liturgi lagungarriak

hgdgfhdh

Liturgi lagungarriak

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

AGURRA ETA SARRERA

Herri guztien argi izateko Aitak mundura bidali duen Jesu Kristo askatzailea, bego zuekin!

 

Orain bi mila urte hasi zen gure historiaren barruan bide berri bat, Nazareteko Jesusen bidea. Zerbitzuz eginiko bidea, heriotzaraino maitasun-leialtasunez eginikoa, pobreentzako itxaropen zen bidea. Jainkoaren bidea den bide berria. Jesusek berak esaten digu nolakoa den bide hori: «Besteak zerbitzatu eta guztien alde bizia eman».

Bide horixe da misiolariek betidanik eta alde guztietan egin dutena. Pobreenak zerbitzatuz, pobreek Jesus ezagutu eta maita dezaten. Domund ospatzen dugun igande honetan ez dugu hori ahaztuko. Misiolari guztiekin bat eginik sentitzen dugu geure ospakizun hau. Asko Arantzazu honetatik joanak dira.

 

 

Isilean aitor dezagun ez daukagula espiritu misiolaria, ez zaigula zerbitzea gehiegi gustatzen.

 

– Jesus Jauna, zeure bizia maitasunez eman duzuna. Erruki, Jauna.

– Jesus Jauna, Erreinurako bidea urratzen diguzuna. Kristo, erruki.

– Jesus Jauna, herri guztientzat argi eta erruki zarena. Erruki, Jauna.

 

 

PREFAZIOA

Esker onez zabal dezagun geure barrua Eukaristi otoitzaren kantu honetan eta gorets dezagun azkeneraino maitatu gaituen leialtasun ederra.

 

 

GURE AITA

Jesu Kristorekin bat eginik eta munduko hizkera guztietan esaten den otoitza aho-bihotzetan dugula, eska dezagun etor dadila mundura maitasunaren erreinua.

 

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

Jainkoaren zerbitzariaren kantikaren azkena hots egiten du irakurgaiak. Zerbitzariak bizia ematen du askoren salbamenerako.

Hebertarrei egindako gutunak Apaiz Nagusiarengan sinestera eragiten digu. Kristo, gu bezalaxe, probatua izan zen eta orain bitarteko dugu Aitaren aurrean.

 

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

Herri guztien argi eta askatasun den Jesu Kristori dei egiten diogu orain, uste onez eta pobreen beharrak kontuan harturik.

 

Aita Santu eta Gotzainen alde: Jaunak bere graziaz bete ditzan eta bihotz handi eta zerbitzaria eman diezaien.

 

Jesu Kristorengan sinesten ez dutenen alde: lehenbailehen iritsi daitezen Berri Onaren poza eta askatasuna ezagutzera.

 

Misio-herrietako Elizen alde: herri behartsuen erdian esperantzazko gune izan daitezen, zerbitzuz eta hurbiltasunez.

 

Misiolari guztien alde: jakin dezaten gaitzari aurre egiten eta behartsuen bidean sendo irauten.

 

Igandeko meza honetan parte hartzen dugun guztion alde: gu geu ere misiolari senti gaitezen, eta Berri Onaren zabalkundean ahalginez saia gaitezen.

 

Entzun, Jesus Jauna, gure otoitza. Isur ezazu gure bihotzetan zeure Berri Onaren poza, herri guztiek zure leialtasuna eta ontasuna ezagutu ditzaten. Zu baitzara gure askatasun eta pozbide gizaldi eta gizaldietan.

 

 

 

 

 

HOMILIA

Senideok, kristau-bideek ez dute aginte- eta indar-bideekin zer ikusirik. Jesus ez baitzen mundu honetara etorri bere buruarentzat zerbitzuak eta ahalmenak bilatzera, besteak zerbitzatzera baizik, eta haien mesederako bere bizia ematera. Eta Jesusek nekaldirainoko maitasuna erakutsi zuenetik, zerbitzu-bidea lege eta bide egina geratu da fededunontzat.

 

Egia da, geurez eta geuretik sortzen zaiguna ez da zerbitzatzea, ez da kobrantza gabeko maitasuna erakustea. Joanen eta Santiagoren eskari interesatuak askoz hobeto erakusten du guri sortzen zaiguna: aulki ahaltsuak bilatzen ditugu, agintea, ospea, besteen gorespena, besteen gainetik azaltzea. Ez dakigu zerbitzatzen. Ez dakigu besteei begira eta ingurukoen beharrak kontsideratuz bizitzen. Eta geure intereskeria itsuak ez digu uzten bizitzen. Beti lehian gabiltza. Beti norgehiagoka. Beti besteak nola azpaian hartuko. Eta bide horretatik, gizarte lehiatsua, gizarte gogorra, egin dugu.

 

Jesusen bidea geuri geurez ez sortzea ez da asko harritzekoa. Izan ere, maitasunak sufrimendua dakar beti berekin. Maite duenak eta besteen mesedea bilatzen duenak, gaur ez bada bihar, honengatik ez bada hargatik, baina sufritu egin behar izaten du. Ama bati gertatzen zaiona: beti bere seme-alabengatik sufritzen bizi da. Jaiotza-uneko erdiminek amaigabeko bokazioa adierazten dute: sufrimenduz sortu dituen amak sufrimenduz maitatuko ditu beti bere seme-alabak. Eta halaxe gertatzen zaio fededunari: beti besteen ona bilatzera eragiten dio bere fedeak, eta besteen interesa bilatzeak geure buruaz ahaztea ere esan nahi du, eta horrek beti sufrimendua darama berekin. Sufrimendurik gabeko benetako maitasunik ez dago mundu honetan. Zerbitzua ez da, beraz, berezkoa inorengan.

 

Zerbitzatzen ikasi egin beharra daukagu. Nola ikasi? Nik uste dut bide bakarra dagoela: Jesusi begira! Nola ikasi zuten Santiagok eta Joanek zerbitzu-bidea, lehen aginte-zale izanik? Jesusen esperientzia bizi izan zuten, eta nola bizi gainera! Jesusen nekaldiko esperientzia latza bidea ikasteko eskola izan zen. Ikusi zuten Jesusek, ahalmen guztiak izanik eta bizia nolanahi eta nonahi sortzeko ahalmena izanik, ez zuela bere indarra bere burua salbatzeko erabili; baizik eta maitasunaren alde eta gizon-emakumeokiko zerbitzuaren alde, bere bizia ahuldade gorrian eman zuela. Eta hiltzerainoko zerbitzu isil eta apal hark ez zituen lehenean utzi. Gurutzeko ikuskizun sufritzaileak barrua erabat berritu zien. Eta Jesusen zerbitzu erabatekoa ikusi zutenetik, ederki ulertu zuten zertan eta nola zehazten zen Jesusen segizioa. Jesusi jarraitu nahi zionak ez zeukala gizarteko norgehiagoka eta borroka interesatuetan ibiltzerik; Jesusek zerbiztua eskatzen ziola bere jarraitzaileari.

