liturgi lagungarriak

hgdgfhdh

ABENDUKO 2. IGANDEA

(Homilia bakarrik argitaratzen dut hemen, gainerako beste lagungarriak liburu batean argitaratu ditut-eta: Igandetik igandera A urtea. Han daude monizio guztiak eta Jainko-hertriaren otoitza).

 

HOMILIA
Adiskideok: Abenduaren bigarren igandeak ilusioa indartu eta sakontzen digu. Eta, bide batez, ilusio hori bihotz-barrura eramateko bidea eskaintzen digu. Izan ere, Jainkoaren promesa handiak ez dira berez gertatzen. Joan Bataitzaileak bihotz-berritzearen bideetarako deia egiten digu gaur, azalkerian eta gezurretan geldi ez gaitezen. Igande honen deia gordina da, eta larria zinez.

«Bihotz-berri zaitezte, hurbil da Jaunaren erreinua». Baina, berritze horrek benetako muina izan dezan eta benetakoa izan dadin, neure barruari begiratu behar diot. Zerk erretzen nau edo zerk narama etsipenera? Izan ere, bizitzaren errealitatetik ez badugu entzuten gaurko Hitza, oinak lurrean ditugula prantatzen ez bagara Jainkoaren Hitzaren aurrean, arriskua ezaguna da: ameskeria, ilusio hutsalak, biziera pozten ez duten aingerukeria idealistak. Baina, bizierari erasaten ez dion ameskeria, zertarako?

Hemen ez gabiltza ametsetan. Hemen, geure zauriak eta gaitza serio hartzen dituen Hitzaren argitan gabiltza. Jainkoaren promesak eskaintzen duen dohaina eguneroko jardueran ikusten da, gaitzarekin aurrez aurre jartzen garenean. Jainkoa beti da leiala! Baina, Jainkoaren leialtasuna sumatu eta bizitzeko, Jainkoaren bideei antzematen ikasi beharra daukagu; Jainkoaren bideak ez baitira gure usteen arabera gertatzen direnetakoak. Nola gertarazten ditu Jainkoak bere promesak gure bizitzan eta gure gizartean?

Bihotz-berritzeak, beraz, Jesusengana garamatza, harengan Jainkoaren Erreinua gurera datorrela sinesteko. Jesusengan erakusten zaigu, Jainkoak oinarritzen duela gure esperantza hauskorra. Eta esperantza horren argitan, mundu berriaren langile eta artisau bihurtzen gara.

Noski, kristau-esperantzak ez digu mundu honetarako segurantza-sistemarik ematen. Konfiantzan bizitzen ikasten dugu, Jaunaren leialtasunak ematen digun konfiantza ederrean. Horrek zer esan nahi du? Jainkoarekiko harremanean ikusi dugula, sinetsi dugula, Jainkoa leiala dela eta ez duela hutsik egiten. Baina, Jainkoaren leialtasuna ezin dezaket neure kapritxora erabili, neure asmoak aurrera ateratzeko berme bezala, garantia bezala. Uste onak, bihotza Jaunarengan uztea esan nahi du.

Baina, eta gaurko Hitzak eskatzen eta eskaintzen duen mundu berria, noiz eta nola? Otsoa bildotsarekin adiskidetzea, noizko? Horra bada: Jainkoak justiziazko mundu berria agintzen digu, baina hori ez da berez eta automatikoki gertatzen; bihotz-berritzearen dinamikan sartu behar dut, justizia eginez. Jainkoak bakea ematen dit, baina bake horrek ez du berekin lasaikeria eta beldurrik eza ekartzen. Benetako bakea Jainkoaren eskuetan zaudela sinesteak ematen du. Eguneroko ahuldade eta erorialdietan, Jainkoak ez gaituela eskutik uzten eta beti maitasunez zaintzen gaituela, konfiantza apalak sinetsi egiten du. Eta ahuldadea kendu egiten da? Ez prexixo. Ahuldadea konfiantzan eramaten ikasten duzu.

Jainkoaren leialtasunak egiten digun dohaina, konfiantza da. Nola zabaldu dezaket neure bihotza Jainkoaren promesaren arabera eta neurrira? Nola bizi eta adieraz dezaket, Jainkoak ez duela huts egiten? Nola erakutsi, Jainkoak bere promesak betetzen dituela? Eta hori dena, ez teorian edo ametsetan; eguneroko bizitzaren gurpil txikian baizik, eguneroko bizitzaren ilunaldi eta ezinetan.

Sufritzen ari al zara? Bakarrik sufritzen al duzu? Edo zeure bizitzaren zauria Jaunaren eskuetan uzten duzu? Beharbada, espero ez zenuen bakea sentituko duzu zeure barruan. Eta bake horren argitan, bizitza bera eta bizitzako esperientziak beste begiez begiratuko dituzu.

Lagun hurkoari nola begiratzen diozu? Jaunaren dohaina jasotzean, konturatzen zara gauza ez dela besteei mesede batzuk egitea. Kontua da besteen gertuan bizitzen ikastea, haien arazoei axola eskainiz.

Aurten gaurko egunez ospatzen ez badugu ere, abenduaren zortzian Ama Mariaren irudia indarrez datorkigu aurrera. Bera dugu eredurik ederrena Jaunaren bidea egiten ikasteko. Berak emango digu bihotz garbia, berak bezala Jaunaren nahia egin dezagun beti eta denetan.

Eukaristian konfiantzarako ogia ematen zaigu. Eukaristian esperantzarako presentzia da Jaunarena. Zabal dezagun bihotza Jaunaren presentziaren neurrira. Merezi du!

