izateko ametsari!
Arantzazun gaude eta apaltasunari eta pobretasunari gorespen egiterakoan, nola ahaztu gure Andre Maria? Berak zein egoki eta zein gozoki bizi eta kantatu zituen Zoriontasunak! Zein zabal, zein hutsik, entregatu zion bere toki guztia Jainkoari, Hark nahi zuena egin ziezaion! Zein ederra den Maria bere zorion-bidean! Eredu paregabea! Laguntzaile gertukoa! Merezi duenak merezi du, eta merezi ez duenak ez du merezi! Zorion-bideek merezi dute, gureek ez asko!
Orain Eukaristiara goaz! Hortxe jasoko dugu, bihotz behartsuz, ondasunik beteena eta zorion-emaleena! Aitor dezagun Zoriontasun hauek sinesten ditugula! Eta har dezagun zoriontsu egiten gaituen dohaina!
Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.