 

Gaurko fededunok ere ez daukagu beste biderik zerbitzua ikasteko: Jesusi begiratu. Eta Jesusengan ederki ikusten da gaurko Elizak ere ez daukala zer eginik zerbitzuan eta maitasunean urtzen ez bada. Eta, egia esate aldera, badaukagu zer ikasia: oraindik ere gure Elizak garai bateko botereen ezaugarri dezente dauzka eranzteko. Oraindik ere gizartean bere lekua eta bere eragina mantendu nahi duela erakusten duten seinale dezente dauzka. Eta zerbitzu-bidea eta ezkutatze-bidea onez onartzen ez dituen bitartean, Eliza hau bere azalkerian indargabetuko da. Elizak gaur egun erakusten duen ahuleziara tolestatu beharra dauka. Eta erabili behar duen indar bakarra zerbitzuarena eta xumetasunarena da. Handikeriek ez diote Elizari sekula atarramendu onik ekarri.

 

Gaur, DOMUND eguna ospatzen dugunean, hortxe daukagu adibide eta eredu ederra: Elizak bere historian ederki asko erakutsi du zer den zerbitzatzea, eta gaur ere hala erakusten ari da hirugarren munduko herri askotan. Zenbat gizon eta emakume misio-lurretan eguneroko zerbitzu eta maitasun benetakoa erakusten pobreenen alde! Zenbat heldu eta gazte, bere ordu onenak pobreen zoriari lotuta ematen! Zenbat apaiz, erlijioso/sa eta laiko munduko pobreenen zoria hobetzen eta askatzen! Beren lurra eta bizibide lasaia alde batera utzi eta biluzik joan dira eta misio-lurretan ari dira beren bizia eguneroko jardunetan aletzen. Eliztarrok geure misiolariengan daukagu kristau-bizitzaren adibide eder askoa, zerbitzatzen ikasi nahi bagenu!

 

Gure gizarteak ere behar ditu ba zerbitzariak, ezer behar baldin badu. Inoiz ez bezainbat zerbitzu dauzkagu gizartean: osasuna, heziera, bideak... inoiz ez bezala zerbitzatuak gabiltza eguneroko bizibidean. Baina, beharbada, pertsona bera zerbitzatuko duten gizon eta emakumeak behar dira: zaharrekin beren denbora emango dutenak, gaixoak bisitatu eta pozteko beta hartuko dutenak, gazteekin hauen arazoez hitz egiteko pazientzia izango dutenak, ezkonduen arazoak entzun eta haiek konpontzen lagunduko dutenak, pertsonen bakardadea lagunduko dutenak, kalean adiskidetasunezko agurra egingo dutenak, gutxitu fisiko edo psikikoei eskua luzatuko dietenak, drogomenpetuen barruko arazoak aditu eta ulertuko dituztenak, etxetik aldegin eta kale bazterrean bizi direnei kariño pixka bat erakutsiko dietenak, beren herria utzi eta gure herrira etorri diren etorkinei etxeko eta bihotzeko ateak irekiko dizkietenak... Zerrenda hau asko luza daiteke, horretan hasita!.

 

Jesusen segitzaile izatekotan, geureaz ahaztu eta besteei begira bizitzen ikasi behar dugu. Sufrituarazi egingo digula zerbitzuak? Bai, noski! Baina aurrez eta gehiago sufritu duenak babesten du gure zerbitzua eta gure sufrimendua. Eta haren besarkada izango dugu, eta halaxe dugu gaur ere, gure sari betea. Agintearen ezker-eskuinak utzi eta gatozen zerbitzuaren neurrietara eta bila ditzagun gizarteko pobreenak, haien zoria askatzeko eta pozteko.

 

Gure Ama Mariak eta Jesus berak eman diezagutela zerbitzurako espiritua eta talentua. Eta orain ospatzera goazen Eukaristiak erakuts diezagula ogi zatitu eta banatua izaten. Hori baita Jesusek egin zuena eta egiteko esan ziguna.

Liturgi lagungarriak 

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Ongietorriak denok Igandeko ospaketara. Ondasun guztien Jauna zuekin!

 

Gure batzarra, Jaunaren deiari ematen diogun iganderoko erantzuna da. Jaunaren hitza etzutean eta haren dohaina jasotzean, fedezko erantzuna ari gara ematen.

Ba al da aberastasun beteagorik eta ederragorik? Zabal diezaiogun gure bihotza Jaunari, bere ontasun ederrenez bete gaitzan eta gure eguneroko bizitza ere fedezko erantzun bihur diezaiogun.

 

Jainkoaren deiari ez diogu beti behar bezala erantzuten, hori badakigu. Horregatik, ospaketaren atarian, Jaunaren errukiari bere babesa eskatzen diogu.

 

- Jesus Jauna, gu aberasteko behartsu egin zarena. Erruki, Jauna.

- Jesus Jauna, gure ondasunik ederrena zaituguna. Kristo, erruki.

- Jesus Jauna, dena utzi eta zuri jarraitzeko deia egiten diguzuna. Erruki, Jauna.

 

 

PREFAZIOA

Geure barrurik gordeenean esker onaren kantua sortu behar dugu. Horrela bakarrik izango du Eukaristi otoitz honek indarra eta giharra. Ospa dezagun Jaunarekin bat egitearen poza.

 

GURE AITA

Behartsu garela jakinez, baina gure ustea behartsuak goratzen dituen Jaunarengan jarriz, esan dezagun denok batera:

 

 

 

 

 

IRAKURGAIEN MONIZIOAK

1) Zoriona non dago? Ondasunetan? Jakindurian? Zintzoaren aukera garbia da. Eta gurea, gure aukera, zein da?!

2) Jainkoaren Hitzak barrura jotzen du, bizia emanez. Onartzen ez badugu, ordea, epaia gertatzen da.