ABENDUA 1. IGANDEA
(Homilia bakarrik argitaratzen dut, beste gainerako erabilgarri guztiak liburu batean argitaratu ditut-eta: Igandetik Igandera A urtea han daude monizio guztiak eta Jainko-herriaren otoitza)


Homilia
Abenduan gara berriro. Gaur giro berezia aditzen dugu Elizan: kantuak, jantzi moreak, giro bildua... Eta oihu bat: «Zatoz, Jauna». Abendua dugu.
Abendua. Etorrera. Jauna badator. Askatzaile dator. Elizak dei sinple eta gordina egiten digu: Jauna badator. Eta Etorrera horren aurrean jartzen gaitu. Ezin genezake Etorrera hori ezerezean galdu, izango ez balitz bezala. Nik uste, gure bizitzari sakon begiratu beharra daukagula. Entzun al duzu Ebanjelioa?
Noeren garaian gertatu zenaren eskarmentua hor dago. Zera bezala da: Japonian lurrikara handia izan da aste honetan, eta jendeari itsas-ertzetik urrutiratzeko esan zaio, tsunamiaren arriskua handia zela-eta. Pentsa ezazu norbaitek ez duela dei hori sinesten, eta itsas-ertzean gelditzea erabakitzen duela. Tsunamia etorriko balitz, zer gertatuko litzaioke?
Eskarmentagarri Noeren garaiko parabola, ez uholdea edota zigorra datozkigulako. Ez. Jaunak ez gaitu inoiz zigortzen. Datorrena Jauna bera da. Jauna dator. Eta Jaunaren Etorrera gure bizitza guztian indartsu eta eragile gorde behar dugun egia da. Egia esan dut; esperientzia esan behar nuen, etorreraren esperientzia. Beste era batera galdetuta: gure bizitzan ezer aldatzen ote da Jauna badatorrela sinesten dugulako? Hori da erantzutekoa. Alegia, nire bizitza guztian presente dagoen datoa al da Jaunaren Etorrera. Edo, beharbada, ez diot jaramonik egiten arazo horri? Eta ez dizut esaten, Jaunaren kontra gaudenik. Ez dizut esaten erabat ahaztuak ditugunik gauza horiek. Bai zera! Baina, zer nahi duzu?, nahi edo ez, bizigiroa, egunen joan-etorrian, txepeldu eta indargetu egin ohi zaigu. Eta, ezer berezirik egin gabe ere, Jauna etortzekoa dela ez dugu oso gordin gorde ohi gure bizitzan.
Beno, ba, Elizak sekula santako garrasia jotzen dizu gaur: «Jauna badator». «Zaudete erne». «Prest egon zaitezte». Eta nik badakit gauza askotan sartuta gabiltzala. Nik badakit ez dugula denborarik sobran, beti presaka gabiltzala. Nik badakit gauzak zehatz jakitea gustatzen zaigula, ahal bada kontrolatzeko. Baina, begira: Jaunaren Etorrera ez dago gure esku. Ez da guk egun jakin batean koka dezakegun dato kontrolagarria.
Hori horrela izanik, zer egin edo? Abendua eskaintzen digu Elizak. Presta gaitezen eta erne jar gaitezen, Abendua. Baina prest egotea zer da? Alegia, nik zer aldatu behar dut Abenduan erne bizitzen hasteko? San Paulok egunaren eta gauaren adibide argigarria eman digu. Gaua badoa eta eguna badator. Etorreraren eguna, noski. Eta gaueko edo gauari dagozkion egintzak utzi egin behar genituzke. Eta egunari dagozkion bizibidea besarkatu behar genuke. «Gabiltzan jator, egun-argiz bezala». Zuk jantzi bat jende-aurrera atera behar baduzu, txukuna nahi zenuke. Gauez, ilunpetan, jantzia zikina eduki arren, tira! Baina, egun-argitan ez daukazu txukundu gabe agertzerik! Gure fede-bizitza ilunpetan gordetzeko modukoa da edota argitara azaltzeko modukoa? Jaunaren Etorrera izango da bakoitza bere egian erakutsiko duen egun-argia. Gizakia zikintzen duena zer den? San Paulok esana errepikatzen dizut: «ez» ibili «jan-edankerietan eta ordikerietan, ez lohikerietan eta neurrigabekerietan; ez haserre eta elkarrentzako bekaitzetan». Horiek adibide batzuk dituzu. Horien azpian dagoen jokabide iluna bilduz, San Paulok esaten duena: «zuen gorputza zaintzeak ez bitza piztu grina txarrak».
Abendua. Jauna badator. Esperantzaren argazki koloretsua ari gara antolatzen Gabonei begira. Argiak piztu ditugu kaleetan. Bihotzean piztea da inportantea. Bihotzak ireki. Begiak behartsuengana zabaldu. Jaunaren bihotza itsatsi geure barruan.
Nahiago nuke, erantzun-salmoan esandakoak birresateko pulamentua bagenu: «Hura poza nerea esan zidatenean: bagoaz Jaunaren etxera». Nahiago nuke Abendu honetan Elizaren bideak zintzo jarraitzeko korajea izango bagenu. Nahiago nuke ikusiko bagenu, gutxienera jota ere, Jaunaren Etorrera ez dugula kontutan hartzen.
Abendua dugu, zorionez. Aukera berria Jaunaren bidera gure egintza onekin ateratzeko. Aukera berria Jaunaren zain jartzeko. Antzemango al diogu bizi dugun sasoiari. Jaunaren Etorreraren garaian bizi gara. Zuk, sufritzen duzun horrek, izan itxaropen, Abendua da eta, Jauna badator eta! Zuk, etsipen-punttua sentitzen duzun horrek, gora gero bihotz hori! Etsi? Ez, jauna, Jauna badator eta. Gure sufrimendu eta ilunaldietan ere, bere etorreraren argia pizten du gure Jaunak. Aita on eta errukitsuaren besoetan bizi gara. Ez, goxo-goxo beso horietan ezkutatzeko. Aitaren besoek ematen diguten ziurtasunaz, mundu honen itxaropenak gauzatu nahi ditugu. Mundu berri baten egarria asetzeko ahalegintxoa egin nahi dugu. Jauna badator, eta haren etorrerari dagokion bihotzak eta mundua prantatu nahi ditugu. Hori da Abendua jator bizitzea!
Goazen Eukaristiara. Berritu dezagun gure esperantza. Jar gaitezen abendu-jarrera zintzoan, Jaunak Bere zain aurki gaitzan. Gure fedea berri dezagun, Jaunaren opariak poztu gaitzan.

Liturgi lagungarriak

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Itxaropenaren Jainkoa, alaitasunez eta bakez pozten gaituen Jainko ona, bego beti zuekin!

 

Azaroko igande hauetan, Liturgi urtearen amaieran, gure kristau-bizitza nolakoa izan den eta den begiratzeko gonbita egiten zaigu. Non dauzkagu jarrita gure begiak? Gure bizitzak Jainkoaren Erreinua al du bere maitasun eta bere helburu? Ebanjelioarekiko leialtasunak pozten al gaitu?

 

Isildu, eta pranta gaitezen Jainkoaren aurrean gure errealitatea eskuetan hartuta. Eska dezagun barkazioa, gure bizitzak bai baitu zertaz damutua.

 

– Jesus Jauna, gure itxaropen pozgarria. Erruki, Jauna.

– Jesus Jauna, gure bizitza arduraz zaintzen duzuna. Kristo, erruki.

– Jesus Jauna, Erreinuko lanerako indartzen gaituzuna. Erruki, Jauna.

 

PREFAZIOA

Eukaristi otoitzari ekitera goaz une honetan. Eskerrak emateko otoitza da. Igandero-igandero mahai honen inguruan biltzen gaitu berarekin topo egin dezagun. Eta mezatako topaketa, betiko topaketaren eskaintza dugu. Eskertu dezagun horrenbesteko dohaina.

 

GURE AITA

Eukaristi mahaira hurbildu aurretik, Jainkoari otoitz egin, elkarri bakea eskaini eta ogia zatituko dugu. Orain, beraz, Jesusek irakatsi digun bezala, barru handiz esan dezagun.

 

HONA HEMEN

Hona Eukaristi ospakizunaren gaina. Prestatu dugun ogia jatera goaz; Jesus bera dator guregana; bera dugu biderako janari. Fede sendoz bizi behar dugu une hau, maitasun beroz, barne alaiz. Senideok, hona hemen betiko biziaren seinale maitasunezkoa. Zorionekoak betiko biziaren mahai honetara gonbidatuazk.

 

 

 

 

  1. B) IRAKURGAIETARAKO MONIZIOA

Jainkoaren Hitzak gaur, azken garaiaz hitz egiten digu, dena bukatu eta Jainkoaren salbazio betea azalduko den garaiaz. Baina, bide batez, gaurko gure bizitzaz ere hitz egiten digute irakurgaiok: gure fedean bizi dugun kinkaldiaz, zailtasunaz, iraupenaz, aurrera-nahiaz. Eta, giro horretan, leialtasunera egiten digute dei. Prestatua daukagun bizi betearen esperantzan bizi behar dugu. Entzun ditzagun irakurgaiok arretaz!

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

Aurkez diezazkiogun gure eskariak gure Aita onari. Eska dezagun betiko biziaren poza behartsuenentzat.

 

- Otoitz egin dezagun munduan sakabanaturik bizi den Elizaren alde: mundu guztiko pobreen pozak eta tristurak, itxaropenak eta etsipenak beregan bizi ditzan.

 

- Gure Elizaren beharren alde: gure kristauek beren elkartearen ebanjelizazio-lanari eutsi diezaioten, beraren behar ekonomikoak arinduz.

 

- Munduko herri behartsuenen alde; gogoan izan ditzagun, batez ere, Sirian hainbeste sufritzen ari direnak: Jainkoaren Espirituarekin eta denon laguntzarekin, beren egoeratik atera daitezela, duintasunean bizitzeko.

 

- Gaixorik, bakarrik, kartzelan, erietxeetan sufritzen ari diren guztien alde: Eukaristi ospakizun honek betiko zorionaren esperantza eman diezaien.

 

- Eukaristia hau ospatzen ari garenon alde: bizi gaitezela Ebanjelioaren zerbitzura eta Ebanjelioa bera izan dezagula Erreinuko sari bete.

 

Entzun, Aita ona, gure otoitza eta emazkiguzu, fedez eskatu ditugun dohainak. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez. 

 

 

 

 

HOMILIA

Kristau adiskideok: entzun ditugun hitz hauek ez zaizkigu maitagarriak gertatzen, ezta? Halako ikara izpia sortzen digute barnean. Ez gaituzte lasai uzten. Nolanahi ere, Elizak, bere liturgi urtearen azken aldera, hitz hauek entzun eta hausnartzea maite du. Liturgi urtea amaitzen doan neurrian, Elizak mundu honen eta historiaren amaiera begiratzea gogoko izaten du.