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA

Orain bat egin dezagun guztion otoitz zabalean. Otoitz egin dezagun gizon-emakume guztien alde, Elizaren alde, gure herriaren alde, geure alde.

 

Elizaren alde eta bera osatzen dugun guztion alde: gure bizitzaren ardatz Jesu Kristo eta beraren Berri Ona izan ditzagun, eta ondasunen eta agintearen grinaz ez gaitezen bizi.

 

Beren bizitza besteen zerbitzura eman dutenen alde:  Espiritu Santuaren poza eta indarra izan dezaten beti.

 

Ondasunak dauzkatenen alde: jakin dezaten ez daukatela beren ondasunak nolanahi erabiltzeko eskubiderik, jende asko gosez eta beharrean bizi den bitartean.

 

Gaisoen eta sufritzen ari diren guztien alde; lur berrien bila dabiltzan etorkinen alde:  beren egoera itxaropenez bizitzeko behar duten barne-bakea izan dezaten.

 

Gu guztion alde: hemen Eukaristian adierazten dugun senidetasuna eta maitasuna, eguneroko bizitzan bizitzeko prest egon gaitezen.

 

Entzun, guztion Aita, eskabide hauek. Ase gaitzazu zure errukiaz eta gure bizitza poztuko diguzu. Hala eskatzen dizugu Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

 

 

 

HOMILIA

Adiskideok: entzun ditugun hitz hauek eta Jesusek adierazi duen postura honek, egundoko indarra dute beren barruan. Jesusen hitz hauek ez dira azpiko aldetik, isilean bezala, pasatzekoak. Banan-banan irakurtzeko eta hausnartzeko hitzak dira. Gutxi gora-behera badakigula zer dioen, eta ertzetik ospa egitea, postura errazegia eta gezurtia izango litzateke. Eta guk ez dugu postura horretan ezkutatu nahi.

 

Jesusen proposizioa edo eskaintza, erabatekoa da, bai ala ez. Jesusekin ez dago bai eta ez ibiltzerik, erdipurdika, «erdibide goxo eta erosoetan». Jesusek bere jarraitzaile izan nahi dutenei egiten dien eskaintza, serioa da eta, jakina, ederra, oso ederra. Eta Jesusekin berarekin topo egitetik sortzen den eskaintza da. Hemen ez dago teoria eta doktrina gehiegirik. Jesusekin topo egiten duzu eta barrutik harrapatua, joa, ukitua, sentitzen zara. Berarekin topaketa pertsonal bat gertatzen denean, ebanjeliokoari sortu zitzaion galdera sortzen zaizu: «Maisu, zer egin behar dut?». Eta hortxe dator eskaintza, proposizioa. Jesusek garbi asko esango dizu non daukazun beraren jarraitzaile izateko eragozpenik sendoena: dirua, ondasunak, gauzak eta segurantza ematen digun guztia (famili bizitza bera ere izan daiteke Jesusi jarraitzea eragozten duen segurantza, Pedrori esan dion bezala).

 

«Mandamentuak betetzea ez da gutxi», esango didazu akaso. Beste perfekzio horiek ez dira guztiontzakoak, aginduta dagoena betetzea erraza balitz bezala! Aizu, nik ez dut esan gutxi denik. Jesusek «maitasunez begiratu zion» mandamenduak bete zituen ebanjeliokoari. Baina, bada beste maila bat. Bada Jesusek eskaintzen duen beste biziera bat, beste proposizio bat: Jesusen jarraitzaileak ez dira konformatzen mandamentuak betetzearekin. Jesusen jarraitzaileak badakizu nortzuk diren? Ahalmena, altxor paregabea, topaketarik bikainena, Jainkoaren erreinua dela ikusi dutenak. Eta, ondorioz, daukaten guztia behartsuei eman eta Jesusi jarraitzen diotenak. Jainkoak badu hori gertarazteko ahalmenik. Jainkoak badu pertsona bati bere erreinua ondasun berdingabeko bezala ikustarazteko edertasunik!

 

Begiratu besterik ez daukazu: Pazko ondorengo kristau elkarteak, lehenengo elkarteak ez zuen aski ikusi mandamentuak betetzen zituen elkarte izatea.  Lehen kristau-elkarteak garbi ikusi zuen, mandamentu betetzaileak baino gehiago zirela; bizitzeko estilo berri baten adierazle ziren. Horregatik, sentiera eta pentsaera berbera dute, daukaten guztia guztientzat daukate, inork ez dio berea deitzen daukanari. Hori da mundu honetan bizitzeko estilo berria! Eta galdetzen dut: ez ote da hauxe lehenengo irakurgaiak aipatu digun zentzu ona? Zentzu estimagarria, maitagarria. Ondasun eta edukibehar guztiak baino gozoagoa eta gizaegileagoa? Bai, noski!

 

Hortxe dago eskaintea, entzule fededun. Eskaintza hortxe, bizi, eder, txokante... eta erakarle ere bai! Denok sentitzen dugu barruan zerbait sekretua, gordea: horrela behar luteke gauzek! Baina... betiko gure «baina hegomotzak». Baina guztiak hor badaude ere, ezin gaitezke hitz honen aurrean «pasoka» ibili. Eta Jesusen dei hau gutxienez gure bizitzarekiko galdera bihurtu behar dugu. Jesusen jarraitzaile baldin bagara, ezin geldi gaitezke, mandamentuak betetzen ditugula esanez. Bada gehiagokorik!

 

Beste ezeren aurretik, aurrena txalo bat jo behar dudala uste dut: dena utzita erreinua zerbitzatzen ari direnentzako txaloa. Badira laikoak, erlijioso/erlijiosak, apaizak, dena utzi eta behartsuen zerbitzura jarri direnak, erabat jarri ere. Berdin zait hemen izan edo hirugarren munduan izan. Kristau izateko eta munduan aritzeko estilo berria hortxe dago! Bistaratu duten jestoa ere hortxe dago! Erakutsi duten fede-giharrea ere hortxe!