 

Batetik, ikara, esan dugu. Bestetik, ordea, egun bete horren desioa. Nola baina hori? Begira, gizon-emakumeok badugu halako joera nabarmena, mundu honetan betiko gaudela pentsatzekoa. Eskuartean darabiltzagun gauzak betiko balira bezala heltzen diogu mundu honi. Konturatu gabe, azkenaren argia galtzen dugu. Eta, hori argi dago, azkena ahazten bada, gauzen balioa ere bere onetik atera egiten dugu.

 

Jesusek garbi asko esan digu: «Ikusten dituzuen hauetatik, ez da harririk harrigainean geldituko». Egia horixe da: Jauna badator. Eta Jaunaren etorrerak agertuko du gauzen egiazko balioa. Jaunaren etorrerak agertuko du postura eta egintza eta jarduera bakoitzaren barruko egia. Eta, ez al da egia, entzule?, mundua eta gure historia amaituko dela pentsatzetik ez ote dugu ihes egiten, askotan gezurretan bizi garelako. Ez gezurretan, gezurrak esaten ditugulako. Gezurretan, gure bizitzaren nondik norakoa beti hemen izan behar bagenu bezala josia daukagulako. Eta ez zaigu gustatu ohi, inork zalantzan jar ditzan gure usteak, nahiz eta gezurrezkoak izan uste horiek. Begirada motzen berehalakotasunean murgilduak bizi gara, eta horretatik atera nahi gaituena ez dugu onez hartzen.

 

Nolanahi ere, Jauna badator. Eta gure bizitzaren antolaketa egitean, ezin ahaz genezake Jauna badatorrela eta mundu honen azkena ere badatorrela. Eta, egia da, Jauna badatorrela kontuan hartzeak gauzak eta bizitza beste era batera bizitzera garamatza. Bai horixe! Izan ere, zertarako jardun izerdi ta pats gero balioko ez duena zerbitzatzen? Zertarako jardun gerorako pozik emanten ez diguna eraikitzen? Askok eta askok esaten du: gaur bizi, gaur gozatu, gaurkoa da inportantea! «Hona non datorren Jaunaren eguna». Hori, entzule, zera bezala da (eta Malakias profetaren irudia erabiliko dut): zuk etxea lastoz jasotzen baduzu, suari beldur izango diozu, suak lastoa erre egiten baitu. Zuk etxea suak erre ez lezakeen materialez jasotzen baduzu, ez diozu suari beldurrik izango. Jaunaren aurrean balio duen eran ari al gara bizitza eraikitzen?

 

Horregatik, fededunak maite du Jaunaren Etorrera. Fededunak, bere bizitza Jaunaren zerbitzura jarria dauka. Gero, Jaunaren aurrean zutik geratuko diren balioetara emana bizi da. Ez du bilatzen berehalako atsegina eta mundu honetako gauzen gozaketa. Berak badaki, mundu honetako bizitza asko zailtzen zaiola Jaunaren bidetik bizitzeagatik, baina, hala ere, ez diola ezeri beldurrik izan behar. Jauna badator, eta Jaunaren etorrerak adorea eta esperantza ematen dizkio Jesusen bide beretik jokatzeko. Gure gizarte hau (eta gaurko propagandari begiratzea aski) geroari begiratu gabe dago antolatua. Eta fededunak ezin du antolaketa hori onartu. Fededunak Jauna badatorrela hots egiten du. Eta munduak ez du hori onartzen. Eta munduak borroka egiten dio aurrera begiratzen duen fede horri. «Erasoko dizuete, epaituko zaituztete, hil egingo zaituztete...» Esana dago.

 

Noiz dator ba Jauna? Betiko jakinmina eta betiko galdera. Noiz? Ez dakigu noiz! Ez zaigu tokatzen jakitea. Aski dugu dakiguna jakitearekin: Jauna badator! Berehala gertatuko balitz bezala saiatu behar dugu. Tesalonikarren artean baziren, Jaunaren etorrera berandutu egiten zela eta, alferkeriara emanak bizi zirenak. Eta beste mundua etorriko dela jakiteak, mundu hau adorez eta sutsu lantzera eraman behar gaitu. Mundu honen eraikuntzan lan egin behar dugu, lan horretan dena jokatzen ariko bagina bezala. San Paulok berak jarraibide ederra eman zuen.

 

Horra, entzule, gaurko Jainkoaren Hitzaren ikusmira bikaina. Hitz honek poztu egin behar du gure esperantza eta gure lana. Sarritan, jardun ta jardun ari zara, edota sufritu eta sufritu, edota eman eta eman... eta inoiz halako galdera hau sortzen zaizu: hau zertarako? Zertarako jardun? Zergatik ez bilatu, besteek bezala, neure interesa? Jauna badator. Eta Etorrera horren argitan egiten diren gauzek balio dute.

 

Iraupenaren oinarria ukitzen ari gara. Irauten ez da erraza, batez ere, ingurukoen ustez kontra ari bazara. Eta besteen ustez kontra jarduteak borroka eta erasoa sortzen badizu, zer esanik ez. Merezi ote du horretan irautea? Eta nola iraun horretan? Entzun honako hau: Jauna badator! Eta mundu honen azkena badator! Eta Jaunak berak agertuko du jarrera guztien barruko eta betiko egia. Jauna badator!

 

Ez ote da postura hau beldurtien postura? Hau ere esaten baita. Alegia, ez dugula mundu honetan buru-belarri sartzeko ausardiarik, eta gerokoen ustetan babestuta bizi garela beldurrez. Ez, jauna! Gerokoen esperantzak ez baikaitu gaurkoetatik ihes egitera eramaten. Gaurkoetan bakean lan egiten dugu, jakinik biharkoa badatorrela. Eta jakinik gaurkoetan biharkoa ari garela oretzen. Uste eder honen oinarrian, esperientzia sakona dago. Jauna badatorrela ez baitaki dakienak, barrutik hala sentitu duenak baizik. Esperientziak oinarritzen du gure gerorako ustea.

 

«Zuen iraupenez, onik aterako duzue zuen bizia» esan du Jesusek. Goazen, gure fedea berritu eta indartuz, esperantzarako indartzen gaituen ogi santua jatera. Jesu Kristo berpiztuaren presentziak poztuko eta indartuko gaitu.

 

Liturgi lagungarriak

A) APAIZAREN MONIZIOAK


AGURRA ETA SARRERA
Aitarekin eta Espiritu Santuarekin gure bihotzen edertasun dugun Jauna, zuekin!

Liturgi urtearen azken igandea dugu gaurko hau. Eta zer egin zitekeen ederragorik urtea amaitzeko, guztiaren eta guztien buru eta ardatz Jesu Kristo aitortzea baino?
Halaxe da: urte guztian zehar, Jesusen hitzak eta egintzak entzun eta jarraitu ditugu. Eta gaur gure begiak Jesu Kristorengana jasotzen ditugu, bera gizadiaren betetasun eta azken-helmuga aitortzeko. Gurutzean josia, baina hala ere bera dugu Jainkoaren Erreinura garamatzan Gidaria. Erreinu horixe dugu gure esperantza.

Gero entzungo dugun ebanjelio-zatian, honela esango dio gaizkileak Jesusi: «Oroi zaitez nitaz zure Erreinuan». Eskari eder hori bera egin geniezaioke Jesusi une honetantxe, ospaketa hasterakoan.

– Jesus Jauna, gurutzetik gure bizi bete zaituguna. Erruki, Jauna.
– Jesus Jauna, gizaki guztiei erreinuko zoriona eskaintzen diezuna. Kristo, erruki.
– Jesus Jauna, gizakiak eta izakiak maitasunez betetzen dituzuna. Erruki, Jauna.

AINTZA
Gorets dezagun Jesu Kristo, bera bakarrik baita Santua, bera bakarrik Jauna,  bera bakarrik goi-goikoa!  (Aintza).

PREFAZIOA
Eskerrak eman diezazkiogun zeruko Aitari, Jesu Kristorengan Erreinurako ateak ireki baitizkigu. Kanta dezagun egiaren, biziaren, santutasunaren eta graziaren erregetza askatzailea!

GURE AITA
Jesusen hitz berberak esanez, eska dezagun etor dadila guregana Jainkoaren Erreinua!

HONE HEMEN
Hona hemen Jainkoaren Bildotsa. Hona biziaren Jauna. Hona maitasunaren Erregetza. Zoriontsuak Jaunaren mahaira deituok!




B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK
1 - Lehenengo irakurgaiak histori une jakin batera garamatza: Israelgo tribuek David errege aukeratzen duten unera. David betiko Erregearen irudi dugu, Jesusen Erreinuaren irudi.
2 - Jesus da artzain handia, Jainkoaren herriaren egiazko erregea. Herri horren atal izatearen poza adierazi behar dugu orain.



HERRI-OTOITZA
Fedean, maitasunean eta itxaropenean elkarturik, eska dezagun Jainkoaren Erreinua geuretzat eta gizon-emakume guztientzat. Kanta dezagun:

ENTZUN, JAUNA, GURE ESKARIA!

*    Dagigun otoitz Elizaren alde, eliz gidari eta fededun guztien alde: Ebanjelioaren mezu askatzailea hobeto bizi eta iragar dezagun, elkar zerbitzatuz.  

*    Dagigun otoitz Jesusek gehien maite zituenen alde, gaixo, behartsu, baztertu eta injustizia nozitzen dutenen alde: guk geuk eta gizarteak ere gehien maita eta zaindu ditzagun.  

*    Emakumeen alde, batez ere beren eskubideak zapalduak dauzkatenen alde: zor zaien duintasuna eta gizatasuna bizi ahal izan dezaten.

*    Egigun otoitz ezbeharrez, istripuz, uholdeen edo lurrikaren eraginez hil direnen alde: Jaunak bere erreinuko bakean jaso ditzan hildakoak eta gure herriak bere solidaritatea erakuts dezan.
    
*    Geure alde ere egin diezaiogun otoitz gure Jaunari; batez ere, gure artean gehien sufritzen ari direnen alde:  Jainkoaren Erreinuko langile izateko indartu gaitzan.   

Arren eskatzen dizugu, Jauna, Jesusen Erreinua etor dadila egunean baino egunean ugariago guregana eta mundu guztira. Onar dezagula Erreinu hori eta mundu honetan eraiki dezagula. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.



HOMILIA
Senide maiteok: pozik asko entzun dugu Liturgi urtearen azken igandeko mezua. Urte osoa burutzen eta osabetetzen duen festaburu honek badu izan ere mami eta eduki ugaria ez ezik entzungarria ere. «Jesu Kristo gure Jauna, diren guztien Erregea». «Gure Jauna» esaten dugu, eta «Guztien Erregea» esaten dugu. Pozik eta barne-bake ederrean gure Jaun aitortzen duguna, indar guztien Jaun eta nagusi aitortzen dugu. Eta hori bikaina da, guk maite duguna horrelako indarrez jantzia ikustea alegia. Ederra!