 

Hori egitea agian urrutitxo ikusiko dugu, ezta? Baina, entzun dugun Jainkoaren Hitzaren aurrean, gauza bat ikusi behar dugu: ezin geldi gaitezke ondasunen distirarekin itsututa. Ezin bihur gaitezke erosotasunaren bilatzaile amorratu. Ezin erori gaitezke diruzale grinatsu izatearen morrontza lotzailean. Ekonomi arazoak gordinak dira, larriak zenbaitetan. Lanik eza, eskasia, segurantzarik eza. Jende asko dabil arduran. Eta bestaldetik, gizartearen aurrean posizio bat, maila bat erakutsi beharrak ere borrokan jarri gaitu. Lana egin, irabazi, gastatu, lan gehiago egin, gehiago irabazi, gehiago gastatu... inoiz azkeneko muturra ikusten ez zaion soka luzea. Eta hori, kristau garelakoan! Mandamentuak betetzen ez ditugu ba!?

 

Hemen galdera asko dago, adiskidea! Zer egiten dugu geure diruarekin? Ba al dakigu gure ondasunak ez direla gureak eta Jainkoaren erreinua aurkitzea eragozten digutela? Egiten dugun gastu asko beharrezkotzat jotzen dugu: hala al da? Gure beharra baino gorriagoa ez ote inguruko behartsuren baten beharra? Eta hau guztia perfekzio handitzat baldin badaukazu, beste erako galdera egingo dizut: ari al zara dei honetara hazten? Edota, lehen baino diruzaleagoa aurkitzen al duzu zeure burua? Asisko Frantzisko baten ibilbidea bestelakoa izan zen: ezer galtzekorik ez zeukanean, pobreen aldeko apustua egin zuenean, libre egin zen, erabat libre, edertasun beteko libre!

 

A! eta bukatu aurretik gauza bat esan nahi nizun: hemen ez da ezer galtzen, hemen erreinua irabazten da. Hemen gizatasunaren neurri zabalago eta askatuagoak ikusten dira. Horrelakoxea da Jesusen eskaintza! Ba al zatoz estilo berri honetan bizitzera!?

Eukaristiak ager diezagula Jesusekin topo egitearen aberastasun bikaina!

Liturgi lagungarriak

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK

 

AGURRA ETA SARRERA

Bere bizia guregatik emateraino maitatu gaituen Jauna zuekin!

 

Behin baino gehiagotan entzun izango dugu: «Zuek mezetara joan bai, baina ez dihoazenak baino okerragoak zarete». Esaldi horrek kritika hutsa gorde dezake barnean; baina egia ere gorde dezake. Igandero mezetara etortzeak konpromiso berezia sortzen baitigu.

Zertara biltzen gara Eukaristiara? Jesusen jarraitzaile garenez, berarekiko harremana bizitzera eta haren antza hartzera, Ebanjelioarekin leial jokatu ahal izateko. Ebanjelioarekiko leialtasuna adierazten dugu ospaketan. Eta leialak ez garenean, jakina!, engainua bizi dugu.

Ea gaurko ospaketak benetan kristau izatera eragiten digun!

 

Isilean, eska diezaiogun Jaunari errukia eta onginahia.

 

– Jesus Jauna, gure argi eta bizibide zarena. Erruki, Jauna.

– Jesus Jauna, Erreinuko langile egin gaituzuna. Kristo, erruki.

– Jesus Jauna, zeure Espirituaz eragiten diguzuna. Erruki, Jauna.

 

 

PREFAZIOA

Esker onez beterik jaso dezagun gure bihotza Aitarengana, hainbeste dohain eman baitigu bere Seme Jesusengan! Oraintxe bertan ere presente egingo zaigu aldareko ogi-ardotan. Fede sendoz gorets dezagun!

 

 

GURE AITA

Jesusek irakatsi digun bezala, Eukaristia hartu aurretik, otoitz egin diezaiogun Jainko Aita onari.

 

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

1) Espiritua ezin dezake inork beretzat lotu. Israeldarrak harritzen badira ere, Jainkoak bere Espiritua nahi duenari eman diezaioke. Ebanjelioan ere jokaera horixe erakutsiko du Jesusek.

 

2) Santiagoren eskutitzari azken zati bat irakurtzen diogu gaur. Amenazu handitxoa daukagu, erne entzun beharrekoa. Jainkoa bera dugu ohar hau egiten.

 

 

 

HERRI-OTOITZA

Jainkoaren seme-alaba izateak ematen digun uste onez, otoitz egin diezaiogun gure Aitari, geure alde eta gizon-emakume guztien alde.

 

 Gerraren eta gosearen tragedia bizi duten herrien alde; Siriaren eta Iraken alde…

 

 Munduaren norabideak eta ekonomiaren martxa beren eskuan dauzkatenen alde…

 

 Langabetuen eta ekonomi-zapalketa gehien nozitzen dutenen alde…

 

 Caritas erakundean lanean ari direnen alde… Lanpostuak, batez ere gazteentzat, sor ditzaketen enpresarien alde…Etorkinen eta errefuxiatuen alde...

 

 Gure elkarteen alde… Geure alde eta gure senide eta adiskideen alde…

 

Entzun, Aita, gure otoitza; isuri zure maitasuna munduko gizon-emakumeen gainera, eta lagun iezaguzu Ebanjelioarekiko leialtasunean bizitzen. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

 

 

 

HOMILIA

Senideok, ez da erraza beharbada, baina Ebanjelioan sinesten duenak, begirada zabalekoa izan behar du, ez du Ebanjelioa esparru estuetara behartu behar, Ebanjelioaren indar kontrolaezina errespetatu egin behar du. Eta jarrera horren barruan, bere indar guztiak Ebanjelio horren zerbitzura jarri behar ditu. Horrela joka dezanak, Ebanjelioaren indar ikusgarria sumatuko du han-hemenka, sorpresaz, harriturik!

 

Zergatik ote da, baina kontrolatzea gustatzen zaigu. Dena geure usteen eta eskemen barruan ongi ordenatua edukitzea. Kontrolatzea. Ezusteek asaldatu egiten gaituzte. Oraintxe bertan, ikasturte berriari ekin diogu, gure parrokietan pastoral urte berria hasi dugu, dena martxan jarri da. Bilera asko egiten ari gara, dena ongi bideratu nahi dugu. Eta hori ongi dago. Baina uzten al dugu zokoren bat sorpresarentzat? Uzten al dugu tokirik Espirituak berekasa sortu nahi izan dezakeen ezustekoarentzat? Edota, horrela esaten ez badugu ere, Espirituari ere gure eskemetatik ateratzea debekatu egin behar ote diogu?