Garai batean esaten zitzaigunean, «Jesu Kristo Errege da» agian ez genuen arazo handiegirik hori sinesteko. Denek, edo gehienek behintzat, harengan sinesten zutenean, gizartea bera fededuntzat jotzen zenean, egiten zen guztiaren abiapuntu fedea zenean... orduan bai Errege! Baina zenbaiti txokagarria gerta dakioke gaur Jesu Kristo Errege aitortzen jarraitzea. Gaur, gizarteak bestelako erreferentzi puntuak dituenean, gizon-emakumeen jarrera arrunta fedea ez denean, beste ikuspuntu eta bizi-jiteak jarraitzen dituztenean... gaur Errege?!, gaur Errege?!

Eta... bai, gaur Errege! Eta egia esaten hasita dena esango dugu: Errege hitza erabiltzeak ere baditu bere zerak, bere zehaztu-beharrekoak. Izan ere, Errege hitzak indarra adierazi nahi du, agintea, besteak menpean hartzen dituen jauntasuna, posizioa, irudi handia... Eta zer nahi duzu? Horrek guztiak ez du ongi adierazten Kristo gure Jaunaren errege izatea. Zeuk esan: Gurutzean josita ageri den kondenatu horri ez zaio gehiegizko indarrik ikusten, ez zaio botererik, inolakorik, ikusten, ez zaio irudi onik ere nabari... Eta, hala ere, Errege da! Hala ere, Jauna da! Eta onenean, gurutzea eta erregetasuna elkarrekin uztartzen jakitea da, Jesu Kristoren erregetza ulertzeko erarik eta biderik egokiena.

Nolako Erregea da Jesu Kristo? «Judutarren errege baldin bahaiz, salba ezak eure burua» esaten zioten gurutze azpitik. Baina, Jesusek bere erregetasuna, gurutzearen gaineko maitasunezko entrega horretan erakusten du aurrena. Errege da, maitasunez hiltzeko gai delako. Errege da, bere bizia guregatik entregatzeko misioa, ederki burutu duelako. Errege da, bere Berri Ona maitasunaren mailarik gorengoenean heriotzean azaltzen duelako. Errege da, gehien, inork baino gehien Berak maitatu gaituelako. Eta era honetako maitasun hitzaren aurrean, hizkuntza, herri eta gizamodu guztiek ulertzen eta aitortzen dute, Jesu Kristo Errege dela! Maitasunari ez-ikusia egin baitakioke, baina maitasuna ukatu ezin daiteke egin!

Eta, gainera, Jesu Kristo Errege da, Erreinua ematen duelako. «Gaur Nirekin izango zara paradisuan». Jesusek, bere ondoan josita daukan behartsu horri, bere dohain erreinuzkoa eskaintzen eta ematen dio. Eta erreinu hori askatasuna da, heriotza garaitzen duen eta heriotza baino haratago dagoen bizi berria da, esperantza hautsi-ezina sortzen duen argia da. Zerua da! Horixe zerua! Eta Jesusek, lurrralde hartan Erreinuaren Berri Ona hots egin eta zabaldu ondoren, orain gurutze gaineko tronuzko aulkitik, dohainik ederrena ematen du, Erreinuaren betea! Egiaz eta zinez, Jesu Kristo Errege da!

Jakina da, guk gaur erregetza horrentzat baditugula halako duda-muda batzuk, Kolosako kristauek zituzten bezalaxe: gure munduan ez al dute beste indar batzuek agintzen? Indar bistakoek eta ezkutukoek, bietakoek? Gizon-emakumeon aukera-ahalmen guztien gainetik ez al dira beste indar ilunak nagusitzen? Gizon-emakumeok ez al gaude, indar menperatzaile askoren morroi eta mirabe bihurtuta? Ezbeharra dela, gaixoaldia dela, zorte txarra dela, gorrotoa dela, tristura dela, heriotza dela, bakardadea dela... Hori guztia aurrean dugula aitortzen dugu: «Diren guztiak baino lehenago da bera, eta guztiek berarengan diraute... Jainkoaren gogoko izan baita betearen betea harengan egotea, eta haren bidez, gauza guztiak berekin adiskidetzea». Hauxe da gaurko egun festatsuari darion aitorpen bete eta borobila. Inolako ezustek harrapatuko ez digun aitorpen bete eta borobila!

Entzule adiskide, gu pozik gaude eta zuk ere pozik egon behar duzu. Zure hezur eta mami baituzu Jesus Erregea. Zure sufrimendua bizi du. Zure ezinak eta nahiak bizi ditu. Zure pozak ditu bere poz. Jesus zure artzain maitagarria duzu. Zalantzak eta erorialdiak eta... baina gaur poztu zaitez. Zuk maite duzuna eta zu maite zaituena, indar ilun eta beltz guztien gainetik bizi da. Eta indar hori guztia gure onerako darabil. Eta hori poztekoa da! Hori ederra da. Ez didazu ezetzik esango!

Oraindik ere, aitor dezagun hau, Jesusen Erreinua betetasunera bidean doa. Oraindik ere Erreinua osatzen ari da. Gu jarri baikaitu berak Erreinu horren langile bezala. Mundu hau Erreinu bihurtzea tokatzen zaigu. Gorrotoak eta eragin giza-zapaltzaileak eta kendu, eta maitasunaren eta askatasunaren erregetza gozoa zabaldu han-hemen! Horixe dugu egitekoa! Hori guztia, agian, eguneroko gurutzetik egin beharko dugu: gaixoalditik, bakoitzaren pobreziatik, ezinetik... hori guztia maitasunaren bihotz handiz biziz. Jesusek bere Erreinua gurutzetik adierazi baldin bazuen, guk ere beste horrenbeste! Gurutzeko hitza baita, maitasunaren hitz bizi-emailea, hitzik adierazkorrena eta hitzik sinesgarriena! Gurutzeko hitza da erregearen hitza!