 

Lehen irakurgaiko Eldad eta Medad ez zebiltzan eskemen barruan. Ez ziren batzarrera joan eta, hala ere, Espiritua haiengana jaitsi egin zen. «Debeka iezaiezu», horra gure protesta. Ebanjelioko pasadizoan ere, Joan ez dabil trankil. Deabruak botatzen ikusi dute baten bat, eta beraien taldean ez dabilena. Eta ez dago, ez, trankil. Moisesek lehenengo irakurgaian eta Jesusek Ebanjeliokoan, biek espiritu zabala dute, espiritu irekia, eta badakite Jainkoak nahi duenean eta nahi duen bezala eta nahi duen tokian joka dezakeela. Eta badakite Jainkoaren aztarrenak sumatzen edozein girotan eta tokitan. «Ez galarazi, gure aurka ez dagoena gure alde dago». Egia da, fededunaren barruak, Espirituaren ekintza ikusteko eta onartzeko espazio irekia izan behar luke. Espirituaren askatasuna errespetatu behar luke. Eta, jakina!, besteengan ikusten duen onarengatik, pozten jakin behar luke. Gure eskemetatik kanpo ikusten dugun onak zinez poztu behar gintuzke! Bestela, bada zerbait guregan bere onean ez dagoena, bada zerbait.

 

Gure planteamentuetara etorriz, bi jarrera aipatu nahi nizkizuke, adiskidea. Alegia, fededun bezala edozein ekintza bideratu nahi dugunean, bi puntu hauek hartu behar ditugula kontuan: 

- Lehenengoa da, gure ekintza guztiei ebanjelizazio-kolorea ematea. Gure ekintza eta egintza guztiak Berri On, notizia bihurtu behar ditugu gure inguruan azalduko diren guztientzat. Eta horrek esan nahi du, inor ez eskandalizatzea; batez ere, txikienak ez eskandalizatzea. «Inor ez okerbideratzea» esan digu Jesusek. Ebanjelio-sen honen kontra dihoana kendu egin behar dugu gure ekintzetatik. «Zure eskuak arriskuan jartzen bazaitu...». Guzti-guztia «baso bat ur fresko» bihurtu behar dugu ikusten eta tratatzen gaituztenentzat. Den-dena Ebanjelioaren eskaintza egin. Eta puntu hau oso eskura datorkigu gure parrokietako pastoralgintza bideratzen ari garen egunotan. Ez genuke ahaztuta utzi behar. Nola egin ebanjelizatzaile gure katekesiak, gure liturgiak, gure batzarrak, gure laguntzak, gure... guzti-guztia.

 

- Eta bigarren puntua honako beste hau da: gure planteaketek ez dutela sektarismoan erori behar. Ez dizkiogu Espirituari hesiak eta mugak jarri behar. Gure ekintza Espirituari eskaintzen diogun ahalegina da, eta hortik aurrerakoa Espirituak berak nahi duen bezala egiten du. Eta fededunak hori pozez ikusten du gainera. Espiritua ez da gurea. Espiritua ez da alor batean bakarrik ari. Espiritua ez da Elizarena. Espirituak ez du fededunengan bakarrik jokatzen. Espiritua askatu egin behar genuke guk ezarri dizkiogun lotura zelebreetatik. Halako espaziori lotua, halako portaerari lotua, halako planteaketei lotua... Eta poztu egin behar genuke, parroki egituretatik kanpo ere Espirituak oparo jokatzen duelako, poztu egin behar genuke. Fedeak barru zabalekoak egin behar gaitu. Honek zer esan nahi duen praktikan? Begiak zabalik eraman behar ditugula Espirituaren aztarrenik txikienei usaina hartzeko. Beti zabalik joan behar dugula, on egiten duen edonorekin ekintzan elkartzeko. Ez ditugula pertsonak beren txarteletatik neurtu behar. Gure txartelek ez dute erakusten Espiritua non ari den. Espirituak ematen du egiazko nortasuna.

 

Gaur bertan, Caritasen eguna ospatzen dugu gure Elizbarrutietan. Solidaritaterako deia beste behin. Hainbeste behar dago: langabetuak, sidadunak, drogamenpetuak, inmigranteak... Enpleguaren aldeko ekitaldia da gaurkoa. Benetako drama da langabezia, gazteena bereziki. Santiagori entzun al diozu bigarren irakurgaian? «Zuen ondasunak ustelduta daude». Diruarekiko gure adorazioek ez ote diote «baso bat ur» ukatzen pobreari? Nik badakit hitz ikaragarriak direla horiek, baina ezin gaitezke erdipurdikerian ibili. Ebanjeliozko planteaketak egin nahi baditugu, pobreentzako «baso bat ur» izan behar dute gure ekintza eta gauza guztiek. Bestela, Ebanjelioaren esparrutik kanpo gabiltza, Jaunaren «belarrietaraino iristen baita pobreen deadarra».

 

Eukaristia ospatzera goaz. Ea ospaketa honek bihotz handiko egiten gaituen. Ea gure barruko jarrera eta eskemak irekitzen dizkigun. Izan bedi halaxe!

 

Liturgi lagungarriak

 

A) APAIZAREN MONIZIOAK                                        

 

AGURRA ETA SARRERA

Jauna zuekin.

 

Ongietorri, Jainkoaren maitasuna ospatzen dugun igandeko ospaketara.

Bai, Eukaristian Jainkoaren maitasuna ospatzen dugu beti, Jesu Kristoren heriotza eta piztueran azaldu den maitasuna. Eta ospatzen badugu, zeragatik ospatzen dugu, maitasun hori gaurkoa delako gure bizitzan, maitasun hori gaur gure bizigiroan presente nahi dugulako.

 

Jainkoaren maitasun neurrigabe horren aurrean, gure erruki beharra aitor dezagun sutsu.

 

– Jesus Jauna, maitasunez sortu gaituzu. Erruki, Jauna.

– Jesus Jauna, azkeneraino maitatu gaituzu. Kristo, erruki.

– Jesus Jauna, elkar maitatzeko esan diguzu. Erruki, Jauna.

 

 

PREFAZIOA                  

Jainkoaren maitasuna ospatzean, eskerrak eman behar dizkiogu. Pozik ospa dezagun berak bere bizia gure eskuetara ematea, orain ogi eta ardotan jasotzen dugun bizia.

 

 

GURE AITA                  

Maitasunez sortu gaituen Aitari eska diezaiogun egin dadila Beraren nahia gure bizitzan.

 

 

HONA HEMEN             

Hona hemen Jesu Kristo; bera zintzoa izan da gurekin eta gizon-emakume guztiekin. Zorionekoak maitasun-mahai honetara deituok.

 

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

1 – Gaurko Ebanjelio-zatiak senar-emazteen arteko maitasunaz hitz egingo digu, maitasun horren indarraz eta iraupenaz. Ebanjeliorako prestatzen gaituen lehenengo irakurgai honetan entzun dezagun emakumearen sortzearen kontakizuna.

2 – Hebertarrei egindako epistolari ekiten diogu gaur. Liturgi urtea amaitu bitartean hortik irakurriko dugu bigarren irakurgaia. Idazki honek gogoetan jartzen gaitu: Jesus, hark gure artean egindako bidea, beraren heriotzarainoko leialtasuna... horiexek ditu hausnargai.

 

 

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA                                    

Senideok: aurkez diezazkiogun orain gure Aitari gure eskari eta beharrak bihotz xumez eta uste onez.

 

Elizaren alde:  beti behartsuen alde jokatuz, gizadiarekiko Kristoren maitasuna argi eta garbi erakuts dezan.

 

Gizon-emakume guztien alde eta, batez ere, behartsu eta alboratuen alde: guztien duintasuna aitortzen duen senitartea osa dezagun. 

 

Ezkondu guztien alde: senar-emazteen arteko maitasuna handiagotu dadin, egunean-egunean gehiago maita dezaten elkar.

 

Miseria, zapalketa eta gerra nozitzen duten herrien alde: gizatasun betean hazi eta garatzeko askatasuna eta duintasuna izan ditzaten.

 

* Geure alde, gure senitarteko eta adiskideen alde: ospaketa honek Jesu Kristoren jarraipidean leialago egin gaitzan, Mariaren antzera.

 

Entzun, Aita ona, egin dizkizugun eskariok. Isur ezazu gizon-emakume guztien gainera zure maitasun oparoa. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

 

 

 

HOMILIA                                 

San Markosen Ebanjelioari jarraituz, Jesusen Berri Ona jasotzen ari gara igandez igande. Askotan, entzuten dugun Ebanjelioa poz-iturri gertatzen zaigu. Behin baino gehiagotan, Ebanjelioak esaten eta eskatzen duena erabat onargarria iruditzen zaigu, gizarteak berak ere bere balio bezala onartua daukalako. Baina, beste batzutan, Jesusek esaten duena ez zaigu ez hain garbia eta ez hain onargarria iruditzen, gizartearen jokabideak beste bide batetik dabiltzalako.

Eta gaurko Ebanjelioaren hitzak azken kasu honetan sartu behar ote diren pentsatzen nago. Ezkontzari buruz, gaurko gizarteak onartu eta lege bihurtu dituen jokabideak hortxe daude. Dibortzioa dela eta ez dela, maitasuna bizitzeko era guztietako askatasuna...: gurea ez da, noski, une honetan horren guztiaren kontra aritzea. Gurea da, Jesusen hitza entzun eta Jainkoaren lehen asmora itzultzea. Ezkontzari buruz, zer nahi du, zer asmo du Jainkoak?

Aurrena esan beharko genuke, kristauok oso beharrezkoa dugula, ezkontza-bizitzan, Jesusen Hitza askotan entzutea. Hain zuzen ere, gure inguruko giro-arnasak normalak ez diren gauza asko normaltzat hartzera baikaramatza. Eta fededunok badakigu Jainkoaren asmoa dugula maitasun-bizitzan gure amets eta gure helburu. Eta amets eta helburu horri eusteko, behar-beharrezkoa dugu Jainkoaren amets hori gure amets bihurtzea. Zailtasunak sortzen dira ezkontzan, egia. Elkarrekin bizi-ezinak, tirabirak... baina, galdetzen dut, askotan ez ote dira egoera larri horiek guztiak honengatik sortzen: Jainkoaren asmoari oso gutxitan, edo, beharbada, inoiz ere ez, begiratzen ez diogulako?

Jainkoaren asmoa batasuna da, ezkontzari dagokionez. Maitasunak sortzen duen batasuna. Izate guztia lotzera eta elkartzera, bat egitera, daraman batasuna. Gizonaren eta emakumearen batasuna ez dagoen tokian, badirudi gizakia hautsia legokeela. Jainkoak gizakia, gizonezko eta emakume egin baititu. Zertarako? Biek bat osa dezaten. Eta biek bat eginez, Jainkoaren maitasuna irudika dezaten. Eta batasun hori, maitasun oro bezala, bere bokazioz betirakoa da. "Jainkoak batu zuena, ez beza gizakiak banatu".

Jainkoaren amets honi heldu eta eutsi behar diogu fededunok. Eta amets horretan hazi. Askotan pentsatu ohi dugu geure kolkorako, maitasuna berezko kontua dela eta berezko hori galtzen denean, ez dagoela zer eginik. Baina, maitasuna hazi eta hezi egin behar da, maitasunari janaria eman behar zaio. Egunero-egunero Jainkoaren ametsetan ernaldu behar da giza-maitasuna. Bestela ez da harritzekoa, gizartearen uste eta portaeren arabera bizitzea.

Fededunok kontuak atera behar ditugu horretatik: gaur nik nola zaindu behar dut nire maitasuna eta nire ezkontza? Ikusten eta esaten direnak, fedearen galbahetik pasa beharra daukagu. Baina, beldur naiz ez ote dugun galbahea alde batera utzi eta ez ote dugun guztia datorkigun bezala irensten, ez dakit! Ez ote garen erreakzio-modurik gabe geratu gizarte honetan baliotzat aurkezten zaizkigun asmo desegile askoren aurrean. Galdera handiak daude hor barruan. Fededunen ezkontza aztertzera eraman behar gaituzten galderak.

Ezkontza ez da suerte onez edo txarrez gertatzen. Ezkontzan, fededunarentzat, Jainkoaren asmoa gertatzen da. Jainkoaren maitasuna da inportantea ezkontza batean. Eta giro horretan hartzen dute balioa, askatasuna, edertasuna eta poza beste guztiek: sexuak, elkarrizketak, elkarri barkatzeak, seme-alabek, errespetuak, pertsonaren duintasunak eta abarrek... Jainkoaren maitasunaren argitan bizi ahal izatea da suerte ona eta handia. Maitasun hori du eginkizun eta izanbide gure maitasunak. Jainkoaren maitasuna dugu bokazio. Maitasun horren batasuna da gerta dakigukeen ederrena.