Goazen Eukaristiara! Horra Erregetzaren aulki maitasunezkoa! Horra Erregearen tronua! Graziazko eta dohain doanezkoaren eserlekua! Gurutzeko harekin esan diezaiogun: «Jesus, oroi zaitez nitaz zure erreinuan». Eta izan esperantza, beraren erreinu betea jasoko dugu hementxe, Eukaristian.

Liturgi lagungarriak

A) APAIZAREN MONIZIOAK  
 

AGURRA ETA HASIERA
Bizien Jainko den gure Jauna, zuekin!

Oraindik ez dira egun asko, Jainkoaren bizia gozatzen duten santu guztien festaburua ospatu genuen, eta Jainkoak guztientzat nahi duen berpiztea espero duten hildakoen oroipena ere egin genuen.
Igande honetako irakurgaiek hari berean jarriko gaituzte: Jainkoak bizia nahi du guztiontzat. Jainkoak ez du nahi gizakiok hiltzerik, denok bizitzea baizik; guztiontzat berpizkunde zoriontsua nahi du.
Horrexegatik gaur ere, beste igandeetan bezalaxe, itxaropenez beterik eskerrak eman diezazkiokegu gure Jaunari, gure artean tarteko azaltzen baitzaigu.

Bekatuak heriotzaren atarian jartzen gaitu. Biziaren misterioa ospatzeko, eska dezagun barkazioa. Zabal diezaiogun gure barrena Jainkoaren bizi berriari.

- Jesus Jauna, guztiontzako biziaren iturria. Erruki, Jauna.
- Jesus Jauna, hilen artetik betirako piztua. Kristo, erruki.
- Jesus Jauna, gure itxaropenaren oinarri sendoa. Erruki, Jauna.


PREFAZIOA
Elizaren esker onezko otoitz nagusian parte hartu behar dugu orain. Izan ere, Jesu Kristok, bere heriotza eta piztueraz, betiko bizirako bidea urratu baitigu. Pozik, esperantzaz, gorets dezagun eskerrak emanez.


GURE AITA
Jesu Kristorekin bat eginik, Aitaren Erreinuan bizitzera deituak, beldur gabe esan dezagun.


HONA HEMEN
Hona hemen Jainkoaren Bildotsa, munduari bizia emateko zerutik eman zaigun ogi bizia. Zoriontsuak Jaunaren mahaira deituok!





B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK
1) Igande honi dagokion lehenengo irakurgaia entzutera goaz. Testamentu Zaharretik hartzen dugun testu honek, fedearen kontrako erasoez hitz egiten digu. Entzun dezagun eta miretsi dezagun israeldar zintzo haien leialtasuna.
2) Bigarren irakurgaiak ere fedeaz eta itxaropenaz hitz egiten digu. Jaunarekiko leialtasuna indarrean gordetzeko, fedea eta itxaropena behar dira gure mundu honetan.




HERRI-OTOITZA    
Senideok: Jainkoak gizaki guztien bizia nahi duela jakinik, itxaropenezko otoitz beroa egin diezaiogun denen alde.

*    Eliza osoaren alde: Jainkoaren Erreinuaren berri emanez, biziaren mezu ederra hots egin eta aldarrika dezan gizartean.

*    Herri guztien alde, Siria eta gerran ari diren beste herrien alde: bizi ezinaren eta heriotzaren morrontza eta tristura gaindituz, bizi hobearen esperantzak poztu ditzan.

*    Beren bizitzaren azkenean edo hilzorian aurkitzen direnen alde: azken une nagusi horren handitasuna, bakean eta esperantzan burutu dezaten.

*    Itxaropenari eutsi ezinik, bakardadean edo etsita bizi direnen alde; gure gaixoen alde; Italiako lurrikarak zauritu dituenen alde: betiko biziaren esperantzak barrutik indartu eta poztu ditzan.

*    Eukaristi mahai honen inguruan aurkitzen garenon alde: betiko bizitzaren esperantzan bizi gaitezen, esperantza hori gure eguneroko bizitzan erakutsiz.

Entzun, Jauna, gure eskariak eta Eliza osoarenak. Eta emaguzu une bakoitzean behar duguna zure Erreinurako bidea leial egiteko. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.




HOMILIA
Senideok: gure basoetara begiratuz gero, udazkenaren eraginari erraz antzematen zaio. Haizearen eraginez edo berezko ezinez, orain horitzen ari diren hostoak pilaka eroriko dira lurrera. Udazkanaren abiadan, Elizaren liturgiak bizitzaren gainberari begira jartzen gaitu. Guztiok, eguneroko horixkatze geldi ezinez, heriotzera goaz. Liturgi urtea bere azkenera bezalaxe, bakoitzaren bizitza ere azkenera. Bizitzaren legea da.

Gizakiaren azken zoriaz pentsatzea, hitz egitea, jardutea, ez da erraza eta ez da ohikoa. Gure zibilizazioak isiltasunezko estalki bat bota nahi du errealitate honen gainera. Badirudi ez dela gustu oneko kontua heriotza aipatzea, gizon-emakumeon bizitzaren atala ez balitz bezala. Askotan heriotza guztioi halabeharrez gertatzen zaigun ezbehar edo istripu bat izango litzateke. Etorritakoan etortzen da eta kito! Hala beharko zuen, esaten da etsipen punttu triste batez.