Baina hau guztia zailegia ez ote egungo gure gizartean? «Gizakientzat ezinezkoa, esaten zuen Jesusek, baina Jainkoarentzat erraza». Gero, ezkontzan ere, sor daitezkeela jasan ezineko arazoak? Dibortzioa bera ere bidezkoa gerta daitekeela? Elkarrengandik aldendu beharra izan daitekeela irtenbide bakarra? Bai, noski! Baina horrek ez du ezkontzaren hasierako bokazioa moteltzen.

Haurtxoen bihotza behar dugu maitasunaren misterio ikusgarri honetan bizitzeko. Maitasunaren erreinuan ezin sartu gaitezke, Jainkoaren dohainez ez bada. Eta Jainkoaren dohainak giza-balio guztien zerbitzura eta gozamenera garamatza. Maitasuna baita bokazio baten gailurra.

Jesus dugu, Hebertarren epistolak esan digun bezala, «salbamenaren egilea». Jesusek ez du guri «senide deitzeko lotsarik». Bere maitasunaz gozatzen du gure maitatu-ezina. Jesusengan atsedendu behar dugu maitatu-ezinaren neke eta atsekabetik. «Guk merezi eta uste baino gehiago betetzen dituzu gure eskariak» esan dugu otoitzean. Hortxe aurki dezakegu, bada, gure maitasun-bizitzarako, gure ezkontza-bizitzarako, behar dugun laguntza, argia eta ametsa.

Ez dezagun ahaztu, gure maitasunaz, Jainkoaren maitasuna ari garela hots egiten eta agertzen. Ez dezagun Jainkoaren maitasuna ezerezean urtu. Maitatu gaituen Jainkoa ager dezagun maitagarri gure maitasunaren ariketaz. Eta Jainkoaren maitasunak bezalaxe, jakin dezagun barkatzen, elkar hartzen, elkarrekin hitz egiten, elkarri laguntzen, zailtasunetan eskua ematen. Zaindu dezagun maitasuna. 

Goazen orain maitasunaren ospaketara. Eukaristian daukagu maitasunaren iturria. Maitasun horrek eman diezagula maitasuna. Eta Eukaristia honek sendotu gaitzala gure maitasun-bokazioa behar bezala burutzeko.

Liturgi lagungarriak
 
A) APAIZAREN MONIZIOAK
 
AGURRA ETA SARRERA

Ongietorri, kristau-ospaketa honetara. Hemen biltzen gaituen Jesus Jauna zuekin!

 

«Lehenengo izan nahi duena, izan bedi azkena eta guztien zerbitzari» entzungo dugu gero Ebanjelioan. Hasieratik entzuten ditugun hitz hauek oso ulerkaitzak eta bizikaitzak gertatzen zaizkigu. Joan zen igandean Pedrorekin batera egiten genuen aitorpen bete hark, zerbitzuan eta segizioan hartzen du bere gorputza eta bere egia.

Lanera, eskolara, parrokiara... eguneroko biziera betikora itzuli garenean, zein ongi letorkigukeen zerbitzu-molde hori, elkar zerbitzatzeko moldea.

 

Isilean, hitz handirik gabe, baina benetasun sakonenaz aitor dezagun besteak zerbitzatu ezina. Txaloak eta ohoreak maite ditugu. Eska dezagun Jesusen bidetik ibiltzeko bihotz berria. (Isil unea)

 

* Jesus Jauna, ezereza hautsetatik jasotzen duguna. Erruki, Jauna.

* Jesus Jauna, apalak jaso eta harroak suntsitzen dituzuna. Kristo, erruki.

* Jesus Jauna, behartsua ondasunez bete eta asko duena hutsik uzten duzuna. Erruki, Jauna.

 

 

PREFAZIOA

Jesus gure zerbitzari egin zitzaigun. Haren heriotza eta piztueran aurkitu dugu bizia. Une hori gogoratu eta eskerrak eman ditzagun bihotzez!

 

GURE AITA

Denok bat eginda, eska diezaiogun Aitari, besteen zerbitzari izateko behar dugun erreinuko indarra, Jesusek esana errepikatuz.

 

 

 

 

 

B) IRAKURGAIEN MONIZIOAK

1 – Gaurko ebanjelio-zatiak Jesusen heriotzarainoko entregaz hitz egingo digu. Guregatik egiten duen entregaz.

Aurretik entzungo dugun Itun Zaharreko irakurgaia, zintzoaren kontrako persekuzioaz ari zaigu. Jainkoaren Semea ez al zen izan zuzengabeaz erasotutako Zintzoa?, beren egintza onengatik erasoa jasaten dutenen eredua?

 

2 – Zergatik gertatzen dira munduan –eta gure artean ere bai–, zergatik gertatzen dira etenak eta ondoezak? Entzun diezaiogun Santiagori.

 

 

 

 

HERRI-OTOITZA                                               

Senideok, Santiagok esan digu: «eskatzen duzue eta gaizki eska-tzen duzue». Jainkoaren Espirituari utz diezaiogun gure ahoz eskariak egiten.

 

Haurrrak aipatu dizkigu Jesusek. Egigun otoitz ikasturte berria hasi duten mutiko eta neskatoen alde. Gogoan izan ditzagun Siria, Irak, Afrika, Asia eta Hegoamerikako haurrak.  (Isil unea)...

 

Jesusek garbi erakutsi zigun nola onartu behar ditugun atzerritarrak eta pobreak. Otoitz egin dezagun beren lurraldea eta etxea utzi behar izan duten etorkin eta errefuxiatuen alde. (Isilunea)...

 

Beti izan dira Elizan zerbitzari nabarmenak: Asisko Frantzisko, Maximiliano Kolbe, Kalkutako Teresa... Hauen antzekoak Elizan ugaldu daitezen, behartsuak zerbitzatzeko. 

 

Otoitz berezia egin nahi dugu gaixoen eta ezinduen alde. Beren gaixoaldi eta ezinean zerbitzatzen dituzten senide eta erizainen alde.

 

Santiagok bakea erein eta justizia lantzeko deia egin digu. Eska dezagun gure herriarentzat eta erasotuentzat justiziazko bake betea.

 

Entzun, Aita ona, umeen xumetasunez egin dizkizugun eskari hauek. Emazkiguzu zure dohain ederrak. Jesu Kristo gure Jaunaren bitartez.

 

 

 

 

HOMILIA

Joan zen igandean, Pedro eta beste ikasleekin gogo betez aitortu genuen ‘Jesus dela Mesias’, Jesus dela gure bihotzen betetasun eta herrien argia. Eta hori guztia, gurutze-bidetik, segiziotik, zerbitzuz. Pentsatzen jarrita ikusgarria da esaten dugun hori: besteak zerbitzatzeak egiten gaituela egiaz libre. Ez dagoela Ebanjelioko poza bizitzeko beste biderik. Gaurko Hitzak ere bide beretsura ekarri gaitu. 

 

Gaizkileak ezin du pertsona ona ondoan sufritu. Hori beti horrela izan da. Gaizkileak jende gaizkilea nahi du bere ondoan. Lapurrak lapurrak nahi ditu ondoan. Pertsona zintzoak min ematen dio gaizkileari. Jatorrak nolabait ere salatu egiten baitu maltzurra. Eta horretatik sortzen da gaurko lehenengo irakurgaiko borroka: gaiztoek ezkutarazi egin nahi dute zintzoa, iraindu egingo dute, gezurrezko salaketak egingo dizkiote. Ezin dute sufritu. 

 

Jesusi ere gauza bera datorkio gainera. Gizakiek hil egingo dute, haren bakezko eskaintzak min egiten dielako. Judu handizkiek ezin izango dute Jesusen jarrera ez ulertu eta ez onartu. Beren jarrera harro eta handizaleentzako ez zetorkien batere ondo Jesus beren ondoan. Paretik kendu beharra daukate. Eta halaxe kenduko dute. Gurutze-bidea ezarriko diote Jesusi.

 

Gizakion zapuzketa hori, ordea, Jainkoak salbazio-bide egingo du. Juduek Jesusi ezartzen dioten gurutze-bidea, gerora fededun guztientzako jarraibide gertatuko da. Jesusek gurutze gainean erakusten duen bihotz handia, zerbitzu jatorraren eredu eta jarrera gertatuko da. Heriotz-bide gertatu nahi zena, zerbitzu-bide gertatuko da. Eta harrezkero Ebanjelioko bideak argi daude: azkenerainoko zerbitzua bizitzeko prest dagoenak emango du fedearen neurririk onena. Ikasleek ez zuten izpirik ere ulertzen. Haiek bestelako kalkuloetan zebiltzan: zein ote zen handiena beraien artean eta horrelakoetan zebiltzan. 

 

Hemendik begiratu beharko genituzke, entzule adiskide, gure gizarteko bideak. Hor dago Jesusen apaldu beharra, hor, gizon-emakumeon gora-nahia. Jesusen zerbitzu-bideak salbamena dakar; gureak, berriz, zatiketa, etena, haserrea. Eta fededunak ezin onar ditzake etena eta zatiketa sortzen duten bideak. Fededunaren bidea, gurutzea jokalege duen bidea da. Gurutzeko bideak eta gizakiok darabiltzagun handi-nahiak ez datoz bat. Santiagok esan digunez, Jesusen bidea «garbia da, baketsua, eratsua, apala, errukiz eta egintza onez betea». Gure bideek, ordea, «haserrea eta borrokak» sortzen dituzte, «grina txarrak». «Hil egiten duzue, bekaitzez beteak zaudete, borroka eta gudu egiten diozue elkarri».

 

Gizartetik gure Elizara pasa eta zer ikusten da? Gure Elizak ulertu al du Jesusen Ebanjelioko gurutze-bidea? Gizarteko zerbitzu apalera makurtua bizi al da? Gurutze-bideak duen eragin sakonari antzematen al diogu? Edo-eta gure gizarteko joerak aldatzeko beste eragin-indar batzuetan jarri ote dugu ustea? Zerbitzu-bideak pobreekiko bihotz zabala esan nahi duela jabetu al gara? Zer erantzun ematen ari gara gure euskal gizarteak ageri dituen behartsu zahar eta berrien aurrean? Elizak Euskal Herrian ematen ote du, ez batzuek eskatzen diotena, baizik bere izaerak eskatzen diona, Ebanjelioak eskatzen diona? Egiazko erantzuna ematen ari ote gara kristauok?

 

Jesusek ume bat jarri digu begi aurrean. Ume baten xumetasuna eta apaltasuna jarri dizkigu eredu. Guk, berriz, ikasleek bezala, prestijioaren neurriak erabiltzen ditugu. Jesusek zerbitzua, guk prestijioa. Eta hortik datoz gero beste guztiak. Prest egotea eta prestijioa hizki berekin hasten dira biak, baina bi jarrera oso desberdinak erakusten dituzte. Prest egoteak zerbitzura garamatza. Prestijioak, berriz, dena gure zerbitzura jartzera. Eta elkarrekin zer ikusirik ez duten bi izaera sortzen dira horretatik: umearen xumetasuna, dena zabalik bizi da, emana, uste onez, ingurukoen mesedea bilatzen beti. Prestijioak, berriz, azpijokoak eta zurikeriak behar ditu. Interesa du iturri. Txaloak eta besteen aitortzak bilatzen ditu. Biek albora begiratzen dute: batek emateko, besteak jasotzeko. Igoalekoxe!

 

Zerbitzuaz hitz egitean, gaur etorkinen zori iluna ez genuke ahaztu behar. Ebanjelioa hots egiten dugu eta gero ostikoka botatzen ditugu geure artetik. Gu beraiengana joan gara inoiz Berri Ona ematera eta haiek guregana datozenean, gaizki hartu eta ateak ixten dizkiegu. Kontraesan handiak bizi ditugu. Etorkinen arazoa behar bezala konpontzeko, aurrena geure bihotzak ireki beharko genituzke eta gero behar den presioa egin gobernarien aurrean ere. Etorkinak pertsonak dira, errespetagarriak dira.

 

Eukaristia ospatzeak Jesusen bideak besarkatzea esan nahi du. Hor ematen da barne-handitasunaren egiazko neurria.

 
FaLang translation system by Faboba

Gure cookieak eta hirugarrenenak erabiltzen ditugu helburu analitikoetarako eta publizitate pertsonalizatua erakusteko, zure nabigazio-ohituretan oinarrituta (adibidez, bisitatutako orrialdeak). Cookie guztiak onar ditzakezu "onartu" botoia sakatuz edo horiek konfiguratuz edo haien erabilera ukatuz "konfiguratu" botoia sakatuz. Informazio gehiago lor dezakezu edo, ondoren, doikuntzak aldatu gure Cookien politikan.