Elizak, ordea, maite du gure bihotza geure azken zoriari begira jartzea. Izan ere, Elizarentzat eta fededunarentzat, azken zoria betiko bizia baita. Heriotzaren ondoren, hemengoaren ondoren, bada harutzagoko bizia. Jesusek esan du Ebanjelioan: "Ez da hilen Jainko, bizien Jainko baizik". Eta bizien Jainkoarengan sinesten duen Elizak, badaki hemengo bizitza beste bizitza horretarako ibilaldia dela. Eta gerokoa ez dela oraingoari datorkion ezbehar bat, gure bizitzak espero duen betirako geroa baizik. Jainkoak ez gaitu heriotzean baztertuta uzten. Harengan dena bizia baita. Horretatik datorkigu gure esperantza: mundu honetako ahuldade guztien gainetik, Jainko berberaren betetasuna dugula amets eta helburu.

Esperantza horrexek eragiten du lehenengo irakurgaian ikusi dugun zintzotasun eta leialtasun hori. Jainkoa zerbitzatzea merezi du, horixe baita bizia. Jainkoari leialtasunez entregatzen zaion guztia, betiko biziaren garantia eta segurantza bihurtzen da. Jainkoa zerbitzatzen duenak ondo baino hobeto daki, Jainkoak ez duela kinka gaiztoan edo ezintasun ilunean utziko. Jesu Kristoren pazkoa dugu honen oinarria: Pazkoa da Jainkoaren biziaren agerpen betea, fededunak heriotzetik ateratzen dituen biziaren agerpena.

Horrek badu beste ikasgai bat ere: gero Jainkoaren bizia bete-betean gozatu nahi duenak, hemendik bertatik hasi behar du bizi hori bizitzen. Ez zaigu akaso, lehenengo irakurgaiko fededun haiei bezala, bizitza ematea tokatuko. Baina haiek bezalaxe gure bizia Jainkoaren zerbitzura emanez bizi behar dugu.

Honen guztiaren atzean gauza bat dago argi: hil beharra. Heriotza. Gure mundu honetako bizitza seko ebakitzen duen gertaera. Ez litzateke ona izango, heriotzari begiratzea beldurra eta izu-ikara sortzeko. Baina ez genuke ahaztu behar, heriotza gure bizimoduaren atal garrantzizkoa dela. Zinez eta era betean bizi nahi duenak, heriotzari begiratzen jakin behar du. Heriotza argitu ez duenak ez daki bizitzen. Eta heriotza argitzeko bide bakarra, Jainkoak ematen digun betiko bizia estimatzea da.

Baina nola izango da betiko bizitza? Ez al da amets hutsa? Betiko bizitza amets hutsa balitz, gure Jainkoa ere halaxe izango litzateke. Baina, Jesus berpiztuarengan argi azaldu zaigun bezala, Jainkoak amaigabeko eta neurrigabeko bizia eman digu bokazio. Eta nolakoa izango den ez badakigu ere, badakigu Jainkoak bere bizian parte emango digula. Beste eztabaidetan jardutea, hemendik beste bizia ulertu nahia besterik ez da. Guk gure Jainkoaren bizi-eskaintza ezagutzea aski dugu, besterik gabe heriotzari itxaropenez begiratzeko.

Senideok, gaurko igandea, esperantzara deitzen gaituen igandea dugu. Adina aurrera dihoan neurrian, edo gaixotasunak zauritzen gaituenean, edo gure indarrak ahultzen dihoazkigunean, badirudi dena hutsaren maldan behera dihoala, inolako irtenbiderik gabe gainera. Baina guk ez dugu itxaropena galtzen. Jakin badakigu eta, bizi beharraren galburu horitua ari dela agertzen. Bizitzen dakienak daki hiltzen. Hiltzen dakienak daki bizitzen. Eta hiltzen eta bizitzen jakiteko, bizia sinetsi behar da. Bestela, hil eta galdu behar duten gauza neurtuen zerbitzari begi-motzeko bihurtzen gara. Zertarako zerbitzatu betirako balio ez duena? Zertarako eman bihotza bizia ugaltzen ez digunari?

Gaixo zaude? Ez zaitez larritu, ez bakea galdu. San Paulok esan digu: "Leiala da Jauna; Berak sendotuko zaituzte". Zure fede-bizitza latza eta esker txarrekoa gertatzen zaizu askotan? Ez erori, "Jaungoiko gure Aitak poztu ditzala zuen bihotzak". Ez duzu, egiten duzunaren emaitzik ikusten eta etsita zabiltza? Ez etsi, "Jaunak sendotu zaitzatela egite eta hitz on guztietarako". Egunero, inolako kobrantzarik gabe, egunero maitatzea eta barkatzea eta zaila gertatzen zaizu? Dena bertan behera utziko zenuke? "Egiozue otoitz,  betiereko poza eta zorionaren itxaropena ematen dizkigun Jaunari".
Gaurko Hitzak itxaropen sendoa eman behar digu.

Ahor, adiskideok, esperantzarako deia. Orain Eukaristiaren mahai bizira hurbiltzen gara. Biziaren dohaina ospatzera goaz. Betiko biziaren Hitza entzun ondoren, betiko biziaren janaria hartuko dugu. Hauxe dugu gure poza. Eta hartzen dugun indarraz, aurrera egingo dugu gure bizitza laburra betiko bizitzaren edertasun neurrigabera gidatuz eta zuzenduz. Aitor dezagun sinesten dugula betiko bizia!

FaLang translation system by Faboba

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.